DADA MANIFESTUA, 1918

urtarrila 29, 2013 @


Tristan-Tzara-07

(Argazkian Tzara eta bere monokuloa, lagun bereizezinak)

XXI. mendearen 10eko hamarkadan ondo sartuta gauden honetan laster hasiko dira abangoardia artistiko europarrak euren 100. urteurrena ospatzen eta museoak makro atzera begirakoak antolatzen; dadaismoaren efemeriderako kasu hiru urte besterik ez dira falta. Alde batetik, beraz, harrabotsari aurre hartu nahi izan diogu, eta bestetik aitzakia aproposa iruditu zaigu DADAk izandako oihartzuna eta berritasunak euskaratzeko; gainera, inspirazio iturri izan daitekeelakoan gaude, oso lagungarria gertatu daitekeena aintzat hartuta bizi dugun egoera, bizkarrean daramagun sistema zaharkitu hauxe urakan haize ufada fresko batez errotik aldatzea ezinbestekoa den garaia.

Dadaismoaren bultzatzaile nagusia eta sonatuena Samuel Rosenstock artista da, ezagunagoa Tristan Tzara ezizenez (Moinesti, Errumania 1896 – Paris, Frantzia 1963), eta berak idatzi eta antzeztu zuen, hain zuzen, gaur dakarkigun manifestua. Tzara Errumanian jaio zen arren Frantzian eman zuen bere bizitako puska handiena. Lehen Mundu Gudaren garaian Zurichera (Suitza) erbesteratu zen beste hainbat artistak egin bezala, eta bertan giro kultural oparoa sortu zuten. 1916an Jean Arp eta Hugo Ballekin batera DADA mugimendua sortu zuen, ezarritako artearen eta filosofiaren aurka matxinatzen zena. Estreina obrak iritsi ziren, 1916an, hain zuzen, kaleratu zen lehen testu dadaistatzat hartzen dena: La Première Aventure céleste de Mr Antipyrine. Ondoren 1918an poemak batu zituen liburu batean Vingt-cinq poèmes eta 1924an iritsiko zen manifestu guztiak bilduma bakarrean biltzeko aukera, Sept manifestes Dada obran bildu ere.

Dena den, jendearengana iristeko dadaistek beste modu batzuk ere baliatu zituzten, tartean euren aldizkari propioa -DADA izenekoa, nola ez- kaleratzea. 3 ale besterik ez zituzten osatu (irakurgai eta pdf euskarrian deskargai hemen) eta hain zuzen, azkenengoan agertu zen argitaraturik jarraian datorren testua. Tristan Tzarak berak Zuricheko Meise aretoan irakurri zuen 1918ko uztailaren 23an.

Besterik gabe, digestio on!

DADA MANIFESTUA, 1918

Manifestu bat idazteko desio behar duzu A, B eta C lortzea eta 1, 2 eta 3 jota uztea, amorratzea eta zure hegoak zorroztea A, B eta C handiak zein txikiak konkistatzeko eta hedatzeko, seinaleztatzea, oihukatzea, iraintzea, prosa antolatzea forma absolutuki eta gezurtaezinki begien bistakoan, puntakoetan puntakoena dela frogatzea, eta aldarrikatzea berritasunak bizitzaren antza duela, cocotte baten azken agerpenak Jainkoaren esentzia frogatzen duen modu berean. Bere existentzia jada baieztatu dute esku-soinuak, paisaiak eta hitz samurrek.* Norbere ABCa inposatzea naturala da; eta, ondorioz, deitoragarria. Denek egiten dute sasi-kristalezko amabirjina baten forman, edo txanpon-sistemarenean, edo sendabide farmazeutikoenean, berna biluzi bat izanik udaberri sutsu eta antzu baterako gonbita. Berritasunarekiko maitasuna gurutze mota atsegina da, bost-axola-zait jarrera xaloaren froga da, igarotze bat, positiboa, erritmo eta arrazoirik gabeko seinalea. Baina behar hori ez dago dagoeneko modan. Arteari sinpletasun gorenaren bultzada emanez –berritasunarena– gizatiarrak eta zintzoak izaten ari gara plazer lañoei dagokionean; jauzkorrak eta kartsuak asperdura gurutziltzatzeko. Bidegurutze argiztatuan adi, arretatsu, etzanda zain urte luzez, basoan.

