EIZIEk antolaturiko ikastaroaren azken egunean beroa uxatzeko abaniko inprobisatuak izan ziren nagusi Miramarreko areto itzaltsuan, batez ere aurreko egunean konfiatuta praka motz eta tirantetan joan ginen guztiok hoztu, eta, beraz, hurrengo egunean arropa gehiegirekin azaldu ginelako. Xabier Olarra, Jon Alonso eta Harkaitz Cano izan ziren hizlariak asteazkenean, eta beren esperientziatik abiatutako saio praktikoak eskaini zizkiguten, zer pentsatuaz gainera, barretxoren bat egiteko aukera ere eman zigutenak. Kronika-sorta honetako azkena denez, Isabel Etxeberria zoriondu nahi dugu, antolatzaile lanetan prestu bezain adeitsu ibili zelako.
Bidegurutzetan galdu gabe
Itzultzaile modura izandako ibilbidea kontatzera bazetorren ere, hasiera-hasieratik jakinarazi zigun ezin izanen zuela itzultzaile ikuspegia editore ibilbidetik banandu. Hori esanda, “Itzulpena: hamaika bidegurutzeko gurutze-bidea” hitzaldiari ekin zion Xabier Olarrak, ikastaroko azken egunari hasiera emateko. Lankidetza bidezko itzulpena izan zuen hizpide, eta 1993ko Senezen argitaratutako mahai-inguru batean esandakoetara ere itzuli zen noiz edo noiz. Saioaren izenburua bera Senez 14 hartan kaleraturiko Maria Garikanoren idatzitik hartutako ideia da, eta Miguel Saenzen testutik ere hautatu zituen lerro batzuk, Thomas Bernharden ustea adierazteko: [todo libro traducido es] «como un cadáver destrozado por un coche hasta resultar irreconocible».
Itzultzailearen eta idazlearen arteko lankidetzari buruz adibide gutxi batzuk baino ez zituen eman; Philippe Claudel eta Alaa Al Aswanirekin, esaterako, harremana izan zuen argitaletxeak, baina promozioaren eta itzulpenaren berri emateko besterik ez. Bestetik, Gianni Celatiren trilogia bi itzultzaileri esker iritsi zaigu, Fernando Reyk euskaratu baitzituen lehenengo eta hirugarren liburukiak eta Pello Lizarraldek bigarrena. Guizzardiren abenturak itzultzeko, Fernando Rey autorearekin harremanetan jarri zen zuzenean zalantza batzuei buruz galdetzeko, testuan izandako zailtasun batzuk hizkuntzaz kanpo zeudelakoan. Eta hala zen, Celatik zoro baten diskurtsoa islatu nahi baitzuen. Autorea denboraldi bat pasatu zuen eroetxean gaixoen mintzoaz jabetzeko, eta hala egiteko aholkatu zion itzultzaileari; Reyk ez zuen halakorik egin, noski, baina testuaren korapilatsua ulertzen lagundu zion autorearekin izandako hartu-eman hark.
Annie Ernaux, Amélie Nothomb eta beste batzuekin ere kolaborazioa eskatu ahal izan zutela aipatu zuen Olarrak, baina ez zitzaiela beharrezkoa iruditu, testuek ez baitzuten halako konplexutasunik.
Itzultzaileen arteko lankidetzaz zenbait obra aipatu zituen Olarrak. Sergio Ibarrolak J.R.R. Tolkienen Hobbita lana euskaratu eta Igelara bidali zuen; bertsoak, ume-kantak eta igarkizunak agertzen dira liburuan, eta Ibarrolak horiek prosaz eman zituen. Ahal dela, hitz neurtuz emandakoa hala itzuli behar dela uste du Olarrak; hortik aurrera galtzen dena franko izanen bada ere, buruan zuen konposizio instrumentalak zirela goi-mailako poesia bainoago: saiatzea erabaki zuen, beraz. Edizio-lanaz gainera, moldaketa, egokitzapena eta txukuntzea ere eskatu zion Hobbitak. Horregatik, eta diru-laguntza batek ezarritako bestelako baldintzaren bat tarteko, Ibarrola eta Olarraren izenak agertzen dira kredituetan.
