Izkiriaturik aurkitu nituen Sarriren itzulpenak

urria 29, 2012 @


page2

Bai, Joseba Sarrionandia (Iurreta, 1958) autore aldeaniztunak euskaratu ere euskaratu du, eta ez gutxi ezta edonola, izan ere, doktore-tesi mamitsu bat elikatzeko bezainbesterako eman dute bere itzulpen klasiko, berritzaile, aitortu, asmatu, moldatu eta abarrek, zapatu goiz euritsuan Urruñako Xaia ostatuan bildu ginenoi argi gelditu zitzaigun gisan. Hain zuzen, bertan eman zitzaion hasiera Literatura Eskolaren 2012-2013 trukeurteari, zeinak duela 9 ikasturtetik irakurle eta adituak batu eta literaturaz ikasi eta gozatzea baitu helburu. Aiora Jaka itzultzaile eta itzulpengintzan doktorea izan genuen hizlari, zeinak duela urtebete aurkeztu baitzuen EHUn Sarrionadiaren itzulpen ibilbidearen inguruan egindako tesia (blogaren jarraitzaile sutsuenek badakizuenez, orain hilabete batzuk elkarrizketatu genuen Jaka Itzultzaileak Mintzo atalerako eta norbaitek galdu bazuen ez dadila larritu, hona lotura). Aipatu elkarrizketan Jakaren lanaz hainbat gauza jakin genituen eta larunbateko ia lau orduko seminarioan ikuspegi are osoagoa jaso genuen, kronika honetan laburbiltzen saiatuko garen moduan. Dena dela, norbaiti interesak zinez gainezka egiten badio, jakin dezala lanaren paperezko bertsioa berriki argitaratu dela Euskaltzaindiaren IKER bildumaren  baitan eta aurki egongo dela eskuragarri dendetan zein sarean. Bestalde Jakak berak tesiaren laburpen-artikulua idatzi zuen eta hemen lortu daiteke pdf formatuan.

 Eskolari hasiera emateko, doktore donostiarrak azaldu zigun ikertzaile gisa Sarriren itzulpenetarainoko bidea nola garatu zen. Izan ere, iurretarraren lana aski ezaguna bada ere, oraino akademian behintzat alderdi horri ez zaio arreta berezirik eman. Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak (Pamiela, 1985) liburua irakurtzea izan zen aurreneko pausoa. Poesia antologia bat da eta mundu zabaleko poeten lanak biltzen ditu, horietariko asko anonimoak edo oso hizkuntza txikietatik datozenak izanik. Jakari hitzaurrea aski jakingarria gertatu zitzaion, izan ere bertan Sarrionandiak itzulpenarekiko duen ikusmoldea azaltzen baitu eta kurioski, ez duelako egundo aipatzen jatorrizkoarekiko fideltasuna (itzultzaile askotxoren itzal luzeko sufrikarioa); haatik, areago berridazketa gisa definitzen du itzulpen-lana. Gainera, hitzaurrean ere azpimarratzen du ezein poeta ez dela hutsetik hasten, etengabe egiten duenez edoski duen tradizioaren translazioa/transformazioa.

 Ondoren, tesiaren azterketan barneratu ginen buru-belarri. Ikerketa hiru ataletan banatzen da, lehenik itzulpen teoriaren nondik-norakoak azaltzen dira, bigarrenik euskal itzulpenaren bilakaera begiratzen da eta azkenik Sarrionandiaren beraren lanari ekiten zaio. Itzulpen teoriaren historian hiru garai finkatzen ditu Jakak, 1) aro enpirikoa, ofizioaren hastapenetatik (Mesopotamia eta erromatarren garaietik) XX. mendera arte iraun duena, 2) aro modernoa XX. mende hasieratik 1970eko hamarkadara arte (beti gutxi gorabehera noski) doana, eta 3) aro postmodernoa 70etatik egun arteko itzulpenaren teorizazioarekin bat egiten duena. Jakak bere tesian adierazten du Sarrionandiaren itzulpenak gertuago daudela teoria postmodernotik, artean postmodernotasunaren definizioa korapilatsua eta eztabaidarako bazka izan arren, ukaezina delako aldaketa bat eman dela azken hamarkadetako arrazoimendu-ildoan, eta hain zuzen, horretarantz lerratzen direlako Sarrionandiaren euskaratzeak eta euskaratzeari buruzko gogoetak.

