Zure izerdiaren truk

abendua 8, 2013 @


jokinzaitegi

(Irudia: Jokin Zaitegi, www.aedelkartea.com ataritik hartua)

Berriako Hirudia ataleko hemezortzigarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

Kutxa Fundazioaren gizarte-ekintzak 2012. urtearen amaieran jakinarazi zion AED elkarteari ez zuela diru gehiagorik emanen Jokin Zaitegi sariketa finantzatzeko. Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea 1986an hasi zen herriko kulturgile ezagunari eskainitako itzulpen-lehiaketa antolatzen, eta hasieran euskaraz nekez aurkituko genituzkeen testuak itzultzea asmo bazuen ere, 2002an helburua zehaztu eta kasuan kasuko Nobel sariduna ekarri digute ordutik. Horrela, bada, antolatzaile eta itzultzaileei esker, lehenengoz iritsi dira gurera Doris Lessing eta Belarra kantari, Le Clezio eta Basamortua eta Orhan Pamuk eta Elurra, besteak beste. Elkar argitaletxearekin batera antolatutako lehiaketak Kutxako gizarte-ekintza zuen diru-iturri nagusi, ezpada bakar, eta, beraz, esan daiteke larrugorrian geratu direla antolatzaileak, garela irakurleok.

Instituzioek dirurik emanen ez dutela-eta azken urtetako joera zabalduari heldu dio AED elkarteak ere, ezinbestean: kultur zale kontzientziadunei dirua eskatzea. Nobel-truk kanpaina abiarazi dute horretarako, beste finantzazio-bide batzuk bilatzearekin batera, esan dutenez. Ez dute askorik behar, Mo Yanen Hori da umorea, maisu! kaleratu berriak 4.500 euroko aurreikuspena zuela ikusita. Kopuru txikia da, esaterako, Kutxako gizarte-ekintzak finantzatzen dituen beste literatur sariketa batzuen aldean (Donostia Hiria antzerki eta ipuin lehiaketa kasurako), zer esanik ez beste proiektu batzuk egiteko Kutxak agertutako eskuzabaltasunarekin alderatuta. Hala ere, euskalgintzako elkarte batentzat diru asko da, baita, itxuraz, argitaletxe batentzat ere, eskubideak eta edizioa tarteko. Gertatuak ohartarazita, espero dezagun mendekotasun ekonomikoa gainditu eta bide gehiago aurkituko dituztela, eta ez naiz ari bakarrik AEDz, baizik eta beste literatur sariketez ere; emaile batek huts eginez gero beste bati tira egin ahal izateko eta egitasmo osoa bertan behera utzi beharrik ez izateko. Eta mendekotasun ekonomikoa oso gutxitan delako debalde.

Sarean erdaraz edo liburutegian hain merke lor daitekeenean euskarazko itzulpena erostea militantzia gutxi ez, eta instituzioek ordaindu beharko luketen zer txiki bat irakurleok (berr)ordaintzea atzera egitea irudituko zaio bati baino gehiagori (esan gabe doa atzerapausoa dela ere euskaraz irakurri nahi hutsak bultzatuta erosten badugu). Hori pagotxa mezenas edo crowdfundinga erakundeentzat, lehen gutxi eta muturra okerturik diru publikoarekin finantzatzen zituzten kultur proiektuetako aunitz orain herritarrok ordaintzen baditugu. Kultura, izan ere, ez da inoiz hartu premiazkotzat, ez oinarrizko zerbitzutzat; eta ondorioz, orain, luxuzko bihurtu zaigu.

Kultur eskaintza osora zabaldu da azkenaldian laguntzeko aukera: BERRIA, Tximeletak, Dock of The Bay, La Hormiga Atómica, Consonniren Gela bat norberarena, Zuloak, hAUSnART, Ateak Ireki, argitaletxe bateko zein besteko harpidetzak… Guztiak larri, batzuk besteak baino ezinbestekoago, nahitaez. Hamaika egitasmoren artean bakar batzuk aukeratzera behartuta gaude, batzuk besteen aurretik jartzera, soberan ez dugun dirua haietara bideratzeko; gainera, planto ez egitetik urrun, leheneste horretan kanpo uzten ditugunek kezkatuko eta berotuko digute gogoa. Zer garen inozoak.

Kutxaren gizarte-ekintzaren egitekoa irakurleen esku utzi baino, ez al litzateke efikazagoa aurten diru faltagatik Nobel sariduna euskaratu ez eta kultur zale eta elkarteen presioak bultzatuta Kutxak edo, ahal dela, erakunde publikoagoren batek hurrengo urteetan finantzazioa jartzeko konpromisoa hartzea? Efikaza bezain suspergarria litzateke, eta suspergarria bezain gertagaitza. Hori bai, gaur amaitzen den Aipaezinera irakurle asko joanen ziren aurrez bagenuen Alice Munroren zorionaren bila, eta horrek estaliko du Nobeldunaren hutsunea, behintzat, kulturgintzaren eta bereziki instituzioen mesedetan poltsikoa berriz husteko eskatzen diguten arte.