10 kontzertu

ekaina 12, 2013 @


images

(Irudia: Jon Iraundegi)

Celosamente gordea irratsaioko guarda izatea proposatu zidaten duela hilabete batzuk Manex Agirre eta Gaizka Amondarain Hala Bediko kideek. Gustura onartu nuen gonbita, eta joan zen astean mamitu nuen asmoa, kontzertu-dekalogo ezin apetatsuago batekin. Irratsaio osoa entzungai duzue hemen. Testuak irakurtzeko, segi beherantz…

I

Negua ari du aretoan, edo zehatzagoa litzatekeena, kanpoan negua ari duenean gorputzean sentitu nahi izaten duzun giroa da aretoan nagusi, nolabaiteko sutondo haurtzaroko bat, egurrezko sabai baxuak eta harri lodizko hormak. Egiazko hotzik ez, baina bai iruditeriazkoa, gure artilezko jaka eta aterki busti formagabetuak, kanpotik dakargun euri gortina trinkotik ihesi iritsiak eraikinaren azpi-erraietara. Etxetik aretoraino egindako berrehun metro eskasak jaitsiera bat izan dira, beraz, koba intimo batetara, eta barrunbera bidean egin beharreko beheranzko harmailak egiatan hamarrera ere iritsi ez arren harago doan sentipen bat da, eta hemen entzungo ditudan guztiak kondenatuta daude nire buruan zerbait handiagoaren dimentsioa hartzera, egunen batean letra larriz deskribatzera atrebituko naizen zerbaitena, ziurrenik. Denak bat egiten duela uste duzun une horietako bat, Joseba B. Lenoir bere azken diskako aurkezpen birari hasiera ematen gurean, alfonbraz estalitako talaiaren  gainean, instrumentuek eta loop pedalak erabat hartuta eta ikusle guztiok harmonian hari begira, gure aulkietara eroso egokitzeko kokapen aproposenaren kezka musikak aspaldi itota, bata besteari gure eman berriko dutxa arazgarrien xaboi-usaina isurtzen, normalean besaulkian trantzean alperrik xahutzen ditugun igande biharamun horietakoa baitugu gaur. Kanpoan, urruti, berunezko zerua, nahiz eta egiatan grisa baino ez den, astuntasuna falta zaiolako, ez dirudielako bat-batean sorbaldetara abailduko zaizun etxeko sabaia denik, euria hasi duenetik diafanoago dago, jasaren mehatxua beti izaten delako zinezko jasa bera baino beldurgarriago.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=VvtnYlbZRTg]

II

Irratsaio hau grabatzen den hiria, zenbait urte lausoz nirea ere izan zena. Sargori. Eguzkia bere zeruaren erdian absolutu, alde zaharreko kaleen gainean bertikal, minbizi-sortzaile gure masail oreztatuentzat. Lagun batek ezagutzen duen The Avett Brothers taldea da entzutea asmoa baina tabernen izenek oihartzunak dakartzate berehala eta atmosferan badago zerbait, jendeak gargardoen aparren aurrean jesarrita, edo hobeto esanda botata, egoteko duen modua, akaso. Udaldi sentipen kutsakor bat. Existentziaren arrakala sakonenak une batez baztertzera zaramatzan epeltasun gune bat omoplatoen artean. Amore ematen dugu guk ere plastikozko aulki berdeetan, kasik hitzordua erabat ahaztu eta anai folkariengana berandu iritsi arte. Agertoki nagusira igota daude, beraz, mendizorrotzaratzen garenerako eta ikuslegoak forma bitxi bat du, agertokiak proiektatzen duen itzal arnasgarrian gaude guztiok pilatuta, hiruki bat da lehenengo ilaretan duena oinarria eta estutzen doana atzerantz egin ahala, nahiko geometrikoki gaude kokatuta baina ez-perfektuki, helikoptero batek goitik filmatuko bagintu. Udaldi sentipena inoiz baino minagoa da eta aurrekoen atzekoen eta albo banatakoen kontra metatuta egoteak taldetasuna azpimarratzen du, denak dirudi bereziagoa egiatan oso gutxi gauden arren bizardun hauen banjoei so. Talde euskaldun ezagun bateko kantaria ere hemen da, burua astintzen du, esana ziguten gustuko zituela. Katxi izerditu bila noanean rockari batekin egiten dut bidean topo, armiarma-sare bat du tatuatua okotsaren jaiotzatik hasita lepauztaien arteko zuloraino, lepoa osorik estaltzen diona. Horregatik dut nahiago Azkena BBK baino.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=N5OZCKxj158]

