Ironiaz

martxoa 17, 2013 @


Sócrates

Berriako Hirudia ataleko zortzigarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

Literatur kritiketan eta liburu-aurkezpenen kroniketan usu aipatzen dute kazetariek, autoreak esana ala haiek ondorioztatua, liburuak kontaketa ironikoa duela edo idazleak ironiaz landu duela gaia, zeinahi dela ere. Bilaketa azkar eta ez oso profesional batek erakusten digu gurean ere gertatzen dela; Sinplistak, Baita hondakinak ere eta Urtebetetze festa poesia-liburuen kritikek hala aipatzen dute, esaterako. Oro har, ezaugarri positibotzat hartzen da ironia, eta autore batzuek ere nabarmendu egiten dute beren liburuen berri ematen dutenean. Bada aldarri esplizitua egiten duenik ere, Gerardo Markuletak kasu: «Ironia beharrezkoa da, egun epikak eta lirikak gutxi baitute esateko».

Ez da gutxiagorako autoreek beren buruari ezaugarri hori ezarri nahi izatea, handitzat ditugun autore anitzei ere jarri izan dieten etiketa baita. Platonek, dialogoetan, Sokratesen esanak ironiko egin zituen, egiaren bila; besteak beste, Oscar Wilde, S¿ren Kierkegaard, Paul Auster eta Jorge Luis Borgesen idatzi anitz ironikotzat jo dituzte. Libre eginen gintuen lau ezaugarrietako bat zen Albert Camusentzat ironia: faltsua den hori ukatzeko eta, askotan, egia esateko arma. Beren bibliografian errepikatzen den elementua denean, autoreak bihurtzen dira ironiko. Sarkasmoa, ironia, satira, umorea eta absurdoa maiz nahasten diren arren —zer esanik ez antzerki lan batez ari bagara—, lehenengo hirurak umorearen edo absurdoaren literaturan ageri ohi diren figurak direla esan daiteke, genero edo korronte jakin batean kokatzeko bereizgarritzat hartzen diren adierazpen-moldeak.

Pragmatikoki, ironian, esan nahi ez den eduki bat daukagu, eta inplikatutzat jotzen den beste eduki bat. Orain lau urte edo, Joana Garmendia filosofoak ironiari buruzko tesi bat aurkeztu zuen; haren iritziz, «esaldi ironikoek beti dute kritikaren eitea». Beraz, hiztun ironiko orok du kritikatzeko asmoa (hor uler bedi kritika balorazio negatiboaren zentzuan). Inplikatutzat jotzen den zerbait adierazi nahi da, hortaz, helburua kritika izanik. Jakintza komuna izanen da igorle eta hartzailearentzat inplikatutzat jotzen den hori, helburua beteko bada; «solaskideen artean zubiak eraikitzen ditu ironiak».

Idatzizkoan korapilatsuagoa da, batez ere idazleak eta irakurleek adierazi nahi den ezagutza edo kritika hori komunean ez dutenean. Eta hala gertatzen da bereziki paperezkoan edo webguneetan plazaraturiko testuetan; langabezian edo izugarri jarria egon behar du irakurleak artikulu-ironiaz-blaituetako kolegismo-keinu edo zehar-sastakada guztien erreferentea nor den jakiteko. Ez dakit Garmendiak zer esanen zukeen honi buruz, baina, iruditzen zait, gainera, ezkutu bezala erabiltzen dela ironia gaur egun, izen-abizenez sinatzen denean, betiere. Ironiaren bidez idazleak eraikitzen duen gotorlekuaren babes eta erosotasunetik egiten da.

Erabilera jakin horrek zirrikiturik txikiena ere ez du uzten, eta beti egonen da zalantzarako tartea, ihes egiteko bide bat. Zirrikitua handitzeko asmoz hazka egiten baduzu, mamuak ikusten zabiltzala esanen dizute, zure interpretazioa okerra dela (baina ez zein den zuzena). Lagun batek dioen gisan, ahoa zabaltzen lehenak galdu eginen du, ezinbestean.

Halaber, autokritika egiteko erabiltzen da anitzetan ironia, eta batzuek, Karlos Linazasorok kasu, hala aldarrikatzen dute, autoironiatik abiatzen ez den ironia eraginkorra ez delakoan. Susmoa dut, ordea, ongi erabiliz gero, autorearen irudia sendotzeko ere balio duela: zama negatibo hori arindu, eta garaile ateratzen da. Sadomasokismoan bezala, bere burua zigortuz loriatsu da autorea. Edo Tartuforen antzera, nolabait.

Beharbada ez da deus gogoangarririk aterako azken idazle belaunaldietatik, baina ironiaren maisuak barra-barra sortu dira. Hori ez da auzia, baizik eta zertarako erabiltzen den ironia: bitarteko gisa kritika argi bat egiteko, ala norberaren posizioa ezkutatu eta kritikaren funtsa lausotzeko?

Tags:  , ,