Itzultzaileak mintzo: Bego Montorio

azaroa 5, 2012 @


Bego Montorio

Irakurle batzuek ezaguna izanen duzue, behin ezagututa nekez ahanzten baita Bego Montorio. Batzuek zortea (edo txiripa) izan genuen eta irakasle egokitu zitzaigun Letren fakultatean; ezagutu eta berehala karrerako “salbatzen diren” irakasle multzoan sartu genuen. Beti ateratzen du denbora ikasleekin egoteko, ariketak xehe-xehe zuzentzeko, haien galdera eta kezkei erantzuteko, baita ikasgaiaz haragoko galderei ere. Irakasle hurbil eta arduratsua izateaz gain, EIZIEko zuzendaritza-taldeko kide da, interprete lanak egiten ditu eta literatura itzultzen du. Gaur egun, baita ere, EIZIEk abiarazitako 31 eskutik blogean idazten du. Administrazio-lanak itzultzen aritu zen urtetan, baina funtzionario lanari uzteko balentria izan zuen bere kasa lanean jartzeko. Komikizale amorratua eta itzultzaile apasionatua dugu Bego.

Elearazi: Behin baino gehiagotan esaten da itzulpena zerbait praktikoa dela, eginaren eginez hobetzen dela. Halere, lagungarria al da itzultzailearentzat itzulpenari buruzko teorizazioa?

Bego Montorio: Ez dut uste praktika eta teoria kontrajarri behar direnik, edo batak bestea kentzen duenik. Itzultzaile orok ez du zertan traduktologo izan, baina horrek ez du esan nahi itzultzaileok (traduktologo ez garen itzultzaileok) gure jardunari buruzko gogoetarik egiten ez dugunik.

Itzultzaileok testu jakinen aurrean hartzen ditugun erabakiek itzulpen-estrategia global nahiz puntualei erantzuten diete, itzultzerako unean horretaz erabat kontziente izan ala ez, eta lagungarria da noizean behin gure praktika horren zergatiaz, zertarakoaz etab. pixka bat hausnartzea.

Nire belaunaldiko gehienak bezala, itzulpen prestakuntza berezirik gabe ofizioan hasitakoa naiz ni; intuiziotik abiatu eta neure hutsetatik eta lankideen asmakuntzetatik edanez ikasi dut gehien, eta, hala ere, itzulpen teoriaz irakurritakoa lagungarria izan zaidala esan dezaket.

E: Itzultzaileari buruzko beste uste bat da ordenagailu aurrean dagoen pertsona bakarti hori, hamaika liburuz inguraturik, nor bere buruarekin, jatorrizko testuaren konpainia bakarrean. Euskarara ekarritakoaren kritika eskasa den honetan, nola hobetu, bakarka egiten den ariketa bada? Itzultzaile edo zuzentzaile laguna zamatu beharko al dugu iritzi eske?

B. M.: Literatura itzultzaileak bakarrik hartuko ditut kontuan, itzulpen enpresa batean, taldean, ari direnen kasua guztiz bestelakoa baita. Egia da isolamendu puntu hori badagoela: finean, aurrean testu bat baduzu, eta beste testu bat eman behar duzu; tartekoa zure buruaren baitan gertatu behar da. Baina ez da erabateko isolamendua.

Sarera lotutako ordenagailuan ari zara, eta horrek milaka, milioika ate zabaltzen dizkizu era guztietako informazioetara. Badira hiztegiak, gramatikak… baina, baita ere, mapak, egileari buruzko informazioa, obrari buruzkoa, beste hizkuntza batzuetarako itzulpenen berri… Badira itzultzaileen banaketa zerrendak (ItzuL, besteak beste), eta badago posta elektronikoa. Tontakeria eman dezake e-postarik gabeko mundurik gogoratzen ez duenarentzat, baina asko erraztu ditu komunikazio mota batzuk. Adibidez, lau laguni pasa diezaiekezu paragrafo bat begira dezaten, eta lasai egiten duzu badakizulako bakoitzak nahi/ahal duen momentuan begiratuko diola; e-postarik ez balego, lau lagun horiei banan banan deitu beharko zenieke, bakoitzari irakurri telefonoz paragrafoa, bakoitzari eskatu boteprontoko erantzuna… jakin gabe esaldi korapilatu baterako irtenbidea antolatzen ari ziren unean edo amorantearen deiaren zain daudela harrapatu ote dituzun.

