(Argazkia: Miren Ibarluzea)
Jendearekin biltzeko Durangoko Azoka aproposa dela badakigu, eta Iñigo Roque Eguzkitzarekin hitzordua jartzeko aitzakia ederra izan zen. Itzultzailea ez ezik, edo batez ere, zuzentzailea da, eta UPV/EHUn dabil argitaratzekoak diren testuak zuzentzen. Iaz atera zen literaturaren plazara, Denonartean etxearekin argitaratu baitzuen Fernando Pessoaren Poemak pluralean, antologia labur bat. Hala ere, aurretik ere egina zuen ekarpen zenbait, Gararako kritikak idazten baitzituen, eta Xerezaderen Artxiboan behin baino gehiagotan jarri die ahotsa berak itzulitako testuei. Behin plazara irtenda, ordea, ez du berehalakoan utziko; berriki kaleratu du Antonio Lobo Antunesen Gauzen ordena naturala, Literatura Unibertsala bilduman. Udaberrian kaleratuko du Elkar etxearekin F.Scott Fitzgeralden ipuin-antologia bat kolaborazioan, baita Iolanda Zuñigaren testu bat ere Pasazaiterekin. Elkarrizketa honi esker jakin izan dugu, gainera, Munduko Poesia Kaieretan ere jarriko duela bere aletxoa. Liburu formatuaz aparte, bestelako saioak ere egin ditu literaturan; zuzenketari buruzko ikastaroak eman izan ditu, eta mahai-inguru batean baino gehiagotan egon izan da. Sarean ere oparoa da, nahiz eta, tamalez, duela hilabete batzuk itxi behar izan zuen idazkola.com bloga, denbora faltagatik. Berriako Hirudia zutabean aritu zen urtebetez eta, gaur egun, 31eskutik-en parte hartzen du hilean behin.
Eserleku bila, eta elkarrizketatzailearen ahots marrantatuak lasaitasun apur bat behar zuenez gero, taberna isil batera joan ginen, Palentinoa eta Plateruena bestaldean utzita eta azoka tarteko. Eskerrak eman behar dio orain elkarrizketatuari, hark egin baitzuen lan handiena.
Portuges literatura ez da ohikoena gurean; ez ditugu geuk ere izanen espainolek eta frantsesek portugaldarrekiko dituzten aurreiritzi berak, ezta?
Europaz pentsatzen dugunean guk ere irudikatzen dugu Aturriz bestaldera dagoen hori, eta mendebaldera begiratzen badugu, ordea, Amerika ikusten dugu, ez Portugal, hurbilago dugun arren. Euskaldun bati galdetuz gero non bizi nahi duen, batzuek esango dute ez dutela beren burua Euskal Herritik kanpo ikusten, eta beste batzuek, berriz, Stockholm edo Berlin aipatuko dizute, ez Lisboa. Oso klasistak gara euskaldunak. Familia kontuengatik sortu zitzaidan niri interesa, aitona-amonek hitz egiten zutelako portugesez. Dena Pessoarekin hasi zen. Saiatzen naiz hango literatura jarraitzen, eta Literatura Unibertsala bildumarako Lobo Antunes proposatu zutenean, lagina bidali nuen. Xerezaderen artxiborako Anak [Morales] irakurgai batzuk eskatu zizkidan, eta huraxe izan zen metxa. Lehenago neuretzat egiten nuena agerira ateratzea izan zen.
Portugesez idatzitako literaturari dagokionez, Gonçalo M. Tavares, Miguel Torga, Peixoto eta Mia Couto aipatuko nituzke, sarrera moduan. Mia Couto gaztelaniaz baino ez dugu, Bego Montoriok itzulia. Pena da halako talentuak (baita Maialen Marin ere, txineratik gaztelaniara aritu baita orain gutxira arte) euskaraz ez aprobetxatzea. Hala ere, gertatzen da ere euskararako itzulpen on asko apalategietan edo liburutegietako fondoetan galtzen direla, eta, berariaz haien bila joan ezean, nekez berreskuratuko ditu irakurleak.
