“Mugaldeko jendeak behelaino begirada du.”
Hitzen ondoeza, Joseba Sarrionadia
Gloria Anzaldúa (AEB, 1942-2004) –norbaitek galdetu baino lehen, bai, abizena euskaldun jatorrikoa da, XVI. mende inguruan kontinente amerikarra sarraskitzera joan ziren euskaldun ugari horietakoren batek laga zion opari–, poeta eta teorialari chicana, hain zuzen, chicano kulturaren teoria, queer teoria eta feminismoa jorratu zituena bere ibilbide akademiko zein artistikoan. Identitate mugaldekoaren, mestizoaren ideia izan zen autoreak egindako ekarpen handienetakoa; mugaldeko izaera nahasia da, anitza, behelainoz bilbatua. Haatik, Anzaldúak mihi zorrotzez aldarrikatu zuen bere mintzoaren zilegitasuna, mihi zorrotzez iragarri zuen izaera mestizoaren garaipena, batik bat Borderlands/La Frontera: The New Mestiza (Aunt Lute Books, 1987) lanean, bere obrarik sonatuenean. Horrez gain, aski ezaguna da Cherríe Moragarekin batera 1981ean editatu zuen antologia, koloreko emakume errotikakoen idatziak batzen dituena: This Bridge Called My Back: Writings by Radical Women of Color (Persephone Press). Irakasle gisa aritu zen luzez eta Kaliforniako unibertsitatean doktore-tesia prestatzen ziharduen 2004an zendu zenean.
Euskaratu dugun zatia Borderlands/La Frontera liburukoa da eta identitate chicanoaren eta oro har identitate kultural gehientsuenen alor garrantzizkoenetako bat du hizpide: hizkuntza, alegia. Estatubatuarrek zein mexikarrek gaitzetsia, Anzaldúak ingeles eta espainiera nahasketan, berreraikuntzan aurkitzen du bere burua erosoen, askeen. Eta testu honetan ozen dioen moduan, oztopoak oztopo, ez dago bere mihiari uko egiteko prest. Gauzak horrela, bere idatzien zatirik behinena ingelesez badago ere, etengabe zipriztintzen du espainierazko hitz eta esaldiz, han eta hemen. Batzuetan ingelesera itzultzen ditu atzera, beste batzuetan besterik gabe hortxe lagatzen. Jatorrizkoan espainieran datozen zatiak, letra etzanez etorri ere, halaxe mantentzea erabaki dugu guk. Halaber, oin-ohar guztiak autorearenak dira.
Irakurketari ekin aurretik pare bat ohar. Alde batetik, AEB dozenaka estaturen itsatsi zentralizatua izanik, lur eremu handia da, askotariko geografiek, pertsonek eta zonaldeek osatua. Anzaldúa Ekialdeaz, Hegomendebaldeaz edo Erdialdeaz mintzo denean, hortaz, AEBko guneez ari da. Ekialdea, kasu, Atlantikora ematen duen kostaldea litzateke, besteak beste, New York City, Washington DC eta New Jersey estatuak hartzen dituena. Hegomendebaldeak, kontrara, Arizona, New Mexico eta Colorado inguruak hartzen ditu. Bestetik, Anzaldúak aipatzen duen “pachuco” janzkera, “zoot suit” ere izendatua, 1940 inguruan AEBko italiar etorkinek zerabilten janzkiaren bertsio modernoago bat da, bereziki mexikar jatorriko gizonek hartu dutena. Gerri garaiko galtzak, kapelua eta beroki luzea dira oinarrizko osagaietako batzuk. Janzteko modu bereizgarriaz gain, “pachuco”-ak lotu ohi dira gau-giroarekin, kale-bandekin eta publikoki arranditsu jokatzearekin.
Nola otzandu mihi basati bat
“Zure mihia kontrolpean jarri beharko dugu”, dio dentistak metal guztia nire ahotik ateraz. Zilar zatitxoak erori eta dilin egiten dute konketan. Nire ahoa meategi bat da.
Dentista nire sustraiak garbitzen ari da. Kiratsaren lurruna iristen zait hatsanka egiten dudanean. “Ezin dizut hortza estali, drainatzen ari zara oraindik”, dio.
“Zerbait egin beharko dugu zure mihiarekin”, amorrua aditu dezaket bere ahotsean gorantz. Nire mihiak kotoi zatiak kanporatzen darrai, zulaketak atzerarazten, orratz luze meheak. “Ez dut egundo ikusi gauza indartsuagorik ez burugogorragorik”, dio. Eta pentsatzen dut, nola otzantzen da mihi basati bat, isilik egon dadin prestatzen, nola bridatzen duzu eta zelatzen? Nola etzanarazten duzu?
“Nork dio nazio bati bere hizkuntza ebastea ez dela guda bat baino indarkeriazkoagoa?”
