(Argazkia liburuaren azalekoa: Rodrigo van Zeller)
Kronika hau gaurko egunean argitaratzean badakigu nahiko kamikaze dihardugula, edo hala lirudike ahalik eta irakurle gehien lortzearen ikuspuntutik behintzat. Dena den, gutako askok gaur gauean gure etxe guztiz laikoetan Ama Birjina Jesukristoz erditu zela ospatuko dugun honetan, ohikoa denez neurriz kanpo jan eta edanez (arlo ekonomikoan zein digestiboan), polita iruditzen zitzaigun Itziar Zigak duela urtebete inguru proposatu zigun aberri berriaz mintzatzea, zeinak egungoa baino gutxienez apurtxo bat dibertigarriagoa baitirudi: Sexual Herria (Txalaparta, 2011). Egutegiak eta blogerako plangintzak ere izan dute zerikusirik, ez dut ukatuko. Buruz buru ekin baino lehen abisu txiki bat eman nahi nuke elearazleen jardunaren inguruan opor hauetan. Batzuetan hala ez badirudi ere, badugu bizitzarik zibermundutik at, edo hori sinetsi nahi dugu, eta datozen (gutxi gorabehera) bi asteetan ez dugu post berririk eskegiko. Ostera, ia urtebete honetan zehar ekarri dizkizuegun gure lan gogokoenekin hit-parade bat osatuko dugu facebooken, egunero-edo post bat akordaraziz. Periferikoa izango da, oro har sinpenanigloriaki igaro diren arren guk asko estimatzen ditugun hitak batuko dituena. Behin hori esanda, beraz, harira.
Pasa den asteartean, hilak 18, irakurle eskola feministakook bildu ginen Itziar Ziga kazetari sexiliatuaren hirugarren liburuaren bueltan, jada aipatutako Sexual Herria. Ziga ekintza feminista nekaezinean aritu da azken hogei urteotan, besteak beste Andra aldizkarirako idatzi du, ex_dones mugimenduan jardun du Monica Boixekin batera eta honez gain 2009an bi saiakera plazaratu zituen Melusina argitaletxearekin: Devenir perra eta Un zulo propio.
Barkatuko didazue baina nostalgiara joko dut apur bat, gogoan dut Sexual Herria lehendabizikoz irakurri nuenekoa, harrigarriro herriko liburutegian topatu nuen plazaratua izan zela jakin eta asko jota bi astetara. Langabezian zaudenean ti-ta irakurtzen den horietakoa da, 110 orri inguru dituelako baina batez ere barrutik kanpora astintzen zaituen moduagatik. Gasteizen aurkezpena egingo zutela iragarri zuen Txalapartak eta Aranako taberna batera elkartu ginen lagun batzuk, Itziar Ziga y sus Migas ikustera, copleraz jantzita, peineta buruan eta gintonica eskuan. Liburuaz jardun zuten, baina aurkezpena bera izan zen egiatan Zigaren tesiaren erakusgarri ozenena. Festa giroa bai, baina diskurtsoa ere baita.
Kaxildara itzuliz, Sexual Herria aski liburu ausarta da eta ildo horretatik hainbat aspektu ditu goraipatzekoak. Hori ebatzi genuen talde txikitan bildu ostean testuaren lehen zoom bat egiterakoan. FRESKOA da, bostehun urtez lizuna gorde duen soto bat egurastea bezala. Bestetik, jada esan bezala emakumearen rol tradizionalarekiko erabateko apurketa dakusagu orrialdeotan, Ziga ez da txintxoa, ez isila, ez apala, ez otzana, ez neurritsua, ezpada guztiz kontrakoa, ahoberoa, gehiegikerian erortzen dena sarri, ingurukoen arreta pizten duena ia beti. Eta garrantzizkoena, ez da damu. Azpimarratzekoa iruditu zitzaigun halaber ez duela ustezko objektibotasun baten atzean ezkutatuta predikatzen, baizik eta bere esperientzia subjektibotik mintzo dela, are ez dituela ezkutatzen ziurrenik paperean aitortzeko zailak gertatu daitezkeen hainbat detaile. Zalantza egin dugu geu ere gai izango ginatekeen horretarako. Gainera, ikusgarritasuna ematen die muturrekoki ikusezinak diren hainbat bizitza eredu eta sexualitate aukerei. Eta batez ere, gertutik lantzen du Euskal Herriko egoera eta aurreko saioko artikuluetan jorratutako hiru gai nagusiekin loturak ezartzen ditu: herritartasuna, posizio soziala eta espazioa.