Teorizazioa: aurremodernoa, modernoa eta postmodernoa

Aro enpirikoko hausnarketa nagusiki itzultzaile bakoitzak bere jardunaz egindako gogoetek osatzen dute eta gaur arte bizirik dirauen dikotomia bat ernaltzen da bertan, hain zuzen, itzultzerakoan garrantzizkoena jatorrizkoaren forma ala zentzua den zedarritzearena. Forma hertsiki mantentzeko, noski, hitzez hitzezkora jo behar da eta garaiko pentsalariek aise ondorioztatu zuten ez zela bideragarria, hizkuntzen egitura desberdinak aintzat hartuta, hitz hitzez ematerakoan ez zelako piperrik ulertzen. Bestetik, zentzu finko egiazko betikoa ekartzearen inportantzia goresten da eta zentzuaren izaera jainkotiar hori ez da askoz beranduago arte, in fact duela 50 urtera arte, zalantzan jarriko. Berpizkundean irizpide bitarrak bere horretan darrai, eta katolikoek hitzez-hitzezkoaren aldeko apustua egiten duten bitartean (Jainkoaren hitza ezin baita ukitu) sortu berri diren protestanteek dogmaren aurkako itzulpen librea aldarrikatuko dute, Luterok Biblia aleman xehera daramanean. Ezin aipatu gabe utzi XVII. mendean Frantzian eraturiko “belle infidèles” itzulpen libre muturrekoak eta XIX. mendean itzulgarritasun/itzulezintasun kontzeptuen agerpena.

Aro modernoan zenbait berritasun jazo arren, hala nola, hizkuntza aniztasunak hauspoturik itzultzaile eta interprete eskolak eta ondorioz gida-liburuak sortzea eta itzulpegintza hizkuntzalaritza edo literaturaren azpi-diziplina gisa lantzen hastea, funts teorikoa antzekoa da, hona itzulpen-jardunaren ezaugarri modernoetako batzuk: 2. mailako izaera, hizkuntza aniztasuna deituriko gaitz hori arintzeko baliagarria den komunikazio tresnatasuna, bere horretan transferitzearen eta ez transformatzearen garrantzia, zentzuaren finkotasun/aldaezintasuna, adierazi eta adierazlearen arteko ezberdintasun markatua eta itzultzailea onena itzultzaile ikusezina denaren baieztapena.

 Diskurtso posmodernoak guzti horrekin hausten du, pentsamendu eta artearen beste esparru teoriko guztietan egin duen bezala eta modernitateak aldarrikatutakoetako asko kolokan jartzen ditu, adibidez, objektibotasun aratzaren existentzia bera, subjektuak egia absolutua antzemateko ahalmena izatea eta aurrerapen teknologikoek ezinbestean zibilizazio hobea sortzeko gaitasuna. Kontrara, honakoak aldarrikatzen ditu: pluraltasuna, errealitatearen eraikuntza subjektiboa, kulturaren dekanonizazioa eta oroz gain, den-denaren zalantzagarritasuna. Ezaugarri horiek itzulpenera ekarriz, itzulpenaren funtzio sortzailea azpimarratzen da, hots, gehiago dela transformazio eta berridazketa translazio hutsa baino, halaber, baieztatzen da zentzua aldakorra eta irekia dela, adierazi eta adierazlearen artean muga lausoa dagoela, ez delako sinonimo erabatekorik existitzen eta ondorioz, itzultzailearen ausardia eta presentzia nabarmena sustatu behar direla, horren rola ez baita nolanahikoa.