–Ray Gwyn Smith[1]
Gogoan dut atsedenaldian espainieraz hitz egiten harrapatzen nindutela; nahikoa zen hatz koskorretan hiru miazkada jasotzeko, erregela zorrotz batekin. Gogoan dut ikasgelako txokora bidali nindutela irakasle angloari “erantzutearren”, nahiz eta nire izena nola ahoskatu erakusten besterik ez nintzen ari. “Amerikarra izan nahi baduzu, hitz egin ‘amerikarrez’. Ez baduzu gustuko itzuli Mexikora, dagokizun tokira”.
“Zuk ingelesez hitz egitea nahi dut. Pa’hallar buen trabajo tienes que saber hablar el inglés bien. Qué vale toda tu educación si todavía hablas inglés con ‘accent’”, esaten zuen amak, zeharo lotsatuta artean mexikarrek bezala egiten nuelako ingelesez. Pan American Unibertsitatean ni eta beste chicano guztiak behartuta geunden bi adierazpen eskola hartzera. Helburua? Gure azentuak ezabatzea.
Norberaren adierazteko moduari zentsuratzeko asmoz egindako erasoak AEBko Konstituzioaren Lehen Emendakinari bortxaketak dira. El Anglo con cara de inocente nos arrancó la lengua. Mihi basatiak ezin dira otzandu, soilik erauzi.
Isiltasunaren tradizioari gailentzen
Ahogadas escupimos el oscuro.
Peleando con nuestra propia sombra
El silencio nos sepulta.
En boca cerrada no entran moscas. “Euliak ez dira itxitako ahoan sartzen” esapide bat da behin eta berriz entzuten nuena haurra nintzenean. Ser habladora kuxkuxeroa eta gezurtia izatea zen, gehiegi mintzatzea. Muchachitas bien criadas, ongi hezitako neskek ez dute erantzuten. Es una falta de respeto norberaren amari edo aitari erantzutea. Gogoan dut konfesatzera joan nintzen bakanetan apaizari aitortu behar izaten nion bekatuetako bat horixe zela: amari erantzutea, hablar pa’tras, repelar. Hocicona, repelona, chismosa, ahoberoa izatea, zalantzan jartzea, istorioak kontatzea, guztiak ziren mal criada bat izatearen seinale. Nire kulturan hitz horiek denak erdeinuzkoak dira soilik emakumeei dagozkienean; gizonak deskribatzeko ez ditut sekula aditu.
Bi emakume, bata kubarra eta bestea puertoricoarra, “nosotras” erabiltzen entzun nituen estreinako aldian zur eta lur gelditu nintzen. Ez nekien hitza existitzen zenik ere. Chicanek nosotros erabiltzen dugu, emakume ala gizon garen gorabehera. Gure emakume izaera ebasten digute maskulino pluralaren bitartez. Hizkuntza gizonezkoen diskurtsoa da.
Eta gure mihiak lehor bilakatu
dira natura basatiak gure mihiak
lehortu ditu eta mintzoa
ahaztu dugu
–Irena Klepfisz[2]
Baita gure jendeak ere, beste espainiar hiztunek nos quieren poner candados en la boca. Geldiarazi nahi gaituzte beraien reglas de la academia zakuarekin.
Oyé como ladra: el lenguaje de la frontera
Quien tiene boca se equivoca
– esaera mexikarra
“Pocho, traidore kulturala, zapaltzailearen hizkuntzan mintzo zara ingelesez mintzatzean, espainiera suntsitzen ari zara”, leporatu didate hainbat latinok. Garbizale eta latino gehienei espainiar chicanoa eskasa iruditzen zaie, espainieraren mutilatze bat.
Baina espainiar chicanoa mugako mintzo bat da, naturalki garatu zena. Aldaketak, evolución, enriquecimiento de palabras por invención o adopción, espainiar chicanoaren aldaera berriak sortu ditu, un nuevo lenguaje. Un lenguaje que corresponde a un modo de vivir. Espainiar chicanoa ez da ez-zuzena, hizkuntza bizia da.
Herri bati, zeina ez baita espainiarra eta zeina bizi baita espainiarra lehen hizkuntzatzat ez duen herrialde batean; herri bati, zeina ez baita angloa ingelesa nagusi den herrialdean bizi bada ere; herri bati, zeina ezin baita osoki identifikatu ez espainiar estandarrarekin (formala, gaztelania) ezta ingeles estandarrarekin; herri horri zer beste aukera gelditzen zaio bere hizkuntza propioa sortzea baino? Beraien identitatearekin lotu dezaketen hizkuntza bat, egiazkotzat dituzten errealitate eta baloreak komunikatzeko gai dena, hizkuntza bat zeinaren hitzak ez dira español ni inglés, ezpada biak. Dialekto bat hitz egiten dugu, mihi sardetua, bi hizkuntzaren aldaera.
