Arratsalde hodeitsu batez*

azaroa 11, 2012 @


teatro-shakespeare

Berriako Hirudia ataleko bigarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

Artikuluak idazteko zeregina errazteko, saiatu naiz arloa zedarritzen. Saiatu naiz literaturari mugak jartzen; literaturaz idatzi behar duzu, esan zidaten, eta hain zabala iruditu zitzaidan non ez itotzeko harresiak eraikitzeko beharra sortu bainuen. Zerbait kanpoan utzi behar, beraz, baina titoak etxean pilatzeko ohitura daukat, badaezpada, agian egunen batean, agian zerbaitetarako. Eta gauza bera gertatu zait harresien eraikitzearekin ere, zergatik hau kanpoan utzi, agian zerbaitekin lotuz gero.

XVII. mendean John Donneren sermoiak literaturaren zakuan sartzen zituzten, baita Descartesen saiakera filosofikoak ere. XIX. mendean, ordea, Marx eta Darwinen testuak ez dira dagoeneko literatura, beste zerbait baizik. Mende horien artean, hor punturen batean, fikzioaren eta egitatearen artean lerro bat marraztu zen, harresi bat eraiki. Eagletonek (Literary Theory: An Introduction, 1996) gogorarazten digu XVII. mende hasieran novel hitzak bai egiazko bai fikziozko gertaerak adierazten zituela, eta notiziak ere nekez hartzen zirela egitatezkotzat. Biblia egitatez josiriko gidaliburutzat sortu eta itzuli zen, baina fikziozko liburu handientzat hartuko dute aunitzek egun, eta konnotazio soziologiko eta politiko askodun eleberri gisara irakurriko du hainbatek. Fikzio sorturiko Ipurbeltzeko istorioak, berriz, ez dira letra larriz idatzitako literaturaren zakuan sartzen. Beraz, “literatura” sormenezkoa, imajinatua eta fikziozkoa dena barnebiltzeko erabiltzeak ñabardura aunitz uzten ditu kanpoan, eta, gainera, historia edo filosofia gisako arloak sormenezkoak edo fikziozkoak ez direla inplikatzen du.

Pragmatikaz aritu gara. Literaturak mendetan (eta gaur egun ere) funtzio praktikoa izan du, erlijiosoa, kasu; hor dugu Bizenta Mogelen Ipui Onac, literaturaren bidez morala helarazi nahi zuen adibide klasikoa. Badirudi egun “literaturaren” funtzio praktiko hori desagertzen ari dela (esplizituki behintzat), ez duela berehalako ekintza helburu ez diskurtso pragmatiko zehatzik. Horrek, jakina, ez du esan nahi testua ez denik pragmatikoki edo pragmatikotasun baten bila irakurriko. Halaber, Mursegok Hegaluzea pistoarekin asmo pragmatikodun errezeta literaturtu, fikziotu, duela dirudi, eta, beraz, testu oro poetikoki irakur daitekeela ere aldarrikatu daiteke; hori are ikusgarriagoa da egun postmodernotzat jotzen denarekin.

Formalistek ohiko hizkuntza erabiltzeko (deformatzeko) moduan ikusten zuten literaturtasuna. Arauaren bihurritzea, bortxatzea eta desbideratzea, nolabait. Ohiko hizkuntza hori denbora eta espazioaren arabera aldatzen da, ordea, eta ez da ez bakar ez betiereko; orotariko hiztegian agertzen zaizkigun idazleetako edonork ohiko hizkuntzan idazten zuena, kasu, guretzat arkaismoa da.

Beraz, nola zedarritu? Nola sailkatu zer den eta zer ez den literatura? Ez badago literaturtasunaren esentziarik, pentsatu beharko dugu dinamikoa dela, egoera jakin batean pertsona multzo edo komunitate jakin batzuek irizpide jakin batzuen arabera eta helburu batzuekin balioztatzen eta zedarritzen dutela. Halere, badira testuak mendetan eta komunitate gehienetan literariotzat jo izan direnak, espazioari eta denborari iskin egin diotenak. Eagletonek diosku testuok ez direla berak, hots, Shakespeare ez dela bera bere garaian eta XXI. mendean; irakurketak aldatu egiten direla, literatur lan oro gizarte irakurleek berridatzi egiten dutela, inkontzienteki bada ere. Balioztatze-epaien sistema in/kontzienteak (aldakorra eta sortua) baldintzatzen du berridazte hori.

Ondoriorik gabe, Eric Dicharryren hitzekin geratzen gara: “Hau literatura da. Hau ordea, ez. […] Gu kontsultatu gabe literatura panteoiak eraikitzen dituzte. Odol urdinek odol urdinen iruzkinak betetzen dituzte. Nork du azken hitza? Nork hautatzen du?” (Hormatik hormaraino, Maiatz: 2012).

(*) Artikulu honen goiburua Eric Dicharryri lapurtu diot, hala deitzen baita, hain zuzen ere, bukaerako aipuaren goiburua.

Tags:  ,