Sareko sasiak

otsaila 24, 2013 @


critics

Berriako Hirudia ataleko zazpigarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

Literatur itzultzaileak itzultzen duela esaten duenean ea zergatik ez duen idazten galdetzen diote. Hori, eta zenbat hizkuntza dakizkien. Lehenengo galdera horretan bi aurresuposizio argi daude: «zergatik ez idatzi» galdetzean itzulpena bestelako jarduna dela esaten diote; «zergatik ez» galdetzean idazten ez duela ere esaten —gogorarazten— diote. Itzultzaileak ez du azken baieztapen hori faltsua edo egiazkoa den aitortuko, ez baitu bere miseriak kontatzea maite; bere burua ez nabarmentzeko hirugarren pertsonaz ere baliatuko litzateke.

Kontua da, hainbeste galdetu, azkenean pentsarazi egiten diotela nahitaez itzultzaileari. Ez du luze hausnartu behar izan erantzuna aurkitzeko: izua dio kritikari. Gero eta literatur iruzkin gehiago egiten da gurean, bai komunikabideetan bai akademian, eta kritika unibertsitarioa/espezializatua ugaritu egin da liburu formatuan, Labayru Ikastegiak edo Utriusque Vasconiae argitaletxeak kaleratzen dituztenak kasu. Hori gutxi balitz, Interneti esker (Interneten erruz, akaso), kritikak betikotu egiten dira, eta noiznahi nonahi kaleraturiko iruzkinak bilaketa kolpe batez berreskuratzen ahal ditugu. Bai idazlearen egoa listuz goxatzen dutenak bai hatza zaurian sartu baino, zauria urratuz odoletan jartzen dutenak.

Propaganda da garrantzitsua, diote askok; ona zein txarra izan, hitz egin dezatela liburuaz! Halakorik ez zioten Heinrich von Kleisti esan. Bere buruaz beste egin zuen hogeita hamalau urterekin, etsipenak jota eta ezin zelako idatzitakoaz bizi. Goetheri bidaltzen zizkion bere lanak, garaiko poetarik handiena baitzen, literaturaren eta are artearen epaile gorena. Goethek ez zuen aldeko hitz erdirik ere esan idatzi haiei buruz, eta, beraz, aleman jantziek, irakurle on orok bezala beren denbora estimu handitan zutenez, pentsatu zuten ez zutela deus galduko Kleist irakurtzen ez bazuten.

Idazlearen obsesioez mintzo zitzaigun Lander Garro aurrekoan; irakurleen obsesioek ere beteko lituzkete hainbat zutabe. Bakarra aipatuko dut: irakurle hutsa izan ez eta publikoki kritikariaren rola hartu behar duela iruditzen zaion irakurlearena. Positiboa beharko luke horrek; irakurle jantziaren begirada zolia eta irizpide estetikoak nolanahikoak ez diren seinale. Ez da beti hala gertatzen, ordea. Gehienetan ez da hala gertatzen. Interneti esker (Interneten erruz, fijo), edonork du iruzkina egiteko aukera.

Edonork egiten ahal du eta kritikari aitortuek (ez naiz profesionalek jartzera ausartu) duten erantzukizun edo betebeharrik gabe, gainera. Inpunitate osoz, nolabait esateko. Eta kritika arrazoituez ari naiz, noski, jakin baitakigu iritzi bat ezin dela erlatibitatearen armaz justifikatu, asko jota ongi justifikatutako argudioak neur daitezkeela erlatibismoz. Atari asko ditu aukeran irakurle-sasikritikariak bere barne-amorrazioa edo irrika botatzeko. Idazleak izan du galbahe bat liburua kaleratzeko (bai, ikusitakoak ikusita hori oso zalantzagarria da), ez al luke sasikritikariak ere galbahe bat izan behar? Eliot Weinberger idazle eta kritikariak dioenez, AEBetan, iruzkin, blog eta Twitteretik datozen «gomendioetara» mugatu da literatur kritika.

Han-hemenka banatzen den egurra ikusita jotzen du, agian, gero eta idazle gehiagok bere lanaren azalpen kritikoa egitera. Interpretazioaren bideak bat eta bakar bihurtu eta irakurle eta kritikarien zalantzarako tartea murriztu, askotan gehiegizko justifikazio bihurtzen dena. Liburuaren aurkezpen egunetik hasita; sariketen kasuan, berriz, liburua idatzi ez baizik eta saria jasotzen duten unetik hasita. Irakurleengan eragin nahian, gaizki uler ez dadin. Agian horregatik ez du itzultzaileak idazten, bere burua justifikaziozko ataka penagarri horretan ez ikusteko, agian horregatik itzultzen du, oraindik kritika dibulgatiboan bi lerro baizik ez dagozkiolako itzulpenari berari. Agian irakurleek beraiek itzulpenaren kritika odol-arazlea egiten duten egunean utziko dio itzultzaileak itzultzaile izateari, sasikritikari bihurtzeko.