Autoreak plazara: Paula Meehan

azaroa 11, 2013 @


meehan

Autoreari buruzko biografia eta idatzi gehienek aipatzen dute (eta, beraz, nabarmentzen) langile-giroan hazi zela, working classekoa dela, alegia. Dublinen sortu zen 1955ean, eta sei neba-arrebako zaharrena izan zen; lehena sortu zelako, apika, bai eskolara bai unibertsitatera joateko aukera izan zuen. Eskolara joan aurretik ere bazekien irakurtzen, amonak irakatsi baitzion; gogoan dituen lehenengo poeta maiteak Lawrence Ferlinghetti, Allen Ginsberg eta Gary Snyder dira. Gurasoek lana behar zutelako, eskola batean baino gehiagotan ibili zen, lana sortzen zen auzoaren arabera. Bigarren hezkuntzan ari zela, ikastetxetik kanporatu zuten orduko hezkuntza-sistemaren aurka manifestazio bat antolatzeagatik, eta bere kasa jarraitu zuen ikasten. Antzerki-talde batean ere bazebilen, eta musika-talderen batekin lotura zuela eta, kantuetarako letrak idazten hasi zen; poesiaren abiapuntu izanen zen ariketa hura. Unibertsitatean Historia eta Arte ikasketak egin zituen, eta Europan barrena bidaia aunitz egindakoa da. Poesian egin zuen espezializazioa gero, eta idazketa sortzaileari buruzko ikastaroak eman ditu ikastetxeetan eta espetxeetan. Bederatzi poesia-bilduma ditu kalean, hainbat antzezlan eta kantu, eta bereziki frantsesera eta alemanera itzuli dituzte haren poemak.

Ashes, A Stray Dream, Kippe, Old Skin eta Reading The Sky poemak euskaratu ditugu. Gaelikoz ere idazten duen arren, bost horiek ingelesez argitaratu zituen. Irudiz beteriko poemak dira, lirikoak, esaldien bereizketa ezohikoarekin (ez denak), eta horrek ulermena iluntzen du, poemari pisua gehitzen. Meehanek jorratzen dituen gaietako batzuk irlandartasuna, generoaren araberako asimetriak eta ama-alaba arteko harremana dira. Haren poemak bi antologia garrantzitsutan agertu ziren 80ko urteen bukaeran (Pillars of the house eta Wildish Things), eta horrek poeta irlandar entzutetsuenen artean jarri zuen. Sari bat baino gehiago jaso ditu poesian eta antzerkian. Langile-mugimenduko ekintzaile sutsua da.

Errezitaldi bat: http://vimeo.com/7526792

Bibliografia: http://muse.jhu.edu/journals/an_sionnach/v005/5.1.randolph02.html

 

 

ERRAUTSAK

Marea badator; marea badoa berriz

hondartza garbitzen ekaitzak

atzean utzitakoaz. Arrokak zeuden lekuan, gaur hondarra dago;

atzo hondarra, orain arrokak agerian.

 

Eta pentsatzen dut bere gorpuzkiak nora

irits daitezkeen lehorreratzean itxuraldaturik,

urtebete da nire eskuekin jaurti nituela

–halabeharrezko erlojua gelditu nahian.

 

Berak, bere eskuekin hil zenak ezin du jakin

Zer-nolako maitasun sinplea sentitzen dudan berak utzi zuenagatik

atzean. Ezin nuen salbatu. Ezin nintzen

saiatu ere. Ikusten dut nola bultzatzen duen haizeak

bizitza nabigatze mantsora: irazkiaren indarrak bilbearen gainean

jasotzen du maina korapilatsua, bultzatzen du kanpora.

 

AMETS GALDUA

Amets zoriontsua da horretan zu agertzen bazara ere

dantzari bati larrua jotzen hondatutako zulo batean

 

Itsas aurreko hotel bat, garaiz kanpo, eta

ni sukaldean nago pertsona bakar batentzako ohean,

 

zeina tiradera batetik atera dut zetazko zapia bezala

itsas aurreko zirku-gizonarena, berak ordezkatzen baitu

 

Ahate Gizon magoa, oholtzako eta pantailako izarra bera

Egun hartan lehenago ikusi nuen kaiaren bukaeran

 

Belfasteko lihozko izarak nituen baina zuk

Dantzaria zenuen. Eta berriz izan zenuen

 

Egunsentia itsasoan zabaltzeko ahaleginetan zela

Eta ahaleginetan azkarrean eta motelean eta heriotzan

 

Esnatu nintzenean hurrengo goizean ohea azpian

Zurrunbiloak, lumak eta umeren baten zapata marroiak.

 

ZIGARROKINA

Puntuzko eskuzorro holandesak nola

Elur-bide batean aurkituak

 

Atera nuen etxetxorako hitza

Nire hatz izoztuen artetik –

 

Igeri eguzki-argitan

neure itzalaren gainean

 

Arrastaka nire larru-fardoa

nire azal-fardoa

 

aterantz eta barrura

loaren kiratsera

 

nire eskuak urtu du azkenean

biltzen zuen izotz oskola.

 

AZAL ZAHAR

Nigana zabuka

Libratua zaitut

 

Hainbat urte dira

Bazter utzia zaitudala

 

Abandonatua, bidearen ertzean utzia

ehizaki

 

edozein harrapari iragankorrarentzat

azal zahar –zure aurpegia erdibitzen denean

 

ezaguerak egiten –

ezagutzen nauzu orain

 

baina ez zer tabernatan utzi ninduzun –

zer gehiago esanen zenuke ez bada

 

«ze muz, nire azal zahar».

 

ZERUA IRAKURTZEN

Pinuen itzal barean geunden,
mairu-belar eta artemisiarekin,
eta
irakurtzen genituen antzarek marraztutakoak

zeru ubelean.
Joan hegoaldera, joan hegoaldera, tematzen ziren,
negua hurbil dugu eta gainean.

Ilargia istant bat izan zen
urrezko igitai bikain bat
urrezko aintziraren gainean.

Izarren angeluak neurtu genituen
ilbeheraren argitan,
eta izen berriak eman genizkien

hegan ari ziren antzarek erakutsiak;
bagenekien batek aurrera eginen zuela,
bestea atzean geratuko zela.

Hizkuntza arrunt bat bildu genuen
gure helmugak deskribatzeko:
zu iheslari izanen zara betiko.

ni neguaren ertzean geldituko naiz zain
iluntasuna geroratzen
ihes egin dezazun.