Itzultzaileak mintzo: Irene Arrarats

apirila 9, 2013 @


i-arrarats

Kolaborazio batekin gatozkizue oraingoan. Maialen Berasategik elkarrizketa mamitsua egin dio BERRIAko itzultzaile eta zuzentzaile eskarmentudunari, eta elkarrizketatzaileak berak bidali dizkigu argazkiak eta idatzi sarreratxoa. Egunkariaren bilakaeraz, zuzenketaren jardunaz eta miseriaz, hizkuntzaren normalizazioaz, eta beste kontu interesgarriak dakarzkigu Irenek. Guk, beraz, ez dugu deus gehiago esanen, guztia hor duzue-eta. Mila esker bioi, eta badakizu, Maialen, nahi duzunera arte!

Irene Arrarats (Hernani, 1967) Berria egunkariko euskara taldeko arduraduna da. Historia ikasi zuen, baina, 1991. urtean, Euskaldunon Egunkaria-n zuzentzaile bila ari zirela eta, euskararen munduan hasi zen lanean, irakasle baten gomendioari esker.

 

Nolakoak izan ziren lehen urteak Egunkaria-n?

Oraingo ikuspegitik begiratuta, Egunkaria-n hasi nintzenean ez dakit oso prestatuta nengoen lan horretarako. Egia esan, ez dakit orduan inor prestaturik zegoen lan hura egiteko. Lankide batzuk ni baino prestatuago bai, baina, oro har, exijentzia askoz ere txikiagoa zen. Egunkaria-ren hasieran denok ginen oso gazteak. Batzuek bazuten esperientzia prentsan, baina beste batzuk han aritu ginen lehenengo aldiz prentsan, eta guretzat ikasteko makina bat izan zen.

 

Beste garai batzuk ziren, eta lan egiteko modua ere ezberdina izango zen oraingo aldean, ezta? Baliabideen arloan, esaterako.

Gaur egun, Internet daukagu, gaikako hiztegiak dauzkagu, Euskalterm… Orotariko Euskal Hiztegia bukatua dago, Hiztegi Batua ere badago (oraintsu gehitu dizkiete definizioak lehenengo pasaldiko hitzei)… Garai hartan, hiztegiak bazeuden, baina gutxi batzuk, eta txikiagoak: Kintanaren hiztegia, Plazido Mujikaren hiztegiak, UZEIk eginak zituen batzuk… Baina, noski, horiek Euskaltermen bidez kontsultatu edo liburukote haietan kontsultatu, alde ederra dago. Dena dela, kontua ez da bakarrik hiztegiak bazeuden edo ez zeuden; hiztegiak aparte utzita, egunero tokatzen zen zer edo zer itzuli beharra eta delako zera hori hiztegian ez agertzea, neologismo bat zelako, edo gauza berriren bat; orain, gutxienez, baduzu non begiratu jakiteko zer den. Izan ere, egunkari batean, edozein arlotako edozein gauza ateratzen da edozein egunetan… Eta, jakina, kazetaritzako prosa eredu garbirik ez genuen… Hori zen okerrena. Gauza soilak kontatzeko ere, zenbat buelta alfer-alferrik… Gaur egungo baliabideekin ohituta, atzera begiratu, eta ez dakit oso ondo nola lan egiten genuen.

 

Moldatzen zineten, nolabait.

Bai, moldatzen ginen. Larrituta, burua hautsita.

 

Dena den, esan duzu exijentzia ere bestelakoa zela orduan.

Bai, dudarik gabe. Beharbada, orain ez gara konturatzen, baina orain askoz ere gehiago exijitzen zaio kazetariari, baita hizkuntzaren profesionalari ere oro har (zuzentzaileei, itzultzaileei…). Horrela izan behar du, noski. Horrela egiten da aurrera. Gaur egun, gazteek beharbada beste gabezia batzuk izango dituzue, baina askoz ere gehiago landu duzue zuen prestakuntza.

 

Hasi eta urte batzuetara, euskara taldearen ardura hartu zenuen. Nolako aldaketa izan zen hori?

Nik ardura hartu nuenerako, bidea hasia zegoen, nolabait. Niretzat, ez zen izan hutsetik hastea. Ni baino lehen, Txiliku eta Patxi Petrirena aritu ziren. Asko ikasi nuen haiekin, baita gainerako lankideekin ere: Beatriz Zabalondorekin eta abar. Arian-arian, eguneroko lanak asko irakasten dizu, eta lankide onak izatea ere funtsezkoa da. Lan egiteko eta hizkuntzaren zoko guztiak miatzeko gogoa baldin badaukazu, oso ondo pasatzen duzu, asko ikasteaz gain. Nik zorte hori izan nuen: ardura hartu baino lehenago, zazpi urte pasatu ziren, eta, denbora horretan, zuzentzen eta itzultzen aritu nintzen, lankideen gauza on guztiak ikasten… Bidea poliki egin dut, eta hobe horrela.

