Charles Bukowski Zintak

abendua 10, 2012 @


CharlesBukowski

eta

guztiek zioten:

“Chinaski, Chinaski, zinez

gizon

handia

haiz…”

Soilik mitozaleentzat (edo batez ere).

Charles Bukowski (Alemania, 1920 – AEB, 1994) autore eta poeta estatubatuar aski ezaguna, Kalifornia horailaren alde ilunenak zorrozki deskribatu zituena; alkoholikoa, jokalaria, misantropoa. Euskaraz irakurri dizkiogu hainbat: (argitaraturikoak aipatzearren) Mikel Olanoren eskutik Infernuko hesteetan (Elkar, 2008) eta Satanen seme (Elkar, 2007) eta Josu Lartategirenetik Pulp (Txalaparta, 2002)  eta Poema Antologia (Susa, 1997). Sautrela (goian bego) saioan ere eskaini zioten tartetxoa eta Olano euskaratzailea elkarrizketatu zuten.

Sarri sentipen kontraesankorrak sortzen dizkidan arren goian aipatutako mitozaleen artean porrokatuenetarikoenen zakuan sartu beharko nindukete ni eta agure gordinari omenalditxo bat prestatu diot hortaz, nire zein beste zakukide euskaldunen bozkariorako (espero). Jarraian datozen hiru bideoak Barbet Schröder zinemagile frantziarrak atondutako film dokumental baten parte dira, alegia, The Charles Bukowski Tapes (1987). Berrogeita hamabi elkarrizketa laburrek osatzen dute lana, Schröderrek guztira 64 ordu inguruz filmatu zituen Bukowskiren hitzak eta pitzak: harremanez, alkoholaz, literaturaz, bizitzaz. Autorearen bizitokiaz gain bere liburuetan ageri diren tabernak topatuko ditu ikusleak, halaber gurasoen etxea, non aitak barra-barra jipoitu baitzuen Bukowski haurra eta Los Angeleseko beste zenbait leku adierazgarri. 1987an bertan, zintak oinarri hartuta eta idazlearen beraren gidoiarekin fikziozko luzemetraia burutu zuen Schröderrek, Barfly hain zuzen, zeinak Henry Chinaski alter egoaren gaztetako gorabeherak potretatzen baititu.

Berrogeita hamabi elkarrizketak dauzkagu ordenagailuan ondo gordeta, haatik hasteko soilik lehenengo, bigarren eta bosgarren atalak azpidatzi ditugu. Gogoko badituzue eta gehiago ikusi nahi izatekotan, helarazi iezaguzue zuen nahia zalantzarik gabe emailez, facebook bitartez edo face-to-face (jadanik gure gaizkile aurpegiak eskegi ditugunez nor gara atalean) eta gustura prestatuko ditugu behar adina luzapen.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=QZ4LDzYlnCk&feature=youtu.be]

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=FBfl-tMpzx4]

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=6Butn1SZWmY]