Egilea hil (ez)beharraz

abendua 23, 2012 @


pi

Berriako Hirudia ataleko laugarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

 

Ghettoa egonkortzen edo desegiten ote duten oraindik ere zalantza dudan irakurle klub horietako batera joaten naiz, ahal dudan guztietan, hilean behin, Gasteizen. Beste irakurleengandik anitz ikasten dudalako noa, bereziki; beti harritzen naute aipatzen diren ñabardurek, interpretazioek, zentzuek, nik harrapatu ez ditudanak. Testu beraren gainean hainbeste ikusmolde, testu bakarretik hamaika bertsio.

Jendeak helburu legitimo anitzekin interpretatzen ditu literatur lanak. Gure interpretatzeko helburuaren mende egonen da literatur lan baterako interpretazio bakar eta egoki bat edo interpretazio egoki anitz baina ez-konbinagarriak bilatzen ditugun. Monismo eta pluralismo deitzen omen diete aukera horiei adituek. Kontua da ez dagoela literatura interpretatzeko helburu jakin bakar bat, baizik eta hainbat. Ez dugu bilatzen autoreak komunikatzen duena bakarrik, batez ere komunikatu nahi duen hori bilatzen dugu, esan ez baina esan nahi zuena, esplizituki eta inplizituki dioena. Beste artelan batzuekin gertatzen den gisara, literaturan ere ez gara horrekin asetzen, harago joan eta interpretazio gehiago bilatzen ditugu, lan batetik balio osagarriak ondorioztatzeko asmoz.

Irakurleok testuaren gure interpretazioak ditugu batetik, eta testuarekiko autorearen intentzio irudikatuak bestetik. Garenaren eta dakigunaren arabera irakurtzen badugu, horrek ematen badigu interpretatzeko oinarria, eta interpretazioak ulermena eta ulermenak zentzu zehatza, pertsona bakoitzak baliabide kognitibo batzuk dituen heinean, interpretazioak ere askotarikoak izan daitezkeela pentsa daiteke, eta horrekin, zentzua(k). Aipatu intentzio irudikatuek testutik bertatik ondoriozta daitezke edo autoreak esandako eta idatzitako beste batzuekin eraiki ditzakegu, baita berari eta bere lanari buruz idatzi eta esan direnekin ere. Gero eta oinarri gehiago izan intentzio irudikatuak eraikitzeko are eta sendoagoak eta zintzoagoak izan daitezke horiek, baina testuaren gaineko interpretazioa kutsatuagoa ere egon daiteke.

Alta, «il n’y a hors du texte» zioen aspaldi Jacques Derrida autore eta filosofo postkolonialistak. Deseraikuntza teoriaren sustatzailea zentzuaz mintzo zaigu, eta «egilearen heriotza» aipatzen du. Horren arabera, testuen zentzua berridaztean eta irakurtzean sortzen da eta, beraz, irakurleak ez dio zertan idazleak emandako zentzu bera eman testu bati (eta, ildo beretik, itzulpenen kasuan, xede irakurleak ez dio zertan irakurle den itzultzaileak emandako zentzu bera eman).

Adio idazleari, hortaz? Hipotesitik abiatzen garen momentutik (idazleak hemen zera esan nahiko zukeen), ezin zentzu bera ondorioztatu. Izan ere, testua aztertu eta disekzionatu arren, (zorionez) ez du inork sekula lortuko idazlearen asmo beretan barneratzerik. Hala gertatzen da batzuetan, idazlea bere obraren inguruko azalpenak ematen hasi eta zureekin bat egiten ez dutela-eta sortzen da desengainua. Halaber, hamaika aldiz entzun izan ditugu idazleak esaten behin lana argitaratuta hasten direla horren gainean hausnartzen, kazetari eta tertuliei aurre egin behar dietenean. Sortzetik anitz izanik ere, autorearen intentzioek gerora eraikitakotik zerbait ere badute.

Zer egin behar dugu, bada, idazlearekin? Komeni al da irakurtzen hasi aurretik egilearen bi(bli)ografia, aurrekariak bilatzea? Zentzua zintzoago helduko al zaigu horrela, edo guztiz kutsatuko zaigu? Irakurtzean zergatik tematzen gara hainbeste egilearen interpretazio bakar eta aratza guk geuk berreraikitzen?

Tags: