Autoreak plazara: F.Scott Fitzgerald

urria 16, 2012 @


fitz

“All gods dead, all wars fought, all faiths in men shaken.”

This Side of Paradise, 1920, F. Scott Fitzgerald

Zenbat idazle handi ezagutzen ditugun euskaraz ez daudelako kexu beste hizkuntza batean irakurtzen ditugunak. Batzuetan, ordea, kexuak irentsi behar izaten ditugu, oker genbiltzala onartu eta aldi berean lotsatu eta harrotzeko; lotsatu, ahoberoak izateagatik eta harrotu, berriz, gurean idazle hori ere badagoelako. Halako zerbait gertatu zitzaidan niri Fitzgeraldekin, purrustaka eta zur eta lur “gurean Fitzgerald ez egotea ere!” esan eta ondoren konturatu Igelak Gatsby handia kaleratu zuela, 1990ean, Xabier Olarrak itzulia. 1925ean kaleratutako nobela hori izan zen guztietan arrakastatsuena, nahiz eta Minessotan sorturiko idazle honek ipuinetan izan ekoizpen handiena. Antza denez, orduko ipuin-idazle hobekien ordaindua zen, baina horrek ez zion berak nahi bezala eleberriak idazten uzten. XIX. mendearen bukaeran sortu ziren eta Lehen Mundu Gerran hezi ziren idazle estatubatuarrek osatutako “Belaunaldi Galduaren” bozeramaile izan zen Fitzgerald. Gazteria eta etsipena izan ziren gehien jorratu zituen gaiak. Kritikarien ustez, gizonaren arrakasta nahiak eta alkoholismoak eta Zelda Sayre emaztearen buru-arazoak ere eragin handia izan zuten haren idazkeran.

Hona ekarri nahi izan dugun ipuina aurtengo abuztuan eman zuen argitara “The New Yorker” argitalpenak. Etxe berak 1936an errefusatu egin zuen, fantasia handikoa eta autoreak aurretik idatzitakoaren oso bestelakoa zela iritzita. Autoreari buruz gehiago jakin nahi duenak, aski du Fitzgeralden izena bilatzailean sartzearekin. Gainera, baliteke maiz gertatzen den bezala nahigabe aurkitzen diren perlatxoekin topo egitea; hala gertatu zaigu guri. Post honi esker entzun dugu (horren berri aurretik izan arren) Xerezaderen Artxiboan autore beraren Gozoki ipuina, Iñigo Roquek euskaratu eta irakurria; bestetik, Ella Fitzgerald afroamerikarra ezagutu dugu, jazz abeslarien erregina. Plazer bat, beraz.

Azkenik, argitaletxeei deia: hirurogeita hamar urte baino gehiago dira Fitzgerald hil zenetik (1940ko abenduaren 21ean), eta, beraz, eskubideen kontua ez da dagoeneko ez aitzakia ez arazo…

Igela argitaletxea

 

1925eko The New Yorker 

Mila esker suagatik

Mrs. Hanson berrogei urteko emakume polit eta apur bat zurbila zen, kortseak eta paxak saltzen zituena, Chicagotik kanpora bidaiatzen. Hainbat urtetan bizitoki batetik bestera ibili zen, Toledo, Lima, Springfield, Columbus, Indianapolis eta Fort Wayne artean, eta Iowa-Kansas-Missouri barrutira aldatzea igoera bat zen, enpresak indar handiagoa baitzuen Ohioko mendebaldean.

Ekialdean, bezeroak solasaldi bidez ezagutu zituen eta trago edo zigarro bat eskaini izan zioten maiz eros-bulegoan, behin negozioa adostuta zegoenean. Baina berehala ohartu zen barruti berrian gauzak bestelakoak zirela. Kontua ez zen sekula ez ziotela galdetu erre nahi zuen, baizik eta anitzetan, hala egitekotan inor gogaituko zatekeen galdetzen zuenean, erdi desenkusa erantzuten zioten:

―Ez da ni gogaitzen nauela, baina langileengan eragin txarra du.

―O, jakina, ulertzen dut.

Erretzeak zeresan handia zuen beretzat batzuetan. Gogor egiten zuen lan, eta tabakoa gai zen psikologikoki hura lasaitu eta erlaxatzeko. Alarguna zen, eta gau partean eskutitzak idazteko senide hurbilik ere ez zuen, eta astean film bat baino gehiago ikusten bazuen, begiak mintzen zitzaizkion; beraz, erretzea puntuazio marka garrantzitsu bihurtu zen errepidean ematen zituen egunen esaldi luzean.

Zirkuitu berriko lehenengo bidaiako azken astean Kansas Cityn izan zen. Abuztuaren erdialdea zen, eta kontaktu berri guztien artean apur bat bakarrik sentitzen zen; horregatik, poz-pozik jarri zen Chicagon ezagutu zuen emakume bat harrera-leku batean aurkitu zuenean. Heldu zelako abisua eman aurretik harekin eseri zen tarte batez, eta solasaldian, ikustera joana zen gizonaren berri zerbait jakin zuen.

―Axolako dio erretzen badut?

―Zer? Jainkoarren, jakina! –esan zuen lagunak–. Dirua ematen dio tabakoaren aurkako legeari.

―O! Hara, eskertzen dizut aholkua; eskertu gutxi da esatea.

―Hobe duzu hemen inguruan kontuz ibiltzea –esan zion lagunak–. Bereziki berrogeita hamar urtetik gorako gizonekin. Gerran izan ez direnekin. Gizon batek esan zidan gerran izandako inor ez dela kexatuko erretzen dutenengatik.