Hortik aurrera, norberak bilatu behar ditu bere laguntzak, iturriak. Niri funtsezkoa iruditzen zait beste lankide batzuekin harreman sarria izatea; elkarri galdetzeko, elkarri laguntzeko… Eta, literatura itzultzen duenarentzat, oso lagungarria iruditzen zait literatur zaleekin egotea; irakurle klubak izan daitezke bide bat, edo bestelako literatur taldeak.

Eta, esan gabe doa: irakurri egin behar da, asko, gure sorburu hizkuntza diren horietan eta gure xede hizkuntzan. Irakurri eta entzun, belarria eta begia adi besteei ikasteko, eta geure akats eta hutsuneez ohartzeko.

E: Forma vs ideia, etxekotzea vs arroztasuna, jatorrizkoa vs itzulpena… badirudi beti daudela elkarrengandik urrun diruditen bi bide, eta itzultzaileak bat eta bakarra hautatu behar duela, koherentziaren mesedetan.

B. M.:Neurri batean, kontrajartze faltsuak dira. Badira jatorrizko testuak eta horien itzulpenak; badago, esaterako Raymond Queneauren Exercices de style liburua, eta badago Raymond Queneau eta Xabier Olarraren Estilo ariketak liburua, baina, zertan kontrajarri? Exercices de style egon izan ez balitz, ez zen Estilo ariketarik sortuko, baiki; eta? Nik bi-biekin gozatu dut.

Forma eta ideia kontrajartzea ere, absurdu samarra iruditzen zait, literatur lan batean erabat uztarturik baitaude biak; eta literatur lanak dira bai jatorrizkoa bai itzulpena. Itzultzaileak, ahal duen neurrian, obraren osoa jaso behar du bere itzulpenean, eta formaren eta edukiaren uztartze jakin hori da obra.

Badakit, alabaina, aurreko baieztapen sinple horien atzean mami gehiago badagoena, eta luze hitz egin daitekeela horretaz: itzulpenak jatorrizko obra ordezka ote dezakeen, jatorrizko testuaren formari eusteak zer esan nahi duen, etab. etab. Horren aurrean, baina, jarrera pragmatikoa dut nik, itzultzailea bainaiz, eztabaidak eztabaida liburuak itzultzen baititut; eta orain eta hemen itzultzen dut, orain eta hemen irakurtzeko liburuak sortzen ditut. Horrek esan nahi du, gutxi asko, inplizituki onartuta dauden zenbait uste eta arauri jarraitzen diedala: itzulitako liburuak obra beregain gisa funtzionatu behar du, jatorrizkoa irakurri duenak errekonozitu egin behar du itzulpenean, ezin dira pasarteak kendu edo erantsi… Hori espero dute irakurleek, hori espero du editoreak… eta hortik abiatzen da itzultzailea. 

E: Itzulpenak fama txarra du oraindik ere, nahiz eta oztopo eta aurreiritzi asko gainditu diren. Itzultzaileen ikusgarritasun eza ere nabaria da, Euskal Herriko argitaletxe batzuetan oraindik ere ez da haien izena azalean jartzen. Hala ere, literaturan daukate itzultzaileek sona gehien. Nola ikusten duzu egoera?

