Krisian ere, harribitxiak

azaroa 19, 2012 @


durango-irudia

Ate joka dugu argitaletxeentzako urteko datarik garrantzitsuena den hori, eta uste dugu aurtengoa erabakigarria ere izanen dela krisiak kolpekatutako argitaletxe eta egitasmo apalentzat. Guk, elearazin, ez dugu aunitz berezirik eginen 47. Durangoko Azokaren harira, baina ezin bazter utzi. Ez dugu aireratzen den oro-da-eder-guztiok-gara-lagun giroa salatuko, ezta ebentoaren aldeak arakatuko ere, milaka hitz entzun baititugu dagoeneko (eta entzunen datozen asteotan). Baina aurten argitaletxe berri batzuen lanak aurkituko ditugu standetan, eta horiek ekarri nahi ditugu gurera. Itzulpenari ematen dioten garrantzia esanguratsua delako. Itzulpena ardatz dutelako. Irakurleak ez du deus berririk aurkituko lerrootan, sailkatu behar horren errua da post hau “Hausnarketa” atalean egotea; hemendik eta handik lapurtutako elkarrizketak eta esanak bildu eta aurkezten dizkizuegu. Jakinaren gainean zaudete, beraz, ez izan kexu.

Kariñoarekin hautatuak, / arrotzak bertakoak eginak, / pasa daitezen alde batetik bestera letrak, / pasa zaitez zu gure etxera, esaten digu Pasazaite argitaletxe berriko atariak. Xabier Queiruga argitaletxeko sortzailea galegoa da jaiotzez, baina Bilbon ikasi eta Donostian bizi da egun, bookhunter blogean egin zioten elkarrizketan azaltzen denez. Autore garaikideak ekarri nahi ditu gurera, ez best seller-ak, baizik eta hain ezagunak ez diren kalitatezko lanak. Itzulpengintza erdigunean jartzen du, eta hala adierazten du argitaletxeko atarian: “Pasazaiteko liburuetan itzultzailea ez baita kredituetan agertzen den izen bat soilik, merezi duen garrantzia eman nahi baitiogu, leku berezi bat eman nahi baitiogu gure web orrian eta presentzia eraginkorra Pasazaiteren jardueretan”. Itzultzaileoi begiak zabal eta irakurleoi hortzak luze jartzeko moduko aurkezpena.

Orain baino lehen Andrej Longoren Hamar gomendagarria kaleratu du argitaletxeak, eta Josu Zabaletak itzuli du italieratik. Aipatu ikusgarritasuna nabaria da liburuan bertan ere, autorearen biografia laburraren azpian agertzen baita itzultzailearena, esaterako. Itzultzailearen lan baldintzen berri ez dugu, baina ikusitakoa ez da gutxi, eta beren printzipioei eutsiz gero, poztekoa da halako jarrera. Itzulpenari dagokionez, orrazketa bat ez litzaiokeen gaizki etorriko testuari, akats tonto batzuk itzultzailea ez den irakurlearen begiratu batekin zuzentzen ahal baitziren. Aurreratu dutenez, Birgit Vanderbeke alemanaren Muskuiluak afaltzeko izanen da bigarrena, Ainhoa Irazustabarrenak itzulia. Arretaz segituko ditugu argitaletxe interesgarri honen urratsak.

Prentsan gehiago azaldu da, agian, Edo! argitaletxea, segur aski talde eragilean literatur munduko aurpegi ezagun batzuk daudelako edo lan molde berri batekin datozelako edo, agian, itzulpenaz gain sorkuntza lanak ere kaleratuko dituztelako. Urte hasieratik ibili dira harpidedun eta bazkide bila, eta hasieran itxiak ziren bilerak zabalik dira egun, parte hartu nahi duenarentzako. Borondatezko lana da nagusi, eta dagoen eskaintza osatu eta aberastu nahi dute. Ikuspegi kritikoa bultzatzea eta, oro har, argitaratzen dituzten liburuen gaineko dinamika soziala sortzea dute xede.

Esan bezala, Pasazaiteren moduan ardatz eta bakar ez izan arren, Edo!-k itzulpenak ere plazaratuko ditu. Esaterako, hasieran aurreikusitako bost liburuen artean, transfeminismoari buruzko antologia bat kaleratzea dute asmo, eta horko testu batzuk euskarara ekarri beharko dituzte. Gainera, proposamenak egiteko aukera badago, webgunean azaltzen dutenez: “Testu bereziak nahi ditugu, gaurko kanonetik kanpokoak baina beste era bateko kanon bat osatzen lagunduko dutenak”. Hori bai, egile-eskubiderik gabeko obrak beharko lukete.

Ibilbide luzeagoa du (kanpora begira, behintzat) Denonartean etxeak. 2010ean ekin zion Cénlit argitaletxe nafarrak argitalpen-zigilu berri honi, Milena Agusen Kondesa esku-guria eleberriarekin, Fernando Reyk itzulia. Iazko neguko azokara hamabi liburu eraman zituen, guzti-guztiak euskaratutako lanak. Agian arrakastarik handiena (mediatikoki) Inma Erreak itzulitako Haserratu zaitezte “panfletoak” jaso du, Stephane Hessel frantsesarena. Horretaz gainera, saiakerak, eleberriak, poesia eta haurrentzako liburuak kaleratu dituzte orain baino lehen. Ibilbide eta euskaratutako liburu zerrenda luzeagoa gorabehera, deus gutxi aurkitu dugu zigiluari buruz interneten.

Kaleratutako azken liburuen artean dago Mathias Malzieu idazle eta rock kantari ezagunaren Bihotzaren mekanika, Alberto Barandiaranek itzulia. 2007an kaleratu zen Frantzian eta hogei aste eman zituen estatuko liburu salduenen zerrendan. Berriak dioenez, “Frantziako literaturak azken urteotan eman duen best seller-ik arrakastatsuenetako” bat da. Beraz, argitalpen zerrendei erreparatuz gero, esan dezakegu orotariko joerak ditugula, Pasazaite eta Edo! ezezagunagoaren zale eta Denonartean, berriz, mainstreamago.

Badirudi, hortaz, krisia krisi, literaturzaleek argitaletxeen aldeko apustua egiten dutela oraindik ere. Esanguratsua eta pozgarria iruditu zaigu itzulpenei ematen dieten presentzia, baina esan behar dugu joera eta itzulpenen aldeko saiakera antzematen zela lehendik ere, itzulpenen kopurua gero eta handiagoa baita, urte gehiago dituzten etxeetan ere. Horren adierazle argia da Igela argitaletxea, hamarnaka urte baitaramatza bereziki atzerriko autoreak euskaraz plazaratzen.

Luzerako izanen ahal da gorakada hau! Baiezkoan gaude, herri honetan irakurle bezainbeste idazle badaude ere, etxeko ekoizpenak muga bat duelako, eta arrotza onartzera eta euskaraz kontsumitzera ohitzen hasi garelako, bereziki. Esan bezala, beraz, Durangon aurkituko ditugu argitaletxe berriok; alta, azokatik kanpo ere aurkituko ditugu beste irakurgai jakingarri batzuk, hala Lapiko Kritikoa kolektiboaren hAUSnART aldizkaria nola standa ordez mahaitxoa jartzen duten bestelako egitasmoak. Horien bueltan aurkituko dugu elkar; eta, bestela, beti geratuko zaigu Palentinoa.