Espainiar chicanoa ernatu zen chicanoek genuen beharretik geure buruak nazio berezitu gisa idetifikatzeko. Hizkuntza bat behar genuen geurekin komunikatzeko, hizkuntza sekretu bat. Gutako batzuontzat, hizkuntza aberri bat da Hegomendebaldea baino gertuago dagoena; izan ere, gaur egun chicano asko Erdialdean edo Ekialdean bizi dira. Eta nazio konplexua, hetereogeneoa garenez hizkuntza asko hitz egiten ditugu. Horietako batzuk honako hauek dira:
- Ingeles estandarra
- Langileen ingelesa eta argota
- Espainiar estandarra
- Mexikar espainiar estandarra
- Mexiko iparraldeko espainiar dialektoa
- Espaniar chicanoa (Texas, New Mexico, Arizona eta Californiak tokiko aldaerak dituzte)
- Tex-Mex
- Pachuco (caló deitua)
Nire “etxeko” hizkerak nire neba-ahizpekin, nire lagunekin erabiltzen ditudan hizkuntzak dira, alegia, zerrendatu ditudan azkenengo bostak, seigarren eta zazpigarrena izanik nire bihotzetik hurbilen daudenak. Eskolaren, komunikabideen eta lan egoeren bitartez ingeles estandarra eta langileena ikasi ditut. Mamagrande Locha eta espaniar zein mexikar literatura irakurtzearen bitartez espainiar estandarra eta mexikar estandarra ikasi ditut. Los recién llegadosen, mexikar etorkinen eta bracerosen bitartez Mexiko iparraldeko dialektoa ikasi dut. Mexikarrekin saiatzen naiz hitz egiten mexikar espainiar estandarrez edo Mexiko iparraldeko dialektoan. Nire gurasoen eta Rio Grande haranean bizi direnen bitartez chicano texar espainiarra ikasi dut eta horretan dihardut amarekin, neba gazteagoarekin (mexikar batekin ezkondu zena eta oso gutxitan nahasten dituena espainiarra eta ingelesa), izebekin eta senide zaharragoekin.
Nuevo México edo Arizonako chicanekin chicano espainiarra hitz egiten dut apur bat, baina sarri ez dute ulertzen esaten dudana. Californiako chicana gehienekin den-dena ingelesez egiten dut (ahazten ez badut). San Franciscora estreina bizitzera joan nintzenean, hitzen bat astintzen nuen espainieraz, eta nahigabe lotsarazten nituen. Askotan soilik beste chicana tejana batekin jardun dezaket aske.
Ingelesak desitxuratutako hitzei ingeleskada edo pochismo deritze. Pocho-a ingelestutako mexikarra edo mexikar jatorriko estatubatuarra da, espainieraz hitz egiten duena estatubatuarren bereizgarria den azentuarekin, eta hizkuntza desitxuratzen eta berreraikitzen duena ingelesaren eraginez[3]. Tex-Mexa edo Spanglisha ezin naturalago etortzen zaizkit. Ingelesetik espainiera, aurrera eta atzera aldatu dezaket esaldi berean edo hitz berean ere. Nire ahizparekin, neba Nunerekin eta chicano tejano adinkideekin Tex-Mex erabiltzen dut.
Umeen eta nire adinekoen bitartez Pachuco ikasi nuen. Pachuco (pachuco jantzia daramatenen hizkuntza) matxinadaren hizkuntza da, espainiar estandarraren zein ingeles estandarraren kontrakoarena. Hizkuntza sekretua da. Kulturako helduek edo kanpokoek ez dute ulertzen. Espainiar zein ingelesezko argoteko hitzekin eraikia dago. Ruca-k neska edo emakume esan nahi du, vato-k tipo edo motel esan nahi du, chale-k ezetz esan nahi du, simón-ek baietz esan nahi du, churo-k noski, hitz egitea periquiar, pigionear-ek laztanka ibiltzea esan nahi du, que gacho da zelako frikia, ponte águila-k kontuz ibili esan nahi du, heriotzari la pelona deritzo. Praktika gabeziaren ondorioz eta ez daukadalako norekin hitz egin Pachuco mintzoaren gehiena galdu dut.
Espainiar chicanoa
Chicanook, kolonizazio espainiar/angloaren 250 urteren ostean, desberdintasun esanguratsuak garatu ditugu berba egiteko moduan. Ondoan dauden bi bokal silaba bakarrean lehertzen ditugu eta batzuetan zenbait hitzetako azentua tokiz aldatzen dugu esaterako maíz/maiz, cohete/cuete. Zenbait kontsonante kanpo uzten ditugu bokal artean daudenean: lado/lao, mojado/mojao. Texas hegoaldeko chicanoek [f] ahoskatzen dute [j] bezala, esaterako jue (fue). Chicanoek “arkaismoak” darabiltzate, jada espainieran ez dauden hitzak, hizkuntzatik kanpora garatu diren hitzak. Esaten dugu semos, truje, haiga, ansina eta naiden. [J] “arkaikoari” eusten diogu, kasu jalar hitzean, lehenagoko [h] batetik eratorria da (frantsesezko halar edo alemanezko halon, zeina espainiar estandarretik galdu zen 16. mendean), baina oraindik ere aurkitu daiteke hainbat tokiko dialektotan, adibidez, Texas hegoaldekoan. (Geografia dela eta Texas hegoaldeko haraneko chicanoak linguistikoki banatuta gelditu ziren gainontzeko espainiar hiztunengandik. Espainolek Erdi Aroko Espainiatik ekarritako hitzak erabili ohi ditugu. Mexiko eta Hegomendebaldeko kolonizatzaile espainol gehienak Extremaduratik zetozen, Hernán Cortés izan zen horietako bat, edo Andaluziatik. Andaluziarrek [ll] ebakitzen dute [y] bezala eta beraien [d]-ak alboko bokalek xurgatzen dituzte: tirado tirao bilakatzen da. El lenguaje popular, dialectos y regionalismos-ak ekarri zizkiguten)[4].