Batzuek pentsatzen dute zuzentzaileok-eta oso jende antipatikoa garela, eta beti gabiltzala bideak ixten, debekatzen, sormenari mugak jartzen… Baina gure eginkizuna justu kontrakoa da.

Pixka bat azaldu duzu, baina zein da, zehazki, Berria-ko euskara taldearen lana?

Labur-labur esateko, hizkuntza eta estilo irizpideak zehaztea eta betearaztea. Euskara taldeak jokalekua zehazten du. Aztertzen dugu egunkari jeneralista eta nazional batean zer eredu izan litekeen egokia batez besteko irakurlearentzat, kontuan harturik euskalki guztietako kazetariak eta irakurleak daudela. Askotariko jendea dago irakurleen artean: euskaltzainak, idazleak, itzultzaileak, euskara ikasten ari direnak, euskaraz sekula alfabetatu gabeak izanik ere euskaldun zaharrak direnak… Hartzailea oso heterogeneoa da. Beraz, euskara taldeak gure jokaleku hori zedarritu behar du, hori mugatu, edo, paradoxaz eta zehatzago esateko, jokaleku hori zabaldu. Izan ere, batzuek pentsatzen dute zuzentzaileok-eta oso jende antipatikoa garela, eta beti gabiltzala bideak ixten, debekatzen, sormenari mugak jartzen… Ez da hori kontua. Euskara taldearen espiritua eta eginkizuna kontrakoa da justu: jendeari bideak ematea hizkuntza baliabideak lantzeko, gero norberak aukera dezan nola esan nahi dituen gauzak, hainbat faktoreren arabera: zertarako ari den, zer-nolako generotan, zein produktutan (ez bailuke gauza bera izan behar Berria-n idatzi edo Gipuzkoako Hitza-n edo Mantangorri-n). Kazetari batek, ondo idazteko, erregistro asko izan behar ditu, baliabideak landu behar ditu. Esate baterako, kontuan izan behar du bere euskalkian zenbateraino erabiltzen den hitz bat edo zenbateraino den txokokeria bat. Baina, berez, kazetariak ez dauka denborarik gauza horietan guztietan pentsatzeko; laguntza behar du alde horretatik, eta euskara taldea dago laguntza hori emateko.

 

Hori dena zertan gauzatzen da?

Etengabe estilo liburua lantzen aritzen gara, irizpideak argi egon daitezen. Horretaz gain, euskara taldekook kontsultei erantzuten diegu, hizkuntz arazoen konponbideak proposatu, testuak zuzendu, eta iritzi artikuluak eta erdal kolaboratzaileen erreportajeak-eta itzuli. Kontuan izan behar da zuzentzailea egunkariaren lehen irakurlea dela. Zuzentzaileak arazoak baldin baditu zerbait ulertzeko, oso litekeena da irakurleak ere arazoak izatea. Eta egunkari bateko testuek ez dute problematikoak izan behar, ulermen aldetik behintzat. Eta horrekin ez naiz egiten ari sinplekeriaren apologiarik.

 

Zuk idatzia: “Euskal prentsan […] harroxko dabil politikarien sasi-hizkera hutsal handiustea —baita politika baino kontu xeheagoak darabiltzagunean ere—, erdal administraziotik datorren estilo gordin aberats ustekoa. Eta ahaztuxe dugu ahozko tradizioaren dotoretasuna —ez bedi nahas, arren, arrunkeriarekin eta txokokeriarekin—.” Egia da gutxik lortzen dutela “normal” idaztea eta asko saiatzen direla “normaltasunez” idazten?

Nire ustez, euskararen normalizazioan egiten ari garen bidetxo honetan, arazo handienetako bat hau da: egiazko euskararen transmisioan izan den eten latza. Izan ere, batzuek bai, baina oraingo gazte gehienek ez dute nik nire gurasoei aditu diedan euskararen berririk batere. Irakurri, irakurtzen dugu, baina klasikoak, noski, inork ere ez ditu irakurtzen. Leitzen baditugu ere, ez diegu kasurik egiten estilistika aldetik-eta. Baina kasu egin beharko genieke. Beti gabiltza euskaraz ezin ote den esan hau eta bestea; badakigu erlatibozkoa oso zaila dela eta arazo estruktural batzuk badituela euskarak. Baina euskal prentsan agertzen diren testuen arazo gehienak konpontzen errazak dira. Konponbide horiek klasikoetan daude, idazle onen liburuetan (eta klasiko esaten dudanean, ez naiz ari Axularrez bakarrik; Atxagari buruz ere ari naiz), baita ahozko mintzo normalean ere. Hor badago belaunaldi bat elebiduna izanagatik euskarari bizi-indar handiarekin eutsi ziona, eta ez erdi totelka. Nahiz eta belaunaldi hori gehienbat ahozko munduan aritu den, nahiz eta gutxi idatzi duen, diskurtsoa antolatzeko era horretan asko dago ikasteko eta gure testuetara ekartzeko.