Manifestu bat idazten dihardut eta ez dut fitsik nahi, halere gauza jakin batzuk esaten ari naiz eta printzipioz manifestuen kontra nago, printzipioen kontra nagoen gisan (esaldi bakoitzaren balio morala neurtzeko dezilitroak; erosoegia, hurbilketa inpresionistek asmatu zuten).* Manifestu hau idazten ari naiz erakusteko posible dela aldi berean ekintza kontrajarriak aurrera eramatea, arnasaldi bakar, fresko batean; ekintzaren aurka nago; etengabeko kontraesanari eta baita ere baieztapenari dagokionean, ez nago ez alde ez aurka, eta ez dut neure burua zurituko gorroto dudalako zentzu komuna.

DADA: hitz bat da ideiak ehizara daramatzana; burges oro antzerkigile txiki bat da, subjektu desberdinak asmatzen dituena eta bere adimenaren mailako pertsonaia egokiak kokatu beharrean, krisalidak aulkietan, saiatzen dena kausa edo objektuak topatzen (darabilen metodo psikoanalitikoaren arabera) bere argumentuari pisua emateko, idazteko hitz egiten duen eta bere burua definitzen duen istorio bat. *

Ikusle oro konspiratzailea da, saiatzen bada hitz bat azaltzen (jakitea!). Konplikazio bihurgunetsuz osatutako bere babesleku amultsutik, bere grinak manipulatuak izan daitezen baimentzen du. Hor jaiotzen dira ezkonbizitzaren penak.

Esplikatzea: sabel gorridunen josteta garezur hutsen errotetan.

DADAK EZ DU DEUS ESAN NAHI

Hutsaltzat hartzen badugu eta ez badugu gure denbora xahutzen deus esan nahi ez duen hitz baten inguruan… Gogo hauetara datorren lehendabiziko pentsamendua bakteriologiarekin loturikoa da: gutxienez deskubritzea bere esanahi etimologikoa, historikoa edo psikologikoa. Kazetetan irakurtzen dugu Kroo arrazako beltzek behi sakratuaren buztana izendatzen dutela: DADA. Kubo bat eta ama bat, Italiako eskualde jakin batean, deitzen dira: DADA. Jostatzeko zaldia, inudea, baieztapen bikoitza errusiarrez eta errumaniarrez ere da: DADA. Zenbait kazetari ikasik jaioberrientzako artetzat hartzen dute, beste saindu Jesusumetxikiakbereganadeituz batzuek primitibismo emozio gabeko eta zaratatsu bateranzko itzulera gisa ikusten dute; zarata eta monotonia. Sentsibilitatea ezin da hitz batean oinarrituta eraiki, edozein motatako eraikuntzak perfekzio mota aspergarri batera garamatza, urrezko zingira baten ideia geldia, giza ekoizpen erlatibo bat. Artelan bat ez da per se edertasuna izan behar, hilda dagoelako; ez alaia ez tristea, ez argia ez iluna; ez ditu indibidualtasunak loriatu edo gaiztratatu behar argi koro sainduen pastelak edo atmosferan zeharreko ehiza sigi-sagatsuaren izerdia eskainiz. Artelan bat ez da egundo ederra, dekretuz, objektiboki, ororentzat. Kritika, ondorioz, alferrikakoa da; soilik subjektiboki existitzen da, norbanako bakoitzarentzat, ezein ezaugarri orokorrekin. Jendeak uste al du gizadi osoarentzako oinarri psikiko komuna topatu duela? Jesusen eta Bibliaren saiakuntzak ezkutatzen ditu bere hego zabal eta onberen pean: kaka, piztiak eta egunak. Nola espero dezake norbaitek ordenatzea kaosa, zeinak osatzen baitu aldaera infinitu, formarik gabeko hori: gizakia? “Lagun hurkoa maitatu” printzipioa hipokresia da. “Zeure burua ezagutu” utopikoa da, baina onargarriagoa barne hartzen duelako gaiztakeria. Errukirik ez. Sarraskiaren ostean gizadi araztu baten itxaropenarekin uzten gaituzte. Beti hitz egiten dut nire buruaz ez dudalako inor konbentzitu nahi, ez daukat eskubiderik besteak herrestan ekartzeko nire uberara. Ez nago inor bortxatzen ni jarraitzera, bakoitzak bere modura egiten duelako artea, baldin eta ezagutzen badu izar-geruzara igotzen doan geziaren gisan altxatzen den bozkarioa, edo gorpuen loreak eta espasmo ugalkorrak sakabanatutako meatzetara jaisten dena. Estalaktitak: toki orotan bilatu, minak hanpatutako asketan, begiak aingeruen erbiak bezain zuriak. Horrela DADA jaio zen[1], independentzia behar batetik, komunitatearekiko mesfidantzatik. Gurekin bat egiten duen jendeak bere askatasuna gordetzen du. Ez dugu ezein teoriarik onartzen. Nahikoa izan dugu eskola kubista eta futuristekin: ideia formalen laborategiak. Artea egiten al dugu dirua irabazteko eta burgesia maiteak pozik jarraitu dezan? Errimek diruaren zarata egiten dute eta inflexioa soslaiz begiratutako sabel baten marratik irristatzen da. Artista talde orok ertz honetan amaitu du hainbat kometa zangalatrau gidatuz. Atea zabalik utziz erosotasunean eta janarian iraulkatzearen aukerari.

