(Argazkia: euskonews atarikoa, Aramaioko familia bat 1865ean).
(Oharra: hark esan omen zuen “ez dut astirik izan laburragoa egiteko” eta ni ere antzera ibili nintzen atzo, daneleegi ustezko objektibotasun disimulatuz makillatzeko testua, daneleegi eta asti gutxiegirekin nenbilen atzo danelekadei tekletatik urrun eusteko, hortaz, kronika erabat apetatsua dugu gaurkoa, esaldi luze eta parpailadunekin, neuk ere dut-eta hitz hanpatuetarako joera Xabier Gantzarainek bezala. Gainera, hasi aurretik aitortuko dut zenbait irakurleri iruditu dakiekeela Gabriel Arestiri egurra emango dio(gu)(da)la genero ikuspegitik, testuingurua eta garaia aintzatetsi gabe eta euskal poesiari egin zizkion bestelako ekarpen erraldoiak kasik aitatu gabe ere –justifikazio paragrafo honetan izan ezik–. Ez da hala, kritika ez baita epaiketa. Edonola den ere, on egin!)
Otsaileko irakurle eskola feministara normalean baino jakin-min eta ikusmira are handiagoarekin hurbildu nintzen herenegun, etxeko lanen motxilaren zamarik gabe, izan ere, Iratxek jakinarazia zigun ez genuela aurretiaz irakurgairik landu beharko, baizik eta saioan bertan leituko genituela hainbat testu, azkenaldian azaleratutako galderekin lotuak. Akorduan izango duzuenez, eskolako saioetan oro har desiraren, gorputzen eta nazioaren inguruan dantzan dabiltzan (irakur)gaiak izan ditugu hizpide, hala nola, 1) emakumearen gorputza nazionalismoetan eta esparru publiko zein pribatuetan, 2) Euskal Herri desiraren-ikuspegitik-askeago bat eraikitzeko amua Itziar Zigaren eskutik eta 3) borroka feministaren errepaso bat Estatu espainiarrean eta horren loturak gure herriarekin. Edo ez, egiatan ez dira bloke tematiko irazgaitzak izan, elkar elikatu dute, hortaz, zehatzagoa da esatea gai guzti horiek jorratu ditugula, eta baita zenbait gehiago ere batzuk besteekin harilkatuz, lotuz, ehunduz. Korapiloetatik erauzi genuen azken galdera izan zen, hain zuzen blog honetan bertan jaurti genuena duela hilabete, alegia, ea nola eraiki den Euskal Herrian desiraren diskurtsoa, ea zein emakume eredu hobetsi duen eta jo duen erakargarritzat imajinario heterosexual euskaldunak. Ez da bada, galdera makala. Halabeharrez ia hegan agertu nintzen, hortaz, Kaxildara, batetik intriga aseezinak akuilatuta eta bestetik, Donostian zegien haize izoztuak bultzaka eroanda.
Testuak xehe-xehe egiteko orduan, genero ikuspegitik landu genituen eta nagusiki bi ardatzen bueltan jardun genuen, bata jada aipatu dudan desiraren eraikuntzarena eta bestea, aldiz, emakume euskaldunaren ereduarena, alegia, zein estereotipotan kokatua izan den orokorrean euskal emakumea eta zer erakusten digun horrek. Bigarren galdera apur bat testuingurutzeko lagungarriak eta esanguratsuak dira Garazik aurreko asteko kronikan bildu zituen hitz batzuk, Emilia Pardo Bazán autoreak idatziak 1892an eta nik gaur berriz ere ekarri nahi ditudanak. Erkidegoko emakumeaz hala mintzo da galiziarra:
“No se parece en nada a la española tal como se figuran los extranjeros, apasionada, semi-árabe. Al contrario: la mujer de Vizcaya, Guipúzcoa y Álava es una figura de líneas severas, hasta podría decir ásperas y rudas, y una de las hembras más morales de Europa (…) en su frente y en sus pómulos se lee una tenacidad inquebrantable (…)
Su honestidad parece temperamental, pues hay quien afirma que muchas campesinas eúskaras son enteramente insensibles a la pasión amorosa, y se casan porque entienden que es un deber constituir familia, y porque aspiran a la maternidad, que no comprenden fuera del matrimonio, en el cual su fidelidad y honradez (…) son absolutas (…)
Y la mujer eúskara, helada en el terreno pasional, se muestra ardorosa en el político, cuando supone vulneradas sus tradicionales creencias.”
