(Irudia: Gaizka Iroz. Kazeta.info ataritik)
Euskal letretako detektibe errural bakar eta ezagunenaren abenturak guztiak bata bestearen atzetik irakurtzeko gogoz, abentura egarriz utzi gintuen Iratxe Retolazak herenegun emandako hitzaldiak. Aurtengo literatura eskolako zortzigarren saioan izan zen hori, Txantreako Euskaldunen Biltokian. Bertan, literatur-kritikari eta irakasleak Itxaro Bordaren (Baiona, 1959) pertsonaia enblematikoena hartu zuen solasaldirako ardatz: Amaia Ezpeldoi, hain zuzen. Jada bost eleberritan ezagutu badugu ere (lehenengoa 1994a, azkenengoa 2012an bertan) eta ezin ukatuzkoak diren arren horrek (oparotasunetik beretik hasita) euskal literaturari egin dizkion ekarpenak, aurreikusi litekeena baino murritzagoa da Ezpeldoiren ezagutza (benetakoa, alegia, irakurri izanarena) publikoaren artean eta eleberrien oihartzuna kritikan (sona gehiago izan du, kasu, Bordaren poesiagintzak). Pena bat, zinez. Baina bueno, horretarako daude literatura eskola amateurrak eta horien kronikak.
Ezpeldoiren gorabeherei jarraitzeko saioa hiru urratsetan banatzea proposatu zigun Retolazak. Lehenik eta behin, Itxaro Bordaren nobelagintza osoa aztertuko genuen, horren baitan arreta berezia emanez pentalogiaren egitasmoari (1994an lehenengo eleberria aurkeztean Bordak jakinarazi zuen asmo zuela pertsonaia berarekin bost eleberri idazteko), alegia, nola txertatzen den nobela-boskote hori Bordak ekoitzitako gainontzeko literaturaren barruan. Bigarren urratsean, Amaia Ezpeldoik nobelaren azpi-generoekin duen harremanean ipiniko genuen begirada, izan ere, Retolazaren ustez Ezpeldoiren eleberriek hainbat azpi-genero literarioren parodia egiten dute, azpi-genero horiek gobernatzen dituzten kodeak urratuz. Amaitzeko eleberriek lehenengotik azkenengora josten dituzten ibilbide sinbolikoak izango genituen mintzagai, bazterretik erdigunerako bidai gisa intepretatu daitezkeenak, eta halaber, detektibe zuberoarraren nortasunaren ertzak eta nortasun horren bilakaera jorratuko genuen.
Bordaren nobelagintza osoa eta detektibetarra nola uztartzen diren ikusteko testuinguru apur bat. Alde batetik, gai ekidinezina eta funtsezkoa, euskal emakume nobelagileen egoera eta historia aztertu beharrean gaude. Powerpoint diapositibako zerrendan hogei inguru zenbatu ditugu eta gutxiegi izan direla iruditzen zaigu gaur egun kanoneko erdigunea den generoarekin atrebitu diren emakumeak, duela hiru hamarkada Arantxa Urretabizkaia Zergatik Panpox (Erein, 1979) lehendabiziko harekin plazara atera zenetik. Azpimarratzekoa da, halaber, autore gehienek nobela bana baino ez dutela argitaratu (beste molde batzuetan ugariago aritu badira ere). Oparoena Borda bera dugu 10 lanekin, eta atzetik datozkio Laura Mintegi bostekin eta Arantxa Urretabizkaia laurekin. Aurreikusi daiteke zenbakiak lodituko direla eta horren esperantzaz egingo dugu, hortaz, aurrera. Bordak, halere, 1984an ia erabateko basamortura egin zuen jauzi bere Basilika (Susa) apurtzailearekin. Estreinako hartan jadanik ageri ziren ondorengo ibilbide bordatiar literario osoan ere atzematekoak ginen gai eta sinbolo nagusien aztarnak: parodia eta estereotipoen erabilera, euskal tradizioko eta kulturako botereguneei kritika, turismoari eta ikuskizunaren gizarteari kritika eta begirada homoerotikoa. Hautsak harrotu zituen obrak, eta ondorio mingotsak ekarri zizkion, aldiz, autoreari. Euskal kultur mugimenduan eragindako ezinikusiak medio, Parisera erbesteratu zen eta bertan eman zituen hamar urte lanean.
