Feminismo berriak: autonomia eta subjektua

urtarrila 31, 2013 @


Nuevos-feminismos.-Sentidos-comunes-en-la-dispersion.-Una-historia-de-trayectorias-y-rupturas-en-el-Estado-espanol_portada_completa

(Argazkian Silvia L. Gilen liburuaren azala)

2013ko lehen saio feministarako izenburu luzeko liburua hartu dugu esku artean: Nuevos feminismos. Sentidos comunes en la dispersión. Una historia de trayectorias y rupturas en el Estado español (Traficantes de Sueños, 2011). Silvia L. Gil da autorea, Madrilen eragiten duen ekintzaile feminista, batez ere La Eskalera Karakola kolektiboaren baitan. Filosofian lizentziatua da eta teoria postfeministan eta ezberdintasunaren teorian aditua, XXI. mendeko zaintza-lanen, gaixotasunen eta emakumeen arteko loturak jorratu ditu. Diagonal eta Público gisako kazeta digitalentzat artikulu ugari idatzi ditu eta gaurkoan landuko dugunaz gain beste liburu bat argitaratu du Amaia P. Orozcorekin batera, hain zuzen, Desigualdades a flor de piel: Cadenas globales de cuidados (ONU, 2011).

 Liburuan Gilek Estatu espainiarrean izandako mugimendu feministaren genealogia osatzen du, korronte teorikoetan sakonduz eta feminismoaren jiran sortu eta eraldatu diren hainbat talderen jarduna deskribatuz. Esan beharra dago autoreak oro har talde jakin batzuetan jartzen duela arreta eta alde horretatik apur bat murriztailea izan daitekeela. Dena den, Estatuan izandako talde guztiak aipatzen ditu amaierako zerrenda batean, eta ulertu daiteke, halaber, hobetoen ezagutzen duen mugimendua hartu nahi izatea ardatz. Euskal Herriko mugimenduak protagonista dituen lan baten zain gelditzen gara, beraz.

 Liburua hiru atal nagusitan banatzen da, hau da, “Autonomía”, “Genealogía de las diferencias” eta “Mapas de la globalización” eta guk eskolarako lehenengoa besterik ez genuen irakurri behar, hortaz, eztabaida gehienbat horren ildotik joan da. Horrez gain aurreko saioan landu genuen Sexual Herria (Txalaparta, 2011) ere akordura ekarri dugu hainbat kasutan.

 Eskolarekin hasteko Cristina Vega Solísek osatutako hitzaurrean hala nola liburuaren lehen atalean topatu genituen gaiak zerrendatu eta aztertu genituen. Kapituluaren izenburuak berak iradokitzen zigun gai nagusi horietako bat zein izango zen, autonomia, alegia, edo zehatzago, autonomia kontzeptuak izan duen bilakaera historiko-semantikoa, nola interpretatzen zen duela hamarkada batzuk eta nola, ostera, ulertzen den orain. 70eko hamarkadan, feminismoaren hirugarren aroan, autonomiaren kontzeptua giltzarria izan zen, emakumea bere kabuz ekiteko eta bere kasa aurrera egiteko gai zenaren zentzuan, edo beste modu batera esanda, emakumea bere bizitza gobernatzeko buruaskia izatearen zentzuan, senarraren, aitaren eta azkenik Estatuaren gidaritza- eta agintepean egon gabe. Hala ere, sistema kapitalista neoliberalaren gordintzea begien bistakoagoa egin den azken urteotan, autonomiari beste izaera berekoiago eta anti-pertsonago bat gehitu zaio, indibidualismorako joeraduna, hain zuzen. Norbanako bakoitza irla bat izatea artxipelagoko gainontzeko partaideekiko ezein erantzukizunik gabe, beste partaideen inongo laguntza ez beharrik gabe aurrera egiteko gai dena, horixe bera litzateke autonomoa izatea azkenaldia azaleratu den adiera berrian. Sistema ekonomikoari, noski, ezin hobeto datorkio aipatu norbanako eredua, horregatik egin du bere-bere, 70eko autonomia ideia xurgatu eta bere xedeetara moldatuz digeritu du, finean kanporatzeko berarentzat doan lan egiten duen morroia. Bide batez esateko, eredu hori oso tradizionalki maskulinoa da: gaztea, askea (erantzukizun afektiborik gabea), osasuntsua. Ez ditu kontuan hartzen nahita nahiez gure bizitzaren parte diren beste osagai batzuk, kasu, gaixotasuna, heriotza edo beste pertsona batzukieko lotura.