Baina hurrengo geldialdian Mrs. Hansonek salbuespena egin zuen. Gizon gazte atsegina zirudien, baina begiak hainbesteko liluraz iltzatzen zituen zigarroan, erpuruaren azazkalarekin emakumeak arin kolpekatzen zuena, non berehalakoan bildu baitzuen. Ondoren, erabakia saritu egin zion, bazkaltzera gonbidatu eta otorduan enkargu esanguratsua egin baitzion.

Ondoren, hurrengo hitzordura eramanen zuela tematu zen, Mrs. Hansonek ingurumarietan hotel bat bilatu eta komunean zupada batzuk eman nahi bazituen ere.

Behin eta berriz itxarotea egokitu zitzaion egun horietako bat izan zen; guztiak zeuden lanpeturik, presaka zebiltzan, eta zirudienez, bezeroak agertzen baziren, edo gizon muturluzeak izaten ziren, zeinek ez baitzuten besteen auto-barkaberatasuna maite, edo gizon haien ideiekin nahita edo nahigabe bat egiten zuten emakumeak ziren.

Gosaritik ez zuen erre, eta bat-batean konturatu zen horregatik sentitzen zuela atsekabe lauso hura bilera bakoitzaren bukaeran, negozioari zegokionez bilera arrakastatsua izanagatik ere.

―Uste dugu bestelako esparru bat betetzen dugula –esaten zuen–. Guztia da elastikoa eta olana, noski, baina beste gisa batean nahasten dugu. Pentsa, urtebetean publizitate nazionala ehuneko hogeita hamarrean igo da, horrekin dena esana dago.

Baina bere kolkorako zera pentsatzen zuen, “Hiru zupada eman ahalko banitu, zaharkitutako hagatxoak ere saldu ahalko nituzke!”.

Beste saltoki batera joan behar zuen oraindik, baina hitzordua ordu erdi barru zuen. Ozta-ozta zuen hotelera joateko denbora, baina, taxirik ikusten ez zuenez, oinez joan zen bide ertzetik, pentsatzen, “Agian erretzeari utzi beharko nioke. Drogazale amorratu bihurtzen ari naiz”.

Aurrean, katedral katolikoa ikusi zuen. Oso garaia zirudien, eta kolpe batez, argialdia izan zuen: Jainkoarengana hainbeste intsentsu aireratu bada kapiteletik, ez zen ke apur bat atarian nabarituko. Zer inportako zion Jainko maiteari emakume nekatu batek zigarroari zupada batzuk atarian ematea?

Halere, katolikoa izan ez arren, pentsatze hutsak iraindu egin zuen. Hain garrantzitsua al zen berak bere zigarroa izatea, aldi berean hainbeste jende iraindu bazezakeen?

Halere. “Ez zaio axolako”, pentsatu zuen temati. Azken batean, Haren garaian, tabakoa oraindik ere deskubritu gabe zegoen…

Elizan sartu zen, bada; ataria ilun zegoen, eta pospoloak bilatu zituen zorroan, baina ez zuen bat bera ere aurkitu.

“Hurbildu eta kandeletako batetik hartuko dut sua”, pentsatu zuen.

Habearteko iluntasuna izkina bateko argi zipriztin batek baino ez zuen apurtzen. Korridorean aurrera egin zuen orban zurirantz, baina konturatu zen ez zirela kandelak argitasuna marrazten zutenak, eta nolanahi ere, itzaltzeko zorian zela –agure batek azken olio-argiontzia iluntzear zegoen–.

―Zin-opariak dira hauek –esan zuen gizonak–. Gauean itzali egiten ditugu. Uste dugu eskaintza egiten dutenek nahiago dutela hurrengo egunerako gordetzea gau osoan pizturik izatea baino.

―Ulertzen dut, bai.

Azkena itzali zuen, beraz. Ez zegoen argirik katedralean, buru gaineko chandelier elektriko garaia eta eukaristia pareko lanpara beti-piztua salbu.

―Gabon –esan zuen sakristauak.

―Gabon.

―Otoitz egitera etorri zara, ezta?

―Hala da, bai.

Eukaristiarantz egin zuen. Mrs. Hanson belaunikatu eta otoitzean hasi zen.

Aspaldi zen ez zuela otoitz egiten. Ez zekien noren alde otoitz egin ere, eta nagusiaren alde egin zuen, beraz, eta Des Moines eta Kansas Cityko bezeroen alde. Otoitz egiten bukatu zuenean, zuzen jarri zen. Horma-hobi batean, Madonnaren irudi bat zuen goitik behera hari begira, burutik bi metro ingurura.

Apur batez begiratu zion. Ondoren, altxatu eta nekatu antzera patxadaz eseri zen bankuaren ertzean. Bere irudimenean, The Miracle antzezlanean bezala, Birjina lurrera jaitsi, bere larruan sartu eta kortseak eta paxak saltzen zizkion, eta nekatua zegoen, bera orduan zegoen bezala. Ondoren, zenbait minutuz, Mrs. Hanson lo geratu bide zen.

Esnatu zen jakinik zerbait aldatu egin zela, eta poliki-poliki, konturatu zen bazela airean intsentsua ez zen eta ezagun zuen usain gozo bat, eta konturatu zen, baita ere, hatzek erretzen zutela. Orduan ikusi zuen eskuak eusten zion zigarroa piztuta zegoela, sutan.

Pentsatzeko ere erdi lo zegoenez, zupada bat eman zion sugarra itzal ez zedin. Ondoren, gora begiratu zuen Madonnaren horma-hobi lausora, ilunantzean.

―Mila esker suagatik –esan zion.

Ez zitzaion, ordea, aski iruditu, eta belauniko jarri zen, zigarroko kea hatzen artetik sigi-saga aireratzen zela.

―Mila esker aunitz suagatik –esan zuen berriz.♦

-1936