Ikusezinei eta ikusgarri egiten zituenari

martxoa 6, 2013 @


hugochavez

Hau da Hugo Chavezi egiten diogun omenaldi xumea. Eduardo Galeanok 2004an, Italian, eman zuen hitzaldi baten pasarte bat ekarri nahi izan dugu hona, hain zuzen, Venezuelari eta komunikabideen manipulazioari buruz mintzo dena (inork gaztelaniazko hitzaldia ikusi nahi badu, youtuben du entzungai). Hitz egiatiak dira, bihotzetik ateratakoak, zintzoak eta aldarrikatzaileak. Bat egiten dugu hitz horiekin, bat egiten dugu Venezuelako herritarren atsekabearekin, eta bat egiten dugu Chavezen iraultzarekin.

Agur eta ohore, Comandante!

Komunikabide handiak dira, espresio askatasuna presio askatasunarekin nahasten dutenak; esku finez definitu zituen behin pertsona anonimo batek, hormaren batean zera idatzi zuenean: pixa egiten digute eta egunkariek diote euria ari duela. Gaur egun munduko iritzi publikoaren manipulazioaren kasurik argiena, eskandalagarriena, Venezuelarena da. Antzerkian, ongiaren eta gaizkiaren antzerki handian, funtzio-banaketa bat dago aingeruen eta deabruen artean. Eta Hugo Chavez deabru nagusienetako bat da, diktadore bat da iritzi publikoa ekoizteko munduko fabrika horien arabera. Hugo Chavez diktadore bat da, baina diktadore bitxia, benetan: 8 hauteskunde irabazi ditu 5 urtean, eta orain, berriki, erreferendumean, historian lehen presidentea izan da bere kargua jendearen esanetara jarri duena. Eta 6-4 irabazi du, hots, %60 %40ren aurrean; ni neu behatzaile aritu nintzen hauteskunde horietan. Baiezta dezaket hauteskundeak garden-gardenak izan zirela, eta lortu zen saihestea hildakoek bozkatzea, izan ere, Venezuelan ohitura txar hori zuten, hara. Bai, ez da ohitura ona… gainera, saihestu zen pertsona bakar batek behin baino gehiagotan bozka zezan, badakizue, parkinson gaitzagatik, jendeak behin baino gehiagotan sartzen zuen botoa hautestontzian.

Hortaz, Venezuela herrialde bitxia da, ze hori gertatzen da baina aldi berean ikusten ahal dituzu han-hemenka salaketak, adierazpen askatasun eza dagoela diotenak. Telebista piztu eta pantailan gizon batek zera dio: hemen ez dago adierazpen askatasunik! Irratia piztu, eta ahots bat entzuten duzu, oihuka: hemen ez dago adierazpen askatasunik! Egunkaria zabaldu, eta goiburu erraldoi batek aldarrikatzen du: hemen ez dago adierazpen askatasunik! Azken bost urtetan komunikabide bakarra itxi dute Venezuelan, telebistako canal8 izenekoa; baina ez zuen Chavezek itxi, baizik eta 48 orduz estatu kolpe baten bidez boterea hartu zuten demokrata horiek. Eta denbora horretan guztia itxi zuten: Batzar Nagusia itxi, konstituzioa bertan behera utzi… hau da, bitxia diktadura hau eta bitxia demokrata haiek, ezta?

Uste dut dibortzio nabarmen bat dagoela benetako errealitatearen eta komunikabideek errealitate posible bakartzat duten errealitate birtualaren artean. Eta zein da horretarako azalpena? Erraz asko esan daiteke: Venezuelan giza eskubiderik gabeko 5 milioi pertsona zeuden, ez zutelako dokumenturik, eta beren seme-alabek ezin zuten eskolara joan, ez zutelako jaiotza-ziurtagiririk. Chavez hori bera ari da aldatzen, zeren petrolio-paradisua den horretan, Venezuela Saudi deitzen den horretan, milioi eta erdi analfabeto baitzeuden, eta orain ikasten ari dira; hortik ondoriozta daiteke komunikabideen haserre bizia, komunikaziozko direla aldarrikatzen duten horiena. Jendea inkomunikatzen baitute; komunikazio inkomunikatzailea. Hortik ondoriozta daiteke, baita ere, azken hauteskundeen eta aurrekoen emaitza, hor badagoelako herri bat zeinaren jarrera ongi baino hobeki laburbiltzen baita berriki galdekatutako venezuelar txiro batek esandakoarekin, inolako diskurtso baino adierazgarriagoa delako. Hala esan zuen: nik ez dut Chavez joaterik nahi, ez dudalako berriz ikusezin izan nahi.