(Irudia: Txalapartak berriki argitaratu du Munduko Bandarik Txarrena komikia, Bego Montoriok euskaratua)
Bigarren egunean adibide zehatzetan jarri zuten fokua hizlariek, eta Japoniako literaturara, komiki-itzulpenera eta Calderón de la Barcaren antzerkira gerturatu gintuzten Ibon Uribarrik, Bego Montoriok eta Xabi Payak, hurrenez hurren.
Jauzia sortalderantz
Ibon Uribarri irakasle eta itzultzaileak lan handia egin du itzulpen-ikasketen arloan, horren erakusgarri da duela pare bat aste Baionako ikastaroan eman zigun saioa, non azkenaldian jorratu dituen ikerketa-lerroak azaldu baitzizkigun. Oraingo honetan, aldiz, itzultzaile gisa izandako bizipenez jardun zuen Uribarrik, zehazki, LU bildumarako euskaraturiko Loti ederrak (Alberdania-Elkar, 2006) eleberriaz. Japonieratik itzuli zuen, eta hauxe izan zen bere lehenengo literatur itzulpena, horren aurretik filosofian aritua baitzen.
Hasteko, Kawabataren inguruko zenbait xehetasun eman zizkigun. Haurtzaro latza izan zuen idazleak, senide gehienak hil zitzaizkion eta barnetegi batean egon zen Tokiora joan arte unibertsitate-ikasketak egitera. Hastapenean filologia ingelesa ikasten hasi zen; izan ere, garaiko idazle japoniar modernoen artean ohikoa zen mendebaldeko kulturak aztertzea. Lehenbiziko urte horietan estilo modernistako literatura landu zuen eta, halaber, hainbat itzulpen egin zituen, tartean Txekhov errusiarra (mendebaldeko literatura nahiko berandu sartu zen Japoniara, hain zuzen ere, Kawabata izan zen korronte horri lagundu zion lehen itzultzaileetako bat). Edonola ere, autoreak literatura japoniar zaharra berdeskubritu zuen, filologia japoniarreko ikasketak burutu zituen. Mishimak bere maisutzat hartu zuen. Japoniako tradizioarekiko miresmenak bere ibilbide osoan zehar jarraitu zuen, eta aipatzeko da 1968an Nobel saria jasotzera joan zenean jantzi japoniarrak eroan zituela soinean. Are deigarriagoa da kontuan hartzen bada Japonian gaur egun emakumeek soilik jantzi ohi dituztela kimono eta yukatak.
Kawabataren obra ezagunean Izu no odoriko izenekoa da (Izuko dantzariak), baina euskarara ekarritako Loti ederrakek ere oihartzun handia lortu du nazioartean. Hizkuntza askotara itzulia izan da, eta Uribarrik horietako batzuk aztertu zituen lanari ekin aurretik. Nabarmentzekoa da itzulpen ingelesak, frantsesak eta gaztelaniazkoak jarrera orientalizatzailea izan dutela, azalean geisha eta antzeko elementu tradizionalak azaltzen dira, nahiz eta istorioa aro garaikidean gertatzen den eta ez duen zerikusirik gisakoekin. Aitzitik, testuari dagokionean, hizkuntza horietako itzultzaileek bestela jardun dute, eta izugarri etxekotu dituzte itzulpenak testuko erreferentzia kultural gehienak ezabatuz. Bestalde, alemanezko bertsioaren kasuan, azala ez da hain estereotipatua eta testuan ere gehiago errespetatzen dira japoniar kulturako aztarnak. Euskararako itzultzaileak azken joera hori hobesten du.
Baina nola iritsi zen Uribarri japoniera euskaratzera? Hasiera batean kultura horiekiko lilura zinemaren bitartez piztu zitzaion, eta ondoren, Alemanian doktorego-ikasketak egiten ari zela, hizkuntza lantzeari ekin zion, eta hainbat egonaldi egin zituen uharte nipoietan. Kawabataren nobelaz gain haikuak itzuli ditu (Senez-en plazaratuak) eta baita Haruki Murakami ezagunaren Gauaren sakonean (Erein, 2009) ere.
Itzulpen-prozesuak hainbat zailtasun izan zituen. Japonierak idazkera konplexua du, hiru alfabeto mota ditu: hiragana (silabikoa, ondorioz hitz homofono asko sortzen ditu), kanjia (hizki txinatarrak) eta katakana (atzerriko maileguak idazteko erabiltzen da). Kanji askok irakurketa posible bat baino gehiago dute, zer beste kanjirekin uztartzen diren. Kanjiak nola irakurtzen diren ez jakiteak asko moteltzen du irakurketa, eta, ondorioz, itzulpena. Bestalde, japoniera euskararen antzekoa da formalki, postposizionala eta aglutinatzailea baita, eta S-O-A hurrenkera baitu. Transliterazioa finkatuta eta bateratuta ez egoteak ere arazoak sor ditzake. Kultur erreferentziak gordetzeko orduan, Uribarrik glosario bat osatzeko hautua egin zuen testuan oin-oharrak txertatu beharrean. Hitz ezezagunak letra etzanaz agertzen dira, hartara, interesa duenak definizioa kontsulta dezake, eta axola ez zaionak ez du zertan irakurketa eten.
