Itzultzaile aitzindariak

abendua 17, 2012 @


page

Pasa den larunbatean Literatura Eskolako trukeurtearen hirugarren saioa eta itzulpengintza ardatz izan duen bigarrena egin zen Oreretako Mikelazulo espazio xarmantean. Itzultzaile aitzindariak izan zituen abiapuntu Karlos del Olmo (Barakaldo, 1958) maisu, filologo eta itzulpen masterdunak, zeina itzultzaile-interpretea baita erakunde ofizial batean eta zenbait literatur sari ospetsu irabazi baititu, edo behintzat informazio horixe azpimarratzea erabaki du Malcolm Lowryren Sumendiaren azpian (Alberdania&Elkar, 2007) liburuaren barruko kontra-azaleko biografia txikiak  (badakizue liburu markagailu finkorik ezean supermerkatuko ordainagiriak edo zapi mukituak ez erabiltzeko orrien artean estutzen dugun azal horretako biografiak, liburuaren lodieraren arabera atzera bueltarik gabe desitxuratzen dena). Lowryrena da, hain zuzen, Literatura Unibertsala bildumarako euskaratu duen lehendabiziko lana eta oraingoz bakarra. Auñamendi eta Armiarman apurtxo bat gehiago arakatuz jakin dugu idazle gisa narrazio liburu bat, hiru nobela eta lau antzerki-obra (!) argitaratu dituela eta berridazle gisa, aldiz, Joan Pau Hernandezen Izuaren eskifaia (Elkar, 2004) eleberria, hala nola hainbat poema-bilduma. Halaber, lan andana egindakoa da EIZIE itzultzaileen elkartean, idazkaria eta presidentea izan da eta 2006tik Senez aldizkaria zuzentzen du.

 Mahai luzexka baten bueltan jesarrita, egungo pedagogoei hainbeste gustatzen zaien bezala, saio irekia izan zen, gogoetarako bazka eman zuena eta baita ere ikuspuntuak elkarbanatzeko abagunea. Hitzaldiari hasiera emateko Del Olmok EIZIEk argitaraturiko hiru itzulpen antologiak banatu zizkigun, hain zuzen, bertan biltzen baitira itzultzaile aitzindari zenbaiten euskarapen kutunenak. Ekimen horren bitartez elkarteak errekonozimendua eman nahi izan zien euskal itzulpengintzaren erroak ureztatu zituzten estreinako eragileei eta gainera, aukeraketa polita osatu zuen aldi berean, bizirik zeudenei behintzat aukera eman baitzitzaien antologian gehien estimatzen zuten pieza batzeko. Horrez gain, bidegileak omentzeko ahaleginaren baitan aintzat hartzekoak dira “Itzultzaile aitzindariak” bilduma hala nola Senez-en plazaratu ohi diren elkarrizketak.

 Hortik aurrera hausnarketarako amuak jaurti zizkigun Del Olmok etengabe eta zeresana piztu dezaketelakoan kronika honetan albait gehien batzen saiatuko gara, motzean bada ere, ez daitezen zapatu goizean elkartu ginenon linboan zintzilik gelditu.