Chicanoek eta beste zenbait espainiar hiztunek, baita ere [ll]-a [y] bilakatzen dute eta [z], berriz, [s][5]. Hasierako silabak jaten ditugu, tar esanez estar beharrean, toy estoy beharrean, hora ahora beharrean (cubanos eta puertorriqueños-ek ere jaten dituzte zenbait hitzen hasierak). Halaber, hitzaren amaiera jaten dugu adibidez para-ren ordez pa. Bokalarteko [y], alegia [ll] tortilla, ella edo botella gisakoetan tortia edo tortiya-rekin ordezkatzen dugu, ea, botea. Zenbait hitzi silaba gehigarri bat jartzen diogu hasieran: atocar tocar-en ordez, agastar gastar-ren ordez. Batzuetan lavaste las vacijas esaten dugu eta beste batzuetan lavates (alegia, -ates aditz bukaera -aste bukaerarekin ordezkatu).
Ingeleskadak erabiltzen ditugu, ingelesetik hartutako hitzak: bola “ball”-etik, carpeta “carpet”-etik, máchina de lavar (lavadora beharrean) “washing machine”-etik. Tex-Mex argota, sortzen dena soinu espainiar bat gehituz ingelesezko hitzaren hasiera edo amaierari, adibidez, cookiar (cook), watchar (watch), parkiar (park) eta rapiar (rape), espainiar hiztunak ingelesera moldatzeko presioaren ondorioa da.
Ez dugu vosotros/as hitza erabiltzen, ezta ere dagokion aditz forma. Ez dugu claro erabiltzen (bai adierazteko), ezta imagínate, ezta me emociona, ez badugu bederen espainol edo latinoengandik, liburu batetik edo ikasgelatik jaso. Beste espainiar hiztun talde batzuk ere prozesu bera edo antzekoa bizitzen ari dira beraien espainieraren garapenean.
Hizkuntza-terrorismoa
Deslenguadas. Somos los del español deficiente. Zuen hizkuntza-amesgaiztoa gara, zuen hizkuntza-anormaltasuna, zuen hizkuntza-mestizajea, zuen burla-ren subjektua. Suzko mihiekin mintzo garelako gaude kulturalki gurutziltzatuta. Arraza, kultura eta hizkuntzan somos huérfanos; hizkuntza zurtza mintzatzen dugu.
Espainiar chicanoz mintzatzen koskortu ginen chicanak espainiar eskasa hitz egiten dugunaren ustea barneratu dugu. Legezko kontrakoa da, sasiko hizkuntza. Eta barneratzen dugulako nola kultura menderatzaileak gure hizkuntza erabili izan duen gure kontra egiteko, bada gure hizkuntza-desberdintasunak darabilzkigu bata bestearen aurka.
Feminista chicanak sarri bata bestearen gonen inguruan ibiltzen dira susmoz eta duda-mudatan. Denbora ezin luzeagoz ezin izan nuen ulertu. Gero bururatu zitzaidan. Chicana batengandik gertu egotea ispiluari so egitea bezalakoa da. Beldur gara zer ikusiko ote dugun bertan. Pena. Lotsa. Norbere buruarekiko begiramen pobrea. Haurtzaroan esan ziguten gure hizkuntza okerra dela. Gure ama-hizkuntzarekiko eraso atergabeek geure buruarenganako sentipena gutxiagotzen dute. Erasoek etengabe diraute bizitzak aurrera egin ahala.
Chicanak deseroso sentitzen dira espainiar edo latinekin hitz egitean, horien zentsuraren beldur dira. Horien hizkuntza ez dago debekatuta beraien herrialdeetan. Bizitza oso bat izan dute beraien ama-hizkuntzan murgilduta, belaunaldiak, mendeak, zeintzuetan espainiarra lehen hizkuntza baitzen, eskolan irakatsia, irratian eta telebistan erabilia, egunkarietan irakurria.
