Eta hain gertukoa. Hori nabarmendu zuten, batez ere, atzo Larrabetzuko Literaturia jaialdian batu zirenek: harremanaren hurbiltasuna, eta alde guztietakoekin berba egiteko erraztasuna. Goizean goiz eguraldiak abegitsu izateko motiborik ez zuen ematen, baina hori ez da berria, eta kale nagusiko izkinako taberna txikian larunbatekoak aletu ondoren 11:00etan hurbildu ginen Anguleri Kultur Etxera, eguneko lehenbiziko lanei ekitera.
EIZIEren izenean Bakartxo Arrizabalaga, EDO! argitaletxetik Iñigo Roque eta Cénlit argitaletxearen baitako Denonartean zigiluaren aldetik Joxemari Sestorain bildu genituen mahai batean, gaur egun itzulpengintzak dituen erronken inguruan jardun zezaten. Gai zabala izanik ildo zehatz batzuk jarraitzeko eskatu genien, eta denbora motz gelditu zitzaigun, eztabaida sortzen ari zen unean utzi behar izan baikenion solasari, liburu-aurkezpenei tokia egiteko. Bitartean esandakoen kronika laburra jarraian.
Testuinguruan kokatzeko, hiru hizlariek beraien egitasmoen berri eman ziguten, noiz hasi zuten eta zer bilakaera eraman duten. Arrizabalagak Literatura Unibertsala izan zuen hizpide, 160 izenburu plazaratu dituen bilduma, hain zuzen ere. Hasiera batean asmoa martxan jartzean euskaraz nabari zuten hutsune bat, argitaletxeek betetzen ez zutena, asetzea zen helburu. Pentsatu eta ekin, berehala hasi ziren lanean, eta lehenego aldiko liburuak gogo horren isla dira. Hasierako esperientziatik jasotako ekarpenekin aurrera jarraitu zuten, eta bigarren aldiari hasiera eman. Arrizabalagak aipatu du batez ere autoreari begira atera zituztela hainbat liburu, agian obrari berari hainbeste erreparatu gabe. Adibide gisa Simone de Beauvoir pentsalari frantziarra jarri zuen. Beauvoir euskaratu beharreko autorea zela zeritzoten bildumaren arduradunek, eta Besteen Odola (Ibaizabal, 2000) eleberria kaleratu zuten, Oier Alonsoren itzulpenean. Dena dela, filosofoaren lanak aintzat hartuta, agian nobela hori bainoago euskaratu beharrekoa Le Deuxieme Sex saio klasikoa zela hausnartu zuten, askoz esanguratsua baita Beauvoirren ibilbidean. Berriki, Literatura Unibertsalak bere hirugarren aldiari ekin dio, eta honetan helburu izan dute kanon WASPetik apur bat urrundu eta beste literatura molde eta autore batzuk ekartzea. Aldaketa hori modu tangiblean adierazteko aro berrian plazaratutako lehen liburua Jamaica Kincaid autore karibearraren Nire amaren autobiografia (Alberdania-Erein-Igela, 2012) aparta izan zen, Alberto Martinez de la Cuadraren itzulpenean.
Iñigo Roque EDO!ren inguruan aritu zitzaigun. EDO! besteak ez bezalako argitaletxea da; izan ere, harpidetzan eta bazkidetzan oinarritzen da, eta ez dendetako salmentan (haien liburuak zenbait dendatan ere aurkitu daitezkeen arren). Itzulgaiak hautatzeko orduan duten muga handiena da egile-eskubiderik gabe funtzionatzen dutela, eta, ondorioz, jatorrizko lanaren egileak gutxienez duela 70 urtetatik hila egon behar duela (epe hori behar da egile-eskubideak iraungitzeko), edo bestela, lana eskaini behar du eskubide horiei uko eginez (batzuek hala egin dute). Betiere muga hori aintzat hartuta, EDO!ren helburua da beste kanon literario bat sortzea, aurrerakoia eta berritzailea. Horren erakusle da oraingoz plazaratu duten euskarapen bakarra, hain zuzen ere, Ana Moralesek itzulitako Hormako paper horia kontakizuna, Charlotte Perkins Gilman autore estatubatuarrarena. Dena dela, argitaletxean ez dute itzulpengintza berariaz lantzen, zehar-lerro bat delako beraien egitasmoan. Laster argitaratuko den Genero-ariketak saiakera-bilduman hainbat itzulpen izango dira, eta, horrez gain, Virgina Woolfen Ms. Dalloway itzultzen ari da Itziar Diez de Ultzurrun.
