John Cheever: askorekin gehiago

maiatza 26, 2013 @


JohnCheever

Maisua. Horrela definitu zuen atzo, larunbata, Harkaitz Canok John Cheever (Massachusetts, 1912 – New York, 1982), Bilboko Alondiga martzianoan egindako aurtengo Literatur eskolaren azken saioan. Behin baino gehiagotan errepikatu zuen idazle lasartearrak goraipamena, baina hori gaztelaniaz azpidatzitako The Swimmer pelikula ikusi eta gero izan zen. 1968ko filma da, ipuina kaleratu eta lau urte geroagokoa. Ipuina euskaraz dugu Jasone Larrinagari esker, Igerilaria izenarekin, eta armiarma atarian duzue irakurgarri. Filmeko musika «horrorosoa» eta «errekreatzeko joera nabaria» izan arren (Canoren hitzak horiek), elkarrizketa gozagarriak entzun ahal izan genituen, gimnasio ordu anitzeko Burt Lancasterren gorputz brontzeatua bezain gozagarri. Ordu eta berrogei minutuko pelikula izan zen (eskerrak ikusia ez genuen!), eta, beraz, esan behar dugu hiru ordu eta erdiko eskola espero genuenok apika desengainu txiki bat hartu genuela; orekatzeko-edo, ez genuen atsedenaldirik izan, Maisuari buruz hasi baitzitzaigun jarraian Cano hizketan.

Hasteko, alderaketa bat egin zuen Raymond Carver (Oregon, 1938 – Washington, 1988) eta Cheeverren artean. Carver estimatuagoa omen da Euskal Herrian, ongi hartu izan da; aldiz, badira AEBko beste autore batzuk hain prentsa onik ez dutenak izan, eta Cheever izan daiteke horietako bat, ez baita gurean, behintzat, hain entzuna. Cheever urte gehiagoz bizi izan zen, eta gehiago idatzi zuen, nobelak kasu. Gauza anitz gertatzen dira bere nobeletan, kasik barrokismorako joera du, ametsetarako eta deskribapenerako. Alta, Carverren bereizgarri izan daiteke beste hau: zer gertatzen da deus gertatzen ez denean? Canoren hitzetan, Carver koartada ederra da deus kontatu ez eta minimalismoaren ezaugarriak beren buruari egozten dizkioten idazle txar askorentzat, beren burua egunerokotasunaren epifania horren kontaketan Carverren zantzuak hartu nahi dituztenentzat; baina idazle amerikarrak tentsio handia darabil, ez da minimalismo hutsa.

Oro har, Cheeverren ipuinek dute sona handiagoa nobelek baino, esaten baitute nobelak pasarte edo perla solte askoren pilaketa direla. Canok zenbait obra aipatu zizkigun: La geometría del amor (Emece, 2006) Rodrigo Fresanek apailatutako antologia kritikoa, The Stories of John Cheever bildumatik hartutako ipuinekin; The Journals of John Cheever (1991), «treneko errailetara zure burua botatzeko gogoa» ematen dizun egunerokoen bilduma; Falconer (1977) espetxeari buruzko eleberri arrakastatsua; eta The Wapshot Chronicle (1957) eta The Wapshot Escandal (1964) liburukoteak, saga moduko bat osatzen dutenak. Bi horiek irakurri ditu Canok berriki, eta fantasia eta irudimen handikoak iruditu zaizkio; izan ere, errealismo fantastikoa egiten lehenengo AEBarra izan zen, eta sinesgarria ez izatea ez omen zitzaion batere axola. «Momentuko entusiasmoaren gatibu gara denak», esan zuen Canok, eta horregatik errezitatu zituen eskolaren bukaeran azkenik irakurritako bi eleberri horien pasarte batzuk.

Baina horren aurretik, eta Carverrekiko alderaketa berriro hizpidera ekarriz, Canok zioen bi autoreek aldiriei buruz mintzatzen ziren arren, Carver ez zela hain Desperate Housewives gisakoa, Cheever bezala; abenturazaleagoa omen zen azken hori, Europarako bidaia gehiago egin zituen. Horren adibide da Italiari eginiko aipuak, oso maite baitzuen arte italiarra, eta hala adierazten da idatzietan ere. Horrela, bada, Cheever «eruditoagoa da, erreferentzialagoa, kapa askoko lanak» egiten dituena. Halaber, poetikoagoa ere bada, landuagoa eta loratuagoa. Carver lehorragoa eta gordinagoa da. Hots, Carver gutxirekin asko, eta Cheever askorekin gehiago.

The NY 1964

Liburuei buruz mintzatu aurretik, gogoetarako tartea zabaldu zuen Canok: «esaten da obrarik onenak gurasoak hiltzen direnean idazten direla;  hala iruditzen zaizue?». Izan ere, bereak hil eta gero kaleratu zituen Cheeverrek Wapshot pertsonaiari buruzko bi liburukoteak. Azkenaldian pil-pilean egon den Miren Agur Meabe aipatu zuten batzuek, eta Gotzon Barandiaranek esan zuen berari sei urte kostatu zitzaiola aitari buruz deus idaztea. Philip Rothek familiako kide eta lagun oro karikaturizatu dituela ere esan zuen entzuleren batek. Bi alderdi bereizi zituzten, ordea: batetik, dolu bat askatzeko nahia, eta bestetik, autobiografiko egiteari beldurra edo erreparoa. Liburuko hori egiaz autoreari gertatu ote zaion jakiteko morboa ere aipatu zuten entzuleek. Wapshoten sagari buruz, Canok gehiegikeria eta arbitrariotasuna egotzi zion, eta nahasgarria ere izan daitekeela aipatu zuen. Onerako ezaugarriak dira horiek lasartearrarentzat, ordea, eta sentitutakoa nahiz pentsatutakoa adierazteko barruranzko idazketa nahiz obserbaziorako kanporanzko idazketa nahasteko ahalmen ikaragarria azpimarratu zuen.

