Maitasunak (edo zorionaren bilaketa)

apirila 28, 2013 @


mendi urruzuno

(Irudia: Mendi Urruzuno)

Berriako Hirudia ataleko hamargarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

Antzinako Greziatik hasi eta gaur egunera arte, antzerkiak zeregin sozial eta etiko handia izan du. Adierazpide izan da: kalean ezin esaneko kritika bat, aldarri bat edo ezinegon bat plazaratzeko bidea, posizio bat ezagutarazteko edo moralaren harresia pitzatzeko. Harold Pinter aipatzen nuen aurrekoan, baina beste hamaika antzerkigilez mintzo gaitezke, letra taularatzearen bidez gizartearen salaketa egiten dutenak: Henrik Ibsenek gizarteko gai pribatuak arazo publiko egin zituen, Ariel Dorfmanek justiziaz, mendeku nahiaz eta saminaz hausnarrarazteko tortura lerroartera ekarri zuen, eta Elfriede Jelinekentzat beste aktibismo molde bat da antzerkia, hala nola biolentzia eta boterea hezurmamitzeko.

Izan da, baita ere, itxuraz kontrakoa aldarrikatzen zuenik ere, Eugène Ionesco kasu; gaitzetsi egiten zuen antzerki konprometitua, gertaera politiko-historikoak pasadizo hutsa ziren berak maite zuen absurdoaren antzerki existentzialistaren aldean. Ionescoren teorizazioan ez ziren, antza, konpromisoa eta metafisika bateragarri. Federico Garcia Lorcarentzat, aldiz, herria eraikitzeko tresna adierazgarri eta baliagarrienetako bat zen teatroa, herriaren handitasuna edo gainbehera neurtzeko barometroa. Argi zioen antzerkia sustatzen ez duen herria hilik edo hilzorian dagoela, eta, era berean, gizartearen taupada kontatzen ez duen antzerkia «denbora-pasa-deitutako-gauza-izugarri-hori» baizik ez dela. Ildo beretik, Paulo Gaiger zuzendariak antzezleen ahalmena nabarmendu izan du behin baino gehiagotan: «Egiten dutena ulertzean, pertsonaiekin ikasten saiatzean, aktoreek arte dramatikoaren ahalmenari eta beren herritar jarrerari beste dimentsio bat ematen diote. Antzerkia eta horrek berezko duen funtzio soziala agerian geratzen dira koherentzia dagoenean, proposamen estetiko bat eta edertasunaren bilaketa daudenean, egiten denaren kontzientzia dutenean».

Gurean, Antzerti aldizkaria sortzean, 1932an, aurkezpen testuan esaten zen «euskera ta gure Erria, antzertiaren bidez suspertzea» zuela egitasmoak helburu. Arestik antzerkia euskaratzeari buruzko lehenengo teorizazio garaikideak egin zituenean («munduko teatroa estudiatu behar dugu, bide horretatik perma eta abia»), ez zen ari itzulpenari buruz bakarrik; abangoardiaren lanak gurean txertatu nahi zituen, eta haiekin jarduna eta pentsamendua, euskaraz egiten zen antzerkia berritu, obra iraultzaileak eta konprometituak ekarri, garaian Euskal Herrian egiten zena moralistatzat eta garbizaletzat baitzuen.

Aldarri egin nahia bizirik dago oraindik ere euskaraz egiten diren antzezlanetan, zer aldatua ez baita falta. Azken obretako batek miseria guztien gainetik pozaren eta edertasunaren aldarria egiten du, eta ikus-entzulea partaide, ekintzaile, bihurtzen, Jabi Barandiaran, Oier Guillan, Idoia Beratarbide, Ander Fernandez eta Asier Sarasolaren antzezpen gozagarrian: «Dantzatzeko arrazoirik ez duen orok du dantzatzeko arrazoi gehien». Gogoari astindu bat da, auzi soziala pribatura ekarria, apika; antzeztearekin publiko egiten den pribatua.

Edertasuna berriz ere. Eta horren adierazle dugu Ramon Agirreren jarrera azken asteotan. Ez da berria aktorearen konpromisoa, baina, oholtzak ez bezala, pantailak eta kasuan kasuko istorioek errealitatearekiko distantzia marraztu ohi dute ikus-entzuleon gogoan. Eta oraingoan, berriz, oso hurbil sentitu dugu donostiarra. Agirreren Errenta (Kutxa, 1994) antzezlanean hala aurpegiratzen zion Lolak Teori: «Hobe da bizitza osoa historia fantastikoak asmatzen pasatzea, errealitateari aurre egin gabe». Eta, gisa berean, Gaigerrek aipatzen zuen koherentzia horri jarraikiz, Agirre ikusi ahal izan dugu duintasunez errealitateari aurre egiten, inolako rolik jokatu gabe ere txalo artean, antzezlanik surrealistena garaitzeko moduko agertokian, gizartearen aldarria bere egiten, hezurmamitzen, kalean, oraingoan. «Maitasuna ibiliz erakusten da», berriz, Lolak. Eta Agirrek erantzun: «Maitasuna gainezka zen gure artean, desobedientzia; parean, berriz, obedientzia itsua». Herriaren eta pozaren aldarri ozena, teatrotik urrun.

Tags:  , ,