Getariako tailerkideei eta gidariari.
Mugarria. Nekez definitu liteke doiago Joe Brainard (Salem, Arkansas, AEB 1941 – New York City, AEB 1994) artista estatubatuarraren I remember (Angel Hair, 1970) lana, autofikzio egiati eta gozagarria izateaz gain, inspirazio-iturri bilakatu dena hainbatentzat. Paul Auster azkenaldiko ukiezinetako batek irakurri duen liburu zeharo orijinal bakanetakoa omen da, etxean dugun edizioaren kontra-azalaren arabera. Austerrek diosku, halaber, maisulana dela I Remember, gure garaiko liburu ezinbesteko delakoak desagertuko direnean ere iraungo duen harribitxia, hain zuzen. Izugarri dibertigarria eta aldi berean, sakonki hunkigarria.
Eta gu: adosago, ezin.
Baina, Brainard hau nor da? Batik bat margolaria, literatur-lanek ere sona handia eman dioten arren. New Yorken eman zuen bizialdiaren gehiena, Oklahomako haurtzaro eta nerabezaro bakarti batetik ihesi hirira alde egin zuenetik 1960ko hamarkadan. Bostonen ere egon zen urtebetez, bere margolaritzari norabide berria emateko asmotan. Garai latza izan zen baina baita artistikoki emankorra ere, eta New Yorkera itzulita 64an egin zuen bere lehenengo bakarkako erakusketa. Hainbat artista entzutetsu ezagutu eta izan zituen lagun min, aipagarrienak Frank O’Hara eta John Ashbery poetak. Kenward Elmslie editorea izan zuen maitale urte luzez. Guztiak izan ziren New York School deituriko mugimendu artistikoaren parte, surrealismoarekin eta abangoardiarekin lotuta zegoena. Brainardek margolanez gain liburu eta disko azalak ilustratu zituen, saldoka. 1980an margotzeari utzi zion arte.
Eta, zer da liburu hau, funtsean? “I remember…” (oroitzen dut) egitura soilarekin hasten diren oroitzapenen zerrenda luze-luzea, haurtzarotik heldutasunera doana, bakardadetik adiskidetasunera, Oklahomatik New Yorkera. Homosexualitatearen, desioen eta sexuaren jiran. AEBen historia markatu duten gertakari ezagunenak Brainarden eguneroko poz txikienen eskutik agertzen zaizkigu. Eta ezinhobeto funtzionatzen du.
Hortaz, erabaki dugu gure 100. posta ospatzeko (zenbaki borobildun urteurrenekiko makur sendagaitza, besteak baino adierazgarriagoak direla sinesten denez) Brainarden liburuko oroitzapenetako batzuk euskarara ekartzea. Baina ez hori bakarrik. Jada esan bezala liburu honek hainbat autoreren lumak elikatu ditu eta akordu-zerrenda brainardtiarrak argitaratu dira, han eta hemen, munduan zehar; ezagunena, agian Georges Perec frantziarraren Je me souviens (Hachette, 1978). Edurne Garitanok Pamiela aldizkarirako itzuli zituen zenbait pasarte, eta hemen daude irakurgai. Horrez gain ezin aipatu gabe utzi Joseba Sarrionandiaren Akordatzen (Txalaparta, 2004) liburu ederra ere.
Adi, beraz! Hau ez baita amaiera, ezpada hasiera bat eta datozen egunetan, ospakizunaren aitzakian, orijinalez gain elearaziko kideon gomuta fikzionatuak ere aterako baititugu argitara.
Akordatzen naiz nire lehen zigarretaz. Kent bat zen. Mendi gailurrean. Tulsa, Oklahoman. Ron Padgettekin.
Akordatzen naiz nire lehen erekzioez. Pentsatzen nuen gaixotasun hilgarriren bat edo halako zerbait zela.
Akordatzen naiz ama negarrez ikusi nuen aldi bakarraz. Abrikot tarta jaten ari nintzen.
Akordatzen naiz zeinen ongi dastatu dezakeen ur baso batek izozkia jan ondoren.
Akordatzen naiz zein bortizki egiten nuen totelka.
Akordatzen naiz zein gogor desira nuen, institutuan, ederra eta maitatua izatea.
Akordatzen naiz, institutuan, galtzerdi bat sartzen nuela barruko galtzetan.
Akordatzen naiz berriki izan dudan amets batez, zeinean John Ashberyk esaten zidan nire Mondrian boladako margolanak Mondrianenak berarenak baino hobeak zirela.
Akordatzen naiz behin aurpegia atximurkatu nuela azazkalekin, hartara jendeak galdetu ziezadan zer gertatu zitzaidan, eta nik esango nien katu batek egin zizkidala, eta, jakina, haiek jakingo zuten ez zizkidala katu batek egin.
Akordatzen naiz Frank O’Hara hil zen egunaz. Saiatu nintzen berarentzat margolan bat egiten, nolabait berezia. (Bereziki ona). Ikaragarri txarra atera zitzaidan.