Eta hain zuzen, 10 urteren bueltan autorearen euskalherriratzearekin batera jaioko da Amaia Ezpeldoi, Bakean ützi arte (Susa, 1994) lanean. Bi urteko epe laburrean hiru abenturako uzta edukiko dugu, 1996an agertuko baitira Bizi nizano munduan eta Amorezko pena baño, biak ala biak Susa argitaletxearen eskutik. Bukatzeko, hamarkada bateko beste etenaldi luze baten ostean etorriko dira pentalogia osatuko duten azken bi aleak: Jalgi hadi plazara (Susa, 2007) eta Boga boga (Susa, 2012). Dena dela, ikusteko dago oraindik ea Ezpeldoirenak benetan egin duen eta ea bost abenturen hasierako planak bere horretan dirauen. Retolazak, adibidez, zalantzak ditu horren inguruan, Boga boga-ri ez baitio behin betiko agurraren itxurarik hartzen.
Nobela beltzen azpi-generoan kokatzen diren arren, sailkapen horren baitan zehatzagoa litzateke agian pertsonaia-eleberria izendapena, izan ere, liburutik liburura Amaia Ezpeldoiren nortasuna zedarritzen eta eraldatzen doa, hainbeste ezen Bakean ützi arte-ko Amaiak ez baitu (ia) zerikusirik Boga boga-ko Amaiarekin. Irakurleari sarritan arreta gehiago pizten dio pertsonaiaren bilakaerak kasuan kasuko intrigak berak baino. Taldean aipatu dugu hala ere, pertsonaia nagusiaren pisuarena ez dela hain arraroa, zeren eta nobela beltzetan tradizionalki detektibeek eta horien izaera bitxiek izugarrizko garrantzia izan dute liburuaren argumentuan (bi adibide besterik ez aipatzearren horren adierazgarri lirateke Sherlock Holmes eta Philip Marlowe), baina Retolazak funtsezko desberdintasun bat azpimarratu digu: holmesak, normalean, abenturatik abenturara pertsona bera izaten jarraitzen dute, alegia, kasuan kasuko holmesaren gizartearekiko mesfidantza edo izaera neurotiko eta bakartia ez da aldatuko liburu batetik bestera; kontrara, Ezpeldoiren identitate sexuala eta ideologikoa taxutzen joan da 94an hasi zenetik gaurdaino, eta geroago azalduko den bezala, hainbat alorretan jauzi nabarmenak eman ditu (pausoz pauso, hala ere).
Kaferako atsedenalditxoaren ostean bigarren urratsari heltzeko ordua da. Amaia Ezpeldoiren nobelek zenbait azpi-generoren kodeak urratzen dituzte Retolazaren ustez: hain zuzen, detektibe, bidaia eta ohiturazko nobelenak. Urraketa horiek zertan diren ikusteko komenigarria da, lehenik eta behin, genero horien kode tradizionalak zeintzuk diren definitzea.