III

Zapuztutako kontzertu bat, Kobetamendin beharko lukeena atzerritar horail eta mozkortu artean, azkenean ikusiko ez duguna Amy Winehousek bertan behera utzi duelako Europan egin behar zuen bira osoa arazo pertsonalak argudiatuta, denok dakigun arren drogak direla funtsa, edo, zehatzago esateko, gehiegizko drogen bitartez kudeatzen saiatzea ezinegon psikologiko eta emozionala, eta bide batez esan dezagun, abeslaria inguratzen duten senide eta manager odol-zupatzaileak ere ez dira ikaragarri onuragarriak. Talde ingeles bat jarri dute antolatzaileek bakarlariaren ordez, 90eko hamarkadan distira pixka bat izandakoa eta egun putzak baino apurtxo bat gehiago balio badu ere, ez dena inondik inora eta inoiz ailegatuko Amyren mailara. Itxaropen izpi batekin jarraitzen dut aurrera, hala ere, beste kontzertu batzuk ere etorriko direlakoan, eta zorte pixka batekin eztarriaren egoera osasuntsuago batekin, baina nafar herri txiki bateko udalekuan sukaldari lanetan dihardudala egunkari bat erosten dut, Norvegiako irla batean 80tik gora lagun tirokatu ditu ultraeskuindar batek, eta Amy Winehouse bizitzak jota hil da, 27 urterekin. Jimi eta Janis bezala.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=b-I2s5zRbHg]

IV

Alemanian egin nuen etxetik kanpoko nire lehenengo egonaldi luzea, tamalez ez zena Berlinen izan ekialderago baizik, hiriburua ikusi nuenetik katigatu ninduen arren, uste izan nuelako hizkuntza ikasteko orduan oztopo izango zela hiri handia; kanpotar gehiago, espainiarrez mintzo zitezkeen gehiago, batik bat, geroago konturatu banintzen ere ikaste prozesuaren eraginkortasunak norberarekin izan zezakeela zerikusia, tokiarekin bainoago. Itzul nadin, baina, ondorio horiek baino lehenagoko uneetara, Leipzigen aldeko apustua egina dudanekora, ahalik eta maizen saiatzen naizen arren Berlinera etortzen, eta hain zuzen ere bertan naiz orain, lagun batek eskainitako aitzakia musikala baliatuta.  Autoz etorri gara, autoa partekatzeko webgune alemaniar ezagunenaren bitartez, askorentzat ahoskaezina, mitfahrgelegenheit, gure lehenengo aldia da, desloratzea, beldur ginen eta botila-irekigailu zorrotz bat ekarri dugu zorroan badaezpada, labana ez zaigu taktikoki egokia iruditu, tabernara sartzean kendu diezaguketelakoan. Neskak gara lagun biok, esan gabe doa. Madrilgo taldeaz gain katalanez kantatzen duten valentziar batzuk daude eta kultuzkoa dela urte batzuk barrura arte jakingo ez dugun punk talde italiar bat. Valentziarrek ez dute aldarrikapenik egiten eta zapuztuta nabari dut laguna, eta orduan Boikoteko abeslariak esaten du Kortaturen “Zu atrapatu arte”ren bertsio bat joko dutela, eta konponbidea eta bakea eskatzen dute Euskal Herriko adiskideentzat. Duela astebete hil zen Mikel Laboa. Ni tabernaren erdian ukabilak estututa dantzatzeko egina den kantu batekin malkoetaraino hunkituta, ingurukoek ezer ulertzen ez duten bitartean.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=I9LmLRVXMKE]