B. M.: Itzulpenaren fama txarra dela eta, esango nuke apurka-apurka gainditzen ari den aurreiritzia dela. Soziolinguistikak eta soziologiak ere badute zeresanik fenomeno hori azaltzeko, zeren, gure artean, euskararako itzulpena izan baita gaitzetsia, ez besterik -euskararako itzulpenik ez, baina gazteleraz zein frantsesez itzulpenak lasai asko irakurtzen zuen asko egon da gure artean, bigarren multzokoak kasik jatorrizkotzat jota-, eta ez zen kalitate kontu hutsa (Gabriel Arestik Verlainen Chanson d’automne poema hain modu ederrean itzuli bazuen, bada posible itzulpena, ez?). Dena den, esan dudan bezala, egoera aldatuz doa, euskaraz gero eta gehiago idazten da, gero eta gehiago itzultzen da, gero eta hobeto itzultzen da, eta irakurleek gero eta normaltasun handiagoaz hartzen dituzte euskaratutako liburuak.

Beste kontuari dagokionez, sonarena eta, komatxo asko jarriko nizkioke delako sona horri. Egia da zenbait ingurutan hobe eman dezakeela “literatur itzultzailea” zarela esateak, “administrazioko itzultzailea” zarela esateak baino -esan ere, tonu desberdinez esaten dira, askotan, bata zein bestea-, eta? Zein lagunekin zabiltzan, hala hartuko zaituzte! Menpeko, bigarren mailako den itzulpengintza (itzultzailea) pixka bat dotoretzen da literaturaren eskutik badoa; hain ondo ikusita ez dagoen administrazioarekin badabil ordea… Karikatura bada ere, egia dela esango nuke.

Poztuko nintzateke egiazko edo balizko sona horrek literatur itzultzaileen lan baldintzak hobetzeko balioko balu: arrazoizko epeak, ordainketa duina, legezko kontratuak… Egia bada sinesten dugula literatur itzultzaileek lan baliotsua egiten dutela, har ditzagun aintzat.

Bego Montoriok itzuli dituen liburuetako batzuk.

E: Unibertsitatean eta EIZIEn bertatik bertara parte hartzeak eskaintzen dizun ikuspegi zabaletik, nola ikusten dituzu itzultzaile hasiberri gazteen maila eta aukerak?  Badirudi ez dutela oso erraza hainbeste eskarmentu eta esperientzia duten euskaratzaileen artean.

B. M.: Eskarmentu eta esperientziadun euskaratzaileak ez ditugu, bada, zulora botako, ezta?

Txantxak alde batera itxita, hasteko, argi izan behar dugu euskara tarteko duen itzulpengintzaren merkatua mugatua dela. Interpreteak, esaterako, behar dira, baina horrek ez du esan nahi urtero dozena erdi interprete berrirentzako lana egongo denik.

Gasteizen itzulpen ikasketak jarri zirenetik lizentziatu direnen artean, uste dut askotxo direla lanean ari direnak. Zer baldintzatan? Askotarikoak, gainerako esparruetan bezala, eta zenbaitetan (maiz?), ez oso onak, seguruen.  Alabaina, datu zehatzik ez badut ere, esango nuke aurreko urteotan nahiko ondo eutsi diola sektoreak eta azken urte bietan hasi dela gehiago igartzen krisiaren eragina. Itzulpen lan gutxiago dago, eta inguruko sektoreetan ere, lan gutxiago eta diru gutxiago.

Literatur itzulpenari bagagozkio, bestelako faktoreak izan behar ditugu kontuan. Zer egin behar du hasberri batek literatur itzulpenak argitara diezazkioten? Zeren, itzuli, nahi duenak nahi duen beste itzul dezake, sarean jartzea ere badu, denbora eta esfortzua baino ez du behar. Literatur itzulpenak argitaratzea, beste kontu bat da.

Bat, euskarazko liburuen merkatua ez da oso handia, eta, horren barruan, itzulpenak zatitxo bat baino ez du.Testu interesgarri asko itzul litezke, eta horiek ondo nork euskaratuko ere balegoke; testu horiek guztiak erosi eta irakurriko lukeen jenderik bai? Zenbat?