Pertsona batek, chicanak edo latinak, nire ama-hizkuntza gutxiesten badu, ni neu gutxiesten nau. Sarritan mexicanas edo latinas-ekin ingelesez jardungo dugu hizkuntza neutral gisa. Chicana artean ere ingelesez aritu ohi gara biltzar edo festatan. Haatik, aldi berean beldur gara besteak ez ote duen pentsatuko agringadas garela ez dugulako espainiar chicanoa erabiltzen. Elkar jazartzen dugu batak bestea deschicanotzen saiatuz, zinezko “chicana” izateko ahaleginean, chicanoak bezala berba egiteko. Ez dago chicano hizkuntza bakarra, chicano bizipen bakarra ez dagoen moduan. Chicana elebakar bat, zeinak ama-hizkuntza gisa ingelesa edo espainiera baitauka, chicana da espainieraren hainbat aldaera dakizkiena bezainbeste. Michigan edo Chicago edo Detroiteko chicana bat chicana da Hegomendebaldeko bat bezainbeste. Espainiar chicanoa linguistikoki anitza da eskualdekoki bezainbeste.
Mende honen amaieran espainiar hiztunek AEBko gutxiengo zabalena osatuko dute, herrialde bat non institutuko ikasleei frantsesa ikastea aholkatzen baitzaie, frantsesa “kulturalagotzat” hartzen delako. Baina hizkuntza batek bizirik jarraituko badu, erabilia izan behar du[6]. Mende honen amaieran ingelesa, eta ez espainiera, izango da chicano eta latinoen ama-hizkuntza.
Beraz, zinez min egin nahi badidazue, hitz egin doilorki nire hizkuntzaz. Identitate etnikoa eta hizkuntza-identitatea ahizpa bikiak dira; nire hizkuntza naiz. Nire hizkuntzaz harro egon naitekeen arte, ezin naiz neure buruaz harro egon. Espainiar chicano texarraren, Tex-Mexaren eta hitz egiten ditudan beste hizkuntza guztien zilegitasuna onartu ahal izan arte, ezin dut nire buruaren zilegitasuna onartu. Elebidunki idazteko eta kodez aldatzeko aske naizen arte, etengabe itzultzen ibiltzeko beharrik gabe, espainieraz ala ingelesez hitz egitera derrigortuta nagoen bitartean, nahiz eta nahiago nukeen spanglishez jardun, eta ingeles hiztunei egokitu behar natzaien artean, beraiek niri egokitu beharrean, nire hizkuntza sasikoa izango da.
Ez naute inoiz gehiago nire existitzeaz lotsaraziko. Nire ahotsa edukiko dut: indiarra, espainiarra, zuria. Nire suge mihia edukiko dut; nire emakume ahotsa, nire sexu ahotsa, nire poeta ahotsa. Isiltasunaren tradizioari gailenduko natzaio.
Nire hatzak
Azeriki dabiltza zure ahurren kontra
Emakumeak toki orotan bezala, kodetan mintzo gara
–Melanie Kaye/Kantrowitz[7]
“Vistas”, corridos y comida: Nire ama-hizkuntza
1960ko hamarkadan lehendabiziko chicano eleberria irakurri nuen. City of Night zen, John Rechy texar gayak idatzia, aita eskoziar eta ama mexikarraren semea. Egun luzez inguruan bueltaka ibili nintzen zur eta lur chicano batek idatzi zezakeelako eta idatzitakoa argitaratu ziezaioketelako. I am Joaquín[8] irakurri nuenean harrituta geditu nintzen chicano baten liburu elebiduna plazaratuta ikustean. Tex-Mexez idatzitako poesia estreinakoz ikusi nuenean bozkario hutsezko sentipenak zeharkatu zidan barrena. Sentitu nuen zinez existitzen ginela nazio gisa. 1971n institutuan ikasle chicanoei ingelesa irakasten hasi nintzenean, saiatu nintzen derrigorrezko irakurgaiak osatzen chicanoek idatzitako beste batzuekin, finean errieta eta debekua besterik ez jasotzeko zuzendariarengandik. Esan zuen literatura “amerikarra” eta ingelesa irakasteko omen nengoela hantxe. Kaleratua izateko arriskuz, ikasleei sekretua gordetzea zin eginarazi eta ipuin, poema eta antzezlanak helarazi nizkien. Graduondoko eskolan, doktore-tesia lortzeko lanean niharduen bitartean, tutoreekin “eztabaidatu” behar izan nuen, bata bestearen atzetik, ikasturtez ikasturte, literatura chicanoa ikergai bilakatzea baimendu zidaten arte.
Chicano edo mexikarrek idatzitako liburuak irakurri baino lehenago ere autozinemetan ikusten nituen film mexikarrak izan ziren –ostegun gauetan eskaintza bereiza dolar bat auto bakoitza– parte izatearen sentipena eman zidatenak. “Vámonos a las vistas”, oihukatzen zuen nire amak eta guztiok, amona, nebak, ahizpa eta lehengusuak, autoan pilatzen ginen. Otsoen gisan irensten genituen gazta eta bolognazko ogi zuriko sandwichak Pedro Infante ikusten genuen bitartean melodrama malko-astintzaileetan, kasu, Nosotros los pobres, lehenengo filme mexikar “benetakoa” (ez zena film europarren imitazioa). Gogoan dut Cuando los hijos se van ikustea eta susmoa izatea film mexikar guztiek erakusten zutela amek beren umeekiko zuten maitasuna eta esker txarreko alaba eta semeak nola sufritzen duten amarekiko fidelak ez direnean. Gogoan ditut abeskari motako “western”-ak Jorge Negrete eta Miguel Aceves Mejíarekin. Film mexikarrak ikustean etxeratze sentipena sentitzen nuen eta baita alienazioarena ere. Bizitzan zerbait lortu nahi zutenak ez ziren film mexikarretara joaten, edo bailes-etara edo ez zuten irratietan bolero, rancherita eta corrido musikarik ipintzen.
