Nork bere katarsia lortu arte

urria 14, 2013 @


oinak

Balio du arteak katarsirako?

Bai.

Baliatzen da nahikoa?

Ez.

(Argazkia: Regina José Galindoren arte-ekintza bat)

Harkaitz Cano gonbidatu zuen Arrasate Euskaldun Dezagun taldeak pasa den asteazkenean Kulturarte kultur etxera, eta hitzaldiaren aitzakiaz, Arrasateko liburutegi ederra ezagutzeko aukera izan  genuen etxe honetako elearazleok. Memoriaz eta minaz hitz egitera etorri zitzaigun Cano, artearekin lotuta betiere, eta baten batek esan lezake, a zer gogoa minari buruzko hitzaldi bat entzutera joateko, eta hori da izenburuaren berri ez duelako: «Kontakizuna eta katarsia» izen indartsuak liluratu gintuen. Canok ohituak gaitu edo irudiz edo testuz beteriko power pointetara, eta oraingoan ere ez zuen hutsik egin. Hitzaldia hasi zuen esaten azkenaldian euskal gatazkari, memoriari, errelatoei buruzko hitzaldi eta mahai-inguru askotara gonbidatu dutela, eta, beraz, hausnarketa aunitz egin dituela gaiaren inguruan. Aurreko belaunaldiei aurpegiratu izan zaie Gerra Zibilari buruz ez dutela behar beste hitz egin, eta beldurra sumatzen du Canok egungo belaunaldiari gauza bera gertatzeko. Juan Aranzadi antropologoak gaztelaniazko esaera parafraseatuz dio «Ahanzten dut baina ez dut barkatzen», kontrakoa egitea arriskutsua edo ez-gertagarria izan daitekeelako.

Katarsia purifikazioa da. Aristotelesek zioen tragediak purifikatzeko balio zuela, modu batez ikus-entzuleak kontzientziatu egiten zituela eta horri aurre egiteko indarra ematen. Canok adierazi zuen ez zela hainbeste bizipen pertsonalei buruz mintzatuko —Miren Agur Meabe eta haren katarsia aipatu zituen—, baizik eta min kolektiboa izanen zuela hizpide. Horrela, adibide sorta mamitsu eta xeheari ekin zion, argazkien laguntzaz.

Hiroshimako bonba atomikoa jaurti zuenetako baten argazkia erakutsi zigun lehenik. Gizonak ezin izan zuen jasan egindakoa, eta min hori adierazteko, marmolezko eskultura bat taxutu zuen (nahiko trakets, guztia esatera), eta hau idatzi zion: «God’s wind at Hiroshima?» (Jainkoaren haizea Hiroshiman?). Galdera ikurrak aditzera ematen du zalantza egiten duela idatzitakoaren gainean, Jainkoaren haizea edo deabruarena izan ote zen; hots, egindakoaren inguruan. Urtebete geroagoko argazki bat erakutsi zigun jarraian, non H.P. Blandy almirantea eta haren emaztea agertzen baitziren onddo atomikoaren itxurako pastel bat mozten; modernitatea, etorkizuna eta fribolitatea bihurtua zen ordurako besteen mina.

Joseph Beuys-ek naziekin kolaboratu zuen. Gidatzen zuen hegazkinari eraso egin zioten, eta lurrera erori zen. Tartariar batzuek Beuysen gorputz erdi hila aurkitu, eta koipearekin eta feltroarekin estali zuten; haiei esker biziraun zuen. Gerora, artista bilakatu zen Beuys eta salbatu zuten material haiek baliatu zituen bereziki bere performanceak eta obrak egiteko. Canoren esanetan, artista haren obrek bitxiak edo zentzugabeak irudi lezakete, baina Beuysen istorioa jakinda, beste dimentsio bat hartzen dute; «interesgarria da ikustea nolako eragina duten pertsona baten bizipenek haren obsesioetan».

