12:29 edo 00:00

abendua 29, 2013 @


dalí

(Dalík ere errealitatea elementu onirikoekin nahasten zuen.)

Berriako Hirudia ataleko hemeretzigarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.

 

Han hondoan heriotza dago, baina ez izan beldur —dio Julio Cortazarrek Instrucciones para dar cuerda al reloj laburrean—. Eutsi erlojuari esku batez, heldu giltzari bi hatzekin, eragin eztiki. Orain beste epe bat hasten da, zuhaitzek hostoak zabaltzen dituzte, ontziak errekastoetatik dabiltza, denbora haizemaile baten gisan betetzen ari da denboraz eta bertatik sortzen dira haizea, lurraren brisak, emakume baten itzala, ogiaren lurrina».

Zenbat aldiz erabili da literaturan denbora zenbat erlojuaren figura zenbat horien desitxuratzea azkartzea alderantzikatzea lerro kronologikoa eteteko atzera egiteko saltoka ibiltzeko elipsirako. Hiru egun barru zintzilikatuko dugu bi mila eta hamalaugarrena, beste bat baina berria desioz, aleak desioak bezala kentzen joanen gara, mehetzen biluzten. Aurrera beti, atzean uzten baitugu beste urte bat. Horretan ados egonen gara, bai Mendebaldeko idazketa dugunok, behintzat; alegia, denboran eskuinera aurrera egiten dugula. Neurtzen dugu berez ez dagoen hori, neurtzen dugu minututan astetan urtetan, ematen diogu horrela balio bat abiapuntu bat muga bat, irudikatzen dugu geure mendean, ematen diogu ekintza denbora joan egiten baita, gelditzen baita, denborak ematen baitigu bizia. Eta guk eman nahi izaten diogu denbora denborari estal ditzan gure minak eman diezagun trukean zentzua.

Antzinako Grezian, ordea, denbora ziklikoa irudikatzen zuten, eta hala marrazten zuten Maien eta Azteken zibilizazioek ere. Buztana harrapatu nahian dabilen sugea. Gabriel Garcia Marquezek denbora testu zikliko baten gisan aurkezten du, bukaeran hasieraren hazia ematen baitigu Cien años de soledad betierekoak. Etengabeko itzulera litzatekeena agertzen zaigu Buendia ahaideen jarrera eta erabakietan. Halaber, kronologia bikoitza dakusagu Alejo Carpentierren Viaje a la semilla narrazioan. Kontatzen den bakarra atzerako denbora dela irudi lezake, baina Mendebaldearen gainbehera ere aurkituko du irakurleak. Kubatarraren kasuan, atzera egite hori zoriontasunera hurbiltzea da, arrazoia eta logika alde batera uztearen bidez adierazten dena, amaren umetokiaren berotasunera iritsi arte. Mitoaren bidez denbora gainditzearen alegoria. Hain zuzen, teorialari zenbaiten arabera, behin eta berriz errepikatzen diren erritmoak sarrien ageri zaizkigu errealismo magikoaren inguruko autoreengan.

Hala ere, oro har, Mendebaldeko historia garaikidean denbora lerro zuzentzat agertu izan zaigu, kamustasun edo biribiltasun orotatik urrun; atzera egiterik gabeko prozesu bat, hasiera eta bukaera bakar banarekin. Guk aurrerantz mugiarazitako denbora zehazteko eta marraztutako lerroan puntu bat betikotzeko sortu dugun erlojua gelditzen denean gelditzen da denbora denbora sekula gelditzen ez dela dakigun arren. Dickensen Great Expectations-en, Havisham andereñoaren etxea deskribatzen digu Pip gazteak: «Hain zen aldagaitza etxe zahar aspergarria, argi horia gela ilunean, irudi kolorgea apain-mahaiko ispiluaren ondoko aulkian, iruditzen baitzitzaidan erlojuak gelditzean Denbora bera ere gelditu zela leku misteriotsu hartan, eta, ni neu eta kanpoko beste guztia helduagoak ginen bitartean, etxe barruak berdin jarraitzen zuela». Erlojuak erakutsia oraina besterik ez da, ordea, esatearekin batera atzean geratu den oraina, dagoeneko iragana, alegia. Ez da norberaren oraina, ez da orain indibidualik, guztiok konpartitzen dugun orain hori da, gu bion hitzetan baizik ez dagoen orain amaitua. Erlojuak behin eta berriz erakusten digun orain iheskorra.

«Zer gehiago nahi duzu? Zer gehiago nahi duzu? —jarraitzen eta bukatzen du Cortazarrek—. Lotu arin eskumuturrean, utzi aske taupadak egiten, imitatu larri. Beldurrak herdoiltzen ditu aingurak, lortu zitekeen eta ahaztutako gauza bakoitzak erlojuaren zainak jaten ditu, eta haren errubien odol hotza gangrenatzen. Eta han hondoan heriotza dago ez bagara lasterka hasten eta lehenago iristen eta ulertzen dugu dagoeneko ez duela inporta».