Autoreak plazara: Ajo

uztaila 8, 2013 @


ajo-micropoetisa-propost

(Ajo mikropoeta, Don Simón y Telefunken taldearekin errezitatzen. Irudia: Teresa Serigó)

Uztaila hilabete lodia izango da Euskal Herrian: ikurrinak Iruñeko txupinazioetan, jai-giroz mozorrotzen saiatutako eraso matxistak banderatxodun kaleetan, udako ikastaroak all over the place, Neil Young eta Frida Kahlo Miarritzen, jazza erkidegoko hiruetan… denetik. Baina soil-soilik literatur-egutegiari erreparatuta uztaila beste zerbait da, uztaila EA da. Aurreko astean eman zuten argitara aurtengo poesia egunetako egiataraua, eta itsasoari begira izango dira Gabriel Arestiren hitzaldi bat Patxo Telleriak antzeztua, Rikardo Arregiren, Hedoi Etxarteren eta Fabiana Boerren irakurraldiak, Oier Guillanen, Eñaut Etxamendiren eta Castillo Suarezen errezitaldiak. Hortaz, guk ere poesiaz jantzi nahi izan dugu uztaileko gure atal hau, 19-20-21 astebururako berotzen joateko.

Ajo mikropoeta eta astintzailea, pertsonaia oso ezaguna da Madrilgo Malasaña auzoan eta hiriko kontrakulturan. Musikaria ere den aldetik hainbat taldetan aritu da, disko-etxe bat eratu zuen (Por Caridad Producciones) eta Radio 3 irrati-kate espainiarrarekin kolaboratzen du. Horrez gain, Experimentaclub eta Yuxtaposiciones po(li)esia-jaialdietan antolatzaile jardun du eta jarduten du oraindik. (Hona pare bat artikulu interesgarri: polipoesiaz eta perfopoesiaz). Azkenaldian poesia-idazketan eta errezitaldietan buru-belarri ibili da, eta argitaratu dituen hiru mikropoesia-bildumek oihartzun zabala izan dute Madrilen bertan eta espainiar estatuan. Liburuxka txikiak dira, kolore bizietakoak. La luz roja argitaletxearekin plazaratu zuen lehenengo bilduma: Micropoemas 1 (2004). Ondoren, Arrebato Libros etxearekin plazaratu ditu Micropoemas 2 (2007) eta Micropoemas 3 (2011). Salmentari dagokionez arrakasta handia izan dute bi liburuek, eta hainbat aldiz berrargitaratu dituzte.

Hautaketa txiki bat egin dugu eta 16 mikropoema ekarri ditugu euskarara; izan ere, ezin aproposagoak dira testutxook, bizitzari eta literaturari dosi txikitan aurre egiteko. On egin, gerizpean ikusiko dugu elkar.

micropoemas2-peq

Beti beti beti beti beti

beti beti beti beti beti

eta hala ere gutxi iruditzen zait

—————————————————

Behin batean hautsi zitzaidan

nire jostailu gogokoena,

ezer esan gabe, nahi zuena iraun zuen

Bazuen arazo bat nire jostailu gogokoenak

eta arazo hori zen

ez zela nirea.

—————————————————

Erabat proportzionala

–       Ikusi makusi

–       Zer ikusi?

–       Ba orokorrean:

zizare asko eta tximeleta gutxi

—————————————————

Halaber, orokorrean, atzematen dut

beldur asko eta arrisku gutxi.

Ez dago nahikoa arrisku

sentitzen dugun beldur guztirako.

—————————————————

Hau fikzioari gailentzen zaio,

errealitatea izan behar du.

—————————————————

Guztiok gabiltza gauza beraren bila

toki oso ezberdinetan.

Zerbait ezberdina aurkitzen dugu,

baina denok toki berean.

Zerbait ezberdinaren bila gabiltza,

baina guztiok aurkitzen dugu gauza berbera.

—————————————————

Bizitza horrelakoxea da,

ni neu ari naiz

asmatzen.

(Sandro Giacobberi)

—————————————————

Ez dakizu musuak ematen,

baina gehiago da

ematen ez jakiteagatik

musukatzen ez jakiteagatik baino

—————————————————

Koldarren zortea

askoz lehenago iraungitzen da.

—————————————————

Jende guztiak du

ezer ez esateko.

—————————————————

Tristea da eskatzea,

baina are tristeagoa da

ez ematea

—————————————————

Nik negar egiten dut

Zuk negar egiten duzu

Berak negar egingo du

—————————————————

Beste behin ostirala,

beste behin azaroa,

beste behin gaur,

oraindik ere ni.

—————————————————

Bihotzarekin ahazten dugu

eta ez denborarekin

—————————————————

Beldurra oparitzen digute

segurtasuna

saltzeko

—————————————————

Garbigailu,

neure burua akordarazten didazu

zentrifugatzen duzunean

—————————————————