 

Baina, horren ordez…

Horren ordez, beste sasi-eredu batzuetara jotzen dugu, erdarazkoetara. Eta, askotan, jabetu ere ez gara egiten. Beraz, gaztelaniaren egitura imitatzen baduzu euskararen egiturarekin, mordoilo bat ateratzen zaizu.

 

Hori da, beraz, badatorren belaunaldiaren gabezia handienetako bat?

Ez dakit oro har hala den, baina kazetari lanetan hasten diren gaztetxoen arazoa, behintzat, hori da: egiazko euskara horren transmisioa eten egin dela. Adibidez, 22 urteko gazte batekin hitz egin, eta esango dizu, lasai-lasai eta zintzo, nekazal hitza bizi guztitik esan dela bere herrian. Azken urteetako asmakeria guztiak erabat normalak eta euskarazkoak iruditzen zaizkio: esaten badiozu esposaketa ez dela erakusketa, hots, esposatu hitzak, berez, ezkondu esan nahi duela, harritu egingo da, eta pentsatuko du hori gauza berri bat dela. Gainera, hizkuntzaren alderdi guztietan gertatzen da hori: hiztegian, joskeran eta denean. Fraseologia eta estilistika aldetik txukun samarra izateko, belarria zorroztu egin behar da, aldamenean hiztun onak edukitzeko zortea izan, irakurtzeko gogoa izan, eta formari ere erreparatu. Esaterako, puntuazioa ez digute inon irakasten, eta, hala ere, jende guztiak dauka bere teoriatxoa puntuazioari buruz. Gauzak landu egin behar dira, ordea, idaztea teknika bat baita. Eta profesionala baldin bazara, landu egin behar duzu.

 

Eta jendea prest ikusten al duzu horretarako, oro har?

Oro har, bai. Jendea prest dago ikasteko, baina iruditzen zait batzuetan ez garela jabetzen zer gabezia ditugun. Gaztetan, pentsatzen dugu dena dakigula, baina dena daukagu ikasteko. Denoi gertatu zaigu hori, eta oraingo gazteek ez dute zertan lehengoak baino hobeak izan. Hala ere, agian oker nago, baina iruditzen zait ia-ia badagoela gaizki, naturaltasun ustezko batez idaztearen apologia bat; eta euskaraz bakarrik, beste hizkuntzetan ez baitut ikusten halakorik. Profesionalei buruz ari naiz, edo erdi profesionalei buruz, eta oihartzun publikoa duen komunikazioari buruz, Internet barne. Normala iruditzen zait, noski, SMSetan eta lagunarteko komunikazioan jendeak ekonomiara jotzea eta informal aritzea. Baina profesional bat baldin bazara, eta Twitterren ari bazara, oihartzun publikoa duen leku batean, harrigarria egiten zait fonetismoetara jotzea, esaterako. Gaztelaniaz, seseoa edo sisipasa duten herrialdeetan, adibidez, ez ditut imajinatzen kazetariak eta hizkuntzarekin lan egiten duten profesionalak z-k s-ekin ordezkatzen, jakinaren gainean.

Kasu egin beharko genioke klasikoen estilistikari, eta belarria zorroztu.

Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?

Hori haiei galdetu beharko litzaieke. Beharbada, esango dute: “Batuak ez gaitu asetzen, eta beti batuan aritzearen aldekook duzue kulpa: ez duzue osatu denok gogobetetzeko moduko baturik”. Nik amesten dudan batua idazle eta itzultzaile batzuen testuetan ikusten dut; eta desideratum hori ez da justu Berria-k gaur egiten duena. Nik hobea nahi dut Berria. Baina denon ekarpenak behar ditu batuak benetan denok gogobetetzeko modukoa izan dadin. Pentsatzen baldin badugu gure euskalkiko hitzak edo joskerak ez direla batua, eta batuan idazten dugunean egiten baldin badugu halako gauza arraro aseptiko koloregabe erdal kutsuko bat, orduan, noski, premia sentituko dugu gertuagoko zerbait izateko, eta mutur batetik bestera joango gara: pasatuko gara Koldo Zuazok Marteko euskara deitzen duen horretatik gauzak nork bere etxean esaten dituen bezala idaztera. “Obe geyo”, eta halakoak, esate baterako. Bide horiek ez dute balio testu estandarretan, hizkuntzaren zero graduan. 