Hemen lur gizenetan jaurtitzen dugu gure aingura.

Hemen aldarrikatzeko eskubidea daukagu, hotzikarak eta iratzartzea bizi izan ditugulako. Energiaz hordituta, bestaldetik itzulitako mamuak gara hiruhortza sartuz haragi axolagabean. Madarikazio errekak gara landaredi zorabiagarriaren oparotasun tropikalean, goma eta euria dira gure izerdia, egarria odolusten eta sutzen dugu, gure odola indarra da.

Kubismoa jaio zen objektuei begiratzeko modu soil batetik: Cezannek kikara bat margotu zuen bere begirada baino 20 zentimetro beherago, kubistek goitik begiratu zuten, beste batzuek horren itxura konplikatzen dute erdian marra bertikal bat jarriz eta kikara soiltasunez alde batean kokatuz (ez nago sortzaileak ahazten, ezta ere behin betikotzat jo zituzten materia osatugabezko arrazoi transzendentalak)*. Futuristek kikara berbera mugitzen ikusten dute, objektuen segida bat aldez alde, gaiztakeriaz edertua ildo gutxi batzuen bitartez. Horrek ez du kentzen mihisea izatea margolan txar edo on baten kapital intelektualarentzako inbestimendu bilakatzera bideratua. Margolari berriak mundu bat sortzen du, zeinaren elementuak aldi berean bitartekoak baitira; lan soil, behin betiko, gezurtaezin bat. Artista berria kexu da: ez du jada margotzen (erreproduzitze sinboliko edo ilusiozkoa), baizik eta zuzenean sortzen du harrian, egurrean, burdinan, latorrian, arroketan edo lokomozio egituratan, zeintzuek norabide guztietan hedatu baititzakete unean uneko sentipenaren haize garbiak.* Margolan edo lan plastiko oro alferrikakoa da, morroi-arimak izutzen dituen munstro bat bada ere, eta ez objektu nazkagarriki gozo bat pertsonaz jantzitako animalien jangelak apaintzeko, gizadiaren alegia triste honen erakusgarri. Margolan bat da bi marra geometrikoki paralelo elkarraraztearen artea, mihise batean, gure begien aurrean, baldintza eta aukera berrien arabera lekualdatu duten mundu baten errealitatean. Mundu hori ez dago obran zehaztuta ezta definituta ere, bere aldaera zenbatezinen jabea ikuslea da. Sortzaileak ez duelako kausarik ez teoriarik. Ordena=desordena, neu=ez-neu, baieztapena=ezeztapena: arte absolutu baten erradiazio gorenak. Absolutua bere kaos kosmiko eta erregulatuaren araztasunean, betierekoa deus irauten ez duen segundoaren globuluan, hatsik ez, argirik ez, kontrolik ez.* Lan zaharra estimatzen dut bere berritasunagatik. Kontrasteak soilik lotzen gaitu iraganarekin.* Moralizatzea eta oinarri psikologikoak hobetzea desira duten idazleek, irabazteko grina ezkutuaz gain, bizitzaren ezagutza irrigarria dute, zeina sailkatu, antolatu eta kanalizatu baitute; espero dute kategoriek dantza egingo dutela beraiek erritmoa markatzean. Irakurleek karkailaka barre egin eta aurre jarraitzen dute: zertarako?