Euskaraz

Euskarazko itzulpenaren historian ere nabaritzen dira deskribatutako aro teoriko horien aztarnak. Lehenik eta behin, XX. mendearen ingurumarietara arte, oro har testu erlijiosoak izan ziren itzulgai nagusiak, alegia, euskaldun jator kristauari bidea erakutsiko ziotenak, eta halaber jatorrizkoarekiko fideltasunak irizpide ezin garrantzizkoago zirauen. Aro modernoan literatur itzulpena abiatzean klasikoak ekartzea lehenesten da, normala ere badenez, testuinguru historikoa eta euskara gutxiesteko joera nagusia kontuan hartuta, beharrezkotzat jotzen baitzen euskararen gaitasuna frogatzea. Alderdi teorikoan, dagoeneko aipatu den moduan, itzultzaile modernoak ez ziren, oro har, berritzaileegiak izan eta euskaldunen kasuan ere halaxe gertatu zen, hona bi zertzelada erakusgarri: Orixeren Tormesko itsu-mutilla (Verdes-Atxirika, 1929) obraren hitzaurrean Kristo Aurreko Zizeronen aipua dakusagu eta Ibinagabeitiak zentzu-forma eta fideltasun-edertasun bikoteen arteko betiko lotura historikoak birformulatzen ditu aipu misogino maitagarri baten bitartez (hemen, besterik gabe, erreproduzituko ez duguna). Mende erdialdean gauzak mugituz doaz eta Aresti eta Mirande jaiotzazko haustaileek, klasikoak baztertu eta gustuko dutena euskaratzeari ekiten diote. Pott bandakoek beraien aldizkariko hirugarren alean hari horri egiten diote tira, libreki itzultzea traizioa bada dudarik gabe traizio egitea aukeratzen dutela aldarrikatuz. Joseba Sarrionandiak ere ikusmolde bertsua jorratuko du bere ibilbide osoan.

 

Praktika: Sarrionandia itzultzaile

12ak inguruan atsedenalditxoa egin genuen, kafea hartzeko edo Xaian kupel erraldoi batean kokatuta dagoen komuna (detaile doakoa eta prosaikoa baina ezin aipatu gabe utzi! aho bete hortz laga ninduenez) bisitatzeko baliatu genuena ikus-entzuleok. Horren ostean, Sarrionandiaren itzulpen-jardunari berari lotu zitzaion Jaka, hein handi batean, itzulpengintzaren bitartez gauzatutako jostaketa literarioek osatzen dutena. Guztira, 8 liburu itzuli ditu, sarean irakurgai dauden batzuk aipatzearren: Lur eremua (Hordago, 1983), Marinela (Susa, 1985) eta Marinel Zaharraren Balada (Pamiela, 1995). Horrez gain hainbat aldizkaritarako itzulpenak ere prestatu ditu, besteak beste, Oh! Euzkadi, Idatz & Mintz, Maiatz edo Susa-rako. Esanguratsua da, halaber duela 10 urte pasatxotik ez duela itzulpenik argitaratu, 1999koa da azkena. Euskaratu dituen autoreen izaera/jatorria/sona eta landutako gaiak kontuan hartuta, hainbat azpimultzotan finkatu daitezke, besteak beste, mendebaldeko idazle kanonikoak, hizkuntza minorizatuetako idazleak, pertsona edo herri zapalduen poemak edo lurralde urrunetako literaturak. Hautaketa anitza da dudarik gabe, periferikotzat jotzen diren lan asko hartzen dituena, baina aldi berean Baudelaire lako izen handiekin batera datozkigunak, bazterra eta zentroa maila berean jarrita, nolabait esateko.