Arantzazu Royorekin aritu zen lankidetzan Jakobian eraikina euskaratzeko. Testu konplexua zenez, arabierazko maila aurreratuagoa zuen itzultzaile batengana jotzea erabaki zuen Olarrak, eta, horrela, Royok hartu zuen itzulpenaren ardurarik handiena. Testua arabiera batuan badago ere, Egiptoko dialektoa ere badarabil, eta hizkera marjinala nahiz Koraneko zatiak agertzen dira. Hortaz, beste hizkuntzatarako itzulpenak ere hartu zituzten kontsultarako. Olarrak esan zuenez, Royorekin egindakoa benetako lankidetza izan zen, aurretik egindakoetan ez bezala, bi itzultzaileek aldi berean parte hartu baitzuten itzulpen prozesuan. Esaterako, transliterazio arauak oraindik ez zituen Euskaltzaindiak emanak, eta bien artean adostu behar izan zituzten; oin-ohar piloa jarri beharrean, bukaeran glosario bat jartzeko hautua egin zuten; Koraneko zatiak eta musulmanen aitorpenak ere haiek itzuli zituzten, islamak esaten baitu horien itzulpenari ez zaiola beldurrik izan behar, eta, gainera, ez zekitelako ordurako bazegoela Korana euskarara ekarria (nahiz eta talde kristauek egina zen).
Lorenza Mazzettiren Zerua gainbehera dator ere bestelako lankidetza modu baten bidez itzuli zuen hizlariak Fernando Reyrekin. Lehenengo itzulpena Olarrak egin zuen, eta hori gainbegiratu eta azken bertsioa osatu zuen Reyk. Autoreak 30 urterekin-edo idatzi zuen obra, gaztetako trauma askatzeko psikiatra batek hala aholkatuta. Beraz, autobiografikoa zen lana, baina itzultzaileek ez zuten horren berri, gerora jakin zuten. Hala ere, Olarrak Reyri lehenengo bertsioa eman zioenean, idazkerarekin loturiko bizpahiru ohar egin zizkion: a) iraganetik presente historikorako jauziak zeuden, eta batzuk hala eman zituen, nahiz eta euskarak hainbesteko ohiturarik ez duen; b) puntuazioan propio egindako akatsak zeuden, Mazzettik ume-hizkera islatu nahi zuelako; eta c) arrazoi beragatik, hizkera traketsa erabiltzen zuen batzuetan. Beraz, hiru bidegurutze horietan zenbait erabaki hartu behar izan zituzten bien artean, zer bidetik jo.
Azkenik, J.K. Rowlingen Eserleku hutsaren itzulpen prozesuari buruz mintzatu zitzaigun Olarra, Estibaliz Lizasorekin pasa den urtean egindakoa. Argitalpena berezia izan zen, arrazoi komertzialek hala behartuta. Ekainaren 27an enkante bidez lortu behar zuen hizkuntza bakoitzak itzulpen eskubideak; euskaraz Alberdaniak eta Ereinek egin zuten eskaintza, Batera sailean kaleratzeko. Hala ere, irailaren 27ra arte ez zieten itzulgaia pasatu, egun horretan argitaratu baitzen ingelesezko edizioa (hala ere, frantsesezkoak lehenago lortu zuen itzulgaia). Bi hilabetetan itzuli beharreko lana zen, Durangoko azokan egon zedin; beste hizkuntzetan ere antzeko, Gabonetarako behar baitzuten, eta, beraz, ez da harritzekoa Estatuko beste hizkuntzetan ere bina itzultzaile aritu izana. Erabaki bat baino gehiago hartu behar izan zuten, eta azkar, gainera. Lehenengo erabakia lana nola banatu izan zen; erdi eta erdi egin beharrean, jauzia nabarmenegia izanen baitzen, txandaka banatu zituzten zatiak; biek irakurri zuten bestearena, eta oharrak edo gomendioak egin zizkieten elkarri. Beste erabakietako bat leku eta pertsona izenak, instituzio izenak, nerabeen hizkera zatarra, ahozko hizkera ez estandarra eta abarrak nola itzuli izan zen; horretarako, lehenengo kapitulua bidaltzearekin batera, editoreari galdetu zioten. Erantzuna, oro har, erraztera jotzekoa izan zen. Izan ere, «testua ez da goi-mailako deus, Al salir de clase moduko bat baizik, nerabeen arazoekin-eta, gaitzespenik gabe esanda».