Badago literatura mota bat ez dena sekula iristen masa saloarengana. Hain zuzen, idazle sortzaileen lana, autorearen zinezko beharraren ondorioz idatzia, eta autorearen beraren mesedetan. Berekoikeria gorenaren kontzientzia, non lege oro ihartzen baita.* Orri bakoitzak eztanda egin beharko luke, dela bere garrantzia sakonagatik, dela bere zurrunbiloagatik, bertigoagatik, berritasunagatik, betierekotasunagatik, edo bere absurdotasun harrigarriagatik, bere printzipioen karragatik, edo bere tipografiagatik. Alde batetik totelka hegaldatzen den mundu bat daukagu, kaskabiloaren infernuko eskalari lotuta; bestetik hor daude: gizaki berriak. Zakarrak, jauzkariak, negar-zotinak zamalkatuz. Eta badago mundu mutilatu bat eta sasi-sendagile literarioak hori hobetzeko ahalegin desesperatuan.

Ziurtatzen dizut: ez dago hasierarik eta ez gara beldur, ez gara sentimentalak. Guk urratzen ditugu, haize amorratu baten gisan, hodeien eta errezoen maindireak, desastrearen ikuskizun handia prestatzen dugu, sutea, usteltzea. Doluari amaiera emateko prest gaude, baita ere malkoak ordezkatzeko kontinente batetik bestera doazen sirenekin. Bozkario minezko eraikinak, tristuraren pozoiaren alargun. DADA abstrakzioaren intsignia da, publizitatea eta negozioak ere elementu poetikoak dira.

Burmuinaren tiraderak suntsitzen ditut eta baita antolamendu sozialarenak ere: toki guztietan desmoralizazioa landatzea eta zeruaren eskua infernura jaurtitzea, infernuaren begiak zerura, zirku unibertsalaren gurpil emankorra berrezartzea errealitatean eta norbanako bakoitzaren irudimenean.

Filosofia da gakoa: zein angelutatik hasi behatzen bizitza, jainkoa, ideiak, edo beste edozer. Behatzen dugun oro faltsua da. Ez dut uste emaitza erlatiboa garrantzitsuagoa denik postrean pastela ala gereziak hartuko dituzun hautatzea baino. Gauza bat beste aldetik presaka behatzeko modu hori, bakoitzaren iritzia inposatzeko gisan, dialektika deitzen da, esan nahi baita, patata frijituen arimaz merkaduriatzea, autorearen metodoarekin makillatuta.