Euskal Herria birputatzeko ahaleginean Zigak hainbat muturrei egiten die tira, sorgin iraganari barne, noski. Irudikatzen du akelarreen garai kobazuloetako bat non emakumeak askeagoak ziren eskubideen aldetik, non sexua jarduna ez zen hain parametro hertsien baitan legeztaturik bizitzen, alegia, soilik modu heterosexualean eta ezkontzaren instituzioaren barruan. Kontrara, aukera anitzagoa omen zen eta ohiz kanpokoa ez zen laidoztatzen. Hori guztia konkista gaztelauak suntsitu zuen. Taldeko hainbat kideren artean zalantza sortu du kontakizun mota honek, ez ote den mitifikatu(egi)a galdekatu dute, nahiko estereotipatua dela eta ea zenbat dagoen zin-zinezkotik. Esan beharra dago Zigak garbi uzten duela fantasia bat eraikitzen ari dela, berari lagungarriak zaizkion eta borroka feminista euskaldunari bultzada bat eman diezaioketen mitoak sortzen dituela. Alde horretatik, beraz, sorginen irudiaren erabilera estrategikoa da, xaxatzeko era bat. Ezin ahantzi eraginkorki ekin dezakeenik, izan ere, nazio gisa etengabe ukatu izan eta ukatzen gaituztenez herri honetan askotan jo izan dugulako lehenaldira zuribide bila, haatik, arriskutsua izan daiteke modus hori, tradizio maskulino bertikal bat erreproduzitu baitezake, alegia: iraganean izan garelako gara, historikotasunak zilegitzen gaitu.
Konkista gaztelauaz ere zabal mintzo da Ziga liburuan eta zorrozki kritikatzen du. Atergabe aldarrikatzen du puritanokeria Errege Katolikoen zapalkuntzarekin batera iritsi zela gure lurralde berde zein horietara eta egun beharrezkoa dela Oteizak behinola aipatutako berrehun urteko apaiza behingoz uzkitik kanporatzea. Elizaren hipokresia ere gogor erasotzen du, haatik, zenbait talde feminista kristauen lan eskerga goresten du. Koroa eta gurutze gaztelauak erlijioaren izenean krimen doilorrak burutu zituen, hala nola sorgin-ehiza eta beraiek izan ziren kristautasunera behartu gintuztenak, dena den, ezin diegu gaitz guztia kanpokoei egotzi, euskal abertzaletasuna ere sortzez katolikoa izan zen eta euskaldunek beraiek zeresan eta eragin handia izan dute genero rol oso zehatzak eraikitzeko orduan. Erdi Aroan kasu, heresia-egileak zeuden, alegia, plazetan kantatzen zuten emakumeak. Bertsolaritzaren aitzindaritzat har daitezkeenak zentzu batean. Horien jarduna Bizkaiko Foruak debekatu zuen, hau da, arau autoktono batek. Eta liburuan zehar gaian hainbeste fokatzen ez bada ere Alvarez Rabok hitzaurrean ondo aipatzen duen moduan ikurrinak, sinboloetan sinboloak, bi gurutze ditu: alde batetik zuria, birjinarena, eta bestetik, berdea, gudariarena.
Mugimendu abertzaleek eta feminismoek ezkontza zaila izan dute historikoki (eta hau azkeneko saioan landutako Martín Lucasen artikuluarekin lotzen da). Euskal Herriaren kasuetara ekarrita: XIX. mendearen hondarretan sortutako euskal abertzaletasun tradizionalak Elizarekiko atxikimendu estua izan du hamarkada luzez, eta horren ondorioz emakume eta familia eredu zehatz bat bultzatu du gehien-gehien (Emakume Abertzaleen Batza gorabehera). Bestetik, ezker abertzalearen zein ETAren baitan, askapenerako borrokaren eta Estatuaren etengabeko opresioaren eta indarkeriaren aurrean gudari rola bultzatu da nagusiki eta horrek ere alimaleko eragina izan du. Hain zuzen borrokalari eredua da Zigak putago bilakatu nahi duena, trabestitu nahi duena, baina egiatan birjinarenari kontrajartzen zaio areago. Horrekin loturta, independentziarako bidean helburu jakin batzuk lehenestearen aferaz honakoa dio (101. orrialdean):
“Pactamos un orgulloso silencio para mantener la prioridad de los asuntos relevantes. La moral del gudari que manda callar a la puta. Siempre hubo cosas más importantes para el pueblo que matar al cura. Y la voluptuosidad debilita el ímpetu revolucionario. ¡Maldita renuncia cristiana!”
