Euskal labelaren atzeko literatura

martxoa 20, 2013 @


label

Nerea Eizagirreren kolaborazio batekin gatoz oraingoan. Literaturaren, eta, zehazki, horri euskal etiketa gehitzerakoan esan nahi denaren eta horrek ekar ditzakeen buruhausteen inguruan mintzatu zaigu. Zumaiarra da Nerea, eta orain Bartzelonan dago, Literaturaren teoria eta literatura konparatua ikasten. Espero dugu aurrerantzean maizago izanen dugula bere berri. On egin!

 

Literatura hitzaren esanahia gaur egun nahiko argi izanagatik, “helburu artistikoekin idatzia dagoen testu oro”, urteetan zehar hainbat aldaketa izan ditu. Garai batean, testu idatzi oro hartzen zen literaturatzat (gutun pertsonaletatik, diru kontuetaraino), eta era berean, egun literatura deitzen diogun horri berandura arte “poesia” deitzen zitzaion, nahiz narratiban idatzia egon. Horregatik, XVIII-XIX. mendean finkatu zen literatura egun ulertzen dugun kontzeptu gisa. Gainera, esanguratsua da jada literatura aditzean idatzizkoari egiten diogula aipamena zuzenean, literaturaren hastapenak ahozkoak izanagatik.

    Bestetik, euskal literatura zer den definitzen hasi aurretik, esan beharra dago literaturak nazionalitateka banatzea berau antolatzeko modu bat dela. Banaketa nazionala era orokortuena izanagatik, teoria literarioaren perspektibatik, literatura bere zabaltasunean aztertzeko joera dago, werthliteratur (Goethek aipatutako terminoa), edota Literatura Unibertsal bezala ulertzen baita. Hizkuntza edota nazionalitate hesirik gabe, txarrantxa historiko edota generorik gabe, literatura bere osotasunean pentsatzen da.

    Baina osotasuna harrapatu nahi izatearen asmoa ona izanagatik, aipatu beharra dago sarriegi asmo hutsean gelditzen dela, eta are gehiago, “trikimailu ideologikoak” ezkutatzen dituela. Izan ere, literatura unibertsalarekin ahoa erraz betetzen dugu, baina gehienetan ez dugu Mendebaldekoa ez den autorerik apenas aipatzen, edota, era berean, Mendebalde barruan bizi diren talde txikien literatura ere zeharo ahazten dugu: emakumeek idatzia, hizkuntza minorizatuena, etnia baztertuena, nazionalitate ez-ofizialena… Werthliteratur-etik pentsatzen eta aztertzen ari garela uste badugu ere, gehienetan gure buruetan soilik literatur espainiar, frantses, ingeles, aleman eta italiarra ditugu. Hauexek baitira Mendebaldeko imaginarioa eraiki duten kultura nagusiak. Horrexegatik, diskurtso hegemonikoa arrakalatu beharra dago, eta konturatu ideologia dominatzaileak nazionalitate-hizkuntza hegemonikoen markoari deitzen diola Unibertsal.

    Behin hau guztia kontuan izanik, euskal literatura definitzen saiatzen hasita, ezinezkotasunarekin eginen dugu topo. “Euskal” adjetiboak esango nuke bi kontzeptutara garamatzala. Alde batetik, euskaraz idatzia egotea, eta bestetik Euskal Herriaren errealitatetik eta haren baitan kokatzea sorkuntza literarioa. Bi ardatzok bat egiten dutenean, ez da zalantza izpirik euskal literaturaz ari garela. Baina zer gertatuko litzateke, demagun, nobela bat gazteleraz idatzia baina euskal imaginarioan kokatzen dena zeharo, eta pertsonaia nagusitzat euskaraz idazten duen idazle bat izango balu? Adibide kizkurra da, baina esango nuke gure literaturan halakoak maiz gertatzen direla, sarriegi euskal literatura edota euskal kultura hauspotzen duten adierazpen edota ekimenak egin izan baitira, baina erdara hutsean.

    Bestetik, kontrako adibidea. Euskara jatorrean idatzitako literatura, baina Euskal Herriaren errealitatea ahazten duen testu literarioa, demagun bere literatura sistema literario espainiar edota frantsesaren barruan kokatzen duen idazlea. Adibide hipotetikook aipatu baditut, euskal literaturak bizi duen normaltasun eza azaleratzeko izan da. Hizkuntza normalizatuen sorkuntza literarioak ez du halako definizio beharrik, Italian jaiotzen denak ez du italieraz idazten duela justifikatu beharrik, edo zer den italiar literatura pentsatu beharrik. Idazleek idazten dute, eta kitto.
 
    Hamaika galdera jaurti ditut, eta erantzunik ez. Argi utzi dudana da ez dudala argi euskal literaturaren mugak non hasi eta non bukatzen diren. Baina duda-mudarik gabe, literatura nazional hegemonikoekin alderatuta, aparteko kriterioetatik eraikitzen da haren definizioa. Horrekin esan nahi dudana zera da, gazteleraz edota ingelesez idatziriko testu bat “testu literario” bat dela, eta aldiz euskaraz idatziriko testu literario bat “euskaraz idatziriko testu literario bat” dela, eta inoiz ezingo dela “testu literario eta kitto” izatera iritsi. Ez, behintzat, Euskal Herriaren errealitatea onartua izan, eta euskara normalizatu artean.