Hazten ari nintzen garai osoan, norteño musika zegoen, zenbaitetan Mexiko iparraldeko mugako musika izendatzen dena, edo Tex-Mex musika edo chicano musika edo cantina (taberna) musika. Conjuntos-ak aditzen hazi nintzen, hiruzpalau instrumentoko taldeak musikari folkek osaturikoak gitarrarekin, bajo sexto-arekin, bateriarekin eta botoi soinuarekin, zeina hartu baitzuten Texas erdialdera eta Mexikora nekazaritzara eta garagardo fabrikak zabaltzera etorritako alemanengandik. Rio Grande haranean Steve Jordan eta Little Joe Hernández ezagunak ziren, eta Flaco Jiménez soinuaren erregea zen. Tex-Mex musikaren erritmoa polkarenaren berbera da, alemanengandik hartua hori ere, aldi berean alemanek txekiar eta bohemiarrengandik ikasi zuten.
Gogoan ditut iluntze bero sargoriak zeintzuetan corridos-ak, alegia, muga texar-mexikarreko eremuko maitasun eta heriotz abestiak, tokiko cantinas-etako anplifikagailu merkeetatik erreberberatzen baitzuten eta nire logelako leihotik hegan sartzen baitziren.
Corridos-ak luze-zabal erabiltzen hasi ziren Texas hegoaldeko eta Mexikoko mugan chicano eta angloen arteko gatazka goiztiarrean. Corridos-ek gehienetan heroi mexikarren inguruan dihardute, zeintzuek ekintza ausartak burutzen baitituzte zapaltzaile angloaren aurka. Pancho Villaren “La cucaracha” abestia da horietatik sonatuena. John F. Kennedy eta horren heriotzaren inguruko corridos-ak oso famatuak dira oraindik ere ibarrean. Chicano zaharragoek Lydia Mendoza oroitzen dute, corrido abeslari handietako bat, Gloria de Tejas deitzen zutena. Depresio Handiaren garaian kantatu zuen “El tango negro” kantuak herriaren abeslari bilakatu zuen. Corridos nonahikoek mugaren historiaren ehun urte kontatzen dituzte, gertaeren berri emanez hala nola entretenituz. Folk musikari eta folk abesti horiek dira gure mito-sortzaile kultural nagusiak eta gure bizitza latzak pairagarri egin zituzten.
Gure musikarekiko sentimendu lausoekin hazi nintzen. Countryak eta rock&rollak estatus gehiago zuten. 50eko eta 60ko hamarkadetan apur bat ikasitako chicano agringados-entzat bazegoen lotsa sentimendu bat gure musika aditzen harrapatua zintuztenean. Haatik, ezin nuen saihestu nire oinek musikaren erritmoa markatzea, ezin nion letrak ahopekatzeari utzi, ezin nuen ezkutatu sentitzen nuen bozkarioa musika hura entzutean.
Badira identifikazioa barneratzeko modu sotilagoak, bereziki irudi edo emozio modura. Niretzat janaria eta usain jakin batzuk lotuta daude nire identitatearekin, nire aberriarekin. Egur-kea zeru urdi erraldoirantz kiribilkatuta igotzen, egur-kea amonaren arropak lurrintzen, amonaren azala. Behi simaurraren kiratsa eta adabaki horiak lurrean, 22ko erriflearen krak soinua eta bolboraren bafada. Etxean egindako gazta zuria zartaginean pindarka, tolestutako tortilla baten barnean urtzen. Nire ahizpa Hildaren menudo chile colorado mina, panza zati sakon gorriaren barruan prestatua, eta guztiaren gainean zahia igerika. Nire neba Carito fajitas barbakoatzen atzeko patioan. Gaur ere, handik 3000 miliara egonda ere, ama ikusi dezaket haragi xehatua, txerrikiak eta behikia chile-arekin ontzen. Ahoa urtzen zait pentsatzen dudanean etxean banengo jango nituzkeen tamales ketsu beroetan.
Si le preguntas a mi mamá, “¿Qué eres?”