 Jatorrizko hizkuntzei dagokienez 50 inguru dira denera eta Sarrionandiaren hizkuntza ezagutza aitortuak aintzat hartzen badira (2002ko Bost Idazle Hasier Etxeberriarekin Berbetan lanean emandako erantzunaren arabera, euskara, espainola, portugesa, ingelesa eta frantsesa dakizki), logikoki ondorioztatu daiteke zubi-hizkuntzak erabili behar izan dituela.  Iturriak oso gutxitan aipatzen ditu, halaber zeharkako hizkuntzak erabili izana. Jakak detektibe lana egin du bere ikerketarako, baita zorrotz egin ere, itzulpen asko eta askoren harrobia topatu baitu, maiz espainolezko poesia-antologiatan. Aipagarria da antologia horiek berak sarri itzulpenak (edo itzulpenen itzulpenak) direla aldi berean. Jatorrizkoa aitortze ezaren arrazoi posibleen artean honako hipotesiak nabarmendu zituen Jakak: lehenik gaztelaniaren eraginaren gehiegizko pisua arindu nahia, bigarrenik poesia-liburuak eta ez zientzia-liburuak osatzeko hautua, eta hirugarrenik (eta aurrekoari lotuta) poesia bera nabarmentzeko desira, jatorrizkoa zehazteari hainbeste garrantzia eman gabe. Gainera, kasu honetan bereziki esanguratsua da jatorrizkoaren egiazko izana zalantzan jartzea, hain zuzen ere, alde batetik Sarrionandiak dioen moduan poeta orok idazten duenean itzultzen diharduelako eta bestetik antologietako “jatorrizkoak” ere beste hizkuntzaren batetik ekarriak direlako.

 Ezin aipatzeke utzi itzulpen apokrifoak (agian horietatik sonatuena Mohammed Al-Kalirena izanik) ezta fikziozko itzultzaileak (adibide bat jartzearren: 1991ko Hezurrezko xirulak-en argitaraturiko “Kalevala” poema epiko finlandiarraren itzulpena Helsinkin bizi den Kepa Zenika bati egozten dio Sarrik, Kepa Zenika egiatan Joxemari Iturralderen eleberri bateko protagonista bada ere), baina nik beste istorio polit batekin itxi nahi nuke kronika, entzuleongan O! eta A! eta gisako miresmen oihutxo franko eragin baitzituen. Christine Billard poetaren kasuaz ari naiz, hain zuzen, bere bi poema ageri baitira Izkiriaturik-en, “Horma zati bat” eta “Isiltasun hondarrak” deituak. Jakak susmatzen zuen apokrifoa izan zitekeela hori ere, eta googlen sartu zuen izena egiaztatzeko. Hainbat Christine Billard topatu zituen eta horietako bat idazlea zen, baina kronologia kontuan hartuz gero ez zirudien oso probablea poema misteriotsuen egilea huraxe izatea. Izan ere, Billard 1959an jaio zen, Sarrionandia baino soilik urtebete beranduago, beraz, 1985ean itzulpena argitaratu zenean artean gazte-gaztea zen. Dena dela, Jakak Renarde Rouge editorearen bitartez Billarden helbidea lortu eta mezu bat idatzi zion egoera azalduz. Hori gutxi balitz poemak frantsesera itzuli eta mezuari atxiki zizkion. Eta bai, gertagaitza gertatu zen. Billardek mezuari erantzun zion poema horiek (aspaldi! baina) zalantzarik gabe berak idatzi zituela berretsiz eta esplikatuz Sarrionandiari lagun baten kide batzuen bitartez iritsi zitzaizkiola kartzelara. Bestalde, gaineratu zuen frantsesez ez direla sekula plazaratu eta liluratuta zegoela piezek bizitako peripezia linguistikoarekin, hasteko frantsesetik euskarara itzuliak izan zirenez duela hogeitaka urte, ondoren doktore-tesi baten harira euskarakotik atzera frantsesera eramanak izateko.

Amaitzeko mila esker antolatzaileei zein hizlariari horrelako aukera aberasgarria eskaintzeagatik eta bildu ziren guztiei ere, giro ederra eratzeagatik.