Axola duten bizitzak

uztaila 4, 2013 @


4

(Irudia: konstituzioaren aurkako protesta, Madrilen. Iturria: Foroaren webgunea)

Ekainak badu zerbait, airean nabaritzen da, diarrea bezala hasten dira hedatzen kurtso-amaierako txangoak, ikasbidaiak, laneko bazkariak, eta agurrak. Donostiako Emakumeen Etxeak antolatutako irakurle eskola feministaren kasuan ere hala gertatu da, eta joan ekainaren 18an egin genuen azken saioa, gero-arte bikoitza izan zena bide batez, gure biltokia Kaxilda tarte batez itxita egongo baita obra-lanak egiteko (behin-behineko denda jarri dute Easo plazako 2. zenbakian). Kronika honek ziklo bat ixten du, hortaz, eta apur bat sari-banaketa-aldartean jarrita, eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei eta agur bero bat bidali taldeko denei.

Bi liburutako pasarte bana irakurri genituen, batetik Cojos y precarias haciendo vidas que importan. Cuaderno sobre una alianza imprescindible.  (Traficantes de Sueños, 2011) liburu kolektiboko 3. kapitulua eta bestetik, Beatriz Preciadoren Testo Yonqui (Espasa, 2008) saioko lehen hiru atalak. Testuingurua kokatzeko liburuei eta egileei buruzko zertzelada batzuk, gure eztabaiden berri ematen hasi aurretik.

Herrenak eta prekarioak

Liburu kolektibo hau bi talderen arteko elkarlanaren fruitua da: Agencia de Asuntos Precarios (Afera prekarioen bulegoa) batetik, eta Foro de Vida Independiente (Bizitza buruaskirako foroa) bestetik. Aurkez ditzadan. Agencia de Asuntos Precarios-en asmoa da elkargune bat izatea, pentsamendu feministaren baitan ideiak eta informazioa elkartrukatzeko, bestelako ereduak bultzatzeko eta, oro har, gure bizitza prekarioak hain prekarioak izan ez daitezen, zenbait bidegabekeriari aurre egiteko eta buelta emateko. Eskalera Karakola gizarte-zentro madrildarrean dago kokatuta. Foroa ere elkargune bat da, aniztasun funtzionala duten pertsonak batzen dituena eta pertsona horiek buruaskitasunerako eskubidea aldarrikatzen duena. Bizitza buruaskiaren aldeko mugimendua AEBetan jaio zen 1972an, eta jarraitzaile asko ditu Europan ere. Besteak beste, laguntzaile pertsonalaren figura sustatzen dute, egoitzako eredu ez-pertsonalizatuaren aurreko alternatiba duinago gisa.

Zehaztapena: bizitza buruaski honek eskatzen duen buruaskitasuna ez da eredu maskulino kapitalistak definitzen duen bera, alegia, buruaskitasun honek ez du aldarrikatzen posiblea eta ideala dela inoiz inoren beharrik gabe bizitzea. Kontrara, guztiok beharrak ditugula azpimarratzen du, feminismoaren inter-dependentzia kontzeptuaren ildotik. Dena den, ingurukoen beharra dugun arren, ezin uka geure buruak eta ametsak garatzeko eta betetzeko eskubidea ere behar izaten dugula, eta, oro har, behar hori asetzea zailagoa gertatzen zaie aniztasun funtzionala duten pertsonei (jendarte-ereduak muga gehiago jartzen dizkielako, jakina).

Eskolarako kapitulu bakarra irakurri dugu, hain zuzen ere “Cuestiones. Escribiendo juntos” izenekoa, bi taldeen arteko elkarlanak zer prozesu izan duen azaltzen duena: jaiotza, bilakaera, fruituak. Bi talde hauek ezinbestean lotuta daude; izan ere, zaintzaren gaiak oso gertutik eragiten die biei ala biei. Prekarioen kasuan, zaintzaile alderdian egon ohi dira, dela enplegatuta (betiere modu prekarioan), dela senideen zaintza ez-profesionalean. Aniztasun funtzionala duten pertsonak, aldiz, harremanaren beste aldean izan ohi dira, dela senideen zaintzapean, dela zaintza profesionalpean (gehienetan zentroetan).