Itzulpena muinean datza

Mundua gaur egun ezagutzen dugun bezalakoa da itzulpengintzari esker,  historiako garai orotan itzulpen jardunak balio izan du isolazioa ekiditeko eta harremanak ahalbidetzeko. Historia harreman ekonomikoen arabera esplikatzen dela dioten korronteek indar handia izan duten arren azken mendeotan (eta ez daude oker, inondik ere), kulturan badira ekonomiaren bitartekaritzaz azaldu ezin daitezkeen zenbait elementu eta horietako bat itzulpena da. Itzulpenean noski, itzulgaien aukeraketan eta abarretan izugarrizko eragina du historikotasunak, garaiak eta garaiko boterearen interes ekonomiko, politiko eta sozialek. Dena dela, ezin da ukatu itzulpenean sarri badela halaber eskuzabaltasun edo maitasun faktore bat, alegia, edozein pertsonak bere hiztunkideekin partekatu nahi izaten duela maite-maite duen idazle baten lana (zer esango digute ba guri!). Hortik tiraka, eta jada beste kronika batzuetan aditu dugun “poesia oro traslazioa da”-ren ildotik, Del Olmok azpimarratu zuen irakurritako autoreek eragin errefusaezina dutela gugan eta zerbait idazten dugunean egiatan gure altxortxoen itzulpenak egiten dihardugula, horiek gure hizkuntza eta kulturara txertatzeko. Horrez gain itzultze eragiketa maila bat gorago eraman zuen, izan ere, aitortu beharra dago buruan trumoika dabilkiguna paperean zehazki islatzea erdiestea nahiko sufriarazlea izaten dela, buru-eragiketa konplexua barnebiltzen baitu, bada hain zuzen, buruko gogoeta pasiboa hizkuntza idatzira pasatzearen ekintza aktiboa, itzulpen ariketa bat da. Hori dela eta, itzulpenaren inguruan gogoeta egitea gutxienez behin bada ere beharrezkoa da idazleentzat, askotan idazlearen arazoak itzultze-arazoak direlako, itzultzailearen berberak ez ziurrenik, baina dezente hurbiltzen zaizkionak. Horri lotuta Del Olmok azalerarazi nahi izan zuen idazketaren eta itzulpenaren arteko gertutasuna, zorionez azkenaldian nahikoa aitortza jasotzen ari dena bestalde, gero eta sarriago aditzen dugunez itzultzea, funtsean, berridaztea dela.

Semantika ezin da behartu, sintaxia malgua da

Haatik, bi jardueren artean bada kontuan hartu beharreko desberdintasun bat.  Peter Newmark irakasle ingelesaren arabera hitzegia/semantika ezin da behartu (hots 4 zenbakiari euskarazko hizkuntza hitzarmenean, arbitrarioa bada ere, LAU hitza dagokio eta nahi izatekotan PINPILINPAUXA deitu dezakezu, baina horrek nahi duzuna komunikatzeko ezintasuna baizik ez du sortuko), baina sintaxia oso malgua da. Del Olmok arau izendatu zuen esaldi horri jarraiki, idazle bat askeagoa litzateke buruan daukana paperera itzultzen duenean, izan ere hitz batek ez badu asebetetzen, buruhausteak eratzen badizkio are, ez da zertan termino zehatz horretara iltzatuta gelditu behar, formulazioa berridatzi eta moldatu dezake nahi duena lortu arte. Itzultzailearentzat, kontrara, zailagoa eta esan genezake ezinezkoa da hitzari izuri egitea, hitz madarikatua hor dauka eta horri egin behar dio aurre, itzultzailea bi ugazabaren morroia baita aldi berean, hau da, jatorrizkoarena eta hartzailearena. Itzultzaile aitzindarientzat, aise ondorioztagarria denez, arazo hori berebizikoa zen, kasu gaztelerazko “tigre” zetzanean hor jatorrizkoan eroso eta mendekati, buruhauste itzela zen zer ordain eman behar zitzaion erabakitzea garaiko testuinguru garbizale eta estandartu gabea aintzatetsita.

Kultura handi eta txikiek bestalde itzulpenarekiko harreman ezberdinak dituzte ezinbestean, kultura handiek behar adina ekoizten baitute itzulpenetara jotzeko beharrik gabe, hitz batean esportatzaileak dira, eta txikiak aldiz nagusiki hartzaileak. Horrek ez du zertan txarra izan, kontrara, hainbat idazlek esan dute euren estiloa hobetu dela LU gisako bildumei esker, baina guztian bezala oreka beharrezkoa da.  Logikoki, hizkuntza txikiak, maizago itzultzen dutenez, sarriago aurkitzen dira sistema sintaktiko propioa behartzeko (hein batean aberasteko) atakan, lehen esan bezala jatorrizko izuriezina emateko trikimailuak baliatu behar baitituzte. Hizkuntza handiak, ostera, zurrunagoak dira eta kultismo gordinak gehiegizko espanturik gabe onartzen badituzte ere, sintaxia nekez birtaxutzen dute.

