Nina Simone, pasaporteko izenez Eunice Kathleen Waymon (AEB, 1933 – Frantzia, 2003) kasik aurkezpenik behar ez duen musikari aparta; pianojolea, abeslaria eta konpositorea, AEBetako beltzen eskubide zibilen aldeko borrokalari nekaezina. “Soularen abade gorena” izendatuak txiki-txikitatik agertu zuen musikarako dohain aparta, hiru urterekin pianoa jotzeko gai zen. AEBetako musika eskola handienetan sartzen saiatu zen, Filadelfian zein New Yorken baina ez zuten hartu, Simonek beranduago jakin zuenez, beltza zela-eta. Bikaintasuna, baina, ezin izan zuten luzez ezkutatu, Simone Filadelfiako taberna batean hasi zen kantuan eta disketxe txiki bati arreta eman zion. Hortik aurrera, zuzenean gorantz ilargira arte.
1970 inguruan AEBetatik alde egin zuen, Martin Luther Kingen erailketaren ondotik. Ezin zuen gehiago jasan segregazioaren zama. Barbadosen, Suitzan, Ingalaterran eta Frantzian bizi izan zen.
Gaur dakarkiguna, baina, atzerriratzea baino lehenagokoa da, 1969ko udakoa hain zuzen, New Yorken antolatu zen Harlem Cultural Festival-ean emandako kontzertu baten zatia. Aipatu jaialdia AEBetako beltzek sortutako artea sustatzeko eta garaiko harrotasun beltzaren mugimendua bultzatzeko sortu zuten. Simonek “Four women” (Lau emakume) kantatu zuen bertan. Abestiko emakume bakoitzak hezurmamitzen du emakume beltzen gainean jendartean (ze)(da)goen estereotipo/arketipo bat. Modu doilorki kuriosoan, zenbait entzulek arrazistatzat hartu zuten abestia eta hainbat irrati-kate onberetan debekatu egin zuten.
Datorren hilabetean beteko dira 10 urte Simone zendu zela. Hona gure omenaldia, adiorik ez.
[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=a_f80xpq7qA]
Nire azala beltza da
Nire besoak luzeak
Nire ilea kizkurra
Nire bizkarra indarrez betea
Indar nahikoa hartzeko min dena
Behin eta berriz egin didatena
Nola esaten didate?
Nire izena da Izeba Sarah
Nire izena da Izeba Sarah
Nire azala horia da
Nire ilea luzea
Bi munduren artean
Kokatzen da nirea
Nire aita zen aberatsa eta zuria
Ama bortxatu zuen gau ilunaren azpian
Beraz, hemen nago.
Nola esaten didate?
Nire izena da Saffronia
Nire izena da Saffronia
Nire azala beltzarana da
Nire ilea ongi dago, leuna da
Baina nire aldakek gonbidatzen zaituzte
eta nire ahoa ardoa lakoa da
Zeinen neskatila naiz ni?
Zure izan naiteke nahi baduzu erosi
Nola esaten didate?
Nire izena da…
Azukre Koxkor
Nire azala marroia da
Nire manerak latzak
Ikusten dudan lehen ama hiltzen dut
Gogorregia izan baita nire bizitza
Gogorregia, eguzki bero hau, gogorregia!
Zeharo mingostuta nabil egunotan
gurasoak esklaboak izan nituen-eta
Nola esaten didate?
Nire izena da…
PEACHES!
martxoa 14, 2013 @ Danele