Autoreak plazara: Alki Zei

urtarrila 7, 2014 @


ALKI_ZEI

Atenasen sortu zen Άλκη Ζέη, 1925ean. Filosofia eta Arte ikasketak egin zituen Greziako hiriburuko unibertsitatean, eta gero gidoiak idazten ikasi zuen Moskuko institutu batean. 1954tik 1964ra bitartean Sobiet Batasunean bizi izan zen, Greziako gerra zibila bitartean familia hara errefuxiatu baitzen. 1964an sorterrira itzuli baziren ere, hiru urte geroago alde egin behar izan zuten berriz, diktadura ezarri zenean. Bigarren aldi horretan Parisera joan ziren. Diktadura bukatu arte ez zen Greziara itzuli.

Gazte ekin zion idazteari; institutuan zegoela, txotxongiloentzako istorioak idazten zituen. Haur eta gazteentzako literatura idatzi zuen luzez, eta 1987an kaleratu zuen helduentzako lehenengo eleberria. Hamaika hizkuntzara itzuli dute bere lana, eta sari ugari jaso ditu, bereziki haur eta gazteentzako liburuekin. Ausarta da egiten dituen literatur hautuetan eta, besteak beste, horrek eraman du gaur egun Greziako idazlerik garrantzitsuenetako bat izatera.

Hona ekarri dugu Η Κωνσταντίνα και οι αράχνες της (Konstantina eta armiarma-sareak), 2002an argitaratua. Gazteentzako liburutzat hartu bada ere (hala aurkeztu dira, esaterako, gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak), helduentzako sari baterako ere hautagai izan zen. Liburu mingotsa da, eskrupulorik gabe aurkezten duena duela urte batzuetako Grezia. Protagonista nerabeak, Konstantinak, egunetik egunera ikusten du nola ziurtzat ematen zituen bizitzako oinarriak erortzen diren, eta horrek drogak hartzera eramanen du. María Recuenco Peñalver eta Juan Manuel Ricotti Leiva itzultzaileek gaztelaniaratutako bertsioa (Lóguez: 2005) hartu dugu zubi testutzat euskaraz emateko, baina aintzat hartu ditugu katalanerako itzultzaileak (Francesc Badrines Passani) gaztelaniazko horri egindako oharrak eta zuzenketak ere.

KONSTANTINA ETA ARMIARMA-SAREAK

Anarentzat

…dragoiaren putzuan

sorginaren kobazuloan

galdu ziren umeentzat.

(Dionisis Savolupos-en Desagertutako umeak kantutik)

Diotenez, ezinezkoa da norbere jaiotza-unea gogoratzea. Diotenez, bizitzako lehenengo irudiak askoz geroago agertzen zaizkigu buruan, ordenarik gabe eta lauso antzean. Esan dezatela nahi dutena.

Gutxi barru hamahiru urte beteko ditut. Hala ere, oso ongi gogoratzen dut nire jaiotza-unea. Esaten didate askotan kontatzen entzun dudalako dela, eta horregatik iruditzen zaidala hori… Bai zera, iruditu! Begion parean ikusten dut, Danimarkarako bidaia erakusteko aitak lagunei jartzen dizkien diapositiben gisan. Nik imajinatzen dudala! Noiztik imajinatzen ditut nik gauzak? Nik ez dut deus imajinatzen. Hala esaten dit ere eskolan greko irakasleak, grekoak, hala deitzen baitiote neska-mutilek: «Ez duzu imajinaziorik».

Gertatzen den oro deskriba dezaket. Eta zehatz-mehatz, gainera. Horregatik, ez dut neurririk. Batzuetan, bederatzi eta erdi idazketan; bestetan, bost eta erdi. Eta guztian gauza bera. Batzuetan goian, bestetan behean. Batzuetan maite dut, bestetan gorroto. Baina amaren sabeletik atera nintzeneko unea ez dudala gogoratzen sinetsaraztea ez dute lortuko, sekula ez.