 

Zuzentzailearen lana, orduan, esker txarrekoa da?

Esker onekoa, behintzat, ez da.

 

Euskal zuzentzailearena gogorragoa da, agian, hizkuntza gutxitua eta erabat estandarizatu gabea izaki?…

Euskaraz beharrezkoagoa da, ordea. Dena den, tirabirak izatea normala da: ikuspegi bat baino gehiago dago beti. Alde horretatik, prentsan ari garen zuzentzaileontzat, zoragarria da aukera izatea idatzi duenarekin hitz egiteko, askotan ez baitugu modurik izaten (kanpoko kolaboratzaileekin, adibidez, ia sekula ez). Hori alde batera utzita, zuzentzaileak oso kritikoa izan behar du bere buruarekin, oso kontuz ibili behar du; izan ere, beti besteren testuekin ari da, eta jakin behar du (eta hau ikastea kostatzen da gehiena ofizio honetan) bere maniei eta kapritxoei galga jartzen. Ez du aldatu behar ezer ezin badu argudiatu zergatik ari den aldatzen. Zuzentzailea ere profesionala da, eta gogoan izan behar du testua ez dela berea. Gure kasuan, testua kazetariarena da, baina Berria-rena da lehenik eta behin. Hori guztia ezin zaio ahaztu ez kazetariari eta ez zuzentzaileari. Bestalde, kontuan hartu behar da prentsan zuzentzaileak aldaketa asko egiten dituela; ez ditut sekula kontatu, baina aldaketa asko dira, ehunka egun bakarrean. Eta oso bakanetan etorriko zaio inor esatera: “Eskerrak konturatu zinen hau horrela jarri nuela”. Inoiz okertzen bada, ordea (eta okertuko da, noski, humanoa den aldetik), orduan bai, kargu hartuko diote. Dena den, zuzentzaileak badaki egunkaria aurreko egunean nola zegoen, eta badaki irakurlearengana nola iritsi den; hori ikusteak ematen du nahikoa satisfazio.

 

Urteak kontuan hartuta, aurrerapena nabarmena izan da, bai euskarazko prentsan eta bai euskararen normalizazioan, oro har. Egunerokoan, ordea, inurri lana dago, eta lan hori nekagarria eta etsigarri samarra izan daiteke batzuetan. Hala eta guztiz ere, lorpen txiki horiek merezi dute, ezta?

Nik, tarteka, ariketa bat egiten dut. Egunen batean deprimitu egiten banaiz hanka sartzeren bat egin dugulako edo titulu aldrebesen bat atera dugulako (halakoak nahi baino maizago gertatzen baitira), Euskaldunon Egunkaria-ren lehenbiziko zenbakietako bat hartzen dut, eta depresio guztia pasatu egiten zait. Badakit gauza asko daudela hobetzeko, baina ez dago dudarik asko hobetu dela. Alde horretatik, zoragarria da ikustea zenbait profesiotan zenbat aurreratu den: itzulpen literarioan, esaterako; baita irakaskuntzako materialean ere. Eta iruditzen zait euskal prentsa ere bide onetik doala, bere on-gaitz guztiekin.

Zuzentzailea beti besteren testuekin ari da, eta jakin behar du bere maniei eta kapritxoei galga jartzen.

Geroari begira, zer susmo, zer irudipen?

Gaur egun, paperezko egunkariak kinka larrian daude. Aurreko batean, lankide batek zera esan zidan: “Papera hilda dago!”. Baina nik uste dut papera bere buruaz beste egiten ari dela. Telebista sortu zenean, jendeak uste zuen irratia desagertu egingo zela. Zorionez, ez da desagertu. Egia esan, Internet zoragarria da. Baina egun, Interneten uholdearekin eta tsunamiarekin, jendeak galdutzat eman du papera, eta horregatik iruditzen zait bere buruaz beste egiten ari dela. Ez dakit zer gertatuko den, baina paperak badu bere lekua, nire ustez. Moldatu egin behar duela, beste zerbait eskaini behar duela, hori argi dago. Baina desagertu…? Iruditzen zait, izatekotan, bere burua hilko duela. Eta hori oso lotua dago euskararen normalizazioarekin, gezurra badirudi ere. Interneten eredu koherente, libre eta sortzaile bat lantzea askoz ere zailagoa da. Edozerkeriak atea irekita dauka, eta, alde horretatik, niri kezka pixka bat sortzen dit. Bideak jarri beharko dira jendeak segi dezan bere adierazpideak eta baliabide linguistikoak lantzen eta Interneten ere erabil ditzan, baina errazkerian eta edozerkerian erori gabe, profesionalei dagokien moduan, kobratu egiten dugu eta. Gainerakoak libre dira, baina hizkuntzaren profesionalak kontuz ibili behar du.

Egunkaria2