Pessoa itzultzeko zer irizpideri jarraitu zenion antologiako poemak aukeratzeko?
Pessoarena drama em gente deiturikoa da, hots, jendezko drama edo antzerkia. Pessoa bakarrik uler daiteke haren heteronimo guztiak aintzat hartzen baditugu; azken zenbaketaren arabera, 250 inguru dira. Horiei gehitu behar zaizkie bere izenaz sinatuak, poesia ortonimoak. Iruditzen zitzaidan heteronimo nagusiak sartzekoak zirela: Ricardo Reis, Alberto Caeiro, Álvaro de Campos, hiruko hori. Lehen liburua zenez, begiratu nuen ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz egindako antologietan zer sartu zuten, liburua estandarizatzeko-edo. Ohartu nintzen nik aukeratutakoak besteetan ere agertzen zirela. Argitalpen xumea egitea zen helburua, lagin txiki bat aurkeztea. Antologiaren aitzakian piloa irakurri dut.
Opiário, esaterako, sartuko nukeen antologian, baina oso luzea da, eta, beraz, azkenean kanpo utzi nuen. Ingelesez idatzitakoak ere ez nituen sartu; ingelesek eurek txarrak direla diote, eta ingelesaren ezagutza hain handia ez dutenek, berriz, kontrakoa diote. Pessoaren sexualitateaz ere asko hitz egin da; emakumearen idealizazioa egiten zuen, eta poema homosexualak, ordea, oso haragizkoak ziren. Pessoak berak zioen gizon baten gorputza eta emakume baten sentiberatasuna zituela. Taibok sakon aztertu du Pessoa, eta badu haren sexualitateari buruzko saiakeratxo jakingarri bat.
Lobo Antunesen Gauzen ordena naturala oso nobela berezia da, nahiko lirikoa eta ia argumenturik gabea. Liburuaren aurkezpenean zu entzunda, ez du gogo handirik ematen liburua irakurtzeko, oso zaila eta nahasgarriaren fama ematen baitiozu. Hitzaurrean ere hainbat gako eman dituzu nobela ulertzeko, eta puntuazioan erraztera jo omen duzu. Zer dela eta?
Urte eta erdiko lan luze eta trinkoa izan zen. Batzuetan nahiko bakarrik sentitu nintzen. Karlos del Olmok, liburuari egindako iruzkinean, esaten zuen opari bat zela liburu hori euskaraz irakurri ahal izatea. Irakurleekin mintzatu naizenean, gustura geratu naiz, gustatu baitzaie eta erraz irakurri dutela esan baitidate. Beharbada, hainbeste denbora itzultzen eman ondoren, zaila da bukatzean irakurlearen begirada zuzenean hartzea. Desorduetako itzultzailea naiz, eta horrek esan nahi du jende asko sofan errenditzen denean ni itzultzera jartzen naizela.
UEUrekin antolatutako puntuazioari buruzko ikastaro bat eman nuen aspaldi, eta Lobo Antunesen testu bat aukeratu nuen kasuan kasuko autorearen puntuazioa errespetatu behar zela adierazteko; hain zuzen, nik orain egin ez dudana. Puntuazioa ezin da testutik kanpo ulertu. Jon Alonsok euskaratutako José Saramagoren Lisboako setioaren historia hartu nuen eredutzat, baina ohartu nintzen ezin niola eredu horri jarraitu. Lobo Antunesen testuak maiz ez du hurrenkerarik ideien artean. Autoreak ez bezala, nik komatxoak eta puntu eta koma erabili ditut, ezinezkoa baitzen hari solteak puntuazio-marka horiek gabe ulertzea. Erabakiak hartu behar dira osotasuna kontuan izanda, ez paragrafoei bakarka erreparatuta.
