Gurean kopla gutxi

otsaila 3, 2013 @


bertsolari

Berriako Hirudia ataleko seigarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

Nehork ez du zalantzan jartzen bertsolaritza literaturaren parte dela, ahozko literatura deitzen den horrena. Akademian balio hori ematen dio, besteak beste, Euskaltzaindiko Literatura Terminoen Hiztegiak, eta hala definitzen: «Bertsolaria beharrezkoa da euskal bestetan. Alaitzen ditu biltzarrak, ezteiak eta bertze, euskaldunak maite duelakoz besta; hala bilakatzen da espirituaren besta bat». Folkloreaz harago dagoela badakigu, bertsolariaren figurak duen indar eta presentzia izugarriaz jakitun gara. Horren adierazle da Usurbilen Korrikak euskara-ikasleak omendu, Irunen Herriraren bilgune nazionala egin eta Urduñan Gazte Danbada jaialdia aurkeztu eta biharamunean Gara-k nahiz BERRIAk azalean argazkiaz nabarmendu zutela Donostiako Bertso Eguna.

Izan ere, eduki eta forma aberatsari doinua eta bat-batekotasuna gehitu behar dio bertsolariak, eta, hori gutxi balitz bezala, oholtzaren gainean kantuan eman behar du hamaika begi-belarriren aurrean. Ez da, ez, lan makala; beraz, Bertsolari ikustera fidel joan ginenok ez ginen harritu halako gogo-nekea neurtzeko Andoni Egañaren burua kablez josita ikustean. Garai batean, herriaren bozgorailu ziren bertsolariak, plazetan eta tabernetan aritzen zirenak, eta adierazpide eta askabide zerabiltzaten bertsoak —nahiz eta alde hori apenas jorratzen den dokumentalean—. Alta, bertsolaritzaren fenomenoak gainezka egin duelakoan nago; adierazpide da oraindik ere, nola ez, gauza anitz esan dira kantuan idatziz esan ezin zitezkeenak, eta ez naiz duela hamar urtez ari (ikuspegi makrora eramanez, zer esanik ez bertso-eskolek haur eta gazteengan euskara sustatzen egin duten lanaz).

Egia da artikulu batek dioena bertsolariak enegarrenez esan eta artikuluak ez bezala hunkitzen gaituela enegarrenez. Talde izaerak eginen du hori? Hots, hunkitzea konpartitua delako handitzen al da sentimendua? Hitzaldi batek eman diezazukeen indar-maila bera ez den bezala Anaitasunan bertan egon edo streaming bidez ikusiz gero, alegia. Kantuan heltzen zaigulako, bestela? Argia-ko bertsoak irakurri eta epel uzten naute maiz. Halere, zirrara bera izanen litzateke, esaterako, jotak entzunez gero? Ez dut uste; hasteko, askoz gehiago landu baita bertsoarekiko estimua Euskal Herriko bestelako ahozko tradizioekin alderatuta, tokikoagoak izan zein ez.

Ingurura begiratu eta pentsatzen dut, zertarako trebatu kazetariak, bertsolariak trebatu ditzakegunean? Zernahitarako baliatzen ditugu: futbolaz aritzeko, erlijioari buruzko eztabaida gidatzeko, ekitaldiak hasteko, arintzeko eta bukatzeko, berripaperak betetzeko… Ez diot bertsolarien erantzukizuna denik, azken batean pertsona balekoak izanik ez dira bertsoak kantatzera mugatuko, baina iruditzen zait komodin gisara erabiltzen ditugula usu. Gure originaltasun eza izanen da, akaso. Idazle bati baino gehiagori entzun diogu kexuka, guztiari buruzko iritzia izan behar duelako, hala eskatzen zaielako, eta bertsolariekin ere gauza bera gertatzen delakoan nago.

Iker Arranz filosofoak metafora eskatologiko bidez diosku (Lapiko Kritikoa: Higiemoniaz) bertsolarien papera hegemoniko bihurtu dela, herriaren iritzi-iturri baino gehiago, herriaren beraren ordezkari bihurtu ditugula. Pentsatzen jarrita, oso gutxitan egon naiz desados edo deseroso bertso baten aurrean, ez bada bertsolariak beste norbaiten larruan efektua nahita bilatzen zuenetan. Euskaldun fededun, esaten zen lehen, jatortasunaren ikur goren, euskal izaeraren ezaugarri berezko. Hori deseraiki, are gurutziltzatu, eta beste forma batzuetara pasatu ginen, mitoak, onberatasuna, harrotasun ukitu bat exotiko kutsuari loturik, zergatik ez esan. Eta egun, tamalez, bertsolaria ez al da pasatu azken urteotan apurtzen saiatu garen «euskal arketipo jator» horren figura izatera?