“Identitatea da norbanako gisa garenaren
oinarrizko muina, geure baitako gogoaren
bizipen kontzientea”
–Kaufman[9]
Nosotros los chicanook mugako lurraldeak zamalkatzen ditugu. Alde batera etengabe beha ditugu espainiar edo mexikarrak, beste aldera atergabe aditzen dugu angloen aldarria gure hizkuntza ahaztu dezagun. Gure artean ez dugu esaten nosotros los americanos, o nosotros los españoles, o nosotros los hispanos. Esaten dugu nosotros los mexicanos (mexicanos-ekin ez dugu adierazi nahi Mexikoko herritarrak, ez gara nazio-identitateaz ari, baizik eta arraza-identitateaz). Mexicanos del otro lado eta mexicanos de este lado desberdintzen ditugu. Gure bihotzen sakonean sinesten dugu mexikarra izateak ez duela zerikusirik bizi zaren herrialdearekin. Mexikarra izatea arimaren egoera bat da; ez gogoarena, ez herritartasunarena. Ez arrano, ez suge, ezpada biak. Eta ozeanoaren antzera, bi animalietako batek ere ez ditu mugak aintzat hartzen.
Dime con quien andas y te diré quien eres.
(Esadazu norekin zabiltzan eta esango dizut nor zaren)
–Esaera mexikarra
Si le preguntas a mi mamá, “¿Qué eres?” te dirá “soy mexicana”. Nire nebek eta ahizpak berbera diote. Nik batzuetan erantzungo dut “soy mexicana” eta beste zenbaitetan esango dut “soy chicana” edo “soy tejana”. Baina lehenago identifikatu nintzen “Raza” gisa “mexicana” edo “chicana” gisa baino.
Kulturalki, geure buruak espainiar izendatzen ditugu hizkuntza-taldeari gagozkionean, eta erantzukizuna itzurtzen dugunean. Orduantxe ahazten ditugu gure gene indiar nagusiak. Ehuneko 70 eta 80 bitartean indiarrak gara[10]. Geure buruak hispaniar[11], espainiar-amerikar, latinamerikar edo latino izendatzen ditugu mendebaldeko hemisferioko beste espainiar hiztun talde batzuekin erlazionatzean eta erantzukizuna itzurtzen dugunean. Geure buruak mexikar-amerikar[12] izendatzen ditugu adierazteko ez garela ez mexikarrak ez amerikarrak, baina gertuago gaudela “amerikar” izenetik “mexikar” izenondotik baino (eta erantzukizuna itzurtzen dugunean).
Chicanoek eta koloreko beste hainbat pertsonak maila ekonomikoan sufritzen dute kulturara ez egokitzearren. Borondatezko (haatik behartutako) alienazio horrek gatazka psikologikoa eratzen du, nolabaiteko identitate bitarra; ez gara identifikatzen kultura-balore anglo-amerikarrekin eta ez gara erabat identifikatzen kultura-balore mexikarrekin. Bi kulturen sinergia gara mexikartasun eta anglotasun maila anitzekin. Hainbesteraino barneratu dut mugako gatazka ezen batzuetan sentitzen dut batak bestea ezabatzen duela eta hutsa garela, ezer, inor. A veces no soy nada ni nadie. Pero hasta cuando no lo soy, lo soy.
Erantzunkizuna itzurtzen ez dugunean, ezer baino gehiago garela dakigunean, geure buruak mexikar izendatzen ditugu, arraza eta jatorriari erreferentzia eginez, mestizo gure jatorri indiar zein espainiarra baiestean (baina ez dugu ia inoiz geureganatzen geure jatorri beltza); chicano, aldiz, AEBtan jaio eta hezitako multzo politikoki kontziente bati erreferentzia egiten diogunean; Raza, chicanoei erreferentzia egitean; tejanos, Texaseko chicanoak garenean.
Chicanook ez genekien nazioa ginenik 1965 arte, Cesar Chavez eta nekazariak batu zirenean eta I am Joaquín argitaratu zenean eta la Raza United alderdia sortu zenean Texasen. Aitorpen horrekin nazio berezi bilakatu ginen. Zerbait erabakigarria gertatu zitzaion arima chicanoari, gure errealitateaz jabetu ginen eta izena eta hizkuntza (espainiar chicanoa) geureganatu genituen, errealitate horixe islatzen zutenak. Behin izena edukita, piezetako batzuk bat egiten hasi ziren: nor ginen, zer ginen, nola garatu ginen. Noizbait bilakatu gintezkeena begiztatzen hasi ginen.
Haatik, identitateen borrokak bizirik dirau, mugen borroka gure errealitatea da oraindik. Noizbait barne-gatazka amaituko da eta benetako integrazioa jazoko da. Bien bitartean tenemos que hacerla lucha. ¿Quién está protegiendo los ranchos de mi gente? ¿Quién está tratando de cerrar la fisura entre la india y el blanco en nuestra sangre? El Chicano, sí, el Chicano que anda como un ladrón en su propia casa[13].
Los chicanos, zein egonarritsuak dirudigun, zein ezin egonarritsuagoak. Indiarren isiltasuna daukagu hor. Badakigu nola biziraun. Beste arraza batzuek beraien mihia laga badute ere, guk geurea gorde dugu. Badakigu zer den kultura norteamericano menderatzailearen mailukadaren azpian bizitzea. Baina mailukadak zenbatu baino areago, egunak, asteak, urteak, mendeak, aroak zenbatzen ditugu, lege eta merkatu eta ohitura zuriak ustelduko diren arte sortu dituzten basamortuetan, histuta datzaten arte. Humildes haatik harro, quietos haatik basati, nosotros los mexicanos chicanoak errauts birrinduetatik igaroko gara geure gauzak egiteari utzi gabe. Burugogor, saiatu, barneraezin harria bezala, haatik haustezin egiten gaituen malgutasunarekin, guk, mestizas eta mestizos, iraungo dugu.
