(Irudia: 30,000 libururekin osatutako Babel dorrea, Marta Minujin artista argentinarrarena, Buenos Airesen 2011n. Hemendik hartua)
2013ko irailaren 30ean gauza asko gertatu ziren, alde batetik beti-betikoak-betikoan jardun zuten, eta, bestetik herritarrak elkarrekin aurrera egin genuen, txoriak maite ditugulako. Edonola den ere, irailaren 30ak, berez, ospakizuna behar zuen izan elearazleontzat, egun horretan hil baitzen Jeronimo Estridongoa eta efemeride hori hartzen baita itzultzaileon nazioarteko eguntzat (Jeronimorena da Vulgata). Ofizio-ospakizunen egutegi horien zentrismo eta aje guztiak ahaztu gabe baina apur bat aldera utzita, eta ño, aukera oro delako ona burkideei pazientzia eta animoak opatzeko, aldarrikapenerako hartu genuen eguna, eta aipu-bilduma bat osatu genuen, itzulpenari buruzko titular mamitsuak bota dituzten autore eta traslatoreekin. Facebook eta Twitter bitartez irakurri zenituzten horietako batzuk. Orain, nazioarteko egun ofizialerako ez ezik eguneroko arrunterako ere suspertzaileak gerta daitezkeelakoan (batzuk mantra modura funtziona dezakete), post batean bildu ditugu denak, ebaki zituzten ahoberoen argazki eta guzti.
(Tranpa-galdera: zeintzuk dute egoa hanpatuagoa?)
Hogei aipu itzulpenaz
Itzulpenik gabe, isiltasuna mugakide duten probintzietan biziko ginateke.
George Steiner
(Irudia hemendik hartua)
—————————————————————————————————————————————————————————
Testu oro bakarra da, eta aldi berean, beste baten itzulpena. Ezein testu ez da guztiz jatorrizkoa, hizkuntza bera, izatez, itzulpena baita: hasteko, ez-hitzezko munduaren itzulpena, eta, gainera, zeinu eta perpaus oro beste zeinu eta perpaus baten itzulpena delako. Baina arrazoiketa hori atzekoz aurrera jar dezakegu, eta berdin-berdin balioko liguke: testu guztiak dira jatorrizkoak, itzulpen oro bakarra baita. Itzulpen bakoitza, hein batean, asmakizun bat da, horregatik da parekorik ez duen testu bat.
Octavio Paz
(Irudia hemendik hartua)
—————————————————————————————————————————————————————————-
Idazleek literatura nazionala egiten dute, eta itzultzaileek, berriz, literatura unibertsala.
José Saramago
(Irudia: Marcelo Bainain, hemendik hartua)
—————————————————————————————————————————————————————————
Itzulpena ni sortzailearen suizidioa da, beste ni sortzaile bat bizi dadin.
Jose Asunción Valenzuela
—————————————————————————————————————————————————————————-
Itzulpena porrotaren artea da.
Umberto Eco
(Irudia hemendik hartua)
—————————————————————————————————————————————————————————-
Ispilu lan ikaragarria da testu bat itzultzea, grano eta zikinkeria guztiak ikusten dira.
Eider Rodriguez
(Irudia: Marisol Ramirez, ARGAZKI PRESS. Berria)
—————————————————————————————————————————————————————————-
Jatorrizkoa desleiala da itzulpenarekiko.
J.L. Borges
(Irudia hemendik hartua)
—————————————————————————————————————————————————————————-
Itzultzaileek eginbide zibilizatzailea dute. Herrien arteko zubi-lana egiten dute.
Victor Hugo
(Irudia hemendik hartua)
—————————————————————————————————————————————————————————-
Itzulpenak beti idaztera bultzatu nau. Itzultzea idazlearentzat aprendizgo moduko zerbait da.
Itxaro Borda
(Irudia: Gaizka Iroz. Kazeta.info)
—————————————————————————————————————————————————————————-
Itzulpena ez da ezerezean sortzen, baizik eta jarraipen baten baitan; ez da ekintza bakartu bat, kulturen arteko transferentzia prozesu etengabe baten parte baizik. Gainera, itzulpena jarduera oso manipulagarria da, eta muga linguistiko eta kultural horiek gurutzatzeko prozesuak urrats aunitz biltzen ditu. Itzulpena ez da jarduera xalo eta gardena, aitzitik, urrats orok esangura handia dakar.