 Halaber, autonomiaren ideia uztartu genuen ez bakarrik lan munduarekin baizik eta militantziarekin ere, dena delako borrokarekiko konpromisoaren eskakizunak nolakoak diren deskribatuz. Militantzian denbora luzez autonomoaren traza garbiak dituen eredua gailendu da, hain zuzen, borrokarekiko atxikimendu osoa duenarena, osoki konprometitu daitekeenarena, beste mota batetako “zamak” ez dituenarena. Beste behin: gaztea, erantzukizun afektiborik gabea, osasuntsua. Hori dena ikusita, autoreak azpimarratzen du autonomia beste modu batera ulertzeko eta pentsatzeko premia. Euskal Herrira ekarrita, aintzat hartzen badugu herri gisa militantzia historia luzea daukagula atzetik, euskal jendartean leialtasunak/konpromisoak harremanetan pisu nabarmena duela (kasu adierazgarria, koadrila), eta gainera gehitzen badiogu Itziar Zigak Sexual Herrian gudari rolaz esandako guztia, ondorioztatu dezakegu harremanak eraikitzeko daukagun moduaren inguruan hausnartzea gutxienez interesgarria litzatekeela, ezpada behar-beharrezkoa.

 Kapituluak jorratzen duen beste ildo nagusi bat ezberdintasunarena da, hots,  feminismoak jada gainditu duenean subjektu bakarraren ideiak sortutako kinka, zela egin aurrerantz, zela lortu subjektu heterogeneo baina kohesionatu bat gelditu den subjektu ezberdinen anabasarekin? Zela pentsatu ezberdintasuna? Ez oposizioz, ez bitartasunetik. Kontrajartzea ezabatuz. Hain zuzen, Sexual Herriari kritikatu genion gauzetako bat izan zen kanpotik inposatutakoa, hitz batean, Bestea ukatuz sortzen zuela subjektua; espainolak ez direna, horixe gara gu.

 Eskolaren puntu honetan identitatea eta subjektu politikoa garbiago bereizteko oso baliagarria izan zen azalpena eman zigun kide batek eta tarteki bat sartuko dut, beraz. Rosi Braidotti teorialari italiarraren lana gomendatu zigun. Braidottik identitatea ulertzen du frantsesen ildotik gizaki bakoitza zeharkatzen duten domina astunen korapilo gurutzatu gisa (sexua, arraza, klase soziala), zeinaren arabera zure kokapena jendartean eta zure lepoko uztarriaren presioa desberdina izango baita. Aldiz, subjektu politikoa izanik oraindik ez zarena, baina zarena bilakatzea ahalbidetuko duen eraldaketa gauzatuko duen subjektua, Braidottik aldarrikatzen du subjektu politiko femenino feminista sortzea, abiapuntutzat hartuta inork ezin dezakeela esan zer den emakume bat, emakume bat garela esan digutenok eratuko duguna gure nahiaren arabera.

 Atzera itzuliz subjektua eraikitzeko modura, taldekide batek hiru pausotako prozesu bat proposatu zuen. Hasteko, beharrezkoa duzu onartzea zeure burua, zeure identitatea, hots, ikustea nola eraiki zaituzten. Ondoren, horrek dakarzkizun arazo eta hersturez kontziente zarelarik, hori desegin dezakezu, deseraiki, eta geldituko den orubetik askatu eta berreraiki dezakezu zure zua.

 Feminismoaren instituzionalizatzeari ekin genion hurrengo. Mugimendu feministaren lehen pausoak, jakina, klandestinoak izan ziren Estatu espainiarrean eta Francoren heriotzak izugarriki hauspotu zituen, bazirudien handik aurrera ate guztiak zabalik egongo zirela. Une historiko horretan sortu ziren noski borroka feminista instituzioetara sartzearen komenigarritasunaren inguruko lehen eztabaidak. Konstituzioa onartzeak berak ika-mikak eratu zituen, ulergarria denez, barnean hartzen zuenari eta kanpoan uzten zuenari gutxiegi, gehiegi edo oraingoz nahiko irizten zioten korronte anitzak baitzeuden mugimenduaren baitan. Arazoaren funtsa, orokorrean herri mugimendu edo mugimendu sozial orok instituzioekiko eduki behar duen/beharko lukeen eztabaidaren baitan kokatu daiteke: eraldaketa engranajearen kanpotik ala barnetik? Instituzioetara sartzea zertarako da haientzat lan egiteko edo haien lana auzitan jartzeko? Posible da etengabe auzitan jartzen jardutea? Erantzun absoluturik ez dago, noski. Batzuen ustez instituzioetara sartzea estrategia politiko gisa erabili behar da, eta estrategia hori erlatiboa izango da, kasuaren arabera modu batean edo bestean jokatu beharko duzulako, baina xedea begien bistatik galdu gabe. Instituzionalizatuta ez dauden talde feministen kasuan, instituzioekin elkarlanean aritzeari dagokionean, iritzi nagusia da printzipioz baietz esatea, baina baldintza aurretiaz argiki ezarriz, bata bestearen osagarri izan daitezen eta ez bata bestearen mendeko, alegia, batak ez dezan bestea azpiratu.