[1] Ray Gwin Smith, Moorland Is Cold Country, liburu argitaratugabea.
[2] Irena Klepfisz, “Di raize aheym/The Journey Home”, The Tribe Of Dina: A Jewish Women’s Anthology (Sinister Wisdom Books, 1986), editoreak Melanie Kaye/Kantrowitz eta Irena Klepfisz.
[3] R. C. Ortega, Dialectología del Barrio, itzultzailea Hortencia S. Alwan (R. C. Ortega Publisher &Bookseller, 1977), 132.
[4] Eduardo Hernandéz-Chávez, Andrew D. Cohen eta Anthony F. Beltramo, El lenguaje de los Chicanos: Regional and Social Characteristics of Language Used by Mexican Americans (Center for Applied Linguistics, 1975), 39.
[5] Hernandéz-Chávez, xvii.
[6] Irena Klepfisz, “Secular Jewish Identity, Yidishkayt in America”, The tribe of Dina, editorea Kaye/Kantrowitz, 43.
[7] Melanie Kaye/Kantrowitz, “Sign”, We Speak in Code: Poems and Other Writings (Motheroot Publications, Inc., 1980), 85.
[8] Rodolfo Gonzales, I am Joaquín/Yo soy Joaquín (Bantam Books, 1972). Lehendabizikoz 1967an argitaratu zuten.
[9] Gershen Kaufman, Shame: The Power of Caring (Schenkman Books, Inc., 1980), 68. Liburu hau oinarrizkoa izan zen nik lotsa zer zen ulertzeko.
[10] John R. Chávez, The Lost Land: The Chicano Images of the Southwest (University of New Mexico Press, 1984), 88-90.
[11] “Hispaniar” Hispanis terminotik eratortzen da (España, Iberiar Penintsulari ematen zitzaion izena Erromako Inperioaren parte zenean) eta, halaber, AEBko gobernuak sortutako terminoa da, paperaren gainean gu hobeto maneiatzeko.
[12] Guadalupe Hidalgo itunak sortu zuen identitate mexikar-amerikarra 1848an.
[13] Angloek, Chicanoa desjabetzegatik sentitzen zuten errua baretzeko, gure alderdi espainiarra azpimarratu zuten eta Hegomendebalde espainiarraren mitoa iraunarazi zuten. Asmazio hori onartu dugu, alegia hispaniarrak garela, espainiarrak, geure buruak moldatzeko kultura menderatzailera eta horrek sustatzen duen indiarrekiko higuinera.
Garazi
2013-01-15
Zoragarri bezain gozagarri, Danele. Testu indartsua eta pentsarazlea, zinez.
Ingelesezko testuetan espainierazko hitzak eta esaldiak txertatzeko joerari dagokionez, pentsatzen dut publiko zabala izanen duela, hots, izanen direla autorearen identitate linguistikoarekin bat egiten duten irakurle aski. Edo, behintzat, testuak ulertzeko gai direnak, bi hizkuntzak pasiboki bada ere badituztelako. Izan ere, gurera ekartzen saiatu naiz (nola ez!) eta ez dakit halakorik posible litzatekeen. Sautrelako saio batekin akordatu naiz: Uxue Apaolaza elkarrizketatu zuen Hasierrek, Mea Culpa liburuaren harira, eta gaztelaniazko hitz asko zeudela eta, Hasierrek galdetu zion zer egin behar zuten bere lehengusu euskara-frantses hiztunek (berak “iparraldeko” esan zuela uste dut) gaztelaniazko hitz eta pasarte labur haiekin. Apaolazak erantzun zuen hala bizi zuela berak, hori baitzen bere testuingurua. Ordutik entzun izan diot beste idazleren bati ere. Egia da nahitaez etortzen zaizkigula eguneroko espainierazko hitzak edo kalko asmatuak, eta ni, kasu honetan, bat nator Apaolazarekin. Euskara-frantses hiztunen kaltetan bada ere, eta neurrian, noski. Izugarri murriztuko litzatekeelako bestela aukera, batez ere dialogoetan. Eta ez da preseski hori gogoan dudana Mea Culpa liburutik, bereziki eragin ez zidan seinale. Alta, esan behar dut, baita ere, ez nukeela nahi orain euskal idazleen erdiek Anzaldúaren bidetik jotzea hizkuntzari dagokionez, ez bada hizkuntzaz hausnarketa edo aldarrikapena eginen duen testu baterako, hemen duguna bezala edo Txerra Rodriguezek euskaratutako Séchu Sende galiziarraren Made in Galiza liburua bezala. Ez dakit, boteprontoan etorritakoak dira…