Ez nuen negarrik egin telebistan ikusitako dokumentaleko umeak bezala. Armiarma-saretan bildurik nengoen. Askatzen saiatu nintzen besoekin eta hankekin indar egiten. Norbaitek esan zuen, segur aski medikuak ―gizon ahotsa baitzen eta ezin zen aita izan ez baitzuen jasaten erditze-gelan sartzerik―: «Sekula ez dut armiarma-sarean bildutako ume bat ikusi». Ez esan, gero, ez naizela gogoratzen.

Askatzeko geroz eta indar handiago egin, are eta gehiago endredatzen nintzen. Azkenean, medikuak guraizeekin moztu zituen hariak, askatu ninduen, oinetatik hartu eta jaso ninduen. Hala ere, hain nekatuta nengoen ez bainuen negar egiteko indarrik ere. Jakina, guzti-guztia ere ez dut gogoan. Adibidez, ez dut gogoan nola eraman ninduten sehaskara, non amona azaltzen baitzen. Baina entzun nuen, argi eta garbi entzun ere, amonak zera esaten ziola erizainari: «Horia dago, hilotz bat bezala». «Ez esan halakorik, andrea. Bekatua da».

Egia da amonak esaten duela, edonon eta edonori, armiarma-sarean bilduta jaio nintzela, ez nuela negarrik batere egin eta hilotz baten itxura nuela. Eta horrela gogoratzen dut nik. Ez da hari kontatzen entzun diodalako. Gaur egun ere, maiz egiten dut amets sare batzuetan endredaturik nagoela eta ostikoak ematen ditudala askatzeko. Bi kilo eta laurehun gramo eskas pisatu nituen. Hori, noski, ez dut gogoan, baina amak horrela idatzia du Gure umearen lehenengo urteak izeneko liburuan. Galderaz beteta dago, eta amak guztiei erantzuten die. Non jaio nintzen, data eta ordua, asteko zer egunean, zer pisu nuen… Armiarma-sareei buruz galdetzea baizik ez zaio falta. Ez dago honela dioen galderarik: «Armiarma-sarean bildurik jaio zen zure umea?». Hala beharko luke.

Liburuak dioenez, bada, guztian berandutu nintzen. Berandutu nintzen burua jasotzen, esertzen, zutik jartzen, lau hankatan ibiltzen, oinez hasten eta baita mintzatzen ere. Ez nago ados, ordea, bi urteak bete arte hitzik esan ez nuela dioenarekin. Uste dut askoz lehenago ere mintzatzen nintzela; hori bai, nire barrurako egiten nuen. Amonak galdetzen zidanean zergatik ez nuen ahia jaten, nik neure barrurako erantzuten nion: «Hargatik».

Lorategiko katuekin mintzatzen nintzen, arrainontziko arrainekin, eta askoz gehiago hegan egiten eta nire hatzetan pausatzen ziren marigorringoekin. Haiek ez ziren nire beldur, ezta ni haien beldur ere.

Amonaren etxean uzten nindutenean, aulkitxo batean esertzen nintzen, eta bila etortzen zitzaizkidan arte ez nintzen handik mugitzen. «Eraman ezazu medikuarengana ―aholkatzen zion amonak amari―. Ume honek ez du hitzik esaten. Estatua baten pare gelditzen da». «Hilotz baten gisan», esanen zuen apika bere barrurako. Amak esaten zion etxean sofaren gainean saltoka ibiltzen nintzela, txakurrarena, katuarena eta baita astoarena ere egiten nuela, nahiz eta sekula astorik ikusi gabea nintzen. Amonak burua mugitzen zuen, sinetsi gabe.

 

Amonak Ismini du izena eta aitak haren izena jarri nahi zidan. Amonak, ordea, ez zuen halakorik entzun nahi ere. Hilko nintzen, antza, eta ez zuen nahi bere izena alferrik galtzerik. Konstantina deitu ninduten, eta bizirik irten nintzen. Aitona ―nik ez nuen ezagutu― Konstantinos deitzen zen.

Amonak ez ninduen maite, ezta nik hura ere. Amonak neskatxa bat baizik ez zuen maite izan, nire lehengusina Venetía. Izeba Maríaren alaba zen, aitaren arrebarena. Eta zen diot, dagoeneko ez baita. Ni jaio baino bi urte lehenago hil zen. Uste dut erre zela. Nylonezko soineko bat oparitu zioten Gabonetarako. Jantzi eta amabitxiari erakustera joan zen korrika, bi etxe gorago bizi baitzen. Amabitxia sukaldera joan zen laranja-ura eramatera eta, bitartean, lehengusinak pospolo-kutxa bat aurkitu zuen eta balkoira atera zen barandan jarritako kandelak piztera, kaletik Hilobi Santua igaroko baitzen.