Bukatzeko, Rowlingen lan marduleko pare bat itzulpen anekdota kontatu zizkigun Olarrak, eta orain itzultzen ari den Ulyssesen adibide batzuk ere ikusi genituen, sorkuntza eta itzulpena nahasten direnekoak.
(Xabier Olarrak lankidetzan euskaratutako lau liburu)
«Así le gusta al autor»
Egilearen eta itzultzailearen arteko harreman jakin bati buruz mintzatu zitzaigun Jon Alonso “Gabe edo kin, ez da berdin” izeneko saioan. 1999an kaleratu zuen Ibaizabalek, Literatura Unibertsalaren bilduman, José Saramagoren Lisboako setioaren historia. Alonsok aukera izan zuen autoreari zenbait zalantza galdetzeko, Pilar del Rio itzultzaile eta Saramagoren emaztearen bitartez. Izan ere, garai hartan ez zeuden egungo baliabide teknologikoak, eta zenbait ulermen arazo eta kultur erreferentzia argitzeko baliatu zuen Alonsok aukera.
Pernandoren egia batekin hasi zuen itzultzaile-idazleak hitzaldia: autorearekin lankidetzan aritzea onuragarria da, nolabaiteko berme bat. Esther Benítezen idatzi bat aipatu zuen, non azaltzen baitu Italo Calvinorekin izandako gutun trukea. Bertan, Benítezek zioen editoreek mesfidantzaz hartzen zutela autorearekin komunikatzeko nahia, itzultzaile kaxkarra izanen balitz bezala. Aspaldiko testua da hori, eta gaur egun lankidetza hoberako dela onartzen da oro har. Alonsok Saramagorengana jo zuenean, pentsatu zuen pikutara bidaliko zuela, baina kontrakoa gertatu zen, interes eta profesionaltasun handiz hartu zuen. Hala izan ohi dela aipatu zuen, oro har idazleak eskertu egiten duela itzultzailea hurbiltzen zaionean.
Alonsok faxak bidaltzen zizkion Saramagoren idazkari lanak egiten zituen Pilar del Riori, portugaldarra Nobel saria jaso berritan zenez, hemendik hara baitzebilen hitzaldiak ematen. Del Riok labur eta zehatz erantzuten zien Alonsoren kezkei, eta maiz «así le gusta al autor» gisako komentarioak idazten zituen. Itzulpen prozesuan, beraz, Alonsok berme bat izan zuen, autorearen oniritzia. Jatorrizkoaz gain, gaztelaniazko bi bertsio erabili zituen Alonsok itzulpen prozesuan, kontsultarako, eta alderaketa horretan, akatsak aurkitu zizkien biei. Horrela, bada, liburua euskaratzeaz gainera, dokumentu bat osatu zuen gaztelaniazko liburuetako akatsekin, eta José Saramagori eta Pilar del Riori bidali zien; emakumeak berak berrikusi zuen gaztelaniazko bigarren edizioa, eta, beraz, esan daiteke adorea ere izan zuela Alonsok itzulpenen gabeziak bidaltzeko.
Zenbait zalantza eta komunikazio truke erakutsi zizkigun Alonsok apur bat kaotikoa izan zen saioan, aldi berean erakusten zigula portugesezkoa, gaztelaniazko biak, euskarazko ordaina eta faxetako galde-erantzunak. Interesgarria izan zen lehen eskutik entzun ahal izan genuelako haren esperientzia, nahiz eta segur aski gaur egungo testuingurura ezin ekartzen ahal dugun, Google bilaketa batek zenbait zalantza argitu izanen zizkiolako. Autoreak aunitz lagundu badezake ere, hutsune guztiak ez dituela estaltzen ere aipatu zuen Alonsok.