Bazánen kanpoko ikuspegia ez da inondik inora Bazánena bakarrik, are, esango nuke, apur bat egokitu ostean, ikuspegi nahiko orokortutzat har litekeela, aro garaikideagotan barrutik ere elikatu izan baitute zenbait telesailek eta abarrek. Bestalde, gauzak zertxobait behintzat aldatu diren arren eta areago eta modu bortitzagoan aldatuko direla iragarri dezakegun arren eredu-apokalipsi garai honetan, baieztatu dezakegu, iritzi horren oihartzunak gaur ere nahiko bizirik dirautela gure artean edo gutxienez ez zaizkiola, nolabait esatearren, irrigarriki anakronikoak suertatzen euskal imajinarioari. Izan ere, dezente azpimarratu izan da, alde batetik, euskal emakumearen indarra eta “boterea”, eta, bestetik, euskal emakumearen sexualizazio maila apala(goa) –batik bat inguruko lurraldeetakoei alderatuta–. Horrek hain zuzen, euskal emakume aske(ago) bat existitzen denaren uste tranpatia iradoki diezaieke –eta taldean partekatu ditugun bizipenengatik, badirudi, en fait, halaxe egiten duela– beste imajinario eta kode batzuen arabera bizi diren jendarteetako emakumeei –galiziarrak aipatu ditugu guk–, haiei uztarria ziurrenik hipersexualizazio eta derrigorrezko sentsualtasunaren bidetik etorri baitzaie, eta ez, kontrara, emakume euskaldunoi bezala –Bazán zitatuz– “enteramente insensibles a la pasión amorosa” eta “helada[s] en el terreno pasional” izatetik.
Baina heldu diezaiegun testuei. Lehen-lehenik Gabriel Aresti euskal poesia kaletarraren Aita letra larrizkoaren bi testu irakurri ditugu, aitatasuna eta herritartasuna vs. amatasuna eta herritartasuna binomioak sakonean aztertzeko eta elkarri kontrajartzeko aproposak direnak.
Aitatasunari dagokionez Egia bat esateagatik mitikoa aztertu dugu. Halaxe dio:
Egia bat esateagatik,
alabak
hil behar bazaizkit,
andrea
bortxatu behar badidate,
etxea
lurrarekin
berdindu behar bazait;
Egia bat esateagatik,
ebaki behar badidate
nik eskribitzen
dudan
eskua,
nik kantatzen
dudan
mihina;
Egia bat esateagatik,
nire izena
kenduko badute
euskal literaturaren
urrezko
orrietatik,
inoiz,
inola,
inun
eznaiz
isilduko.
Lehenik, “alabak / hil behar bazaizkit / andrea / bortxatu behar badidate” lerroek zuzenean ekarri dizkigute gogora lehenengo saioan Belén Martín Lucasen artikuluaren harira aipatutakoak. Lerro horietan garbi ikusten da Arestik gertagarritzat eta esperagarritzat jotzen duela berak egindako zerbaiten –egia bat esatearen– ondorio latzek bere inguruko emakumeak kolpatzea, alegia, bere egia esateari jarraiki zaizkiokeen albo-ondorioen artean aurrikusgarria deritzo bere andrearen bortxaketari eta bere alaben erailketari. Izan ere, Martín Lucasek ondo zioen moduan, guda edo borroka testuinguruetan lurraren konkista emakumearen konkistarekin parekatzen da eta, etsaiaren emakumea erabiltzen da etsaia zigortzeko eta adoregabetzeko. Arestik ez du esplizituki esaten zenbateraino minduko edo adoregabetuko zuketen krimen horiek, baina, bistan denez, inbasore zitalei trikimailuak ez lieke %100 funtzionatuko, Arestik poemaren amaieran bere egia esateari eutsiko baitio berdin-berdin-berdin, ez baita inoiz inola inun isilduko; hain zuzen, badagoelako existitzen diren denei eta denari gailentzen zaion egia/borroka/kausa goren eta atzeraezin bat. Maskulinitatea kubora altxatuta, beraz, aitatasuna eta herritartasuna uztartzen dituen eragiketa poetikoaren emaitza.
Amatasunaz jarduteko, aldiz, Arestik berak Joxepa Mendizabali eskainitakoa hartuko dugu ardatz –eta ondoren beste zenbait–. Poema luzea da eta tartea urria, beraz, nahi duenak hemen dauka osorik irakurgai.
Analisiaren formulazioa taldekide bati lapurtuta, esango dut hemen amak garbigailu moralaren rola betetzen duela, izan ere, amak zamatzen baitu errua, amak izerditzen eta purgatzen baititu maila moralean semeen bekatuak, eta amaren sufrimenduaren bitartez iritsiko delako soilik erredentzioa. Hitzez hitz:
baina
andreon sufrimentu-moralarekin
expulsio-mina
dator.
Herri kobarde (hain balent) hau
bere libertateez
erditzen da
Santa Gurutze honetan…
Eguzkiaren ateko tortura-lekutik!
Euskal Herriak bizi (izan) duen gatazkak min eta zauri asko sortu ditu, amak min horiek digerituko ditu eta horren ondotik nazio berri aske eta aratzaz erdituko da. –Aitaren telefonoa dirudienez estaldurarik gabe dago–.
