Autoreak plazara: Yasmina Reza

apirila 29, 2013 @


TheaterLead-Reza-570

Aspalditik gabiltza esaten, antzerkiari tarte gehiago eskaini nahi diogu, baina aitor behar dugu ezagutza mugatuak gure eskaintza eta bilaketa oztopatu egiten duela. Oraingoan, ordea, antzerkigile ezagun batekin egin dugu topo, eta ezin aukerari muzin egin. Parisko erdi mailako aldirietan sortu zen Yasmina Reza, 1959an, familia judu batean. Gurasoak iheslariak zituen, ama hungariarra eta aita iraniarra; erroetatik aske hazi zela dio, ordea. Antzerkia eta soziologia ikasi zituen unibertsitatean. Ez du bere lanak aztertzea edo interpretatzea maite, eta ikus-entzuleen eskutan uzten du zeregin hori. Hogeita hamar urte eskasekin lortutako arrakasta aipa diezaioten deseroso jartzen du, eta zuhurra da horretaz mintzatzean. Berak dio berdin edo gehiago maite dituela, mundu osoan ibili direnak baino, etxean geratu diren lanetako batzuk.

Halaber, idaztearen teorizazioren batean esan izan du testuinguruak ez duela idazlea baldintzatzen, daukanaz baliatu behar duela. Antzerkia gizartearen isla zorrotza dela dio, eta antzerkigile bikain oro, berriz, moralista. The Guardianek eginiko elkarrizketa batean hala zioen bera moralista ote zen galdetu ziotenean: «Badira unibertsitateko tesiak moralista naizela diotenak. Nik ez dakit banaizen edo ez… Baliteke». 2006ko udazkenean Nicolas Sarcozyren itzal bihurtu zen hauteskunde kanpaina osoan; helburua urtebete geroago kaleratutako L’Aube le soir ou la nuit liburua idaztea zen, gizon baten boterearen bilaketa kontatu nahi omen zuena. Bertan, Rezak berekoitzat jotzen du presidente ohia, eta ume baten gisa onespena bilatzen zuela dio. Bere antzezlanek sorrarazten duten barreari buruz ere badu zer esana; arriskutsua iruditzen zaio barrea, eta horretan ere tentuz ibiltzen da. Aktoreen lana ezinbestekotzat du, eta hala, erraz jarri nahi die, idazketa organikoa omen da berea. Egiten dizkioten elkarrizketa gehienetan saiatzen da, baita ere, intelektualaren figurari kontra egiten, eta edonon dagoen fribolitatea maila baxukoa ez dela aldarrikatzen. Honela zioen El Paisek egindako elkarrizketa batean: «Intelektualaren zeregina da mundua pentsatzea, saiatzen da hori deszifratzen, ilundutako egi bat bilatzen du. Idazleak mundua kritikatzen du, dei egiten dio, bere egia bilatzen du (…) Idazlea ez da intelektual bat».

Bere lehenengo lanetako batek egin zuen nazioartean ezagun: Artea, 1994. Julia Marinek euskaratu zuen, eta Teatro testuak atarian duzue irakurgai. Antzezpena ere badago frantsesez eta ingelesez sarean. Horrek ez ezik, gerora taularatutako beste lanek ere hamaika sari jaso dituzte, bai Estatu frantsesean bai nazioartean. 2006. urtean Le dieu du carnage idatzi zuen (Sarraskiaren jainkoa), eta horretan oinarrituta, Carnage filma egin zuen Roman Polanskik 2011n. Antzezlan horren hasiera ekarri nahi izan dugu hona, sarean testu zati hori baizik ezin izan baitugu aurkitu. Autoreak antzezlan batzuk itzuli ere egin ditu, eta bestelako generoak ere jorratu, hala nola, eleberria eta saiakera. Aipatu bi obra horiek ezagunenak badira ere, beste antzezlan hauek ere idatzi ditu: Conversations après un enterrement, La Traversée de l’hiver, L’homme du hasard, Trois versions de la vie, eta Une pièce spagnole.