Eta argitaratzen den horretan, nola sar dezake batek “musturra”, batez ere curriculum laburra badu, hasberria bada? Saiatuta, beste erantzunik ez daukat.

Literatura Unibertsala bildumak hasberri bati baino gehiagori eman dio aukera itzuli eta argitaratzeko.

E: Aurrekoarekin loturik, itzulpengintza eskolek zer punturaino lagun dezakete itzultzaile on bat sortzen? Zer zailtasun eta muga sortzen ditu itzulpen irakasle izateak? Betikoaz (irakurtzeaz eta aritzeaz) gainera, aholkurik lizentziatu berrientzat?

B. M.: Dudarik ez dut itzulpengintza eskolek itzultzaile onak sortzen lagun dezaketenik. Zein puntutaraino? Eskola saioak nolakoak diren, nola planteatzen diren… Kasurik txarrenean ere, norberak bakarrik nekezago ibiliko lituzkeen bideetan aurrera egiten lagunduko dute: informazio interesgarria, egindako itzulpenak eztabaidatzeko aukera, ikaskideekin iritziak eta kezkak eztabaidatzeko aukera…

Itzultzaile eta aldi berean irakasle izateak sortzen didan mugarik handiena denborarena da, ordu kopuru bera bi jardunen artean banatu behar dudalako. Bestela, oso aberasgarria gertatzen ari zait uztartze hori; eskolak emateko, ezinbestekoa zait itzultzen jardutea,  praktika horretan egiaztatzen baitut arazoak non dauden, irtenbideak zein litezkeen, irakurritako teoriak zertan laguntzen didan…

Eta irakasle jardunak, bere aldetik, beste erronka batzuk planteatu dizkit, intuizioetatik harago joatea, jardunaz gogoeta egitea, “funtzionatzen” ez duten itzulpenetan arazoa non dagoen bilatzea eta irtenbideak bilatzen saiatzea… Ikasleen itzulpenak zorrotz irakurri eta zuzendu beharrak nireei ere zorrotzago begiratzeko balio didala uste dut; ez da gutxi! Eta horrez gain, jakina, giza harremana dago; oso pertsona interesgarriak ezagutu ditut eskoletan.

Lizentziatu berriei emateko aholkua eskatu didazue, eta ez dut. Orokorrena zeuek aipatu duzue: irakurtzea eta aritzea. Hortik aurrera? Nork bere bidea egin behar duela, bere gustu, behar eta ahalmenen arabera. Eta nork bere burua ezagutu behar duela, une jakin batean zer eman dezakeen eta zer ez jakiteko. Pazientzia ere, inori ez datorkigu txarto; testuari behar beste buelta emateko, lortu nahi dugun horretan saiatzeko, gauetik goizera erdietsiko ez badugu ere…

E: Zure eskoletan izan garenok komikiaren aldarrikapen bizia jaso dugu. Senez aldizkariaren eskutik 2005ean kaleratu zenuen artikulu interesgarrian komikiak itzultzerakoan aurki daitezkeen zailtasunez mintzo zinen, baina ez horrenbeste generoa azpiratzearen arrazoiez. Merkatuan, badirudi komikia (saiakera eta poesiarekin batera) bazterrean edo “beste maila batean” geratzen dela eta batzuetan, horiek saltzerakoan “nobela grafikoa” gisako terminoak erabiltzen dira; txikitasun konplexu horren isla ote?

B. M.: Sormenerako esparru zoragarria da komikia, eta absurdoa deritzot aldez aurretik baztertzeari.  Ez da literatura, ez da zinea, ez da pintura, beste zerbait da, beste adierazpide bat, bere muga eta ahalmenekin, gainerako guztiek bezala; eta besteetan bezala, maisu lanak eta erdipurdikoak daude.