Hasteko, detektibe nobelen kasuan, horiek lotura handia dute hiriarekin, eremu urbanoetan gertatzen dira ia beti eta detektibe gehien-gehienak (ezpada guztiak) gizonezkoak dira. Bazterreko pertsonaiak izaten dira, boterean daudenekin harreman onik ez dutenak eta detektibe lanaz gain funtzionalki ezer gutxi egiteko gai direnak. Ezpeldoi, baina, landako detektibea da, behin eta berriz errepikatzen du abere lapurtuen eta ezkontide ez-fidelen inguruko afera munta gutxikoak direla berari egokitzen zaizkionak eta ez hiriko kontu serioagoak. Hala ere, nobelaz nobela hiriaren eta herriaren arteko dikotomia zorrotzaren mugak lausotuz doaz, eta zuberotarraren gorabeherek iradokitzen digute egiatan muga horiek ez direla jada bere horretan existitzen, gaur egun batik bat, hiria herrira iristen baita masa-komunikabideen bitartez eta era berean, herria ere hirian txertatzen baitihoa. Bestalde, aipatu nahi nuke autodefentsa estrategia gisa interesgarria dela Ezpeldoik egiten duen bere buruaren etiketatze markatu hori, alegia, zure buruari zuk zeuk jartzearena dagokion domina lotsagarria beste norbaitek zure kontra erabiltzeko aukera izan baino lehen. Ezaugarri urratzaileekin jarraituz, Ezpeldoi emakumea da, lesbiana. Detektibe-kide gizonezko askoren joera eta jarrera oso antzerakoak baditu ere (edatea atsegin du, bakarrik eta lotura afektiborik gabe bizi da, maitaleei ez die fideltasunik gordetzen), larrosa edo urdin izateak ikaragarri aldatzen ditu gauzak, alde batetik ageriko arrazoiengatik eta, bestetik, gainera, erakusten duelako portaera batzuk epaitzeko orduan prisma nabarmen aldatzen dela, portaera gizon batena izan ala emakume batena.
Bigarrenik erreparatu diezaiogun ohiko bidaia nobelen moldeari. Lan horietan normalean bada atzerrira bidaiatzen duen norbait, bazter arrotzak ezagutzen dituena eta ondoren bertan ikusi eta bizitakoak errelatatzen dituena, atzera ere bere jaioterriko jendearentzat. Bidaia nobeletan bada gutasun bat bestetasun batetaz diharduena, bestetasun hori deskribatzen eta markatzen duena. Ezpeldoi, ostera, gutasuna da bidaiaren bitatez eraikitzen ari dena. Bidaia ere ez du atzerrira egiten, bere komunitatearen mugen barnean dabil hara eta hona, eta hain zuzen, muga horiek eta muga horien barruko bazterrak dira aztertzen dituenak.
Azkenik, ohiturazko nobelaren parodia ere etengabekoa da Bordaren obran, modu nahiko argian Ezpeldoien eleberrietan. Ohiturazko nobelen oinarri diren estereotipo eta mitoak deseraikitzen ditu, horiek muturrera eramanez, puztuz. Izenburuetatik beretatik hasita: guztiak dira tradiziozko kantuak edo, behintzat, euskal kantu oso ezagunak. Bordak oso ongi ezagutzen du ondarea eta buelta ematen dio. Liburua zabaltzen duzun unean edo ixten duzunean, gauzak ez dira inolaz berdinak, jada ezingo diozu kantuari berdin begiratu, izenburuak hasieran iradokitzen zizuna ez baita bat etorriko liburuak ondoren kontatu dizunarekin.