Izan ere, Cheeverren egunerokoek ez dituzte senideak oso toki onean uzten, aski mingarriak izan daitezkeen kontuak aipatzen baitira. Gordintasuna eta zintzotasuna agerikoak dira 29 koaderno marradunetan idatzitako testuen ezaugarri. Egunerokoetan ez zuen garatu estilo-ariketarik, eta horrek Carver gogorarazten du, bikote harremanei buruz hitz egitean esaterako. Cheeverren seme Benjaminek idatzi zuen harritu egin zuela ikusteak zer gutxi agertzen zen aitaren egunerokoetan. Anaiak Cheeverrentzat garrantzia handia izan zuen: «Batzuek seme-alabak dituzte, beste zenbaitek gurasoak; nik anaia». Bere izaera edo alde pertsonalari buruz, Canok aipatu zuenez, bereziki hipokondriakoa zen (minbiziarekin hil zen, azkenean); alkoholismoak eta homosexualitateak leku handia zuten bai autorearen bizitzan bai obran; eta protestantea zen, elizara ere joan ohi zen, baina oso ikuspegi berezia zuen, «misterio atzemanen aitortza» gisara bizi baitzuen, onarpen erlatibizatu eta pragmatikotzat. Musika asko estimatzen zuen, klasikoak batik bat, eta hala, prosa musikala duela diote batzuek, bere bizitza apaintzeko joerarekin loturik. Txikitan idazlea izan nahi zuela gurasoei esan zienean, horiek zera erantzun zioten: «ados, baina ez dadila izan ospea eta diruagatik». Biak lortu zituen azkenean, helburu izan zein ez.

Idazketari dagokionez, Cheeverrek zioen Madame Bovary zela bere erreferentzia nagusia, hainbat aldiz irakurria zuela, eta frantsesez, gainera. «Nire burua konbentzitu behar dut idazketa ez dela ariketa suntsitzaile bat», zioen. Obsesionatu egiten zuen klase altukoa izate horrek, Scott Fitzgeraldi gertatu bezala, hain zuzen; biak izanak ziren ikasle kaxkarrak, biek zuten ama dominatzaile eta aita frakasatua, biak ziren nobelista inperfektuak, eta biek deskribatu zuten lirikoki beren garaia. Cheever idazketa irakasle aritu izan zen espetxean (dokumentazio lanak egin zituen bertan Falconer idazteko) eta Iowako unibertsitatean; ikasleei ariketa bitxiak eskatzen zizkien, hala nola: aste batean gertaturiko oro, txikikeria guztiak xehetasunez kontatzea; inolako loturarik ez duten zazpi pertsonaia/paisaia idazketaren bidez erlazionatzea; eta maitasun gutun bat sutan dagoen eraikin baten azken solairuan egonen bazina bezala idaztea. Teknika literarioei dagokienez, hauek aipatu zituen Canok, horietako bakoitza ilustratzeko pasarteak irakurtzearekin batera: antizipazioa; fantasia printza; pertsonaia bizarroak; sinesgarritasunaren kontrako autoerasoak; zerrendatzeko zaletasuna; fobiak; espekulazioa; epifaniarako joera; eta pertsonaia bat, ingurukoen ikuspegia, gertakari bat eta beste hamaika gauza hamabost lerrotan kontatzeko abilidadea. Hitz batean, Maisua.

Bukatzeko, galderen edo parte hartzeko tartea zabaldu zuen lasartearrak. Hasteko, aipatu genuen Cheeverrek oso modu gordin eta gupidagabean erretratatu zuela AEBko klase ertaina, eta, hain zuzen ere, Sobiet Batasunean zabalkunde eta arrakasta handia izan zuen, errusiar gobernuari interesatzen zitzaiolako Errusiako herritarrek ikustea zein dohakabe bilaka zaitzakeen kapitalismoaren moral ustelak. Horrek eztabaidatxoa piztu zuen taldean: nolatan irakurtzen eta laudatzen zuten Cheever klase ertainekoek? Izan ere, guretzat oso agerikoa da sekulako egurra ematen diela. Ateratako ondorioen artean, hauek: batetik, Cheever bera klase ertainekoa zen, horren parte zen (nahiz eta idazle gisa arrakasta izan ondoren dirua pilatu zuen eta nahiz eta beti izan zuen klase altukoa zela erakusteko grina), eta funtsean klase ertaina zen berak sakonen ezagutzen zuena; bestetik, garaian distantzia hartzea eta kritika zorrozki identifikatzea zail gerta zitekeen, eta baliteke hartzaileek Cheeverren lanak irakurtzean pentsatzea auzokoa deskribatzen ari zela, baina hori ez lotzea beren buruarekin. Azkenik, autoreak idazleentzako Guggenheim beka horietako bat irabazi zuela eta, Canok dei egin zion hemengo museoari, ideia inportatu dezan.