Neu ere egingo bainaute gurasoen heriotzek libreago

abendua 23, 2013 @


amaren-heriotzak-libreago-egin-ninduen-9788476817803

Abenduaren 21eko alean, Ortzadar kultur gehigarrian argitaratutako kritika (izenburua aldatuta).

Neu ere egingo bainaute gurasoen heriotzek libreago

Amaren heriotzak libreago egin ninduen

Pamiela, 2013

Mari Luz Esteban

Ekain amaieran eman zuen Mari Luz Estebanek saiakeratik poesiara jauzia, azkenaldian irakurri dudan izenburu egurasgarrienetako batekin, eta ez dut ezkutatuko poztu ninduela berriak, neu ere egingo bainaute gurasoen heriotzek libreago (diot egurra ukitu bitartean denbora luzez hemen jarrai dezaten). Nire irudiaren kaltetan joango bada ere esango dut poesiaz kanpoko esperantza zehatz batzuekin heldu niola irakurketari, Estebanen lan akademikoa ezagututa iruditzen baitzitzaidan bere ahotsak eduki berriak ekarriko zizkiola euskarazko letrari, edo, zehatzago, bestela taxutuko zituela betiko azal ezagunen (maitasunaren, askatasunaren, heriotzaren) mamiak. Heldu niola liburuari Esteban antropologo feministaren lehenengo euskarazko liburua (osoa) zen bezainbatean, oroz gain poesia liburua dela ahaztuta. Eta ez dut hau esaten exibizioa gogoko dudalako, ezpada ohartarazpen gisa, iruditzen zaidalako akaso beste hainbatek ere helduko diotela antzeko moduan.

Eskerrak testuak hor dirauen tinko eta aldi berean malgu, zure aurreiritziei buelta batzuk emateko gertu, Estebanenak bai baititu azala eta mamia. (Eta esan beharrik ez nukeen arren esan behar dudala iruditzen zaidanez, lehenbailehen diot zuzentzaile baten orrazketak ez liokeela kalterik egingo bildumari).

Hasieratik hasteko, bistan da poeta barrenean kezkatzen duela, are, liburua ardazten duela, gurasoen eta askatasun pertsonalaren arteko loturak. Irakurri ahala niri segituan etorri zitzaizkidan burura hiru intertestu, Estebanek bere lana esplizituki hainbat autoreren erreferentziekin ainguratzen badu ere, hain justu aipatzen ez dituen hiru idazlerenak (nolakoak garen). Batetik, Philip Roth estatubatuarrak Ian McEwan ingelesari emandako aholkua “idatzi gurasoak hilda baleude bezala”, bigarrenik Leire Bilbaoren Scanner-eko “Amaz erditu naiz” zatiko aleak, eta hirugarrenik Mikel Laboak behin mitiko bilakatutako JosAnton Artzeren “gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak”.

Hiru adibideotan seme-alaba “egoista”k zaizkigu mintzo, eta ez naiz ni izango gurasoen legea akabatzearen kontra joango dena; baina bai pentsatzen dut Estebanen proposamena dela konpletoena, alabaren tokitik ez ezik gurasoarenetik ere ari zaigulako, “Bitartean, laztanak eta kariñoak egiten dizkio, konpartitu ere barreak eta irakurgaiak, eta eztabaidak, sutsuak, (…) semea ere horrela libre izaten ikasteko gai izango ote den itxaropenean, eta hotzikaran” (40. or.). Erakusten digu praktikan ere (sentimendu eta jarreretan) egon badaudela moduak bestelako klabe batean egituratzeko harreman hori, errotikako aldaketa behar baitu.

Esaldi soilek pentsamendu-ildo sakonagoak iradoki dizkidate etengabe, esan gabe doazenak zalantzan jartzearen pentsamendu arnasa-emaile horiek: hala askatasuna nola maitasuna ez direla ez erabatekoak ez emandakoak ez errazak, elikatu eta jorratu behar direla; emakumea ez dela eraikuntza bat baizik; gure sexualitatearen osagaia dela intzestuaren tabua ere; desira ezin dugula erdietsi. Idatz daitekeen, goza daitekeen, lurrin-usaina duen gorputzari buruzko irudiei ere aipagarri deritzet, formalki ez-hain-narratiboak diren pieza batzuen bisualtasunari nola.

Poesia baino modu ederragorik gogoari herdoila kentzeko.