(Jon Alonso eta Jose Saramago. Iturria: Argia)
Autoitzulpena: igel bat bizirik zabaltzea
Lehenengo oharra: «oso ariketa kontenporaneoa egingo dut gaurkoan, neure buruaz hitz egingo baitut». Horrela hasi zuen Harkaitz Canok eguneko eta ikastaroko azken saioa: “Autoitzulpengintza edo berridazteko tentazioa”. Autoitzulpena biologia eskola estatubatuarretako igela zabaltzeko ariketarekin parekatu zuen; gauza bizi baten gaineko kontrola izan eta erditik zabaltzea, tripak ikustea, barrua aztertzea. Canok bere liburuak itzultzeari halabeharrez ekin zion, dirurik ez baitzegoen itzultzaile bati ordaintzeko. Gainera, aipatu zuen espainiar estatuko editoreek nahiago izaten dutela autoreak berak itzultzea lana, edo, bestela, itzultzailea egilea ez denean, itzulpena bera ezkutatzen saiatzen direla. Zenbait aipu erabili zituen gaian murgiltzeko, hala nola:
Egoera diglosikoan dauden hizkuntzetan –eta, okerrago dena, hizkuntza horien idazleekin ere hala gertatzen da–, geroz eta desfase handiagoa dago esan nahi den horren eta benetan esaten denaren artean.
Anjel Lertxundi
Ikusten dudanean ez didatela ongi lapurtu, ez dutela aurkitu gordean zegoena, desengainatuta sentitzen naiz. (…) Zeren baliteke sekreturik ez egotea aurkitu ez badute. Ongi dago sekretua ezkutuan egotea, gordean, baina ongi dago ere hori nolabait ikusi ahal izatea, lapurrak jakitea non bortxatu behar duen sarraila.
Italo Calvino
Itzulpena ni sortzailearen suizidioa da, beste ni sortzaile bat bizi dadin.
Jose Asunción Valenzuela
Aipu horien gainean gogoeta egin ondoren, saio praktikora pasatu ginen, Harkaitz Canok eginiko autoitzulpenen adibideak ikustera. Izenburuetatik hasi zen; Twist eta Pasaia blues liburuek arazo bat kendu zioten gainetik itzulpenean, izenburuak ez baitzituen itzuli behar izan, arazo komertzial bat gutxiago ere badena. Beluna jazz itzultzea erabaki zuen, ordea, “Beluna” Bartzelonako jazz club baten izena delako eta poesia-liburu baten itxura izan zezakeelako gaztelaniaz (ve-luna); beraz, Jazz y Alaska en la misma frase izan zen ordaina, eta itzultzea erabaki izana damutu egiten zaiola aitortu zigun. Batzuetan literalki ematearen estrategia baliatu du (Neguko zirkua > Circo de invierno; Belarraren ahoa > El filo de la hierba…), baina beste batzuetan, bide horrek funtzionatzen ez zuela iruditzen zitzaionean, liburuan agertzen diren bestelako erreferentziak bilatzera jo du (Piano gainean gosaltzen > El puente desafinado). Arrazoi fonetiko, estetiko, komertzial eta bestelakoak izan dira, beraz, izenburu nahiz atalen erabateko aldaketen arrazoi.
Autoitzulpenean berrikuspenerako arriskua badela aitortu zuen Canok, euskarazkoa prototipo bat bihur baitaiteke eta gaztelaniazko itzulpena «baliozkoa». Alta, batzuetan galdu egiten du gaztelaniazko bertsio horrek: Beluna jazzeko atal bat da Kristalaren lezioa; “lezioa” horrek Ruper Ordorikaren «agurraren lezioa» eta Bernardo Atxagaren «ostrukari buruzko lezioa» oihartzuna dakar, baina gaztelaniazko La lección del cristalek ez dakar halako deus. Konpentsazioa bilatu nahian, zerbait galdu eta beste hari bati tira egin behar zaio, eta zerikusirik izan ez arren, euskarazko atala gaztelaniaz Maneras de llorar por Salvador Allende bihurtu zen.