Oihukatzen badut:

Ideala, ideala, ideala

Jakintza, jakintza, jakintza

Bumbum, bumbum, bumbum

nahiko zehazki hautematen ditut progresua, legea, morala, eta baita beste bertute eder guztiak ere, hainbat jende adimentsuk hainbeste liburutan eztabaidatu dituztenak, amaieran onartzeko, finean pertsona bakoitzak bere bumbum propioaren arabera egin duela dantza, eta ondo egin ere, pertsona bakoitza zuzen dagoela bere bumbuma defendatzean; jakin-min osasungaitzaren poza; txirrin pribatua esplikaziorik gabeko beharrentzat; bainua; diru-zailtasunak; bizitzarengan eragina duen urdaila; batuta mistikoaren autoritatea orkestra mamu baten amaiera loriatsu gisa hezurmamituta arku mutuekin, abere-amoniakoz egindako edabeekin koipeztatuta. Aingeru baten monokulo urdinarekin bere barrenak erauzi dituzte ahobatezko aintzatespenezko hogei sosen truke. Guztiak zuzen badaude, eta pilula guztiak arrosak badira, saiatu gaitezen behingoagatik zuzen ez egoten. * Jendeak pentsatzen du arrazionalki, pentsamenduaren bitartez azaldu dezakeela idazten duena. Baina oso erlatiboa da. Pentsamendua gauza ona da filosofiarentzat, baina erlatiboa da. Psikoanalisia gaixotasun larri bat da, pertsonaren joera anti-errealak akabatzen ditu eta burgesia sistematizatzen du. Ez dago goreneko Egiarik. Dialektika makina dibertigarria da, zeinak garamatzan (modu hutsalean) edonola ere izango genituen iritzietara. Jendeak zinez uste al du logikaren sotiltasun zorrotzaren bitartez egia frogatu duela eta bere iritzien zehaztasuna ezarri? Sentipenek hertsatutako logika gaixotasun organikoa da. Filosofoek gustuko dute elementu horri hau gehitzea: behatzeko gaitasuna. Baina, hain zuzen ere, arimaren ezaugarri miragarri horixe bera da bere ezintasunaren froga. Jendeak behatzen du, gauzei so egiten die ikuspuntu batetik edo ugaritatik, existitzen diren milioietatik aukeratzen dituzte. Esperientzia, halaber, zoriaren eta norbanakoaren gaitasunen emaitza da. Zientziak nazka ematen dit sistema espekulatibo bilakatzen denean eta bere izaera utilitarioa galtzen duenean hain alferrikakoa–, baina gutxienez indibiduala dena. Gorroto dut objektibotasun koipetsua eta harmonia, guztiak duela ordena esaten duen zientzia hori. Jarraitu aurrera, ene haurrak, gizadia, burges atseginak eta kazetari birjinak… Ni sistemen aurka nago, sistema onargarriena da printzipioz ezein sistemarik ez duena. Norbere burua osatzea, norbere burua bere txikitasunean bikaintzea norberaren ontzi txikia norberaz bete arte, pentsamenduaren alde eta aurka borrokatzeko kuraia, ogiaren misterioa, infernuzko helize baten tupusteko askatzea lili merkeetarantz.

ESPONTANEOTASUN DADAISTA

Bizitzarekiko bost-axola-zait jarrera gisa izendatzen dudana da pertsona oro bere kontuez arduratzen denean, aldi berean beste indibidualtasun batzuk errespetatzen dituenean beti, bere burua defenditu behar duenean ezik, noski, baina errespetatzen duenean, kasu, two-stepa ereserki nazional bilakatzea, zirtzilkeria denda baten zabaltzea, T.S.F irratiak Bachen fugak igortzea, burdelen iragarki-afixa argiztatuak eskegitzea, organoak Jainkoari krabelinak helaraztea, guzti hori aldi berean eta benetan, argazkilaritza eta katixima aldebakarra ordezkatuz.

Sinpletasun aktiboa.