Marina Abramovicen txanda etorri zen gero. Azken boladan sare sozialetan haren performance baten bideoak arrakasta izan du, nahiz eta aski modu axalekoan saldu nahi izan duten (“Zer gertatuko litzateke zure bizitzako maitea 23 urte geroago agertuko balitz?”). Azpiko argazkiek erakusten dituzten zenbait artelan eta performance aurkeztu zizkigun Canok; Abramovic eta Ulay agertzen dira argazkietan, hasieran lan aunitz egin baitzituzten elkarrekin. Ondoriozko baieztapen bat gero: «Arteak jendea deseroso jartzeko balio behar du».

abramovicMarina Abramovicen bi performance

Eta baieztapen horrekin bat dator segur aski Austriako arte-eskola bat; «body art» delakoa egiten dute, hau da, gorputza baliatzen dute artea egiteko tresna eta helburu gisa. Maiz sadomasokismoaren muga zapaltzen dute, ekintza mingarriak egiten baitituzte. Canoren esanetan, ez da kasualitatea eskola Austrian egotea, nazismoaren habia izan baitzen herrialdea; erruduntasunak norbere burua zauritzea ekar dezake, purifikazioa eta barkamena asmo. «Artista batek bere burua zauritzean, bere azalean idaztean eta bilatutako efektua lortzen duela ikustean, ni, artistaren larruan, hutsaren hurrengo sentitzen naiz», adierazi zuen. Eta hortik etxe honetan ezagun dugun artista handi batengana egin zuen salto: Regina José Galindo. Haren obra hunkigarrienetako batzuk aipatu zituen Canok, hemen ere jarri genizkizuenak.

Artea, argazkilaritza, eraikuntza… guztietarako zituen adibideak Canok. Joan Brossak hiru aulki huts, hiru atril eta hiru fusil konbinatu zituen; musikaririk ez, titulu bat bakarrik: Intermedi. Willy Uribek argazkiak egiten ditu ETAk norbait hildako tokietan; gertakariaren aztarnarik baden, zertan bilakatu den tokia, ezer adierazten duen. Argentinan plakak daude lurrean, Estatuaren terrorismoa salatzen, bahiketak gertatutako lekuetan kasu. Santiago de Chilen, horrorearen lekua zena, Palacio de la Moneda, memoriaren museo eta kultur gune bihurtu dute, eta Pinocheten agintaldian desagerrarazi zituztenen aurpegiek betetzen dute pareta handi bat.

brossa

Joan Brossaren Intermedi eta Santiago de Chileko Palacio de la Moneda

Zineman ere egin izan dira katarsi saiakerak. The Railway Man filmak Indotxinako bizipenak eta horren ondorioak ditu hizpide, Canoren hitzetan, ez oso modu sinesgarrian. Interesgarria da ideia, hala ere, mendeku gosea umiliazioaren eta antzerkiaren bidez asetzen baitu protagonistak, bortizkeria fisikora iritsi gabe. Inork ikusi nahiko balu, ez dugu bukaera kontatuko, nahiz eta Canoren hitz hauek adierazle diren: «Errealitateak ez du behar koherentziarik; fikzioak bai». Beste film interesgarriago bat ere aipatu zuen: Carne de perro. Fernando Guzzonirena da, iaz atera zen eta Zinemaldian Zuzendari Berriak saria jaso zuen. Sosegua kentzen duen pelikula da, itxaropenerako tarte gutxi uzten duena. Jakingarria da torturatzailearena egiten duen aktorea, Alejandro Goic, torturatua izan zela diktadura garaian. «Barkamena lortu zuen? Ahaztea? Aktoreak berak dioenez, ez, baina saiatu zen katarsia lortzen».

Bukaeran, solasaldirako tartea zabaldu zuen Canok, eta hasieran zirudienaren kontra, izan ziren hitz-hartze batzuk. Kazetaritzari buruz galdetu zuen entzule batek, iragan igandeko Berriak GALi buruzko erreportaje mamitsu bat kaleratu zuela esanez. Canok adierazi zuen kazetaritza beharrezkoa zela, baina ez zela nahikoa. «Batzuetan gogoangarriagoa da fikzioaren bidez kontatzen dena: erritmoa, nostalgia, teknika narratiboa, tempoa, sintaxia… Kazetari batzuek baliatzen dituzte tresna horiek, beste askok ez». Halaber, beste arte-adierazpen batzuei buruz galdetzean, Canok esan zuen iragana ohikoagoa dela literaturan, etorkizunarekin alderatuta; oso gutxi idazten dela etorkizunaz, ez zientzia-fikzioaz, baizik eta antizipazio ariketak urriak direla. Musikaz esan zuen fisika dela, eta, ondorioz, manipulaziorako tresna ikaragarria. Azkenik, adierazi zuen oraindik ez gaudela kontakizun konpartitu delakoaz mintzatzeko unean; partikularren arteko harremanetatik sortzen dira egun ahotsak, istorioak, bizipenak… baina horrek ere katarsi txikiak eragin ditzake.