Venusen delta hizpide

maiatza 29, 2013 @


VD1

Pasa den larunbatean, hilak 25, «Euskal literatura erotikoa» izenburupean kaleratu zuen Iraitz Urkulo euskal literaturan doktoregaiak erreportaje bat, El Correoko Territorios gehigarrian. Bertan, Edorta Jimenezi eta bioi egindako elkarrizketak oinarri hartuta, genero horren egungo egoera zein den aztertzen zuen. Kultur gehigarri hori dagoeneko sarean irakur ezin daitekeenez, maiatzeko Itzultzaileak Mintzo atala umezurtz dugunez eta Venusen delta (Txalaparta, 2013) liburuaren irakurketa sustatzeko asmoz, hona ekarri nahi izan dugu jatorrizko elkarrizketa, galdetzailearen baimenarekin. On egin!

Elkarrizketatzailea: Iraitz Urkulo

Elkarrizketatua: Garazi Arrula Ruiz

Beharrak bultzatu zuen Anaïs Nin ipuin erotikoak idaztera; hori gutxi balitz, ordaintzen zion bildumagileak dexente baldintzatu zuen idatzitakoa, gaian eta forman bere apetaren araberako mugak ezarriz. Emaitzan bada irakurlea konturatzeko moduko baldintzapen honen arrastorik, zure ustez? Esate baterako, nik faltan bota ditut istorioen arteko trantsizio-pasarteak, batetik besterako jauziak bortitzegiak iruditu zaizkit.

Hitzaurrean bildumagilearena esanen ez baligute, ez genuke baldintzapenetan pentsatuko, autoreak bere erabakiz hala egin zuela pentsatuko genuke. Hitzaurrean autoreak esaten du bildumagileak eskatzen ziola poesia eta filosofia alde batera uzteko, eta sexuan arreta jartzeko. Alta, nahita edo nahigabe, Anaïsek ez zuen halakorik egin; edo ez hori bakarrik. Askoz harago doa, egoerak analizatzeko joera du, ñabarduretan pausatzekoa. Egia da pasarte batzuk aski pornografikoak direla, baina istorio bat badago, eta ez da azaleko zerbait, ez da itzalean geratzen.

Jauzi bortitzegiei buruz, ipuinak dira, eta pertsonaia batzuk batean baino gehiagotan azaltzen badira ere, ez nuke esanen lotura hori bilatzen zuenik. Pentsatu behar dugu 1940ko hamarkadan idatzi zituela, baina ez eleberri baten gisan guztiak hasi eta buka, baizik eta idatzi, eta bildumagileari bidaltzen zizkiola. Pertsonaiaren batean sakondu nahiak bultzatuko zuen, apika, errepikatzera, baina ipuinak direla ez da ahantzi behar.

 

Zeintzuk dira Venusen delta euskaratzeko orduan aurkitu dituzun zailtasun nagusiak?

Aurkezpenean esan bezala, itzulpen prozesuko gozagarriena izan da, aldi berean, korapilatsuena: sexuaren ingurukoak. Aurrenekoz irakurtzean, erabaki nuen bai jatorriz euskaraz sortutakoak bai euskaratutakoak begiratu behar nituela, terminologia eta estetika horretan murgiltzeko. Txalapartak badu bilduma bat genero horretan, han eta hemen aurki daitezkeen liburuez gainera: ez gaude umezurtz. Hala ere, esanen nuke ez dagoela batasunik, eta nork bere bidetik egin duela. Fernando Reyk, liburuaren zuzentzaileak, bi artikulu plazaratu zituen horren harira 31eskutik blogean, prentsan eta sarean segida izan zutenak. Gaia azaleratu nahia eta beharra badagoen seinale.

Sexuaren imaginarioaren barruan, garaiko estetika guztia ere sartzen ahal da: zeta, brodatuak, botoidun kuleroak, parpailak, galtzariak, lihoa, belusa, intsentsua… Eta autoreak narrazio pausatua darabil batzuetan, girotzeko; irakurlearengan tentsioa sortu nahia, egonezin bat, batez ere asegabeko desirari dagokionean.

Bestela, edozein liburu euskaratzean sor daitezkeen buruhausteak izan ditudala uste dut, hala nola, kultur erreferentziak eta maileguak (frantsesezkoak, kasu honetan).

 

Itzultzaileari iristen zaio liburuaren inguruko iritzirik? Ala, topikoari jarraiki, euskaldunok lotsatiegiak gara genero erotikoko lanak irakurtzen ditugula aitortzeko?