Estandartze testuinguruan desdramatizatzea beharrezkoa da

Interferentziak esaten zaie ezarian mintzoan sartzen zaizkigun hitz zein egitura okerrei eta gure bezalako egoera diglosikoan ez dira gutxi izaten. Horiekin gogorregiak garela iruditzen zaio Del Olmori eta beharrezkoa dugula apur bat desdramatizatzea, izan ere, estandartze prozesua oso neketsua da, etengabe behartuta gaudelako erabakitzera zer dagoen ondo eta zer gaizki. Dirudienez estresa areagotzen da euskaraz dihardugunok ez dugulako kasik ezer barkatzen. Bestalde, ereduzko prosak sortzean beste prosa mota batzuk baztertzen eta corpusa murrizten ari gara, estandartzean irabazitakoa aberastasunean galduz. Izan ere, noraino iritsi behar dira arauak: itzultzailearen eta sortzailearen hegoak ebakitzeraino? Alta, terminologiaren eta beste arau mota batzuen (marratxoak hitz-elkartuetan adb.) estandartze bateratuaren alde mintzatu zen Del Olmo, erabaki bikoitzak hartzeak corpus zalantzakorra sortzen duelako, eta hori ere ez da nolanahiko zama euskarazko testuentzat.

Itzulpena estilistika arazo bat da

Autore bat itzultzen hasi aurretik bada buruan garatzen den aurre-prozesu bat, alegia, autorearen estilistika analizatzearena, nola idazten duen eta hein handi batean itzulpena estilistika arazo bat da, autoreak erabilitako hizkuntza moldea nola erreproduzitu planteatzen duena. Estiloaren baitan bi mailatako elementuak daude, alde batetik behartasunaren ondorioz, hizkuntzaren ezaugarri intrintsekoen ondorioz, bai ala bai, modu jakin batean adierazi beharrekoak eta bestetik, autorearen aukera baten fruitu direnak, esateko modu ugarietatik bat bakarra hautatu izanarenak. Behartasunaren altzoan daudenen artean, zeinak egiatan oso gutxi baitira hizkuntzetan, arruntak eta bitxiak desberdindu beharko dira. Hautatutakoen artean, aldiz, hautuaren maiztasuna bezalako faktoreak aintzatetsi beharko dira. Gainera, efektu historikoa ere ezingo da bazter utzi, izan ere, adibidez Joseba Sarrionandiak euskara literariora txertatutako zenbait gauza jada guretzat gure ondarearen parte dira, “arruntak” nolabait esateko, baina haustaileak izan ziren argitaralpenaren garaiean.

Estilistikarena ez zen haatik euskaratzaile aitzindariak gehien larritzen zituen arazoa, izan ere, batik bat erlijio testuak itzultzen zituzten eta ordurako latinaren moldeak sakon baino sakonago landua zituztelako, hamabost urtetatik gisako liburuak irakurtzen zihardutenez ia esklusiboki.

Euskal literaturaren historia, zeina garai batera arte izendatu baikenezake euskal itzulpengintzaren historia, zeina aldi berean garai batera arte izendatu baikenezake euskal itzulpen biblikoen historia

1571ko Leizarragaren Bibliatik hasita duela bi mende eskas arte behinik behin erlijio katolikoarekin loturiko testuek osatu dute euskarara ekarri denaren gehiengo zabalena eta horrez gain aintzat hartzen bada aurrez aipatu dugun euskarazko literaturaren hartzaile izaera, ia ahaleginik gabe irristatzen zaigu begien parera euskal literaturaren historiaren eta euskal itzulpen biblikoen arteko harremana. Bibliako itzulpenetatik eratorria da euskal itzulpengintza klasikoa, tradizio erlijiosotik beraz. Belaunaldi berriagoek katolikotasun horretatik ihes egin nahi izan dute agidanez, dena den Del Olmok aldarrikatzen du Bibliako itzulpenekin jada sortu zela nolabaiteko euskara batu lehendabiziko bat, kontakizun molde bat euskalki orotakoek ulertzen zutena. Hori positibotzat jotzen du, eta ulergarria ere baden arren hainbat euskaldunek kutsu erlijiosotik aldendu nahi izana, Bibliaren euskarazko itzulpenak onuragarriak eta baliagarriak gertatu daitezke egungo idazketarako, hain zuzen, kontatzeko modu horren eraginkortasuna eta arrakasta segurtatuta dagoelako eta alde horretatik behintzat berreskuratzeko modukoa litzatekeelako.