Karlosek egindako iruzkinean hitzen hautaketa ere aipatzen du. Nik beti diot hiztegi elebidunek baino kalte gehiago gutxik egin diola euskarari. Hitz bakoitzak bere kutsua du. “Nostalgia” barik “oroimina” erabiliz gero, badakizu Sarrionandiari irakurri diozula. Hitzak ezin dira tonto-tonto aukeratu; ez literaturan, ez bestela. Esaterako, “aditu” aditzak entzun, usaindu eta ulertu adierak ditu, segun eta nork eta zer testuinguruan erabiltzen den. Horiek guztiak itzultzean kontuan hartzen saiatu naiz. Orotariko Euskal Hiztegia oso baliagarria iruditzen zait, corpus modura erabiltzen ahal delako testu zaharrak begiratzeko. Itzultzean, gainera, jakin-mina izatea nahitaezkoa da. Lexiko aldetik, zailtasun handiena lokalen izenekin izan dut, eta hor bai faltan izan ditut portugesa-euskara corpus elebidunak. Horretaz gainera, ez dut aparteko arazorik izan.
Iñigo Roquek ekarri(ko) du gurera autore hauen lan zenbait.
Nobelaren hitzaurrean hala zenion: «Itzulpen hau itzulpen posibleetako bat besterik ez dela esan behar genuke (edo gogorarazi)». Ez al dira hala itzulpen guziak?
Bai, beti. Ahalegindu behar dugu gaur egun egin daitekeen itzulpen onena egiten; jakinik, hori bai, hemendik bost edo hamar edo hogei urtera itzulpen hobe bat egin daitekeela. Itzultzea, azkenean, hautatzea da. Badira itzultzaile batzuk beti berdin itzultzen dutenak, hots, liburu bat zabaltzen duzu eta badakizu nork itzuli duen. Itzultzailearen ikusgaitasuna oso ongi dago, baina gizartean; testuetan, itzultzaileok mediumak izan behar dugu, egilearen hitzetan diluitu behar dugu.
31eskutik-en aritzen zara, eta maiz ekartzen dizkiguzu testu/autore zaharrak: Jean-Luc Ihartze, Iruñeko Bibliak, Joanes Haraneder, Sebastian de Mendiburu… Zergatik hautu hori?
Kasualitaterik ez dago bizitzan; 31eskutik niretzat ikasteko eta erakusteko modu bat da, eta, beraz, diziplina handia eskatzen dit testu zaharretan begiratzen eta horietatik ikasbideak ateratzen ibiltzen naizenez. Amorrua ematen dit jendeak hitz egiten duenean lehenago ezer egin ez balitz bezala, hizkuntza ezerezetik asmatu behar balute bezala. Kanpora begiratzeko joera dute askok 31eskutik-en, baina etxean ere hamaika gauza egin izan dira.
Oso gauza gutxi egin dira gurean itzulpengintzaren teorian, Xabier Mendiguren Bereziarturen historia, eta ezer gutxi gehiago. Aiora Jakak egindako tesian ere badago orain arteko teorizazioari buruzko atal bat, tesiko atalik interesgarriena nire ustez (gustu-kontua da, kontuz). Baina hortik aparte, ez dago gauza handirik egina. Ni zuzentzailea naiz, eta nekatuta nago «hau ongi dago eta beste hura gaizki» esaten ibiltzeaz; beraz, beste bide horretatik jotzen dut, bai irakurleentzat bai niretzat ikasbide delakoan.
Edo! argitaletxean ere bazabiltza, itzulpenen arduradun-edo. Kontatu, labur bada ere, zereginaren nondik norakoak.
Arduradun ez naiz, itzulpenak eta proposamenak jasotzen ditut, besterik ez. Hormako paper horia narrazioan bitarteko izan nintzen; orain aterako den Dalloway andrea nik proposatu nuen, eta jakin nuen Itziar Diez Ultzurrunek gogo handia zuela hori euskaratzeko, beraz, hari pasatu nion enkargua. Nik zuzendu dut Itziarrena, nahiz eta beste batzuek ere irakurriko duten kaleratu aurretik. Funtsean, proposamenak bidaltzen dizkiot talde eragileari; oso asanblearioa da, inork ez du kobratzen, beraz, nik ez dut larru nahikorik inori itzulpenik eskatzeko.