 Pentsatu nahi dut goiz dela oraindik, liburuak aste gutxi batzuk baino ez baitarama kalean. Ez nuke esanen lotsa denik, baina agian bada nolabaiteko ezjakintasun bat, isil-gordean egiteko zerbait da. Zentsura urte anitz izan dira, elizaren eta estatuaren aldetik, eta oraindik badugu horren arrastoa, zuzena ez bada, zeharkakoa; orain bestelako zentsurak ere baditugu, gainera, publizitatearena, adibidez. Oraindik ere konnotazio negatiboak lotzen zaizkio pornografiari, zikinari, normatibotik kanpo dagoen praktikari. «Azal horrekin ez dakit autobusean irakurtzekoa den», esan zidan lagun batek. Egia esan nik ez nuke autobusean irakurriko, baina ez azalarengatik, baizik eta intimitate pixka batekin gehiago gozatzen delako.

Durangoko Azokan, Literotura bildumako liburuak erosten dituzten gehienak neska gazteak dira. Nire amaren belaunaldiko gehienek dute Venusen delta gaztelaniaz irakurria. Orain Greyren trilogia hori kaleratu da, eta errebelazioa izan omen da anitzentzat. Kezkagarria da, ez bakarrik trilogiak bultzatzen dituen balioengatik, baizik eta ezjakintasunaren eta gordetako tentsio-askatze beharraren islatzat har daitekeelako.

 

Zergatik da hain garrantzitsua, genero ikuspegitik, Anaïs Ninek genero honi egindako ekarpena?

1970eko hamarkadan eman zuen baimena kontakizunok kaleratzeko, eta orduan gorenean zegoen iraultza feminista. Mugimendu feministak bat egin zuen Ninen aldarriekin, batez ere egunerokoetan kaleraturikoak, eta erreferentziatzat hartu zuen hainbatek, nahiz eta Anaïsek ez zuen bere burua inongo mugimendutan kokatu. Kaleratu zituen garaia –eta idatzi zituen garaia zer esanik ez– aintzat hartuz, bultzada ederra ematen diote emakumearen figura sexualari, maiz agertzen baitzaigu emakumea boterearen jabe. Alta, egungo genero ikuspegitik begiratuz gero, badu kirrinka eginen digun zenbait gauza; genero kategoriak ez ditu zalantzan jartzen, nahiz eta garaiko rol zurrunak behin baino gehiagotan irauli. Iratxe Esnaolak Berrian liburuari eginiko iruzkinean esandakoarekin bat nator: hitzaurrean esplizituki esaten dena ez dator bat liburuko kontakizunen kutsuarekin. Esan ohi da autore batek adierazi nahi zuen hori maiz ez datorrela bat adierazitako horrekin, eta hau beste adibide bat baino ez da.

 

Bildumagileak narrazioetatik «poesia» guztia ezabatzeko eskatu zion Anaïs Nini. Esplizitutasuna dela eta, ipuinok, erotismotik baino gehiago, pornografiatik hurbilago daudela esango zenuke?

 Baditu bai, pasarte pornografikoak, baina liburua erotikotzat hartzen da. Ez naiz ni sailkapen horietan aditua, eta, beraz, ezin kategoria batera lerratu. Pasarte batzuen esplizitutasunak ematen du pornografiaren irudi hori, gordina dela diote batzuek, baina, egiaz, aunitz gehiago dira xehetasun eta ñabardurei eskaintzen zaizkien tarteak. Izan daiteke, baita ere, lehen aipatutako ohitura falta hori; esan nahi dut, gorputzaren eta sexuaren erabilera nonahi ikus eta senti dezakegun honetan, oraindik ere eragin egiten digu irakurtzeak, badirudi deseroso zaigula harremanetan, zeresanik ez publikoki adierazteak. Oso progreak gara, bai, baina muga batera arte. Pornografian geratzen gara girotze eta desira mundu bat dagoenean: ez dugu zuhaitzaz harago ikusten; horrek egungo egoera sozialarekin zerikusi zuzena du.

 

Amaitzeko, euskaldun bat literaturan desira-objektu gisa agertzen den lehen aldia izanik, pertsonaia honen ingurukoak komentatu beharko ditugu, noski. Idazleak euskaldunaz egin duen irudikapenaz harro egon gaitezke, zure ustez?

 Harro ez da hitza. Kuriosoa da; irakurleak etengabe bilatzen edo nahigabe egiten ditu bere inguruarekin erreferentziak eta loturak, eta hain esplizituki ematen dizutenean, kanpoko norbaitek zure herriko norbait deskribatzen duenean, lotura berriak sortzen, alderaketak egiten, aurresuposizioak apurtzen eta uste berriak eraikitzen ditugu. Ez dut uste erotismoa helburu duen kontakizun batean euskaldunak zakil bikain eta nekaezina zuela esatea asko esatea denik; agian esanguratsua izanen da arbasoen antropologia edo fisionomia aztertzen dabilen norbaitentzat. Pertsonaiaren nondik norakoak iruditzen zaizkit niri interesgarriagoak, euskalduna izateaz harago doana. Hala ere, beti dago ongi euskaldun onberaren eta jatorraren arketipoa apurtuko duen figura batekin topo egitea.

VD_mikel(Argazkia: Mikel Soto, Txalapartako editorea)