Amaia Ezpeldoi detektibe erruralak hainbat desagerpen ikertzen ditu bere bost liburuetan, eta desagerpenak kasu guztietan daude lotuta liburua zeharkatzen duen kritika-lerroarekin. Horrez gain, eleberriek beti dute harreman oso zuzena garaiko testuinguruarekin, eta gaurkotasun handiko gaiak jorratzen dituzte. Bakean ützi arte-n nekazari zuberoar bat desagertzen da, eta Ezpeldoi horretaz baliatzen da kolonizazio ekonomikoari, enpresa politikei eta politika ekonomikoei buruzko hausnarketa kritikoak egiteko. Kontuan izan 90eko hamarkadan Zuberoako lurrak ustiatu nahi zituela Frantziako gobernuak gasa sartzeko. Bizi nizano munduan-en Ezpeldoik ezkontza egunean ihes egin duen emakumearen desagerpenari egin beharko dio aurre; familiari eta gizarte instituzioei kritika izango da kasu honetan gailenduko dena. Ondoren, Amorezko pena baño-k intsumiso bati jazotako istripua ikertzera eramango du gure detektibea Nafarroako Bardeetara. Erakunde eta politika militarrak izango dira kritikaren jomuga, eta hortaz, bereziki esanguratsua da ekintzaren kokalekua. Hurrengo Jalgi hadi plazara-n Iparraldeko lau euskaltzain desagertuko dira eta euskararen instituzioen alde ilunenak hartuko ditugu Ezpeldoik hizpide. Amaitzeko, Boga boga-n ETAko militante ohi baten bila abiatzea tokatzen zaio detektibeari, eta horri tiraka erakunde militarrak (nagusiki GAL eta ETA) kritikatuko ditu.
Uneren batean guri ere iritsi zitzaigun eskolari amaiera emateko ordua, ohi baino gehiago luzatzeko aukera izan genuen arren Euskaldunen Biltokiko kideen eskuzabaltasunari esker. Hirugarren urratsari lotu gintzaizkion, beraz, Amaia Ezpeldoiren ibilbide sinbolikoak jarraituz eta horren nortasunaren ertzak haztatuz. Hasiera batean ere aipatu dugu, Bordak Ezpeldoi egitasmoko lehen alea aurkeztu zuen unetik beretik utzi zuen garbi pentalogia bat zuela helburu, bazterretik erdigunerako bidai bat izango zena, Zuberoan hasi eta Donostian amaituko baitzen. Merezi du gogora ekartzea eleberriek egin duten bide geografikoa: Zuberoako Mauletik hasi eta Benafarroako Amikuzera doa hurrengo Amaia, ondoren Tutera eta Nafarroako Bardeetara, gero Bilbotik pasa eta azkenik Baionako bestetan murgilduta amaitzeko (Donostiara bidai txikia egin ostean). Esanguratsua da, oso, hurrenkera, Amaia Benafarroatik Nafarroara (hegoaldera, bazterrekora) baitihoa Lapurdira beharrean, agerian utziz Lapurdi ere hein batean erdigunea dela, hain zuzen Iparradeko erdigunea eta mugimendu berean Nafarroari ahaidetasuna aitortuz, Hegoaldeko probintzietatik baztertua izatearen nortasuna azpimarratuz. Halaber, probintzia bakoitzean hautatzen dituen tokiak ere adierazgarriak dira, beti baitaude mugan kokaturik. Alde horretatik mugaren pentsalaria dugu Borda, niretzat nahiko ondo alderatu daiteke urtarrilean ekarri genuen Gloria Anzalduarekin.
Linguistikoki ere nabarmena da erdigunerako bidea, izan ere, lehenengo liburua osoki dago zubereraz idatzia eta ondorengoak ere ildo beretik dihoaz, nahiz eta gero eta gehiago hurbiltzen diren baturantz, azkenengo biak nolabaiteko estadarrera iritsi arte. Eta nolabaiteko estandarra diot Bordak hain zuzen hobetsitako estandarizazio arruntetik nahiko urrun dabiltzan aukerak jorratu izan baititu beti, ikaragarrizko aniztasuna topatu daiteke bere lanetan, niretzat ezaugarri aberasgarria ez ezik egurasgarria ere badena euskal literaturari dagokionean. Retolazak esan zuenez Bordaren prosa estiloa bera ere bada bere kasa mundu literario bat: erreferentzia klasiko zein garaikideak, hizkuntza aniztasuna eta nahasketa (ingelesetik gaskoierara, “urrutizkin” eta “izparringi” aranarrei muzin egin gabe), lirismo handia… Hori ere interpretatu daiteke, noski, bazterreko izaeraren isla gisa, hizkuntza boterea baita eta, hain zuzen, botereari kontra egiteko modu bat baita botereak zilegitutako hizkera moldea ez erabiltzea. (Butlerri antzeko ideiak irakurri genizkion duela zenbait hilabete).