Nolanahi ere, egia da bigarren mailako kultur produktutzat jo izan dela, eta, neurri batean, hortik etor liteke –mailaz igotzeko saio modura edo– “nobela grafikoa” izendapenaren kontua. Baina komiki guztiak, ezta helduentzako guztiak ere, ez dira nobela grafikoak: oso urrunera joan gabe, gutako askoren eguneroko paisaia diren Zakilixuten zerrendak. Hortaz, komiki batzuetarako bakarrik balio duen izendapena deritzot. Izen kontuez haratago doan gaia dela esango nuke, baina luze joko luke horrek.

Nik, badaezpada, komikiak, tebeoak, BDak, fumettiak irakurtzen segituko dut eta, aukera dudanean, horiek itzultzen.

E: Besteak beste, frantsesetik eta portugesetik itzultzen duzu. Entzuna dut bi hizkuntza horien ikasketa prozesua ez zela bera izan. Frantsesa eskolan ikasi zenuen, eta portugesa, aldiz, helduago zinela, zure kasa, “irakurriz”. Hala da? Zer gabezi eta zer on eskaintzen ditu hizkuntza bat irakurriz jasotzea?

B. M.: Egia da frantses eskolak hartu izan ditudala eta dakidan portugesa, berriz, irakurtzen eta entzuten ikasi dudala. Ondorio nabarmenena da frantsesez idatzi eta hitz egin dezakedala, akatsak akats, eta portugesez, ez. Horrek badu eraginik itzultzerakoan? Izango du, seguruen, baina ez dakit ondo neurtzen. Posiblea da portugesetik itzultzerakoan erreferentzia gehiago bilatu behar izatea.

Gaitasun pasiboak (ulertzekoak) asko gara daitezke irakurtzen (gramatikaren bat lagun, jakina) eta entzuten, batez ere familia bereko beste hizkuntza batzuk ezagutzen badituzu, eta hori da kasua: espainola, frantsesa eta portugesa. Ez dut horren gainean askorik pentsatu, baina badakit oso poztu nintzela konturatu nintzenean soinu desberdina hartzen niela Portugaleko, Brasilgo eta Cabo Verde edo Mozambikeko portugesean idatzitako testuei; alde horiek jasotzeko gauza nintzen.

E: Atzerriko autoreak euskaratu dituzu baina baita autore euskaldunen testuak erdarara itzuli ere. Pentsatzen dut kasuren batean autorearekin hartu-emana izan zenuela. Zenbateraino laguntzen du horrek? Ez al dute autoreek erreparo handia haien testua moldatzerakoan?

B. M.: Gazteleraz ederto dakiten euskal idazle zenbaiten lanak espainoleratu ditut, eta nire jarrera hau izaten da: testu osoa itzuli eta ondoren erakutsi. Itzultzen ari naizela zalantza puntualen bat sortzen bazait, galdetu egiten diet, baina nik testu osoa jorratuta izan arte ez diet erakusten. Eta gero, idazleak noraino sartu nahi duen. Beti egon da argi itzulpena nire erantzukizuna zela, nolabait esateko, itzulpenaren gaineko azken hitza nirea zela, baina, aldi berean, nik nahi izan dut idazleek beren burua islaturik ikustea testuan. Bada onartu beharreko abiapuntu bat: itzultzaileak ezin du idatzi idazleak gazteleraz idatziko lukeen moduan; era berean, baina, itzulpena gorabehera, testuak idazlearen testua izaten jarraitu behar du.

Idazleek zer esango duten ez dakit, baina nire ustez tentsio horri berez hartu izan diogu puntua. Idazle batzuekin saio luzeak egin ditut, testua zehatz-mehatz aztertzen, proposamenak eztabaidatzen…; beste batzuek iritzi orokorra edo zuzenketa proposamen jakin batzuk egin izan dizkidate, eta bere horretan onartu duenik ere bada, idazleak noraino inplikatu nahi duen. Kasu guztietan, niretzat oso aberasgarria izan da haiekiko harremana.