Antzerki itzulpenak errepresentazioa helburu duela kontuan hartuz, gurera ekarri dugu, esan nahi baita, pertsona eta toki izen euskaldunak erabili ditugu, nahiz eta erabat urrundu ez. Argumentua sinplea da: semeek izandako liskarraren ondorioz, bi bikote elkartzen dira horietako baten etxean, kontua modu zibilizatuan konpontzeko. Alta, arratsak aurrera egin ahala, eztabaida geroz eta sutsuagoa bihurtzen da, eta bizikidetzak eta manera onek huts egiten diete. Burgesiaren gaineko komedia dela diote batzuek, baina hori baino gehiago ere bada; duintasuna, arrazakeria, errua eta berekoikeria azaleratzen dira. Tragedia gordina izan zitekeena komedia fin bihurtzen du Rezak.

carn2

Photo ©  Pascal Victor / artcomart

SARRASKIAREN JAINKOA

Garciatarrak eta sarriatarrak, parez pare eserita.

Hasieratik jakin behar dugu garciatarren etxean gaudela, eta bi bikoteek oraintxe ezagutu dutela elkar.

Erdian, mahai baxu bat, arte liburuz betea.

Bi tulipa sorta loreontzietan.

Giro serios, adeitsu eta tolerantea da nagusi.

VERONIKA. Zera, gure deklarazioa… Zuek zuena egin dezakezue… «Azaroaren 3an, arratsaldeko bost eta erdietan, Gregorio Altube plazan, hitzezko liskar baten ondoren, Fernando Sarriak, hamaika urtekoak, makil batekin armatuak, aurpegian jo du gure seme Bruno Garcia. Ekintza horren ondorioz, goiko ezpainaren hanpatzeaz gainera, bi ebakortzak apurtu zaizkio, eta eskuineko ebakortzaren nerbioa mindu.

ALAIN. Armatua?

VERONIKA. Armatua? Ez zaizue “armatua” gustatzen, zer jarriko dugu, Mikel, hornitua, eskutan, makil bat eskutan, hori bai?

ALAIN. Eskutan, bai.

MIKEL. Makil bat eskutan.

VERONIKA. (zuzentzen). Eskutan. Ironikoa da, beti iruditu zaigu Gregorio Altube plaza segurtasun handiko lekua, Ametzola parkea ez bezala.

MIKEL. Bai, egia da. Beti esan izan dugu: Ametzola parkea ez, Gregorio Altube plaza bai.

VERONIKA. Ezin inoiz jakin. Edonola ere, eskerrak eman nahi dizkizuegu etortzeagatik. Ez genuke deus irabaziko ika-mika emozionalari ekinez gero.

ANE. Geuk eskertu behar dizuegu. Geuk, benetan.

VERONIKA. Ez dut uste eskerrak ematen ibili behar dugunik. Zorionez, oraindik ere gizalegez elkar bizitzeko gai gara, ezta?

ALAIN. Dirudienez gure semeek hori ikasi ez badute ere. Bon, gureak, esan nahi dut!

ANE. Hori da, gureak! Eta zer gertatuko da nerbioa mindutako hortzarekin?

VERONIKA. Oraindik ez dakigu. Zalantzaren bat dute diagnostikoarekin. Antza denez, nerbioa ez dago guztiz agerian.

MIKEL. Zati bat baino ez dago agerian.

VERONIKA. Bai, hori da. Zati bat agerian dago, eta beste zati batek babestua jarraitzen du. Beraz, oraingoz, ez dago desbitalizatzeko beharrik.

MIKEL. Saiatuko dira hortzari aukera bat ematen.

VERONIKA. Eta hobe izanen da enpastea saihestea.

ANE. Bai…

VERONIKA. Beraz, jarraipena egin behar diote egun batzuetan, ea horrela nerbioa osatzen den.

MIKEL. Eta bitartean, zeramikazko zorro batzuk jarriko dizkiote.

VERONIKA. Bai, zeren ezin diote inplanterik jarri hemezortziak bete arte.

MIKEL. Ez…

VERONIKA. Behin betiko inplanteak ez dira jartzen hazkuntza guztiz bukatu arte.

ANE. Jakina. Espero dut… espero dut guztia ongi aterako dela.

VERONIKA. Bai, hala espero dugu geuk ere.

Zalantza une labur bat.

ANE. Zoragarri daude tulipa horiek.

VERONIKA. Santo Domingoko merkatuko loradenda txikikoak dira. Zera, kalearen goialdean dagoena.

ANE. Ah, bai.

VERONIKA. Holandatik zuzenean iristen dira goizero, hamar euro hogeiko sorta.

ANE. Hara!

VERONIKA. Badakizu?, kalearen goialdean dagoen denda.

ANE. Bai, bai.

VERONIKA. Ez zuen Fernando salatu nahi, bazenekiten?