Ezpeldoirengan hezurmamitzen diren nortasun-gatazka nagusiak (hegemonikoak vs. periferikoak) hiru dira: batetik hiri identitatea vs. identitate errurala, bestetik erdiguneko identitate linguistikoa vs. bazterreko identitate linguistikoa eta azkenik identitate heterosexuala vs. identitate lesbiarra. Aurreneko biak jada landu ditugu aldez edo moldez eta hortaz, amaitu aurretik identitate sexualaren gatazka bakarrik landuko dut sakonean. Ezpeldoik emakumeenganako erakarpena eta estimua hasieratik erakusten badu ere, Jalgi hadi plazara-n Carmen maitaleak akuilatzen duen arte ez du ozenki esaten: lesbiana naun. Bilbon gertatzen da hori. Nolabaiteko sexilioa bilakatuko da Bilbo detektibe erruralarentzat, bertara joango baita bere identitate sexuala definitzera, eta, gainera, hiri bizkaitarra aukeratu izana ez da noski ausazkoa. Batetik, EHko hiri-hiri bakarra (anonimatoa eskain dezakeena) delako eta bestetik, Bilbok mugimendu gay eta lesbianoarekin duen lotura ukaezinagatik (Aitor Aranak gay hiztegian bildu zuenez “Bilbora joatea” ligatzearen baliokidea da). Bestalde, azpimarragarria da sexiliatu arren Ezpeldoik ez dituela uzten ez bere herrialde geografikoa (euskal literaturan ohikoak dira Londres eta Bartzelona askapenerako helmuga gisa), ezta bere komunitatea ere (lagun euskaldunez inguratuta gauzatzen du ikerketa). Garrantzitsua da hori, izan ere euskalduntasuna eta homosexualitatea kontrakotzat, ezin bateragarritzat jo izan baitira luzaroan, alegia, badirudi hautatu beharra zegoela: lesbiana izan ALA euskaduna. Ezpeldoik, baina, bi gauzak ditu bere identitatean, eta ezinezkoa zaio ALArik onartzea, bi ezaugarriok ditu ezinbesteko, are, euskaldunak ezin du lesbiana gabe biziraun, eta alderantziz. Nobelaren amaieran argi gelditzen den moduan:
Maiteminaren sareetan gatibu nintzen eta bihotzak zioen: jalgi hadi plazara, euskara, lesbiana, euskara, lesbiana, eusleskarabianakaralesbeusbianaka.
Ezpeldoiren nortasunaren bilakaera gorabehera, bada beti irmo dirauen zerbait eta hori aipatuz eman nahiko nuke bukatutzat kronika hau. Detektibea bisexualitatetik lesbianatasunera doa, abertzaletasunetik ez-abertzaletasunera, bakartia izatetik lagunkoia izatera; baina sekula ez du trahitzen euskaltzaletasuna, euskara bultzatzea eta erabiltzea ez du egundo zalantzan jartzen eta euskarari kalte edo on egiten dionaren inguruko hausnarketak ere etengabekoak dira.
Maialen Berasategi Catalán
2013-05-02
Bereziki interesgarria iruditu zait erdigunerako bidearena, eta periferiena… pertsonaia nagusiaren bilakaerarena. Eta, batez ere, Bordak gai horiek aurkezteko duen modua, idazmoldea eta ironia fina. Horiek denek ere egiten dute oso berezi, gaien trataerak ez ezik.
Mila esker kronika interesgarri honengatik, Danele! Itxaro Bordaren eta Amaia Ezpeldoiren munduan sartzen hasiak garenontzat akuilu ederra da, bai, barrentzen segitzeko…