Joxemari Sestorainek Denonartean zigilukoen izenean hitz egin zuen. Duela hiruzpalau urte sortu zen proiektua abiatzeko ideia Enrique Uhalde eta Unai Pascualek akuilatuta. Munduko literatura hain zabala izanik eta itzultzeko hainbeste gauza daudenez toki guztietan, Denonarteanekoek erabaki zuten zirrikituez baliatzea, itzulpengintzaren alorrean oraindik jorratu gabe zeuden zenbait eremutan arakatzea. Horrela iritsi ziren, kasu, Milena Agusen lehen bi obrak, 2010ean Fernando Reyk emanak. Bilatu duten beste zirrikituetako bat (eta agian irakurleen artean sonatuena) saiakera laburrena da. Ildo horretatik heldu ziren Stéphane Hesselen Haserretu zaitezte! (2011) eta Philippe Askenazyren Ekonomialari harrituen manifestua (2011), biak Inma Erreak ekarriak. Haur literatura ere erruz landu dute, eta azkenaldian poesia itzulpenean ere jardun dute. Sestorainek berak itzuli zuen 2011n Miquel Marti i Pol kataluniarraren Marta maitea,eta Iñigo Roquek, iaz, Fernando Pessoa portugaldarraren antologia apailatu zuen, Poemak pluralean izenekoa. Primizia batekin bukatu zuen hitzartzea itzultzaile nafarrak: Sylvia Plathen poemak euskaraz irakurtzeko aukera ederra izango dugu laster, Iñigo Astiz poeta eta kazetariak prestatu itzulpenean.
Euskaraz sortutakoaren eta euskarara itzulitakoaren arteko orekari dagokionean, eta itzulpengintzak euskarazko literaturari egiten dion ekarpenaz mintzatzean, Arrizabalagak azpimarratu zuen itzulpenak ekarpen positiboa eta eskerga egiten diola euskal literaturari, ez bakarrik irakurleari baizik eta idazleei ere. Beste hizkuntza batzuetan emandako berrikuntza eta garapenak gurera ekartzeko modu aparta da itzulpengintza. Horren ildotik, Sestorainek gehitu zuen itzulpengintzak balio duela euskal literaturan egindakoa beste hizkuntzetan egindakoarekin lotzeko, eta korronte literarioak testuinguru zabalago baten baitan ulertzeko. Ondoren, hauts zibernetikoak harrotu zituen zerbait esan zuen Arrizabalagak: itzultzaileak euskal idazle onenetarikoak direla, euskara-zuzentzaileei lan gutxien ematen dietenak. Kepa Matxain hitzaldian zen, eta bere twitter-interbentzioaren bitartez zenbaitek iritzia bota zuen Arrizabalagak esandakoaren inguruan. Ni neu bat nator Arrizabalagak esandakoarekin, eta itzultzaileek, oro har, hizkuntza-kalitatea bereziki zaintzen dutelakoan nago.
Itzulpenen eta irakurlegoaren arteko amildegiaz jardutean, Roquek arrazoi bezala aipatu zuen, besteak beste, irakurleen alferkeria eta Arrizabalagak aipatu zuen literatura-hizkuntza ulertzea lanketa eskatzen duen zerbait dela. Horrez gain, EIZIEko lehendakari ohiaren hitzetan, onartu behar da egon direla zenbait itzulpen kaskar ere, zorigaiztoko irakurleren bat itzulpenetatik uxatzea eragin izan dezaketenak.