Argitasunaren mailak desberdintzeko ezintasuna: ilunantza miazkatzea eta igeri egitea eztiz eta kakaz betetako aho erraldoian. Betikotasunaren eskalarekin alderatuta, ekintza oro hutsala da (gogoari uzten badiogu abentura hori gauzatzen, zeinaren emaitza infinituki isekagarria zatekeen, funts garrantzitsua giza ezintasuna ezagutzeko). Baina bizitza antzerki txar bat bada, ez helmugarik ez hasierako erditzerik ez duena, eta sinesten dugulako aferatik albait hobekien irten behar dugula krisantemo garbien gisa, aldarrikatu dugu ulermenaren oinarri bakarra dela: artea. Arteak ez dauka guk, arimaren zaldunok, hainbat mendez eman nahi izan diogun garrantzia. Arteak ez dio inori ezein kalterik egiten, eta artearengan interesa izateko gai direnek ferekak jasoko dituzte eta baita elkarrizketaren lurraldea jendez betetzeko aukera ederra ere. Artea gauza pribatua da, artistak bere buruarentzat egiten du, obra ulergarria kazetariaren kontua da, eta une honetan gozamena sortzen didalako munstro hau olio margoekin nahasteak: metala imitatzen duen paperezko  hodi bat, estutzen duzunean automatikoki isurtzen duena koldarkeria eta bilaukeria. Artista, poeta bozkariatzen da industria honetako buruzagi batengan metatzen den masaren pozoiarekin. Gustuko du iraindua izatea, bere aldaezintasunaren froga da. Kazetek goraipatzen badute, autoreak edo artistak ikusten du bere obra ulergarria dela: erabilera publikorako beroki baten forradura miserablea, basakeria estaltzen duten piltzarrak, txiza, grina makurrenak gordetzen dituen pizti baten abaroan kolaboratuz. Haragi bigun eta zaporegabea mikrobio tipografikoen bitartez ugaltzen dena.

Guk jipoitu ditugu gure barneko joera negartiak. Mota honetako irazte oro diarrea melatua da. Mota horretako artea sustatzea diarrea irenstea da. Behar ditugunak dira obra indartsuak, zuzenak, zehatzak, beti gaizki ulertuko dituztenak. Logika konplikazioa da. Logika faltsua da beti. Kontzeptuak eta hitzak eramaten ditu, beraien kanpoalde formalaren baitan, ilusiozko ondorio eta zentroetara. Logikaren katea hilgarria da, independentzia itotzen duen miriapodo erraldoia. Logikarekin ezkonduta balego artea intzestua gauzatzen legoke, oraindik bere gorputzarena den isatsa haginkatzen, irensten, bere buruari larrua jotzen, eta aiurria bihurtuko litzateke protestantismoarekin apaindutako amesgaizto bat, monumentu bat, heste astun eta grisen mordo bat.

Baina malgutasuna, karra, eta baita injustiziak eragindako poza, inuzente gisa gauzatzen dugun eta eder egiten gaituen egi txikia da: abilak gara eta gure hatzak maneiagarriak dira eta irristatzen dira landare limurtzaile eta ia likido horren adarrak bezala; injustizia horixe bera da gure arima, diote zinikoek. Hori ere ikuspuntu bat da, baina lore guztiak ez dira sainduak eta gugan dibinoa da gizakiaren kontrako ekintzaren iratzartzea. Hemen mintzo gara paperezko lore baten inguruan maskaren dantzaldian parte hartzen duten jaunen botoi zuloarentzat, graziaren sukaldea, gure lehengusina zuriak, meharrak edo mardulak. Etekina ateratzen dute guk aukeratu dugunetik. Poloen arteko kontraesana eta batasuna turrusta bakar batean posible dira. Erabat deliberatuta bagaude arrunkeria hori ahoskatzera, moral lizun baten eranskina, usain txarrekoa. Moralak efektu atrofiatzailea du, adimenaren beste ekoizpen kirasdun orok bezala. Moralaren eta logikaren agintepean egoteak sorgor utzi gaitu polizien aurrean –esklabotasunaren zioa, arratoi ustelak zeintzuetaz burgesak kokoteraino baitaude eta zeintzuek infektatu baitute artistentzat zabalik zirauten kristal argi eta garbiko korridore bakarrak.

