(Irudia: Liburuaren azalaren zatitxo bat, Julia D. Vázquezen argazkia).
Aurreikuspenak
Udan irakurri nuen Sangrantes (Origami, 2013), Luna Miguel (Madril, 1990) poeta eta blogari madrildarrak apailatutako poesia-bilduma. Irrikaz jaso nuen buzoian abuztuaren erdialdean, inguruetako dendetan/liburutegietan haren bila joan-etorri zenbait egin ostean, azkenean amore eman eta argitaletxearen beraren webgunean eskatu nuen-eta. Hilekoaren gaia desmitifikatzeko, ikusgarri egiteko eta askoz eremu lurtarrago batera ekartzeko azken urteetan ugaritu diren saio horietako baten itxura zuelako piztu zuen nire arreta. Akorduan nahiko fresko nuen, esaterako, Emma Arvida Bystrom argazkilari suediarrak egindako argazki-sorta, There Will Be Blood izenburuduna, Vice aldizkariaren AEBetako ediziorako, eta interesgarria iruditzen zitzaidan poesiatik (literaturatik) ere gaiari heltzea eta horren inguruko antologia bat proposatzea.
Nik dakidala Luna Miguelek ez du publikoki feminismoaren aldarria bere egin, blogean behintzat ez du emakumeen borroka zuzenean sekula aipatzen (nahiz eta bai salatu izan dituen emakumea, ez, neska izateagatik egokitzen zaizkion oztopo erantsiak); edonola ere, emakume idazleekiko aitortza sarritan egi(te)n du, eta bueno, bilduma bera planteatzea nahikoa berme iruditu zitzaidan.
En fin, liburua irakurtzeari ekin orduko ez nengoen hain pozik, ezta hain itxaropentsu ere. Baina has nadin hasieratik eta testuingurua emanez eta argudioekin.
Sangrantes
Apailatzailea. Luna Miguel, aurrez esandako moduan, poeta eta blogaria da, kazetaritza ikasketak egin zituen Madrileko Complutensean eta gaur egun Bartzelonan bizi da. Editore gisa lan egiten du Random House argitaletxean eta hainbat komunikabiderekin kolaboratzen du (Público, Jot Down…). Poesiaren alorrean 4 liburu argitaratu ditu, eta Antonio J. Rodriguezekin batera eleberri bat du kaleratua. Horrez gain, Marcel Schwob eta Arthur Rimbauden itzulpenak egin ditu, eta hiru poesia-antologia editatu ditu (Sangrantes barne), batez ere poeta gazteen obrenak.
Bere bloga oso aktiboa da, eta esan daiteke sarean egiten duen lanagatik dela ezaguna batez ere. Kritika ugari jaso ditu esne-mamitan hazi omen delako eta literaturan bide erraza izan omen duelako, bere gurasoak editoreak baitira biak. Ez naiz horretan sartuko. Bere blogeko sarreretako batzuk apur bat xaloak eta yuppiak gerta daitezkeen arren, agerikoa da ordu piloa sartzen dituela hor, eta, bestalde, esan beharra dago DFWren zale amorratua ere badela.
Bilduma. Interneteko sare sozialetan abiatu zen Sangrantesen hazia ere. 2012ko maiatzaren 28an argitaratutako post batean Miguelek bere proiektu berria iragarri zuen: tumblr. bat jarriko zuen martxan, “erdiguneko minari” buruzko poemak biltzeko. Zenbait hilabete beranduago, euskarri digitalean ernatzen hasitakoak fruitu analogikoak eman zituen eta Origami argitaletxeak bilduma plazaratuko zuela jakinarazi zuen. Dena dela, liburua eta webgunea ez dira igual-igualak. Webguneak martxan jarraitzen du eta zabalik dago hilekoari buruzko poemak bidali nahi dituen ororentzat. Iruzkinetatik ondorioztatzen dut Miguelen e-postara bidali behar direla lanak eta gero hark egiten duela hautaketa. Liburua, aldiz, aukeraketa mugatu bat da, eta Miguelek berak eskatuta hartu dute parte poetek bertan. Guztira 29 autoreren lanak bildu ditu, emakumeak dira guztiak, helduena 1941ean jaioa eta gazteena 1995ean.
“Besteak beste” edo “hala nola” gisako tranparik erabili gabe: Cristina Peri Rossi, Jeannette L. Clariond, Chantal Maillard, Ada Salas, Angélica Liddell, Teresa Domingo, Maite Dono, Marta Agudo, Rocío Cerón, Julieta Valero, Estíbaliz Espinosa, Miriam Reyes, Olga Novo, Begoña Callejón, Leire Bilbao, Ana Gorría, Laia López Manrique, María Ramos, C.L. Andrada, Elena Medel, Natalia Litvinova, Layla Martínez, Berta García Faet, Laura Rosal, Eba Riero, Clara Bueno, Sara Torres, Agostina Ciccone eta Sandra Martínez.
