Tik-tik-tik…

urria 6, 2013 @


Palace_of_Soviets

(Irudia: Moskuko Sobietarren Jauregia izanen zena)

Berriako Hirudia ataleko hamabosgarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

 

 

Aristotelesek zioen gizakiak berezkoa duela jakin-mina. Galderak egiten ditugu, erantzun egarriz ibiltzen gara, eta nekez ematen dugu amore gertaera orori arrazoi edo zergati bat bilatzeko teman. Mitoak, ipuinak eta kasualitateak maite ditugu, baina izan daitezela osoak; ez dugu puzzle osatugaberik nahi. Immanuel Kanten inguruko eztabaida batean gazte batek beste bati tiro egin ziola jakin genuenean, beraz, komunikabideek emandako informazio apurrean hutsuneak bete nahi izan genituen. Zein zen zehazki eztabaidaren muina? Filosofo prusiarraren zer printzipio edo teorian ez zetozen bat? Eta ziurtasunik ez denean, aski erraz hasten gara aieruka. Bortxaz bada ere, puzzleari pieza guztiak jarriko dizkiogu, eta irudi apika oker baina oso bat dugunean baizik ez gara kontentatuko. Azken batean, bost axola bi errusiar sutsuak, guk geure istorioa badugu.

Hil aurreko hamar urteak pasatu zituen Kantek azkenerako amaigabe utzi zuen Opus Postumum idazten. Urte askoan galduta egon ziren idazki haiek, eta, aurkitu zituztenean, adituek nahas-mahasa antolatu eta txukundu egin zuten. Halabeharrez amaiera bat eman zioten lanari, autoreari buruz zekitena lagun. Maisu-lanari gerora egindako interpretazio gehienak, hortaz, aditu haien ordenatzeko irizpideen galbahetik pasatutako testu sortari egin zaizkio. Maiz gertatu da, eta eztabaida piztu ohi du gaiak, idatziak bere horretan utzi behar diren ala norbaitek osatu behar dituen. Autoreak hil aurretik bere nahia argi uzten duenean, gaitz erdi; iskanbila sortzen da halako erabakia beste norbaitek hartzen duenean.

Adibide ezagunena Kafkaren idazkiena da, segur aski; haiek desagerrarazteko agindu zuen autoreak hil aurretik, baina bere lagun Max Brodek ez zion kasurik egin, ordenatu eta argitaratu baitzituen. Erabaki horri esker iritsi zaigu Prozesua, XX. mendeko obrarik garrantzitsuenetakoa (euskal irakurleari Anton Garikanoren itzulpenean). Dickensek, berriz, The Mystery of Edwin Drood izenburua jarri zion azken eleberriari, eta egiaz asmatu zuen: Edwin Drood desagerrarazi, eta misterio hutsa da hortik aurrerakoa. Iaz filma egin zuten, eta horretarako eleberria berridatzi eta bukaera posible bat eman zion Gwyneth Hughes idazleak. Misterioaren aukerak bakarrera mugatu eta hutsune oro bete zituen. Artelana amaigabe utzitakoen zerrenda luzea da: Austen, Da Vinci, Bronte ahizpak, Camus, Mozart, Balzac… Gehienetan gaixotasuna edo heriotza izaten da kausa, baina izan daiteke besterik; esaterako, Sobietarren Jauregia izanen zena 1937an hasi ziren eraikitzen Moskun, baina II. Mundu Gerra tarteko, ordura arte egindako altzairuzko hezurdura mozten eta desegiten hasi ziren, horrekin gotorlekuak eta zubiak eraikitzeko.

Autore baten literatur lana irakurtzean, ordea, autore jakin horren ahotsa entzun nahi dugu, eta hori ez da erraza kopiatzen, ariketa literario erakargarria gerta badaiteke ere. Zergatiak bezala, badirudi beharrezkoak ditugula ondorioak; irakurle aunitzek ez dituzte amaiera «irekiak» maite. Istorioak biribiltzeko zerbait behar dugu, ziurgabetasuna nolabait ase, berriz ere. Ikerketa eta teoria bat baino gehiago bada horren bueltan; erlojuak tik-tik-tik egiten du, eta guk, berriz, tik-tak-tik-tak aditzen dugu. Bi soinuen ustezko diferentzia horrek hasiera baten eta bukaera baten beharra adierazten du. Bukaera hasieran eta hasiera erdialdean jartzen ahal ditugu, ordena hankaz gora, baina beharrezko argibideak eskatzen ditugu puzzlea osatzeko.

Virginia Woolfek zioen bezala idaztea munduaren onerako bada, ongi egin zuen Brodek Kafkaren lanak argitaratzen. Autore baten lanean noraino sartzen dugun eskua, horra auzia. Ezin jakin zenbat desitxuratu daitekeen jatorrizkoa ezta horrek zer ondorio ekar ditzakeen ere. Baina, ez gaitezen engaina, ez al da egiaz beldurgarria etengabeko tik-tik-tik bat aditzea?

Tags:  ,