Venetíak hamar urte zituen eta Venezia ezaguna bezain xarmagarria zen, hala zioen amonak. Nahiz eta han sekula egona ez izan. Haren etxean, egongelan, logelan, nonahi ditu Venetíaren argazkiak. Venetía titiko umea zenean, Venetía neskatxo zenean, Venetía dantzariz jantzita, Venetía mozorrotuta inauterietan: Edurne Zuri, ninfa eta veneziar jantziekin, amabitxiak Veneziatik ekarritako soinekoarekin. Ilea horia eta izurtua zuen, gerriraino, eta masail handi eta arrosa-kolorekoak. Begiak, ordea, zurbilak zituen, ura bezainbat, eta amonari biziak iruditzen zaizkio nahiz eta argazki orotan dirudien hutsari begiratzen diola.

Beharbada horregatik ez zitzaidan gustatzen amonaren etxera joatea. Amonak eta bere Venetíak gogaitzen ninduten. Eskerrak hilda dagoen, pentsatzen nuen, zeren hilda ez badut gustuko, auskalo nola eginen nukeen hura bizirik jasateko.

Amona ez zen etxera maiz etortzen. «Tokitara joan zarete!», esaten zion aitari bisitan ez zetorrela aurpegiratzen zion bakoitzean.

Atenasko Kipseli auzoan bizi zen, eta gu, ni jaio nintzenetik, Aryirúpoli auzoko etxe alokatu batean bizi ginen. Ez dut uste distantziagatik zenik, baizik eta ni bizirik nengoelako, bi kilo eta gutxiko hilotz bat, ahoa gutxitan zabaltzen zuena bi hitz esateko (barrurantz esaten nituen guztiak), eta Venetía, berriz, hitz eta pitz aritzen zena, kantatzen, poemak errezitatzen eta nik bezala bizkarra konkortu ordez zuzen-zuzen ibiltzen zekiena, berriz, hilda zegoelako.

Gaixotzen nintzenean, amona deitzen zuten nirekin gera zedin ―zeren maiz gaixotzen nintzen, amigdalitisa zela, kakapirria zela, eta gehienetan bronkitisa―, eta etxera sartu bezain pronto entzun nezakeen esaten: «Baina, berriz ere gaixotu da neska hau?». Amak, lanera joan aurretik, eman behar zizkidan botikak erakusten zizkion, eta liburuak eta mahai-jokoak uzten zituen nire ohe ondoko apal batean.

Amonak sekula ez zidan deus irakurri, ezta nirekin deusetan jokatu ere. Nire ondoan esertzen zen aulki batean, eta egunkaria irakurtzen zuen goitik behera. Sukarrak jota edo eztulak itotzeko zorian nengoenean baizik ez zion irakurtzeari uzten, une batez bakarrik, jarabe koilarakada bat emateko, eta irakurketan murgiltzen zen berriro. Izutzen ninduen orriak pasatzean egiten zuen zaratak, haizeak bat-batean leihatilak ixten dituenean bezalakoa zen. «Amona, ez pasatu orriak», esaten nion nik. Baina zas, zas, egunkariko orriek batetik bestera egiten zuten durundi armiarma-sarean bildutako etxe hutsean.

Amak eta aitak esan ziotenean bost urterako Alemaniara joanen ginela lana eskaini zietelako eskola aleman batzuetako greko-sailean (biak dira irakasle), uste dut poztu zela nitaz libratuko zelako. Ez zuen berriro gurera etorri beharko gaixotzen nintzenean, ezta hiru aldiz galdera bera egin nik erantzuteko ere, eta ez zuen berriz galdetu beharko zergatik nire ilea taula bat bezain lisoa zen familiako beste guztiek ilea kizkurra bazuten, zergatik nintzen hezurtsua eta konkortua, zergatik nintzen zurbila «hilotz bat bezainbat», eta zergatik nuen begirada galdetzailea. Nik ez dakit nolakoa zen nire begirada, baina badakit ez niola hutsari begiratzen eta ez nituela uraren antzeko begiak, marroi ilunak baizik, beltzak ia, eta nire aurpegi txikian leku handia hartzen zutela.