Hasierako oharra Luna Miguelena da eta hitzatzea, ostera, Elisa McCauslandena.
Baina
Liburuari gehitu nahi dizkiodan “baina…”etatik lehenengoak, hain zuzen ere, Miguelen oharrean du abiapuntua. Hala dio:
No se trata de poesía femenina, ni de poesía feminista, ni de poesía afeminada, ni de poesía que nazca del asco, ni de poesía que nazca del dolor, ni de poesía sangrante, sangrada, manchada de sangre, no se trata de poemas coagulados, ni de úteros, vulvas, palabras malsonantes –lo de ahí abajo–, no se trata de destacar, ni de ser igual, ni de justicia poética a través del rojo tinte. No se trata de nada de eso pero se trata de todo lo enumerado, y sí, y no, al mismo tiempo, de todas las cosas.
Ezin uka apur bat bajoiak hartu ninduela, eta aurkibidean Angélica Liddell eta Leire Bilbaoren izenak aurkitu nituenean baino ez nintzela baretu. Irakurtzen jarraitu nuen:
Lo que el lector [azpimarra sumindua nirea da] encontrará entre estas páginas es un catálogo de reflexiones desde la poesía a propósito de un tema tan vulgar como es la sangre (menstrual, imaginada, o el vientre, o la maternidad, o la enfermedad misma). No una antología de mujeres y para mujeres sino un repaso a este tema literario tantas veces tratado y en tantas ocasiones malinterpretado o despreciado, a través de las que he considerado las voces –de mujeres, ahora sí– más representativas de la literatura contemporánea, así como las más prometedoras de entre las jóvenes creadores en lengua castellana.
(Azken esaldiak zorrotz ibiltzeko gogoa pizten dit, antologiatutako autore batzuek gaztelania ez den hizkuntzatan idazten baitute, adibidez Leire Bilbaok eta Olga Novok, baina ez dut hatza hor sartuko; izan ere, jatorriz beste hizkuntza batzuetan idazten dutenen poemak bi eletan bildu ditu, bata bestearen ondoan –itzulpen-lanaren aitortzarik egin ez duen arren–, eta, beraz, ematen du egoeraren berri nolabait. Horrez gain, ez dut oso argi ulertu zergatik hasieran ez den emakumeen antologia bat, eta gero bai).
Bildumaren asmoari dagokionez, nire ustez gisa honetako gaiak jorratzean egin behar da, hain zuzen ere, adierazpen garbi bat eta ondo definitu zer posiziotatik hitz egiten duzun (niretzat behintzat berdinak izatea bai da kontua, hori besterik ez genuen behar), hau da, egitera bazoaz, egin ezazu artilleria guztiarekin eta ez ezazu hilekoa irain matxistetatik atera topikoz eta goraipamen ilargiarrez estaltzeko atzera. Alegia, iruditzen zait hasiera batean apustu ausarta zena eta proiektu interes- eta aberasgarria izan zitekeena apurtxo bat urardotua gelditu dela.
Gainontzeko “baina…”k:
1) Tumblr. gunearen “SANGRANTES: POESÍA DESDE LA MENSTRUACIÓN” da, eta Miguelen blogeko “Mis libros” atalean “29 autoras a propósito de la menstruación y la poesía” azpitituluarekin ageri da gure bilduma hau. Hortaz, badirudi erabat hilerokoan zentratua izango dela liburua, baina gero beste odol batzuk ere sartu dira tartean (irudikatutakoa, amatasunarena eta abar). Gehiegi kexatu gabe irents dezaket hori, katalogo zabalagoaren justifikaziopean (oraindik ere publizitatea engainagarria irudituko litzaidakedan arren); haatik, hori hala izatekotan, alegia, odolen katalogo zabalago bat osatu nahi izatekotan, hautaketa finago kimatu beharko litzateke, zenbait poema nahiko modu bortxatuan baitaude hor sartuta.
Denbora eta dokumentazio-lan pixka bat gehiagorekin konpontzeko moduko arazoa, dena den.
2) Zenbait poetak ilargiaren eta mistizismoaren bidea hartu dute. Peri Rossi: “Pero este dolor de hoy te enseña a ser más dulce / más compasiva más tierna / a comprender y cuidar el dolor de otras de otros / sin distinción de género / este dolor te enaltece te humaniza / te hace mujer y generosa”; Maillard: “Hoy, como cada mes, en una escena de mi infancia recupero lo genesíaco. O tal vez deba decirlo al revés: la recuperación mensual de los genesíaco me permite acceder a la memoria más recóndita de mi infancia: esos momentos estrechamente vinculados a la matriz, al crecimiento, a esas huellas que se imprimen tan profundamente en el cuerpo de una niña”. Hau agian erabat pertsonala da, baina: ez, mesedez, agortuta dago. Kasu honetan katalogoaren aitzakiak ez nau limurtzen, emakumetasun magikoarekin bueltan dabiltzanak ez dut uste sartu beharko liratekeenik “un repaso a este tema literario tantas veces tratado y en tantas ocasiones malinterpretado o despreciado” [azpimarra nirea da] egitea asmo duen bilduma batean. Edo agian bai, baina soilik poematxo txiki batekin, testigantza historiko gisa, eta sinetsi/egin behar ez duguna akordarazteko.