Susan Bassnett & Harish Trivedi
(Irudia: Susan Bassnettek eta Harish Trivedik apailatutako liburu ezagunaren azala)
—————————————————————————————————————————————————————————-
Itzultzailearen eginbeharra da bere hizkuntza propiora askatzea beste hizkuntza baten sorginkeriapean dagoen hizkuntza aratza, alegia, obra batean gatibu dagoen hizkuntza libratzea obra horren birsorkuntza egitean.
Walter Benjamin
(Irudia hemendik hartua)
—————————————————————————————————————————————————————————-
Itzultzea idaztea da.
Marguerite Yourcenar
(Irudia hemendik hartua)
—————————————————————————————————————————————————————————-
Hasteko, itzultzaileak ez du eskubiderik, betebeharrak besterik ez ditu. Txakurren leialtasuna izan behar du autorearekiko, baina txakur berezi bat da, tximinoak bezala jarduten duena.
Maurice E. Coindreau
(Irudia: Maurice E. Cointreauk bere bizipenei buruz idatzitako liburuaren azala)
—————————————————————————————————————————————————————————-
Maite dut maite, itzultzea: idaztearen gozamen hutsa da, asmatzearen miseriarik gabe.
Nancy Mitford
(Irudia hemendik hartua)
—————————————————————————————————————————————————————————-
Europako pentsamendua itzultzaileen lan ikaragarriaren fruitua da. Itzultzailerik gabe Europa ez litzateke existituko, itzultzaileak Europako Parlamentuko kideak baino garrantzitsuagoak dira.
Milan Kundera
(Irudia hemendik hartua)
—————————————————————————————————————————————————————————-
Munduko literaturen zirkulazio-aparatua da itzulpena.
Susan Sontag
(Irudia: Jill Krementz. Hemendik hartua)
—————————————————————————————————————————————————————————-
Itzulpengintza guztiz misteriotsua da. Gero eta gehiago iruditzen zait idaztearen artea bera itzultzea dela, edo, gutxienez, idazteak itzulpenaren antz handiagoa duela beste edozerena baino. Zer da beste testua, jatorrizkoa? Ez dut erantzunik. Esango nuke jatorrizkoa iturria dela, alegia, ideiak igerian dabiltzan itsaso sakon hori; idazleak hitz-sare batekin arrantzatzen ditu ideia horiek eta kulunka erakartzen ditu, distiratsu, txalupa barrura… non, metafora horrekin jarraituz, hil egingo diren, pototan sartuak izango diren eta jendeak sandwichetan jango dituen.
Ursula K. Le Guin
(Irudia: Benjamin Reed. Hemendik hartua)
—————————————————————————————————————————————————————————-
Itzulpengintza ikusten dut “askatasun itxi” baten edo “itxialdi aske” baten modura; izan ere, alde batetik ogibide honek hein batean askatu egiten zaitu ordutegi eta zeregin finkoetatik –nahiz eta muga egunek eta denbora faltak itzultzaileei ere eragiten dieten!–, baina, bestetik, erronka egiten dizu muga jakin batzuen barruan egon behar duen zerbait sortzeko, dagoeneko hor dagoen oskol batean sartu eta horretara moldatzen den zerbait sortzeko.
Giovanna Scocchera
(Irudia hemendik hartua)
—————————————————————————————————————————————————————————
Sormenak asko du itzultze ariketatik. Idazten ari zarenean zure idazle kuttunak ere ari zara itzultzen ezinbestean, beste mundu bat ari zaigu iristen beste hizkuntzetatik edo hizkuntza bereko beste idazleengandik.
Karlos del Olmo
(Irudia: Hitzen Uberan)
—————————————————————————————————————————————————————————-
Itzulpena gustatzen zait itzaletako lan bat delako, artisautzako lan bat, umiltasunezkoa, apaltasunezkoa. Zeure buruaz ahazten zara, hain zuzen, aktore bat ahazten den moduan jokatzen duen rolaz: pertsonaia baten azalean barneratu beharrean, beste pertsona baten idazkuntzan barneratzen zara.
Nathalie Bauer
(Irudia hemendik hartua)
urria 9, 2013 @ Danele