Horrez gain aipatu behar da ideologia feminista berandu heldu zela euskarara, hain zuzen hizkuntza tradizioaren eta kulturaren gordailu denez, hasieran gutxienez buru egin ohi diolako kanpotik datozen gai arrotzak onartzeari. Apur bat ildo orixetiarretik, euskaldun jator fededunarentzat aproposak ez diren ideia degeneratuak ez ditu euskarak erreproduzitu behar. Noski joera dezente aldatu da zorionez azken urteotan, mugimendu feministak egindako lan ikaragarria begiratzea besterik ez dago, baita euskaraz ere. Eta zenbait borrokaren lehentasunen inguruan, jakingarriak dira hAUSnART aldizkariaren 2. alean Zaloa Basabek eta Ainhoa Güemesek argitaratutako artikuluak. Basabek, esaterako, honela ixten du berea:
“Feminismoa ezin da ponentzia politiko baten 7. puntua izan, ezta Iraultza Sozialaren VII kapitulua ere. Feminismoa ez da negoziazio mahai baten bosgarren hanka, feminismoa mahai gaineko ukabilkoa da, kontratu sozialen oinarriak hankaz gora jartzen dituena, kapitalismoaren adierazpen guztien aurrean alternatiba erreal eta integrala izango duena”.
Zigaren liburuan zentrala da halaber espazio publikoan eta pribatuan baimentzen denaren arteko hipokresia, gogor egiten die kontra azkenaldian ugaldu diren ordenantza publikoei, 2006an Bartzelonan ezarri zutenetik hasita, duela gutxi Bilbon onartu zutenera arte. Aurreko saioko Preciadoren artikuluaren ildotik, hiriaren espazioa bera ikuskari eta kontrolatzaile bilakatzen da. Zigaren arabera ustez formalki askatasun gehiago dauden garaiotan, orain arte debekatuta zeuden zenbait eskubide lege bitartez teorikoki bermatzen diren honetan, kontrol soziala izugarri handitu da, ustezko askatasun zabalago hori errealitatean bortizki mugatuz. Droga kontsumoa edo sexu-jardun desegokia (noski arau-emaileek epaitzen dutelarik zer den zehazki sexu-jarduna eta horren baitan zer den desegokia eta zer egokia), norbanakoek plazer iturri gisa darabiltzatenak biak, soilik espazio pribatura gotortzera derrigortzen dute gisako ordenantzek. Zigak hori irauli nahi du, droga erabilpena zein harreman fisikoak publikoki eta ozen, lotsarik gabe, adieraztea aldarrikatuz.
Amaitu aurretik, sexilioaren gaiari heldu genion ezinbestean. Izan ere, Zigak liburuan kontatzen du nola Bartzelonara joatea erabaki zuen sarriago eta askeago zabaltzeko gogotsu zeudekeen hankarte bila, izan ere, Euskal Herrian larrutan egitea oso zaila ei baita. Taldean nahiko aho batez adostu genuen sexilioaren fenomenoa erreala dela, are sarri antzean gertatzen dela. Hala ere, ez dugu uste horren atzean ustezko eusko idiosinkrasia ez-larruzale bat dagoenik, Vaya Semanita telesaioak zabaldu duen moduan. Aldiz, beste arrazoi posible batzuk aipatu genituen (Zigak zerrendatzen dituenez gain), hala nola gauzak konplikatuagoak izan ohi direla komunitate txikietan, non esaten den moduan guztiok ezagutzen baitugu elkar eta non ez baitago nolabaiteko anonimotasuna eskainiko duen metropoli handirik. Horrez gain koadrila aipatu genuen genero-kontrolerako tresna aski eraginkor modura diharduen instituzio gisa.
Ziur tira egiteke utziko (ge)nituela hainbat hari. Atea parez pare zabalik du beraz iruzkinik, zehaztapenik, ekarpenik egin nahi duen orok, irakurle taldekoa zein irakurlego orokorragoko parte izanik.
Transfeminismoak, zer eta nola | elearazi
2014-03-04
[…] saiakera plazaratu zituen Melusina argitaletxearekin (2009), Devenir perra eta Un zulo propio, eta Sexual Herria kaleratu zuen 2011n Txalapartarekin. Urte horretan bertan transfeminismoaren oinarriak azaldu zituen BERRIAn egin zioten […]