Gizaki orok oihukatu dezala, suntsitze- eta negatibotasun-lan eder asko dago oraindik egiteko. Erraztatzeko, garbitzeko. Norbanakoaren garbitasuna azaleratzen da eromena zeharkatu ostean, indarkeria, mendeak birrindu eta txikitu dituzten lapur batzuen eskuetan egon den munduaren eromena zeharkatu ostean. Helbururik eta planik gabe, antolaketarik gabe: eromen kontrolaezina, desegitea. Hitzean edo indarrean indartsuak direnak biziraungo dute, aise defendatzen dutelako beraien burua, gorputz-adarren abilezia eta saihetsetan nabaritzen dituzten su lamak.

Moralak bide eman dio karitateari eta errukiari, elefanteen edo planeten gisa hazi diren zihozko bi bola, jendeak ontzat dituenak. Ez daukate deus onetik. Ontasuna zorrotza, argia eta deliberatua da, eta gupidagabea konpromisoarekiko eta politikarekiko. Moraltasunak txokolatea txertatzen du gizakiaren zainetan. Eginbehar hori ez du naturaz gaindiko indar batek agintzen, baizik eta ideien merkatariek eta unibertsitateko pilatzaileek. Sentimentaltasuna: eztabaidan diharduten gizon aspertuen multzo bati so, zeintzuek sendabide gisa egutegia eta jakintza asmatu zituzten. Gauzei etiketak jarriz, filosofoen borrokari hasiera eman zitzaion (merkantilismoa, oreka, neurri zehatz eta zikoitzak) eta ulertu genuen beste behin errukia sentimendu bat zela, diarrea bezala, bizitzari kalte egiten dion nazkarekin lotutakoa, sarraskijaleen betebehar zikina, eguzkia engaiatzearena.

Aldarrikatzen dut ahalmen kosmiko guztien oposaketa pentsamendu filosofikoaren fabriketatik irteten den eguzki ustel horren blenorragiaren aurrean, heriotzarainoko borroka, posible den modu guztietan baliatuz:

NAZKA DADAISTA

Familiaren ukazioa bilakatu daitekeen nazkaren ekoizpen oro dada da, suntsitze ekintzara osoki emandako izatearen protesta ukabilekin: DADA; lotsa sexualak, konpromiso erosoak eta manera onek orain arte arbuiatutako bitarteko guztiak ezagutzea: DADA; logikaren ezeztapena, sortzeko ezgai diren horien dantza: DADA; gure zerbitzariek gure baloreentzat ezarritako hierarkia eta ekuazio sozial ororen ezeztapena: DADA; objektu bakoitza, objektu oro, sentimenduak eta iluntasuna, agerpenak eta marra paraleloen gurutzatze zehatza dira borrokarako baliabideak: DADA; memoriaren ezeztapena: DADA; arkeologiaren ezeztapena: DADA; profeten ezeztapena: DADA; etorkizunaren ezeztapena: DADA; espontaneotasunaren bitartez sortutako jainko ororenganako sinesmen erabateko eta eztabaidaezina: DADA; jauzi dotore eta aurreiritzirik gabea harmonia batetik beste esferara; disko baten moduan jaurtitako hitz baten, garrasi baten ibilbidea; indibidualtasun oro errespetatzea une baten eromenean: serioa, beldurtia, lotsatia, sutsua, indartsua, deliberatua edo suharra; norberaren eliza apaingarri ezdeus guztiez libratzea, sentimendu iraingarri edo maitekor oro ahotik jaurtitzea ur-jauzi argitsu bat bezala, edo sentimendu horiek maitatzea –bata ala bestea egiteak bost axola duela pentsatzearen sentipen biziarekin intentsitate berberarekin zuhaixkan, zeina intsekturik gabekoa baita odol urdinekoentzat eta goiaingeruen gorputzekin urreztatua baitago, norberaren arimarekin. Askatasuna: DADA, DADA, DADA; min amorratuen ulua, kontrako eta kontraesan guztien, gauza isekagarrien eta inkontsekuentzien txirikordatzea: BIZITZA.


[1] 1916an, Zuricheko Cabaret Voltairen.