Hain zuzen ere, foroko kideek oso gogor kritikatzen dute egun nagusi den zentro edo instituzio eredua, pertsonak zaintzeko bainoago, pertsona bertan aparkatuta uzteko eraikita daudelako. Ez dago arreta pertsonalizaturako inongo tarterik, eta egoiliar guztiek ordutegi berbera bete behar dute, bakoitzak bere garapen propioa egiteko zirrikiturik utzi gabe. Infantilizatu egiten dituzte. Funtzionatzeko modu hau erosoa da bertako langileentzat, baina ez du aintzat hartzen teorian zaindu behar dituen pertsonen behar errealak. Egoitza hauen abiapuntu teorikoa/diskurtsibo zapaltzaile batetik abiatzen dira, alegia, aniztasun funtzionala duten pertsonak aniztasun funtzional hori besterik ez direla, faktore horrek ez-produktibo bilakatzen baititu, eta ondorioz, guztiak zaku berean sartu eta traba gutxien egiten duten tokira eramatea da merkatuarentzat onuragarriena. Zentroetan dauden pertsona askoren egoera nahiko eskasa da, tratatzen dituzten moduak autoestimu baxuagoa izatea eragiten du, eta jakina da pertsona baten osasuna eta oreka ez dela bakarrik pertsona horren oinarrizko behar fisiko eta fisiologikoak asetzeren kontua, psikologikoki ondo sentitzea ere ikaragarri garrantzitsua da. Zentroetako produkzio-eredu horrekin hausteko alternatiba bideragarri gisa proposatzen da laguntzaile pertsonalaren figura.

Lehenago esan dugu zaintzaile rola har dezakeela instituzio batek edo, sarri-sarritan, zainketa-mota jakin batzuk behar dituen pertsonaren familiak. Zaintzaileak senideak diren kasuetan maitasuna edo gutxienez harreman pertsonala estua egon ohi da; hortaz, zentroetako arreta aseptiko eta axolagabearen arazoa bederen desagertzen da. Dena dela, zaintza-harremanean afektua egoteak sortzen duen egoera ere problematikoa da, hainbat arrazoi direla medio. Desoreka gerta daiteke, bi aldeetatik. Hein handiagoan edo txikiagoan harreman oro da botere-harreman; hortaz, batetik, zaintza jasotzen ari den pertsonak gaizki erabil dezake zaintzailearekin duen konfiantzazko harremana, alegia, txantaje egin diezaioke nahi duena lortzeko, bueltan ezer eskaini gabe, eta aintzat hartu gabe zaintzaileak ere zainketak behar dituela zenbait aspektutan. Bestetik zaintzaileek infantilizatu egin dezakete zaintzen ari diren pertsona (zentroetan gertatu antzera), eta, zaintzen ari diren pertsonaren hobe beharrez dihardutelakoan, pertsona horren askatasun eta garapen pertsonalerako aukerak zorrozki murriztu ditzakete. Zainketak jasotzen ari den pertsonarengan erruduntasun-sentimendu potoloa ernatu daiteke, aldi berean berak bere ingurukoen bizitzak mugatzen dituela pentsa dezakeelako. Pertsona guztiek ez bada gehienek sentitzen dute bizitzako uneren batean habiatik hegan egiteko irrika, familiako lotura batzuetatik askatzekoa; eta zainketa zehatz batzuk behar dituzten pertsonentzat, oso zaila da askapen hori gauzatzea.

Aipatutako bi ereduen arazoak eta desabantailak gainditzen lagun dezake, (bai, erredundanteki) laguntzaile pertsonalak. Kontratu ekonomiko batek sor ditzakeen arazoak arazo, argiki zehaztuta, idatzita eta izenpetuta egongo litzateke zerbitzu-emailearen eta zerbitzu-hartzailearen arteko transakzioa nolakoa den eta zer baldintzatan gauzatzen den, eta, ondorioz, bi alderdietako edozeinek zenbait muga zeharkatuz gero, errazagoa litzateke horiek etetea, edo horiek saihesteko neurriak hartzea. Kasuan kasuko alternatiba bat da, alegia, kasu bakoitzean ñabardura eta ezaugarri zehatzak izan beharko dituena eta ezingo dena, noski, baldintza berberetan masiboki aplikatu, pertsonez eta harremanez dihardugulako, eta ez makinez. Edonola ere, gaur egungo jendarte kapitalean-kontzentratuak sustatutako eredua baino askoz interesgarriagoa eta erabilgarriagoa izan daitekeelakoan nago.

Beatriz Preciado eta testosterona

beatriz_preciado_11

(Beatriz Preciado, Jose Ramon Gomezek egindako argazkia. Iturria: Argia aldizkaria)

Filosofoa da Preciado (Burgos, 1970), blog honetan aipatu ditugu jada bere pentsamenduaren zenbait aspektu, guztiok oroituko duzuenez, urrian eskolari hasiera eman genionean bere artikuluetako bat jorratu baikenuen (ekainean zirkulutxo bat behintzat ixten dugu, beraz). Hirien diseinuak eta bereziki espazio pribatu-publikoak diren komunen arkitekturak genero-eraikuntzan eta gizarte-kontrolean duen eraginari buruzkoa zen hura; izan ere, arkitektura da paristar-bilakatutako-burgostarraren hazkura eragiten dion ardatz nagusietako bat (doktorea da arkitekturaren teorian, eta 2010ean Anagramak argitaratutako saioan pornografiaren eta arkitekturaren arteko harremana analizatu zuen, Playboy jauregia oinarri hartuta). Dena dela, Testo Yonqui goiztiarrago honetan beste ga(ra)i baten inguruan hausnartzen eta sakontzen du, hau da, Preciadok berak izendatutako “sistema farmakopornografikoa”ren inguruan. Horretarako, abiapuntua hauxe da: (mintzo preciadoarrarekin jarraituz) bioemakumea izanik testosterona hartzen duen norbaiten bizipenak/egunerokoa. Ondorioz saioa apur bat laxoagoa da, paragrafo teoriko trinkoez gain, pasarte “pertsonalagoak” ere sartzen baititu. Autoreak aitzinsolaseko hitzetan:

