Fikzioaren mugak

urria 21, 2012 @


mugak

Berriako Hirudia ataleko nire estreinaldia da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

Tarte honi hasiera eman zionean Landerrek bere buruari galdetu omen zion literaturari buruz zer zekien; hiruko honen alde izatea proposatu zidatenetik gisako hamaika galdera etorri zaizkit burura, gehiago Iñigoren artikulua irakurri nuenetik. Fikziozko literatura aldarrikatzen zuen, molde zaharkitu omen den linealtasuna baztertuz, besteak beste, horrela lortuko duelako idazleak errealitatetik aldentzea. Hain zuzen, hori irakurtzean gogora etorri zait Iban Zalduak egungo ustezko belaunaldi bati kontrakoa egozten ziola, alegia, testua zatitu eta pasarteak nahasteko joera.

Nork bere burua flagelatzeko perbertsio kristauan, harago joan eta literatura zer den eta zaku horretan fikzioa ez denik sartu ote dezakegun, literatur sistemak sartzen ote duen galdetu diot nire buruari. Fikzioa iruzurraz eta alegiaz baliatzen da errealitatean posible dena adierazteko, posible zentzurik zabalenean; hots, fikzioaren irrealtasuna ez datza fantasian edo sinesgaitzean, Iñigok aipatzen zuen enpatia horren mesedetan, apika. Genero fantastikoan sailkatzen bada ere, beti izanen du ezagutzen duguna oinarrian (mugak), izan sentimendu mailan izan materialean. Literatur diskurtsoak hizkuntzak ahalbidetzen dituen munduei erreferentzia egiten dieten fikzioak dira, horretan oinarritzen dira, eta hizkuntzan baino ez dira. Guk eraiki dugun fikzioa, errealitatea, fikziozko munduak neurtzeko ardatz dela esan dezakegu. Urrunago joanda, Nietzschek zioen hizkuntza berak ere ez duela errealitatea islatzen, aitzitik, fikzioak sortzen dituela, gezurrak, egia eraikitzeko asmoz.

Halere, literaturaren barruan ba omen dira fikziozko narrazioak eta errealitate-antzekoak diren narrazioak. Ez ote dira horiek fikzioaren barruko mailak, inolaz ere ez fikziozko literaturatik kanpokoak (autofikzio hibrido hori bazter utzita)? Fikziozko mundua eraikitze horretan gurearen erreferentzia gehiago edo gutxiago aurkituko ditugu, hots, oinarria ikusgarriagoa edo lausoagoa izanen da. Ezinbestean, zeren eta errealitate deitzen duguna etengabean fikziotzen baitugu, bai gure egunerokoan bai artearen errepresentazio guztietan.

Estilismora itzuliz, susmoa dut sinplekeria argitasunarekin oker berdindu den gisara, sinpletasunak maiz konnotazio negatiboa hartu duela, eta linealtasuna horren eredu dela, baita, zergatik ez, denbora-pasarako literatura ere. Iruditzen zait, gutxiagotasun konplexuren batek bultzatuta, agian, ez diogula hainbeste baimentzen «gure» autore bati sinplea izatea (ez diot erraza), atzerriko bati bezainbeste. Aurreko Hirudiak goratzen zuen Zweig berari ere sinpletasunaren bertutea aitortu izan diote kritikariek.

Zainak ematen dit batzuetan linealtasunarekin edo bestelako tradiziozko moldeekin apurtzeko narrazioa nahita korapilatzen den bezala, hizkuntza bera ere apaindu egiten dela maiz, beharrik gabe ere, inkontzienteki ere. Hizkuntza guztietan ageri diren gabeziak estaltzeko aniztasuna nabarmendu nahian batzuetan, bortxaz. Ez nabil hizkuntza sorkuntzaz, baizik eta ditugun hizkuntza molde guztiak bai ala bai bata bestearen atzetik erabiltzeaz. Itzultzean ere izaten dugu autoreak jarritako hori xede-hizkuntzan «edertzeko» tentazio arriskutsua, jasoagoa egitekoa eta aniztasuna bilatzekoa.

Alta, literatur sorkuntzaren kanon linguistikoekin koherenteak izan nahian, egia da batzuetan itzultzaileok hizkuntza-mugak aurkitzen ditugula. Iruditzen zait, ordea, nekez irensten eta ekoizten ditugula apustu ausartak, halakoekin topo egitean, irakurle ere bagarelako, merkatu baten barruan dihardugulako eta ustezko onargarritasun horrek gehiago balio duelako, antza, gogoeta eta arrazoi linguistikoek baino.

Tags:  ,