Testu zati esanguratsuekin jarraitu zuen Canok, poesia itzulpenari, erregistroen itzulpenari eta hitz jokoen itzulpenari buruzkoak, besteak beste. Autoitzultzaileak nekez uzten duela sortzaile sena erakutsi zigun, eta norbere testua bertsiotzean aldaketak askotarikoak izan daitezkeela: formalak (pertsonaien izenak, kasu), zatiak eranstea eta kentzea, erritmoa eta intentsitatea moldatzea… Unean-unean boladan dauden literatur joerek ere baldintzatzen dute testu itzulia; izan ere, Canoren ustez, itzultzaile batek bere garaiko itzultzaileek zer eta nola egiten duten jakin beharko luke. Adibidez, lasartearrak Javier Calvo aipatu zuen egun gaztelaniarako erreferentziazko itzultzailetzat.
Gogoetarako bi gai ere aipatu zituen bukaeran; batetik, itzultzaileak ardura izan beharko lukeela obra kolektibo bat sortzeko, horretan inplikatzeko, alegia (horren harira aipatu zuen Jon Alonsok gaztelaniazko itzulpenen akatsak zerrendatzea eta autoreari bidaltzea eredugarria izan zela). Eta, bestetik, hipotesi bat: itzulia izanen dela badakien autoreak –zer esanik ez autoitzulpena ziurtatua duela badakien autoreak– ez du berdin idatziko.
Galde-erantzunen tartean, Jon Alonsok aipatu zuen berak uko egiten diola autoitzulpenari, sorkuntzara joko zukeelako. Euskal literaturan hartu ez den bidea izan da itzultzaileari uztea bere interpretazioa egiten, dagoeneko hor, liburuan, badagoelako. Canok erantzun zion autoitzultzaile ona izateko aukera bakarra itzultzaile izatea dela, eta bera horrela jokatzen saiatu dela; «neure buruari esaten diot “hau egin duk, ba izorrai!”». Mariasun Landa izan zen azken saioan, eta hitza hartu zuen bukaeran, autoitzulpenaren aldarri egiteko; bere ustez, ahots propioa gordetzeko modua da, testuaren jabe izateko modu askotan bakarra. Canok ere izan zuen harentzat hitzik, eta aipatu zuen «estrañamendu» bat onartu behar dela beste batek eginiko itzulpenetan, hasieran txoke bat egon behar duela, irratia sintonizatzen denean bezala, baina une batetik aurrera gozatzea ere lortzen dela. Honela amaitu zuen, gainera: «Zerbaitek funtzionatzen ez badu gaztelaniaz, onartzen dut euskaraz egon daitekeela zerbait faltan-edo, idazlearen profesionaltasunaren barruan doa».
(ETren fotograma honekin ekin zion Harkaitz Canok hitzaldiari)
Eta horrela bukatu zen EIZIEk Isabel Etxeberriaren gidaritzapean EHUko ikastaroen barruan antolatutako eskola. Itzulpengintzaz aritzeko eta bertaratutako ikasle zein irakasleekin eztabaidatzeko aukera izateaz gainera, hiriaz eta giroaz gozatzeko plazera ere izan genuen, zeren, Jazzaldiaren harira Yavhé M. de la Calzadak Garako kronikan zioen bezala, «[la ciudad] da rabia de bonita que está».
Post hau izan da oporren aurretik jarriko dugun azkena, abuztuan erdi-jai hartuko baitugu (ez dugu deus berririk jarriko, baina ez gara erabat urrunduko). Irailean itzuliko gara, indarberrituta eta elearazteko gogoz. Bitartean, izan zoriontsu!
Mikel Garmendia
2013-07-31
Mundialak zarete! Eskerrik asko eta pasa opor on-onak!
Mikel
Isabel Etxeberria Ramírez
2013-08-03
Eskerrik asko, Danele eta Garazi. Kronika sintetikoak eta xeheak, zuenak. Apartak. Eskerrik asko etortzeagatik eta zuen parte-hartze honekin laguntzeagatik. Luxu hutsa.