 Baita ere, aintzat hartu behar da mugimendu feminista mugimendu zabala dela, ildo askotako jendeak izendatzen duela bere burua feminista eta feminismoaren parte den korronte handi batentzat instituzioak direla emakumearen askapena lortzeko bide egokiena eta eraginkorrena.

 Orain arte instituzio politikoez jardun dugu batik bat, baina bada feminismoarengandik gertu ibili den beste instituzio klase bat ere, garrantzia izan duena eta hori unibertsitatea da. Hizpidera ekarri genituen, nagusiki, unibertsitatean genero ikuspegia  eta feminismoa lantzen duten irakasgaiak, eta areago, genero ikasketak izeneko graduondokoa ezarri izana. Positibotzat jo daiteke oro har, akademian tokia egin zaiolako lehenago ikustezina zen gai bati eta horrek halaber bidea eman dielako gai hori jorratzen duten ikerketa eta lan ugariri. Horrek aurreikusi gabeko efektu zital bat ere izan du, autoritatearen edo akademizismoarekin lotuta doana. Hots, demagun sexualitatearen inguruko hitzaldi bat eman nahi duela x erakundek, eta hizlari posibleen artean daudela tituludun pertsona bat eta arreta-zentro batean lanean 10 urte daramatzan pertsona bat. (Tituludun pertsonak egin dezakeen ekarpena zalantzan jarri gabe) ia automatikoki tituludun pertsonaren aldeko apustua egingo dute gehienek, arreta-zentroko langilearen esperientzia  (eta esperientzia, oro har) bigarren mailakotzat hartuz. Ezin da ahaztu, beraz, ikerketen eta ikasketen loratzeak gisako ondorio ez hain pozgarriak ere eragin ditzaketela, eta nola edo hala sustatu beharra dagoela jakintza formala zein jardunak ematen duena maila parekoan gordetzea.

 Amaitu aurretik memoriaren gaiari heldu genion, memoria eraikitzearen premiari, memoria nola egitearen galderari. Cristina Vega Solísek hitzaurrean aipatzen ditu memoriari eustearen garrantzia eta memoria ukatzearen arriskua: “La historia nos constituye, no contarla es una buena forma de construir y convocar fantasmas, además de una muestra de ceguera que no podemos permitirnos con falsos argumentos feministas antiautoritarios. (…) Negar la historia es negar que nos hemos visto afectadas, negar la historia es no reconocer la afectación pasada…” (18-19 orriak). Asmo horrexek berak zeharkatzen du liburua osoa, izan ere, Gilek memoriaren ardatzaren inguruan idatzi du, izenburutik bertatik dio feminismoaren bilakaera zehatz baten historia dela aurrean dakusaguna. Historia, hortaz, behar-beharrezkoa dugu, aztertzeko gelditzen zaiguna da, orduan, historia nola kontatu. Solísek eta Gilek proposatzen dutena da genealogia bat egitea bi kate nagusi kontuan hartuz, batetik, zapalkuntzaren katea, hau da, emakumeak nozitu dituen mota guztietako bortxa eta erasoak osatzen duena eta bestetik borroken katea, alegia, aipatu jazarpenaren aurrean sortu diren erresistentzia-gune eta borroka guztiak biltzen dituena. Historia egiteko modu hori nahiko nabarmen kontrajartzen zaio Zigak Sexual Herrian baliatu zuenari, zeinak iragan mitifikatuaren bidetik jotzen baitu. Dena den eta biek ala biek feminismoa duten arren iparrorratz, argi daukagu Gilen eta Zigaren obren artean desberdintasunak daudela estrategiaren eta xedeen aldetik eta hein batean ezin direla hotzean alderatu.

Gogoetarako amuarekin bukatuko dut. Zigak aipatzen du emakume euskaldun gudariaren ereduak ez dituela gizon espainol heterosexualak berotzen: “Las vaskas no le ponemos a Espanya… Y menos mal. Me encanta que en el imaginario espanyol las vaskas carezcamos de atractivo sexual. No quiero gustarle a ese país macho. Las mujere decididas, activas, combativas y con voz propia incumplimos los cánones de la belleza femenina” (Ziga, 2011: 32); desira beste modu batera eraiki dutela haiek. Hortik eratortzen dugun ezinbesteko galderetako bat, (bidenabar liburuan erantzun gabe gelditzen dena) da: nola eraiki da desira Euskal Herrian militantzia horren beraren testuinguruan? Zeri iritzi izan diote desiragarri gizonezko gudari heterosexualek?