V

Ez ziren bi hilabete baino gehiago joango Low taldekoak ezagutu nituenetik, baina dagoeneko ezinbesteko musika-banda bilakatu dira nire goizetako lehen-lehenengo istanteetan, ezinbesteko egunak apurka hasi ditzadan, boteprontoan beharrean. Izugarri pozten nau, beraz, jakiteak Minnesotakoak zuzenean ikusteko aukera izango dudala, guztiok baitakigu zelako amorrua pizten duen talde zirraragarri bat deskubritu berritan norbaitek ponposoki jakinarazteak talde zirraragarrikoak duela gutxi ibili direla zure inguruetan, gutxigatik galdu dituzula, ze pena. Oraingoan izan dugu harrapatzeko astia, baina, eta psikologikoa ez ezik erreala ere baden muga gurutzatu dugu horretarako, eta muga erreala dela diot ondorio errealak eragiten dituen heinean, ezberdina baita peajearen alde banatara inposatzen duten hizkuntza, eta horrek dakarren guztia. Iaz zubian aldatu zuten seinale berdeak samurragoa egiten duen arren kolpea. Lehendabiziko aldiz etorri gara Atabalera, lotsarazten gaitu zein trakets dihardugun erdara ez-hegemonikoan, amultsua da aretoa eta hirukotea izugarriki ari da orain. Atzean pantaila batean etxeko kamera batekin egindakoak diruditen filmak erakusten dituzte, oroitzapen kutsua iradokitzen duen filtro bereziarekin, Paris, Texasen Travisi erakusten dizkioten hondartzako filmaketen antz handia dute. Pantailaren gaineko fokuek ikuslegoa erasotzen dute noizean behin, biluzik morez argituta ikusi ditzaket guztien aurpegiak nire atzeko lerrotik, eta harrigarria da hemen egotea denok, isiltasunean, liturgian, ia. Baina bukatzen da, azken kantua jotzen dute, jendeak txaloka apurtzen du magia, eta aretokoek ska doinu bat isurtzen dute bozgorailuetatik, gela lehenbailehen hustu dezagun.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=gBtJpVY7NkE]

VI

Musika-ekitaldi huts izateaz gain iraganarekin enkontruak ere badiren kontzertuak, pertsonekin, izenekin, tokiekin, ustez betirako utzi nahi izan arren, oraindik ere etengabe bilatzen dituzunekin. Eta bazoaz, beraz, bailarako bikote gogokoena entzutera, mila aldiz ikusi dituzun arren, gaur bestelako formatu batean jardungo dutelako, Napokakoak Band izango dira eta ez Iria, eta gainera, hemen bizi zinenean behar beste aprobetxatu ez zenuen tabernan joko dute, iragana aurrez aurre. Formatu aldaketa ez da oztopo ezpada akuilu, zorrak kitatze, arantza ateratze eta urduri zaude aspalditik baitzenuen gordea banda osoarekiko harra, etxean bakarrik zaudenean bezala askatzeko aukera eskainiko dizulako bi gitarrez gain baxua eta bateria ere lagun izateak, baimenduko dizu nabarmen emozionatzea, ozen abestea mikrofonorik gabe; eta lepoko zaina hanpatzen bazaizu ingurukoek (printzipioz) ez zaituzte gaitzespenez begiratuko benetako musikarien ahotsa hondatzeagatik, ez zaituzte erreprimituko, eta bestela ere noiz axola izan zaizu hori zuri, ahoa zabaldu beharra daukazu iraganaren aurpegiak ernatu damua ez dakizun barrenean usteldu.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=g7u-MqOWoPo]