Hitzaldia amaitu aurretik euskarazko itzulpengintzaren bilakaera xehatu genuen. Esan bezala XVIII. mendera arte oro har erlijiotik zetozen euskarazko idatzi gehienak. Leizarragak 1571an itzuli zuen Biblia Joana Albret erregina kalbinistaren aginduz, izan ere, meza latinetik ematetik tokian tokiko hizkuntzetan ematerako korrontea protestanteek abiatu zuten. Dena den, bertsio leizaragatarrak ez zuen aurreregi egin katolikoak kalbinistei gailendu zitzaizkielako Frantzian. Bestalde, katolikoek ere luzeegi gabe hasi ziren hizkuntza bernakuloak erabiltzen, Trentoko Kontzilioaren ostean ikusi zutelako jarraitzaile gehiegi galtzen ari zirela.

 Hortik aurrera Elizaren inguruan sortu ziren itzultzaileak guk pentsatu baino harreman gehiago izan zuten, lehenik taldean lan egiten zutelako eta bigarrenik eskolatuak izanik bazutelako beste probintzian gertatzen (itzultzen) zenaren berri. Agian ezin esan daiteke eskola bat osatzen zutenik baina bai gutxienez arazoetarako konponbide bateratu batzuk hitzartu zituztela. Kontuan hartzekoa da euskaratzen zebiltzan testuaren alimaleko garrantzia eta eragina hartzaile kopuruagatik eta itzultzaile hauek oso ondo ikusten zituzten herriari transmititu beharrek sor zitzakeen arazoak.

 XVIII. enean Erromantizismoarekin herri mugimenduei bultzada handia eman zitzaien eta hortik aurrera itzultzaileen artean sekularizazioa jazo zen (hein bateraino), erlijiosoa ez zen itzulpen korronte paraleloa sustatuz, hots, helburu didaktikoak zituen literaturarena, kasu, Mogeldarren alegiak. Nolabaiteko loraldia baina, Espainiako Gerra Zibilak eten zuen. Horren aurretik Toribio Altzagak jada euskaratua zuen Shakespearen Macbeth (Eusko Ikaskuntza, 1926), Orixek Tormesko itsu-mutila (Verdes-Atxirikam 1929) eta Jokin Zaitegik Sofoklesen Antigone (Lopez de Mendizabal, 1933). Shakespearren lanei dagokionez ezin aipatu gabe utzi Bedita Larrakoetxearen jarduna. Zentsura gainditzeko zaila zenez 36aren ondotik arazoak ematen ez zituzten testuei heldu zieten euskal itzultzaileek eta alde horretatik 1952an Zarautzen martxan jarritako Kuliska sortak lan eskerga burutu zuen. Iparraldean ere mugimendua apalagoa zen eta antzerkia edo obra dramatikoak jorratu zituzten gehienbat, zeina erraz esplikatzen baita gurea ahozko tradizioaren lotura estua duen kultura izanik.

 Euskal kulturgintzaren alor gehientsuenetan gertatu bezala 70. hamarkadaren jaiotzarekin eta Franco diktadorearen heriotzarekin aire freskoa sartu zen itzulpengintzara eta erritmoa bizkortu zen berriz, gaur egun daukagun egoera ukaezinki hobera iritsi arte. Ezinezkoa zatekeen bide urratzaile horiek gabe.