Edo!-ko itzulpenak ez dira nolanahikoak, interpretazio edo teorizazio bat izan ohi baitute, hitzoste modura; argitaletxeak itzulpengintzan zeregin hori du, irakurtzeko modu batzuk eta bestelako ikuspegi bat eskaintzea. Dalloway andrea urtarrilean kaleratuko dugu, eta gero batek daki. Testu postkolonialista batzuk ditugu buruan, edo hobe esanda begirada postkolonialistatik zerbait jorratzeko asmoa, baina oraindik ikusteko dago halakorik egingo dugun. Dinamizazio pixka bat falta zaigu, Edo!-ko kideek ekarpen ekonomikoa egiteaz gainera, beste parte-hartze maila handiagoa izan dezaten. Ahalegin hori egin behar dugu.
Itzultzaileaz gainera, zuzentzailea zara.
Zuzenketa oso esker onekoa da, niri ez dit inork beltzuri egin. Zuzentzailearen lana ez da testua norbere estilora edo modura ekartzea, baizik eta testuak egoki uztea. Argitaletxe batzuetan ez dago zuzentzailerik, batez ere txikietan, eta horrek kezkatzen nau. Gaia minbera da, edonola ere. Garan kritikak idazten nituenean, behin esan nuen liburu batek zuzenketa behar zuela, eta editoreak idatzi zidan, testua batek baino gehiagok irakurri zuela esanez; aldi bakarra da editore batek halako kontuekin idatzi didala. Zuzenketarena inoiz amaitzen ez den lana da, zuzentzaileak ere behar izaten baitu zuzentzailea. Larria da argitaletxeek indar handiagoa ez egitea zuzenketa-lanean.
Esan behar da errazen zuzentzen diren testuak itzultzaileek egindakoak direla. Euskaraz sortutakoetan (eta unibertsitatean ikusitakoaren arabera hitz egiten ari naiz) estiloa falta da oro har, idazleak nahikoa lan balu bezala euskaraz idazten. Gehien errepikatzen den akatsa-edo erdararekiko morrontza ikaragarria da.
Duela ez asko hasi zinen literatura itzultzen, baina martxa ederra daramazu: Pessoa, Lobo Antunes, eta datorren udaberrirako beste bi liburu-itzulpen izanen dituzu kalean.
Saramagok zioen berrogeita hamar urteak bete arte ezin dela nobelarik idatzi. Literatura-itzulpenez beste horrenbeste, esango nuke nik; hamabost urte daramatzat testuak itzultzen eta zuzentzen, eta orain hasi naiz neure buruarekin fidatzen. Xerezaderen artxiboak badu horretan errurik, akuilu bat izan baita niretzat. Jende jatorra ezagutu dut, Fernando Rey esaterako, eta haren bidez bidali nuen Denonarteanera Pessoaren itzulpena. Oso garbi dut gustuko ez dudan zerbait ez dudala itzuliko (horretan pasatzen baitut egunean zortzi ordu). Udaberrian kaleratuko da Scott Fitzgeralden ipuin-antologia bat, eta hori ere hainbat faktore aldi berean elkartzearen ondorio izan da. Pasazaitek egin dit orain arteko enkargu bakarra, Iolanda Zuñiga galegoaren Post-it bizitzak, eta egun batzuk eskatu nizkion Xabier Queirugari testua irakurtzeko eta testua gogoko ote nuen eta hizkuntzarekin moldatuko ote nintzen ikusteko (koska bat dago portugesetik galegora), eta azkenean baiezkoa eman nion. Hori ere laster egongo da kalean. Munduko Poesia Kaierak egitasmoan ere parte hartuko dut, Sophia de Mello portugesaren itzulpen batekin. Horrekin oso-oso gustura ari naiz. Proiektu ikaragarria da kaierena, eta halakoetan zerbait ateratzea, Pasazaiten bezala, ohorea da. Bide horretan jarraitzeko asmoa dut.
abendua 16, 2013 @ Garazi