Amaitzeko, atzo bertan Berriako Hirudia zutabean Roquek esandako hitz batzuk ekarri genituen, kultura inportazioari eta esportazioari buruz. Roquek artikuluan aipatzen zuenez, gure kultura esportatzeko politikak badira, baina ez, aldiz, besteena gurera inportatzeko. Bizkarrean daramagun gutxitasun konplexu astunaren ajeak. Sestorainek, alde horretatik esan zuen hori aldatu beharra dagoela, eta askoz lan gehiago egin behar dugula kanpokoa gurera ekartzeko geurea kanpoan erakusteko baino.
Liburu-aurkezpenak aditu ostean, denda gisa dekoratutako garajeetara eta irakurketaz solastatzeko aterpe apropos bilakatutako tabernetara jo genuen, eta hortik aurrerakoa guretzat gordeko dugu, literatur(i)a baita.
(Gehiago jakin nahi baduzue, ez galdu Obabako Testiguen saio monografikoa, ostegunean 22:00etan Info7 irratian)
Literaturiari buruzko kronikak prentsan:
http://paperekoa.berria.info/plaza/2013-06-02/032/001/neurrikoa_eta_hurbilekoa.htm
http://www.naiz.info/eu/actualidad/noticia/20130603/berbak-idatziz-irakurriz-kantatuz-antzeztuz-itzuliz-eta-arnastuz
http://www.argia.com/argia-multimedia/docs/diaporamak/literaturia2013/
Garazi
2013-06-03
Bertaratu ez ginenontzat karamelua, Danele, datorren urtean joan gaitezen.
Bakartxok botatakoaren eta ondoren twitterren piztutako eztabaidaren harira, aitortu beharra dago lortu zuela Bakartxok bere asmoa, eta gaiak zeresana eman zuela (“gogoeta sustatu” jarriko nuen, baina txiotarako gehiegi esatea da, apika). Ez naiz ni hasiko nor den idazleago, itzultzailea ala idazlea, baina argi dago literatur itzultzailea badela idazle; hobea edo kaxkarragoa izan daiteke, idazle kaxkarrak dauden bezala, eta horiei inork ez die “idazle” izendapen potoloa kenduko. Eta kategoriak bereizten jarrita, zenbat genituzke? Idazle puroak, itzulpenak egiten dituzten idazleak, itzultzaileak eta idazten duten itzultzaileak? Edo, gurean ohi denez, liburu bat idazten duzu eta idazle titulua duzu? Aldiz, idazle batek itzulpen bat kaleratzen badu, ez da itzultzailea, edo ez bakarrik, itzultzen duen idazlea baita, ezta? Zozokeria da…
Iñigo Roqueren zutabearen ideiarekin bat nator, ez da aski egiten. Kanporatzeko bai, noski, eta aurresku baten laguntzaz bada, are eta euskaldunago. Horrela, Boiseko ikastolari emanen diogu bultzada, eta Lodosakoari edo Kanbokoari ezikusiarena eginen. Eta literatura ezin salbuespen izan, goazen ustez gurea den hori munduratzera, hori diru-laguntzekin hornitzera, kanpokoa gure egin beharrean. Ez dut, baina, horrekin tematu nahi, nik neuk ere hirudiren batean hori izan baitut mintzagai; lehengo lepotik burua segitzen dugu.
boligorria
2013-06-03
Nik ere asko eskertu dut kronika, ezin izan bainuen Literaturiara joan. Arrizabalagaren iritziaren ondoren Twitterren sortu zen eztabaidan parte hartu nuenez, hemen luzeago idatzi daitekeela probestuko dut nire ikuspuntua azaltzeko: boutade bat iruditu zitzaidala esan nuen eta iritzi horrekin segitzen dut.