Akordatzen naiz Bostonen bizi nintzenean Dostoievskiren eleberri guztiak irakurri nituela, bata bestearen atzetik.
Akordatzen naiz Marilyn Monroe hil zen egunaz.
Akordatzen naiz Frank O’Hara estreinakoz ikusi nuen egunaz. Oinez zihoan Bigarren Abenidan behera. Udaberri hasierako iluntze freskoa zen baina berak alkandora zuri bat besterik ez zeraman, mahukak ukondoetaraino igota. Eta jean urdinak. Eta mokasinak. Oso biguna iruditu zitzaidan. Oso melodramatikoa. Dekadentea. Akordatzen naiz berehala atsegin izan nuela.
Akordatzen naiz bridge-an jokatzen ikasi nuela Frank O’Hara sakonago ezagutu ahal izateko.
Akordatzen naiz Frank O’Hararekin bridge-an jokatzen nuela. (Berriketa, batik bat).
Akordatzen naiz hainbat irailez.
Akordatzen naiz eskolako hainbat lehen egunez. Eta hustasun sentipenaz.
Akordatzen naiz nire gurasoak irudikatzen saiatzen nintzela, egiaz larrutan egiten.
Akordatzen naiz ez nuela sekula besteen aurrean negar egiten.
Akordatzen naiz zenbat lotsatzen nintzen beste haurrek negar egiten zutenean.
Akordatzen naiz egin ez ditudan gauzez damutu naizela.
Akordatzen naiz gaueko Greyhound autobusez.
Akordatzen naiz neure buruari galdetzen niola ea zertan pentsatuko ote zuen autobus-gidariak.
Akordatzen naiz katuen andereaz, beti beltzez zihoana. Eta nylon media pare askorekin. Bata bestearen gainean, bestearen gainean. “Katuen anderea” deitzen zuten gauero irteten zelako katuei jaten ematera. Bere ilea hain zegoen trinkotuta non ez baitut uste ezein orrazik zeharkatu ahal izango lukeenik. Egun osoan kaleetan zehar alderrai ibiltzen zen ez dakit zehazki zer egiten. Beti zeraman aldean bere erosketetarako orgatxoa, paperezko poltsaz betea, zeintzuetan soilik Jainkoak baitaki zer gordeko ote zuen. Bere ustez baziren beste katuen andere gehiago, katuak zaintzen zituztenak Lower East Side inguruetan. Andere hauek zenbateraino zebiltzan antolatuta, hori ez dakit.
Akordatzen naiz behinola zakila eta barrabilak arretaz ikuskatu nituela eta erabat nardagarriak iruditu zitzaizkidala.
Akordatzen naiz fantasiak izaten nituela non zakila gauetik goizera nahikotxo hazten zitzaidan. (Misterio medikoa!)
Akordatzen naiz sexu fantasiak izaten nituela non derrigorrez “funtzionatu” behar nuen.
Akordatzen naiz nire buruari galdetzen niola ea maritxua ematen ote nuen.
Akordatzen naiz egiaztatzen nuela zigarretari modu ez maritxu batean eusten niola.
Akordatzen naiz ez nituela hankak gurutzatzen. (Belauna belaunaren gainetik). Pentsatzen nuen horrek maritxua zirudiela.
Akordatzen naiz egiaztatzen nuela hatz txikia ez zitzaidala kanporantz ateratzen.
Akordatzen naiz talde bileren ostean nire burua gorrotatzen nuela hain aspergarria izateagatik.
Akordatzen naiz amesten nuela oso xarmangarria eta burutsua nintzela.
Akordatzen naiz igande arratsalde hutsetan nolabait barrutik erabat “hutsik” sentitzen nintzela.
Akordatzen naiz igandeko bazkari oparoaz, igande iluntzeko afari arinaz eta biharamunean: “eskola”.
Akordatzen naiz astelehen goizez. Akordatzen naiz ostiral arratsaldeez.
Akordatzen naiz larunbatez.
Akordatzen naiz (zopatuta) txirria hartzeko eskua luzatzen nuela, nahiz eta oraindik ez zidaten egiatan txirri hori eskaini ere.
Akordatzen naiz (zopatuta) munduko pentsamendurik sakonenak zeharo lurruntzen zitzaizkidala arkatz bat topatzeko astirik izan aurretik.
Akordatzen naiz jaunartzeaz eta oso zaila zela barrerik ez egitea.
Akordatzen naiz berri txarrak aditzean irribarre egiten nuela. (Oraindik ere egiten dut batzuetan). Ezin dut saihestu. Besterik gabe irteten zait.
Akordatzen naiz, jaunartzean, barreari eusteko zailena zen uneaz. Mihia atera behar zenuen apaizak ostia bertan paratu zezan.
Akordatzen naiz egun batean psikologiako eskolan irakasleak eskatu zigula eskua altxatzeko sabela erregularki arintzen bagenuen. Ez naiz akordatzen garaian sabela erregularki arintzen nuen ala ez, baina bai akordatzen naiz eskua altxatu nuela.
apirila 15, 2013 @ Danele