Mikel Urdangarinen kantu bati etorri zitzaion ondoren txanda, “Haitzetan” deiturikoari.
Haitzetan lainoen artean, ortozik jaku egoten
hazia barruan ernetan, jatorkonari berba
herri bat ikusiko dozu negar eta zaurietan
ukenduz zeuk bakarrik osatuko dozuna
aita hil dautzue seme maltzurren egunean
sugarrik ez dozu gurako datozen Jondeunetan
eguzkiak emon daien indarra eskuei
zoli, haitz eta abarrots, Auñamendiko basoetan
haitzetan, lainoen artean, ortozik joku ibiltzen
hazia barruan ernetan jatorkonari berba.
Hemen ama sabelean daraman haurrari mintzo zaio, ziurrenik Erdi Aroaren ingurumarietakoa den garai batean, Amak umekiari diotsonagatik eta esleitzen dion rolagatik ondorioztatu daiteke umekia semea dela uste duela amak, eta egitate horretatik abiatuta ari zaiola berbetan. Jaio aurretik ere, amak jada zehazki zedarritu du zein izango den semearen ibilbidea eta suposatzekoa da haurrak nahitaez onartu beharko duela egiatan aukeratu ez duen lasto-fardo –esan beharra dago– nahiko astun hori.
Horren ostean irakurri genuen poemak, Josanton Artzeren “Gogo eta gorputzaren zilbor hesteak”-ek hain zuzen, semearen eta amaren arteko harremana bestelako modu batera potretatzen du – irakurgai hemen.
Poeman semea da amari mintzo zaiona eta aipatu berri dugun kantuko ideiari kontrajarrita –alegia, jaio baino lehen ere zorrotz markatutako bidearena– esaten dio bakoitzak egin behar duela bere bidea eta ez dutela zilbor hestearen lotura betikotu behar. Semearen jarrera positibotzat hartu daiteke ez duelako nahi bizkarroiki eta amaren gurarien mende bizitzen jarraitu –eta nahiko modu ez mingarri, are, ederrean esatea lortzen du–. Bestetik poemako ama badirudi ama nahiko gainbabestzailea dela, kabian gorde nahi duela semea albait denbora gehien eta, baita ere, badirudi semea bera dela amari eskatzen diona bere bidea egin dezan –“jo, ama, utzi bakean” litzateke poema honen baliokidea poesiarako senik ez duten seme-alaben kasuan–. Hain zuzen, hainbat taldekidek aipatu dute mesfidantza edo nolabaiteko deserotasuna sortu izan diela poema honek beti, semeak apur bat gurasokeriaz darabilelako ama, eta zinez eraldatzailea izango litzatekeela, amak izatea horrelako zerbait esaten diona semeari edo alabari.
Bukatzen hasi behar naiz, pena da, baina lo ere egin behar dut. Kronika honen esperientzia ahalik eta 3Dena izan zedin saiatu naizenez, the real thing emango dizuet, hots, guk geuk erabili genuen fotokopia eskaneatuta.
Halaxe eman zigun Iratxek, ez zigun autorearen izenik salatu. Gakoa zen ikustea egoera desberdin irudikatuko genukeela bikotearen ezaugarrien arabera, hots, bikotea heterosexuala edo homosexuala izan –eta heterosexuala izatekotan kontuan hartuz nor den ohean gelditzen dena eta nor den autobusak erretzera dihoana eta homosexuala izatekotan kontuan hartuz ea bi gizon diren ala bi emakume–. Ariketa zuei uzten dizuet, nik atzo egin nuen-eta. Autorearen izena jakin nahi duenak zoroki googleatu dezake edo bestela utzi diezagula guri hemen iruzkin bat eta jasoko du erantzunik… Bestalde, tadean bai aipatu genuena izan zen nola esperoan dagoenak borrokaren kontsignak bereganatzen dituen eta horiei buelta ematen, “pertsonala politikoa d[el]a” ikusgarriki hezurmamituz. Baita ere, poemak ukatzen du –Arestirenari kontrajarriz– egon badagoenik pertsonak edo maitasuna gisako –bigarren mailako– sentimenduari beti gailentzen zaion letra larrizko Kausarik. Aldatzen ez den kontu bat da, esperoan gelditzen dena dela autobusak erretzera doanaren heroikotasunaren ondorioak pairatzen dituena.
Eta honenbestez, eztabaida zinez interesgarria zen unean, desiraren konturantz atzera bueltarik gabe lerratzen ari ginenean, alde egin behar izan nuen Elgoibarrera ekarri nindezakeen azken trena harrapatzeko. Kronikaren haria etenik ageri zait, beraz, hemendik aurrera koadernoan, baina osatu gabe gelditu dena norbaitek nahi badu bete, ezin ongietorriagoa izango da.
otsaila 28, 2013 @ Danele