(Irudia: txoriartean blogetik hartua)
Berriako Hirudia ataleko hamaseigarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.
Emakume bat eta bi seme-alabak aitaren zain daude, lan-bidaia batetik etortzear dena. Maitearen jakirik gogokoena delako lau kilo muskuilu prestatu ditu emazteak, hortik liburuaren izenburua. Zain daude, lau orduz eta ehun orrialdetan egonen dira zain, baina gizona ez da agertuko; itxaronaldi horretan, aita-senar autoritario eta zorrotza aurkeztuko zaigu familia-kideen gogoetetan. Muskuiluak afaltzeko Berlingo Harresia erori berritan argitaratu zuen Birgit Vanderbekek, eta, haren esanetan, iraultza bat nola hasten den ulertu nahi zuen. Familia tradizionalaren kritikaz gainera, aita tiranoak Ekialdeko Alemaniaren gainbehera irudikatzen duela esan du batek baino gehiagok. Izan ere, Ainhoa Irazustabarrenak itzulitako narrazioan behin baino gehiagotan agertzen zaigu familiaren migrazioari buruzko aipamena, «Ekialdetik Mendebaldera ihes egin» zuteneko hura.
Alemaniako arte garaikidean ez dira gutxi barne-migrazio horren erreferentziak. Bada dioenik herrialde horretako fenomenoarekin finkatu zela «migrazio-literatura» terminoa. Batera zein bestera, kontzeptuaren adiera zabaldu egin da, eta herrialde batera etorritako edo joandakoen idatziez gainera, horien ondorengoek idatzitakoa ere aztergai dituzte ikertzaileek, literatur sistemaren ertz guztiak bildu nahian. Idazle migranteak aukera-sorta zabala du: sorterriari buruz eta sorterriko irakurleari idatz diezaioke, sorterriaz eta deserriaz baina herrialde berriko hartzaileari (helmuga-hizkuntzan, beraz), gizarte-hartzaileaz sorterriko irakurleari, baita bestelakoez herrialde hartzaileari ere.
Ikergai interesgarri bihurtzen da kultura eta hizkuntza bat baino gehiago nahastean sortutako literatura, jatorrizkoaren eta geroago bereganatutakoaren barne-dialogoaren isla baitira. «El nacionalismo se cura viajando» zioen Pio Barojak, eta alderantziz zela erakutsi zuten Euzko Gogoaren bueltan bildu ziren idazle erbesteratu aunitz, Euskal Herrian baleude bezala segitzen baitzuten gehienek, hartu zituzten herrialdeei inolako keinurik egin gabe. Erbesteari buruz sorterriko irakurleentzat idatzi dutenak ez dira gutxi gurean, baina batzuek, Bingen Ametzagak eta Joseba Sarrionandiak esaterako, itzulpenen bidez atzerriko errealitatea ere eskaini diote euskal irakurleari, zuzenean nahiz zeharka. Hain zuzen, euskal literaturan migrazioak izandako eraginaz luze eta zabal mintzatu zen iaz Gotzon Barandiaran Literatura Eskolako saio batean.
Kontzeptua mugatze aldera, autopertzeptzioa eta beste bat(zu)en existentzia aldarrikatzen dituen literaturari deituko genioke migrazio-literatura; hau da, literaturaren bidez identitatearen eraikuntzaz hausnartzeko aukera ematen duena, migratzaileak herrialde hartzailearekin duen harremana ageriko egiten duena, bi (edo gehiago) identitate, kultura, hizkuntza, errealitate badirela adierazten duena. Horri lotuta, biziki interesgarria da mugaldeko literatura deritzona; Mexikoren eta AEBen arteko mugan dauden herrietan ari da bereziki gertatzen, eta idatziz ageriko egiten du nahasketaren errealitatea. Gloria Anzalduak, adibidez, gaztelania eta ingelesa nahasten ditu Borderlands/La Frontera: The New Mestiza liburuan, hain zuzen kultur identitateaz, mestizajeaz eta hizkuntzaz aldarri egiteko. AEBko gaztelera-hiztunen kopuru handiak ezaugarri oso ezberdineko bi fenomeno literario sortu ditu: bestetasuna adierazteko ingelesez idatzitako literatura hispanoa, batetik; eta gaztelaniaz sortutako literatura, bestetik, deserriratuaren migrazio-esperientzia deskribatzea helburu duena.
Enaren pare, egungo migrazio-esperientzien uzta ekarriko digute etorkizuneko idatziek, ekarriko dizkigute identitate hibridoak, hizkuntzen eta kulturen nahasketak. Eta literaturaren mugak gainditzearekin batera literaturak mugak ere gainditzen baditu? Beharbada iraultza bat nola hasten den ulertuko dugu.
urria 27, 2013 @ Garazi