Berriako Hirudia ataleko bosgarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.
Izenburuak bestela iradoki balezake ere, ez naiz leihoez ari. Une batez kanpora begira jarri gintuen Iñigok aurreko igandean, «kanporako idatzitako» lan bat aipatu zuenean. Gero eta gehiago direla esanen nuke kanpora begira egiten diren sorkuntza-lanak, edo agian mesfidantza handia sorrarazten didatelako arreta handiagoz bilatzen ditut, oharkabean. Hala ere, gutxi dira oraindik ere ateratzea lortzen dutenak, eta, beraz, ez da harritzekoa gutxi horiei hurbiletik segitzea.
Batzuetan, Espainiako edo Euskadiko saririk jaso ez duten edo uko egin dioten autoreek, batez ere, kanpora atera nahi baina ezin dutenean, autoitzulpenaren bidetik jotzen dute. Fenomeno gero eta ugariago horretarako lau arrazoi eman zituen Lopez Gaseni ikertzaileak: «idazleek bi hizkuntzak menderatzen dituztela erakusteko nahia; autoreek beren lana berridazteko beharra sentitzea; arrazoi ekonomikoak edo itzultzaile falta; eta literaturaren berezitasunak hala eskatzea». Nik idazleen egoa aipatuko nuke bosgarren arrazoitzat, Unai Elorriagaren hitz hauek irakurrita: «ez nioke inori utziko nire lanak gaztelaniara itzultzen, ongi baitakit zer den itzultzea: asko maite ditut nire liburuak» (El País, 2003).
Norbaitek esanen dit ironia ez dudala ulertzen. Alta, ez da Elorriagaren ustea soilik, beste askok pentsatutakoa hark esan bazuen ere. Horrela saltzen dira autoitzulpenak, bertsio edo berridazketa etiketarekin, hainbeste non zenbait itzulpenetan ez baita aipatzen egilea itzultzailea denik; beraz, aurretik jatorrizko bat badela ezkutatzen da. Horrek esan nahi du idazleari autoritatea eta aldatzeko eskubidea ematen zaiola, are eskatzen diotela bai prentsa/merkatuak bai irakurleek. Itzultzaile hutsa traidore litzatekeen lekuan da autoitzultzailea idazle. Eta, hizkuntza gutxitu batetik handiago batera bihurtzean, itzulpena da kanonizatzen den testua, jatorrizkoaren kaltetan (Manterola, 2012); horrela, esaterako, liburu hori beste hizkuntza batera itzuli nahi duen itzultzaileak erdarazko testua hartuko du maiz itzulgaitzat. Behin jatorrizkoak eta itzulpenak estatus bera lortuko eta kalterako izan behar.
Lehendik erdaren morrontza txikia izan ez, eta orain zenbait autorek idatzi ahala badaki bere euskarazko obra gerora erdaraz irakurriko dutela. Itzulpenean bi kultur eta gizartek, gutxienez, jokatzen dutela kontuan izanik, nola buruan ez izan itzulpenaren irakurle mota sorkuntza prozesuan? Zehazki autoitzulpenaz ari ez bazen ere, Saizarbitoriak Sautrela-ko azken saioan iradoki zuen idazle batzuek beren obraren itzulpenean pentsatzen idazten dutela. Halakoetan, bere burua zentsura lezake autoreak, helburu-gizarte/kultura gogoan, euskarazkoa sortu bitartean. Autoitzulpenean bestela gertatzen dela ondoriozta dezakegu, bada, autozentsura erdarazkoan gertatzen dela, argitaratu ondoren autoitzultzen den kasuetan, behintzat (arlo honetan «autozentsura» ez da, oro har, zentzu negatiboarekin erabiltzen). Aldi berean sortzen eta itzultzen duten autoreek bi kulturetan izanen dute burua, batak bestea baldintzatuz, eta halakoetan, jatorrizkotasuna (halakorik balego) lausotu egiten da.
Esan dut batzuetan halabeharrak bultzatzen duela idazlea autoitzulpenera. Ez beti. Izan ere, handia da idazleen nahia beren obra beste hizkuntza batean ikusteko; beren izena beste herrialdeetan ezagut dezaten; beren ahotsa atzerriko kulturetan entzun dadin. Beren obra, izena, ahotsa, ez euskal literaturarena. Saltzeko ponpoxo geratzen bada ere. Eta bitartekaririk gabe nahi dute, noski. Baina, zer galtzen dugu autorearekin lan egin dezakeen itzultzaileari zeregina uzten? Edo, bestela esanda, zer irabazi dugu Sarrionandia gisako idazle bati bere 708 orrialdeak gaztelaniaratzeko eskatuz, euskaraz bestelakoak sortzen egon zitekeenean?
danelesarriugarte
2013-01-14
Mila esker Garazi, gaiaren inguruan pentsarazteagatik eta, halaber, hausnarketa zuzenerako metxa pizteagatik amaierako galdera horren bitartez. Nik argi daukat. Euskaraz irakurtzen dugunok eta pentsatu nahi dugunok ezer gutxi irabazi dugu Sarrionandiak berak moroak moros bilakatzean (ez bada agian auto-itzulpenaren inguruko ikerketa lan mamitsuren baterako ernamuina). Noski, honekin ez dut adierazi nahi kaltegarria denik liburua gazteleraz jarri izana, kontrara, aberasgarria eta beharrezkoa da. Haatik, nik neuk ez nizkioke oztopoak ikusiko baizik onurak, gaztelerara eramatearen lana itzultzaile bati (batzuei) eskaini izanari. Ez genuke ia ezer, letra larriz, GALDUKO (ez bada agian itzulpen-jardunaren gutxiespen eta estigmatxoa). Dena dela, hori nire ustea da eta aurreiritzi horma asko daude oraindik suntsitzeke.