3) Katalogoarekin jarraituz, ugaritasuna dago adinen/jatorrien aldetik, baina gehien-gehienek espainiar estatuan argitaratzen dute eta bertan bizi dira. Beste herrialde batzuetako ahotsak eskertuko nituzke, kontuan hartuta gaztelania hitz egiten den lurralde zabalak eta lurralde horietako askotako literatur ekintza etengabeko eta bizia. Halaber, gaztelaniaz idazten ez duten baina gaztelaniara itzulita dauden autoreak ere txertatzekotan, a) tentu handiagoarekin ibiliko nintzateke, gai labaina baita eta mingarria ere gerta baitaiteke, eta b) hor ere aukera zabalduko eta aberastuko nuke.
Berriro ere: denbora eta dokumentazio-lan gehiago.
4) Oro har, iruditu zait hautaketa egiteko irizpideak ez zirela finkoegiak ezta zehatzegiak ere, eta faltan sumatu dut irizpide tematikoarekiko berarekiko koherentzia till the very end.
Oharra: “baina 1)” eta “baina 3)” uztartuz, interesgarria litzateke bortxatuta sartutako poema/autoreetako batzuk kendu eta bazter utzitako beste batzuei tokia egitea. Gainera, horri “baina 2)” gehitzen bazaio emaitza are hobea da: mistizistak kendu eta espazioa soberan izango da.
Ondorioz
Ez dut iruzkingile suntsitzaile bat izan nahi. Garbi gelditu denez, liburuaren ideiak asko erakarri ninduen hasiera batean eta behar-beharrezkoa iruditzen zait, oraindik ere, hilekoari lohitasuna eta lotsagarritasuna erauztea. Eta aitortzen dut Miguelek egindako lana. Zalantzak sortu dizkit, baina, bilduma apailatzeko moduak, edo, hobeto esanda, bilduma apailatzeko moduaren ondorioz bildumak azkenean izan duen emaitzak. Presakakoa. Edo hori transmititu dit niri, behintzat. Kontuan izan Sangrantes webgunea 2012ko maiatzaren hondarrean sortu zela eta liburua 2013ko otsailean argitaratu zela. Ez da urtebeteko epea ere. Maketazio-lanak aintzat hartuta oraindik gutxiago. Ez dut gaztetako oldarrari buruzko ezer esango, Miguel ni baino zifra bat gazteagoa baizik ez delako eta, gainera, gustatzen zaidalako gaztetako oldarra. Oldarra itzela da, oldarraldi batean pizten zaizu ideia eta batzen duzu ideia aurrera eramateko kuraia. Baina, gero, egiatan ideiari errespetua zor badiozu eta ideiari opa badiozu ez bakarrik aurrera ateratzea baizik eta txukun eta koherente eta aberats eta ondo orraztuta ateratzea, bada hori ez duzu soilik oldarraldiko hauspoarekin egingo. Bestela, norbaiti irudituko zaio (eta agian oker ibiliko da) ezagutzen zenituen eta harremanetan jartzeko eroso zetozkizun poetak baino ez dituzula hautatu (edo batik bat) eta ez duzula ideiaren azpian behar bezainbeste haztatu, hartara, ahalik eta lasterren zure CVan beste tick bat gehitzeko eta zure kritikariei frogatzeko ez zaudela hor zure aurpegiagatik eta abizenengatik bakarrik. Eta, horrela, zure lana serio hartu nahi dutenak uxatuko dituzu.
Altxortxoak
Amaitzeko, dena ez zen, bada, kexua izango eta zenbait poeta interesgarriren lanak ezagutzeko aukera eman dit liburuak, besteak beste: Miriam Reyes, Elena Medel eta Berta García Faet. Hileroko odolaren kontuetan, baina, ni Leire Bilbaorekin gelditzen naiz:
«Odoletan nago» zikindu dut atzamarrekin ispiluan.
Odoletan nago baina ez naiz emeago sentitzen.
Kalez beterik daude usainak,
kea ari du harripetik.
Sutu egin dira teilatuak,
masail gorritu bat da zerua albotik pasatzean,
orratzetatik tantaka ari dira segundo odolkarak,
lotsaturik erori dira hostoak ukitu orduko.
Odoletan dago oinez naraman lurra ere,
sortu zuen sabeletik isuriz doa
barrunbeek onartu nahi ez didaten jarioa.
Eta ez dakit zergatik ukatu behar dudan
naizena: emakume bat odoletan.
(Irudia: Emma Arvida Bystrom)
iraila 23, 2013 @ Danele