Beñat Sarasolak Sarrionandia, Atxaga, Izagirre eta beste hainbat aipatu zituen iritzi horren aldeko adibide gisa. Idazle handi askok itzulpenak egin dituzte, ados, baina bi jardueren arteko asoziazio automatikoa egitea errazkeria iruditzen zait.
Konparazio bat egiteko, Sarrionandiak Zeruko Argiaren garaietatik idazten du prentsan; Pott eta Ustela kazetaritza proiektuak ere baziren, aldizkariak ziren neurrian; Anjel Lertxundik egunero idazten du zutabe bat… Beste hainbat idazle bikainek ere harreman estua dute prentsarekin. Beraz, fermuki defenda dezaket kazetariak direla idazle onenetarikoak? Orduan aurrera, besterik ez genuen behar, ea orain itzultzaileek korporatibismoan irabazi behar diguzuen.
Argi gera dadin, arrazoitzeko modu hori orokorregia iruditzen zait beste edozein eremutara estrapolatuta ere (adib.: gipuzkoarrak dira euskal idazle onenak, poetak dira euskal idazle onenetakoak, euskal filologia ikasi dute euskal idazle onenek, galtzerdi marradunak erabiltzen dituzte euskal idazle onenek… etab.).
Eta aparte, ze eztabaida klase da nor den onena ebatzi nahi duen hau?
Garazi
2013-06-04
Gorka: hasteko, aunitz eskertzen dizugu parte hartzea.
Uste dut ez kronikan ez erantzunean ez garela sartu ona-txarra terminoetan argudiatzeari. Hori ez da eztabaida(tzea). Eta ezin dira halako kategoriak egin, ez asoziazio automatikoak ez multzoketa orokortuak. Horretan ados nago zurekin. Baina uste dut, halaber, oker interpretatu zirela Bakartxoren hitzak. Nik behin eta berriz entzun dut baieztapen hori, baina ez idazlearen sorkuntza ekoizpen mailan, ezpada hizkuntzaren aldetik (nahiz eta beti iruditu zaidan itzultzaileek ere nolabaiteko sorkuntza egiten dutela). Eta Daneleren kronikan Barkartxorenaren ondotik agertzen da zuzentzailearen figura, hots, itzultzaileak direla “euskara-zuzentzaileei lan gutxien ematen dietenak”. Nik dakidala, zuzentzaileek ez dute estiloa moldatzen, esaldiaren ordena eta esamolderen bat asko jota, hizkuntzari lotutakoekin eta ortotipografiarekin batera. Esan nahi dut, “idazlerik onenak” esatean maila horretan ari zela, linguistikoa, oro har; itzultzaileak aunitz begiratu behar baitio xede-hizkuntzari, idazleak hautatu dezakeenean kasu egin edo ez.
Itzultzaileen mahai-inguru batean bada ere, bestelako idazle onenen titulua geureganatu eta kolektibo osoari aplikatzeko hainbeste harrotasun ez du oraindik ezein itzultzailek, zapalduen ahots kexatia iraultzeko asmoz ofizioa aunitz (gehiegi, batzuetan) adoratzen dugun arren.
Iñigo Roque (@Idazkola)
2013-06-06
Mahai-ingurua behar baino laburragoa izan zen, eta, tamalez, eztabaida hasi aurretik finitu, hasierako aurkezpenak eginda. Beraz, Bakartxok ez zuen aukerarik izan luzeago jarduteko horretaz. Hala eta guztiz ere, Garazik ondo esan duenez, Bakartxo arauzko idazkeraz ari zen ateraldi horretan.
Nire ahotan ere jarri dute itzulpenak gutxi irakurtzen direla irakurleen alferkeriagatik, baina horretan ñabardurak ateraldiak bezainbeste balio du. Aitor dut dohain berezia dudala halako izenburu zaratsuak eskaintzeko, eta errua ez dela kazetariena, komunikatzaile txar honena baizik.
Hala ere, Twitter ez da inondik ere eztabaidagune egokia halakoetarako, gerruntze estuak ito egiten dituelako dialektirako asmo onak oro.