Amaitu aurretik anekdota gisa kontatutako zerbait ekarri nahi nuke hona. Uribarrik hasieran hitz egin zigun orientalismoaz eta joera zapaltzaile hori oso agerikoa da ondorengo kasu honetan:
(Irudiak: Ming doktorearen argaltzeko tearen ontzia eta 10 000 yeneko billetea)
Ikusten duzuenez gizon berbera agertzen da bi irudietan. Ming doktore delakoa egiazki Japoniako oso pertsonaia sonatua da, zehazki, Yukichi Fukuzawa, filosofoa eta Keio unibertsitate prestigiodunaren sortzailea. Herrialde bateko kulturan hain inportantea den norbaiten irudia modu kutre horretan baliatzeak argi erakusten du zer errespetu gutxirekin egiten zaion so, oro har, Ekialdeari.
Itzulgaia testu hutsa ez denean
Komikizale porrokatua dugu Bego Montorio itzultzailea eta pasio horrek eraman du komikiak euskaratzeko abenturara. Hasieratik nabarmendu nahi izan zuen komikiak testua eta irudia batzen dituen arren ez dela bi elementueen batuketa soil bat, baizik eta bi elementu horiek uztartzean sortzen den obra berezi-berezia. Horrez gain, azpimarratu zuen komikia ez dela umeentzako produktua, pentsatu ohi denaren kontrara. Horren adibide aproposak dira Ralf König alemaniarraren lanak (euskaraz Kondoi-hiltzailea dugu) edo Art Spiegelman estatubatuarraren Maus sorta. Cannesko zinema-jaialdian urrezko maskorra irabazi berri duen La vie d’Adèle filma bera ere eleberri grafiko batean dago oinarritua, hain justu, Julie Marohren Le Bleu est une couleur chaude (2010).
Gisa horretako komikiak dira Montorioren arreta pizten dutenak, hor baitago sormena garatzeko aukera zabalena. Dena dela, mota horietako obrak ez dira euskarara gehien itzultzen direnak. Kontrara, komikien eta haurren arteko lotura berresten da, eta Asterix eta Obelix eta Tintin salbuespen gisa hartuta, euskaratu diren komiki gehienak didaktikoak/pedagogikoak dira, edo literatur obra handien egokitzapenak eta haur eta gazteei zuzenduta daude beren-beregi. Ez dute bat egiten hasieran planteatutako ikuspuntu horrekin, irudia eta testua uztartuz sortzen den produktu bereziaren magiarekin, alegia.
Hizlariaren esanetan, komikia aldirien aldiria da, polisistemen teoriaren mintzoan. Maite Lopetegik berriki gehitu ditu komikigintzaren datuak itzulpenen katalogora, eta horri esker hainbat zenbaki zehatz eman ahal izan dizkigu Montoriok. 1972tik gaur arte zenbatzen hasita 240 komiki ekarri dira gurera, eta 49 argitaletxek plazaratu dituzte. Atomizazioa ikaragarria da, beraz. Edukiei dagokionez, goian aipatutako joerak nabarmentzen dira, eta horrek erakusten digu Bidasoatik hegoalderako gure lurraldeetan ez dagoela komiki-tradizio handirik.
Segidan komikien ezaugarri formalez jarduen zuen Montoriok. 3 testu mota daude, batetik bunbuiloak (pertsonaien elkarrizketa biltzen dutenak), bestetik testu osagarrietarako kaxak (musika, telebista…) eta azkenik kartutxoak (ainguratze funtzioetarako, alegia, eszenaren kokapen geografikoa eta tenporala zehazteko, eta off ahots bat islatzeko…). Horiek funtzio ohikoenak lirateke, baina noski, hiru elementu horiek helburu estetikoekin ere erabiltzen dira, eta egile bakoitzak bere estiloa duenez, aniztasun handia dago.
Testuak itzultzean hainbat berezitasun hartu behar dira kontuan: hitz-joko asko baliatzen dira irriak sortarazteko, eta hizkera zuzena da nagusi, ia dena da elkarrizketa. Ahozkora hurbiltzeko transkripzioa franko baliatzen da, hala nola, azentuak eta hitz egiteko modu estereotipatuak (atzerritarrenak adb.). Horiek euskaratzeko orduan euskalkiak aukera bat izan daitezke, baina arretaz ibili behar da horrekin ere.