VII

Groupie hitza erabiliko lukete zenbaitek zer naizen definitzeko willis drummondarren aurrean nagoenetan, duela gutxi jakin dut gainera nondik datorren emakume kolektibo zehatz horren estigmatizazioa, Beatlesekin hasi omen zen, neskatxa masailgorri eta eszitatu horiek guztiak erotuta jauzika, teorian gozamenaren monopolioaren puskarik ez zegokien garaian hankartean zutenagatik, lau mutiko flekillodun ia praketan-kaka-egitear ikusleen indar-oldearen aurrean, herrestan atera behar izaten zituzten (neskatxak) oraindik segurtasun txaleko ilunik ez zeramaten morroi batzuek. Hain muturrera iritsi gabe, dena den, ni drummondarrekin, gainera aspaldi ez ditut ikusi, bolada oso intentso bat izan genuen arren eta, hortaz, zaila zaidan arren kontzertu bakarra hautatzea, agian Durangokoa azpimarratuko nuke, aro baten hasiera markatu zuelako nahiko modu garbian. Gehien oroituko dudana da egun amaigabe horietako bat dela, ohiko 12ak baino askoz ordu kontziente gehiago izango dituena, hogei ia: goizetik eguerdira arte eskola eta ondoren euskararen aldeko manifestazioa eta hotza demasekoa, baina kontzertua bereziegia uko egin ahal izateko eta oraindik zutik eta dantzan eusten diot goizeko lauretan, ez dakit egiazki zer indarrek bultzatuta, alkohola gehienetan, baina ez garagardoa, hori lokarrarazlea baita. Gautxori-trena hartzeko zain horizontal bilakatzea besterik ez dut nahi, gogor.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=AIwOW9pGwrA]

VIII

Egon naizen zuzeneko guztietatik objektiboki antologiagarriena hau da ziurrenik, batez ere abeslariaren tamainagatik eta misantropiagatik eta horiek biak batuta ateratzen den emaitza delako bizi naizen tokitik gertu berriz ere ikusteko aukera ezin murritzagoa. Eta aldi berean, joan nintzen garaian nahiko berria nintzen kontzertuen kontuan, leuna nuen azala nolabait esatearren, eta inpresionagarria nintzen hain, gainera horrelako mito batekin, nire bizitzako aukera zela esaten nion neure buruari azal leunak besterik baimentzen ez duen harrokeriaz. Bakarrik joatea beste erremediorik ez nuen izan, garaian ez nuelako egungoaren gisako sarerik, garaian ez nintzelako egungo ni, esan dut jada, suabeak nituen ipur-masailak. Nire buruari esan nion bakardadeak ezin zuela izan oztopo, eta nire gurasoen adineko pertsona batzuen atzetik behatu nuen, Bob Dylan, edo Bob Dylanena behar zuen cowboy kapelu grisa, hori baitzen argiki bereizi nezakeen bakarra. Sentimendu kontraesankorrez beteta, nire bizitzako aukera hain patetikoa izan zelako lur jota, nire bizitzako aukera izan behar zuenaren aurrean gutxienez koadrilakoen babesean ez gelditzea deliberatu nuelako harro, korrika egin nuen ihes etxera, malkoak aurpegian behera amiltzen lasterka.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=3x3jUIoIVq8]

IX

Kontzertu zibernetikoak, inebitablea bizi ditugun garai hauetan, bizi ditugun garai hauetan, esaldi hori erabiltzen dudan bakoitzean dirua emango balidate aberatsa nintzateke, nahiz eta ziurrenik dirua ez baizik eta ostia bat da eman beharko lidateketena eta lioketena hori errepikatzen duen bakoitzari hori errepikatzen duen bakoitzean, hain astuna eta klixezalea izan ez dadin. Zibernetikoa, beraz, youtube bitartekoa, alegia, eta Musica Nudaren kasuan egiatan kantu bat besterik izan ez zen arren, kontzertu oso bat adina balio izan zuen eman zidan kolpe emozionalagatik. Musika biluzia esan nahi du Musica Nudak eta ezagutzeko modua ere nahiko larrugorritakoa izan zen hasieran kantuaren letra besterik ez baitzitzaidan iritsi, ilargiari buruzko letra erromantiko bat beste hamaika bezalakoa eta ez nuen inondik inora espero esaldi horiek aizkora bilakatuta ikustea Petra Magoniren eztarritik irteten, ez nuen espero Jack Nicholsonek patentatutako Jack Torrancen begirada eroa ikustea oholtza gainean hatsanka bihurkatzen den kantariaren aurpegitik jauzi egiten, inguruko guztia odol bilakatuz.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=J6HEwKERXe8]

X

Irudi dezakeenaren kontrara, edozein dekalogotako piezarik baliotsuena oraindik ez da gertatu, etorkizun dago, atezuan. Niretzat, besteak beste, Anari.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=JbiWp5SM1FA]