Liburu hau ez da autofikzio bat. Borondatezko intoxikatze-protokolo bat da, testosterona sintetikoa erabiliz aurrera eramandakoa, eta B. P.-ren gorputz eta desirengan eragina duena. Gorputz-saiakera bat da. Fikzio bat, egia da. Edonola ere, eta beharrezkoa balitz gauzak muturreraino eramatea, fikzio bat, autoteoria bat[1].

Preciadok Testogel izeneko testosterona-gela hartzen du zenbait hilabetez, eta prozesuan bizitako aldaketa eta sentipenak deskribatzen ditu. Sexu-aldaketa egiten ari den lagun baten bitartez lortzen du testosterona, estraperloan (nolabait esatearren), frantziar estatuan erabat debekatuta baitago emakumeek hormona hori hartzea. Medikamentuaren argibide-orriak ere, hasiera-hasieratik oso garbi uzten du emakumeek ez dutela inola ere gel hori erabili behar, gel hori gizonentzat bakarrik dela. Preciadok salatu egiten du hormona femenino eta maskulinoen arteko banaketa bortitza, eta azpimarratzen du nola emakumeek estrogenoak legalki har ditzaketen gaixorik egon gabe ere (pilula), eta, aitzitik, ezinezkoa zaiela testosterona lortzea. Hormona-mota bakoitzak dituen efektuak aztertzen ditu eta testosterona droga gisa aurkezten du:

 Garai hartan lagun trans mordoa izan nituen inguruan. Batzuek hormonak hartzen dituzte sexu-aldaketa protokolo bati jarraikiz, beste batzuk testosterona-trafikoan aritzen dira, eta hormonak hartzen dituzte legezko sexu-aldaketa baten zain egon gabe, “genero-disforiko” gisa identifikatu gabe. “Genero-pirata” gisa izendatzen dute beraien burua, gender hackers. Ni neu testosterona-erabiltzaile horietako bat naiz. Copyleft erabiltzaileak gara, alegia, uste dugu hormonak biokodigo irekiak direla eta horien erabilera ez duela estatuak arautu behar eta ez duela farmazia-konpainien mende egon behar. Lehenenengo testosterona-dosia hartzea erabaki nuenean ez nion inori esan. Droga gogor bat balitz bezala, etxean bakarrik egon arte itxaron nuen hori hartzeko (47. orria)

Are, tresna politiko gisa aldarrikatzen du:

Nire emakume-identitate juridikoa gordetzea erabaki dut, eta testosterona hartzea sexu-aldaketa protokolo batean sartu gabe. Hein batean, erregimen farmakopornografikoari zakilean haginka egitea bezalakoa da. (51. orria)

Testosterona modu horretan pentsatzea da, taldeko gehienon iritziz, Preciadoren liburuak egiten duen ekarpenik interesgarriena edo proposamen errotikakoena, eta, halaber, planteamendu horrek piztu ditu kritika gehien. Preciadok berak onartzen duenez, bere posizioa “luxu politiko” bat da, bizi den tokian bizi delako, zuria delako, ez duelako lan bila irten behar etab. Hain zuzen ere, hainbat taldekidek kritikatu dute oso ikuspegi zehatz eta pribilegiatutik idatzita dagoela, Preciadoren pentsamendu zuri, aberats eta mendebaldarraren gailurra dela. Izan ere, hormonak erabiltzea jolas gisa planteatzen du, eta pertsona askorentzat oso gai mingarria eta konplexua da, kasu, Preciadorena bezain “irekia” ez den inguru batean bizi diren transexualentzat. Hain zuzen ere, komunitate oso zehatz bati zuzenduta dagoela aipatu dugu taldean, eta, komunitate hori existitu existitzen den arren, ez da hain zabala ere.

Halaber, erregimen farmakopornografikoaz dionaren harira, hainbat taldekideren artean zalantza piztu zuen izendapenak; izan ere, ez dute uste farmazia eta pornografia direnik egungo industria boteretsuenak. Hala ere, beste taldekide batzuek adierazi zuten agian ekoizpen-bolumenaren aldetik ez direla handienak, baina kontrolaren ikuspegitik, aldiz, eragin zabalenetarikoak dutenak direla, eta ildo horretatik hartu dutela Preciadoren planteamendua. Azkenik, jakin Beatriz Preciado Donostian izango dela abuztuaren 23an eta 24an, mintegi bat ematen San Telmo Museoan. Izen ematea doakoa da.

Segi dezagun axola duten bizitzak eraikitzen.


[1]. Aipu-itzulpen guztiak nireak dira.