(Irudia: Xabinaitor-en tira bat)
Itzulpena amets
Last but not least Xabi Paya itzultzaile eta bertsolariak bere bizipenak azaldu zizkigun, Pedro Calderón de la Barcaren Bizitza amets (Alberdania-Erein-Igela, 2013) antzezlan ezaguna euskaratzearen erronkari dagozkionak. Ez dira nolanahikoak izan, Payak erabaki baitzuen obra formari eutsiz itzultzea, alegia, neurtizkeran, horrek dakartzan zailtasun gehigarri guztiekin.
Aurkezpen dinamiko baten bitartez hainbat xehetasunen berri izan genuen. Batetik Pedro Calderón de la Barca idazleari buruz jardun zuen Payak. Familia dirudun bateko semea izanik, babestuta hazi eta bizi izan zen, humanitateak eta zuzenbideak ikasi zituen Salamancan eta hainbat lanbidetan ibili zen, hala nola soldadu, antzerkigile, olerkari eta fraide. Liskarzalea izan zen, eta fede kristauarekiko zalantzak krisi pertsonal sakona eragin zion. 1635ean estreinatu zen Bizitza Amets oholtzan, eta hurrengo urtean argitaratu. Ikuslego jakin batentzat zegoen idatzia, corralesetara joango zirenentzat, alegia, eta antzoki horietan jendeak amodio/ohore/botere trinitateari buruzko endreduak eskatzen zituen. Obraren estiloak ere arau zehatz batzuei jarraitzen die, hain zuzen ere, 1609an Lope de Vegak komediak egiteari buruzko gidaliburu bat kaleratu zuen, eta han esandakoei lotu zitzaien Calderón.
Bere itzulpenerako marko teoriko eta eredu aproposen bila hainbat autorerengana jo zuen Payak. Antzerkia ekartzeko orduan, bi irizpide nagusi erabili ohi dira, batetik esangarritasuna (translating for the page) eta bestetik antzezgarritasuna (translating for the stage). Kasu honetan, neurtizkera ere hartu behar da kontuan, autoreak 6 olerki-mota baitarabiltza, are, mota bakoitza eszena jakin batzuetarako baliatzen du, eta pertsonaia batzuek soilik neurri batean hitz egiten dute. Ezin ahaztu, halaber, errima, erreferentzialtasuna (hainbat pertsonak buruz dakizkite obra honetako pasarteak) eta kultur gertutasuna.
Azkenean, Susan Basnett etxe honetan ezagunaren proposamenak ase zuen. Basnettek dio, hasteko, antzerkia beti itzuli behar dela (badaezpada) antzeztua izatera joango balitz bezala. Horrez gain, baliokidetasun dinamikoaren kontzeptua ere bultzatzen du, hau da, jatorrizkoa hartzen zuen irakurleak sentitzen zituenen antzekoak sortzen ahalegintzea itzulpenaren irakurlearengan. Ondorioz, ezinbestekoa iruditu zitzaion neurtizkerari eustea, antzeko efekturik sortu nahi bazuen.
Beste hizkuntzei begira ere jarri zen euskaratzailea, eta ingelesek eta frantsesek egindakoari erreparatu zion. Ingelesera bi itzulpen egin dira, bata 1920an (Symons) eta bestea 2004an (MacCarthy), biek ala biek gorde dute bai errima bai erritmoa. Horren arrazoi posibletzat jo daiteke ingelesak errezitatzeko eta errimatzeko tradizio handia izatea. Bestela jokatu zuten frantses itzultzaileek. Hinardek 1841ean eta Dupuisek 1996an biek hitzez hitz, prosaz eta errimarik gabe eman zuten antzezlana. Tradizioa baduten arren transmisioa, oro har, idatziz egin izan dute, eta Payaren iritziz hori izan daiteke hartutako erabakiaren azalpen bat. Euskaraz ere aurrekariak badira: Juan Garziak itzulitako Hamlet eta Juan Martin Elexpuruk ekarritako Tartufo Zekena. Biek egin zuten formari eustearen aldeko apustua.
Hori guztia kontuan hartuta ekin zion Payak lanari, eta emaitza ez da makala izan. Hainbat lizentzia hartu zituen, testuari Traizioa egin ordez traiziotxoak soilik egitea egokiagoa zela pentsatzen baitu. Horrela, olerki txikiei bertsoak gehitu dizkie (toki gehiago izateko), sinalefak komenentziaren arabera baliatu ditu, ahozko hizkerako laburduretara jo du silabak irabazteko (y juntagailua mila aldiz agertzen da testuan, literalki, eta hainbat kasutan “ta” bilakatu da), eta aditz trinkoen aldeko apustua egin du.
Besterik gabe, gozatu Maite Arresek eta Ramon Agirrek egindako errezitaldiarekin. Bihar arte!
https://www.youtube.com/watch?v=66aZJsgNoFA
uztaila 30, 2013 @ Danele