Beraz, seguru nago poztu egin zela. Aitari gauza bakarra aurpegiratu zion, Alemaniara joatea, alegia. «Badirudi ahaztu duzula zer egin zioten zure aitari». Gorroto zituen alemaniarrak zeren, Grezia esklabo bihurtu zuten gerran, aitona harrapatu eta kartzelan sartu zuten, nahiz eta gero ihes egitea lortu. Ingelesak ere ezin zituen eraman, gerraren ondoren zerbait gertatu zelako Grezian, eta orduan ingelesek harrapatu baitzuten aitona eta Afrikako lekuren batera erbesteratu baitzuten. Estatubatuarrak ere ez zituen batere maite, gure herriko eta munduko gauza txar guztiak haiengandik zetozela zioen, eta sutan jartzen zen nik rock musika ozen jartzen nuenetan. Errusiarrak baizik ez zituen gustuko, baina ez oraingoak, besteak baizik, sobietarrak deitzen zituen horiek. «Alemaniarrekin joatea ere…», ezin zuen jasan. Aitak barre egiten zuen, adarra jotzen zion eta diskoa aldatzeko ordua zela esaten zion. Nik ez nuen ulertzen zer esan nahi zuen, baina ez zitzaidan axola. Kontent nengoen bagindoazelako.

 

Bidaiatu gabea nintzen; noiz edo noiz amonarekin autobusez joana nintzen birraitona eta birramonaren herrira, Carpenisira, udan. Orain, ordea, hegazkinera igoko nintzen Akisgran izeneko hiri polit batera joateko. Azentua azken a horretan. Aita aurretik joan zen eta etxea eta guzti alokatu zuen. Ni alemana ikastera joanen nintzen udan, horrela, Akisgranera joaten ginenerako lehenengo mailan has nintekeen, nahiz eta alemaneko ordu batzuk eman beharko nituen ikaskideek plastika edo halako gauzak ematen zituzten bitartean. Arratsaldean, greko eskolara joanen nintzen, alemanaren sail bat zena. Aitak zehatz-mehatz azaldu zidan, eta esan zidan hobe izanen zela amonak deus ez jakitea, «bereak eta bi» esanen zituelako.

Uste dut beste zerbait ere ezkutatu ziola: bai aita bai ama aleman-eskoletara joanak ziren urte osoan, eta berandura arte geratzen ziren ikasten ni lotara joandakoan.

Agur esateko ordua iritsi zenean, amonak berak trikotatutako txano hori bat eman zidan, joaten ginen lekua oso hotza baitzen. Sekula ez zidan deus trikotatu, ezta jertse bat ere ume nintzenean. Pentsatuko nuke amonak ez zekiela josten, ez balitz Venetía argazki guztietan ageri delako kolore eta marrazki askotako arropa trikotatuarekin. Aitortu behar dut hainbat gauzek inbidia itzela ematen zidatela, esaterako, aurrealdean orein-ilara urdin bat duen jertse gorri batek.

Txano hori bat! Ez dut behin ere jantzi.

Amak ezin izan zuen beretzat gorde, eta esan egin zion: «Ezin zenuen beste kolore bat aukeratu? Ez dio batere ongi ematen». Amonak erantzun zion ezin zuela aurretik erabilitako koloreekin trikotatu, eta horia zela falta zitzaion kolore bakarra. «Hilotz bat txano hori batekin», esan nuen nire barrurako. Ez dakit amonak zer esanen zuen bere barrurako, niregana hurbildu eta musu eman zidan buruan. Hura besarkatzen saiatu nintzen, baina nire besoak ez ziren mugitu, eta zera baizik ez zitzaidan atera: «Agur, amona».

Une hartan, biotako inor ez zuen pentsatuko egun batean elkarrekin biziko ginela, gu biok bakarrik, Kipseliko haren etxean, eta ordukoa zela amona deituko nuen azken aldia. Gerora, beste izen bat jarriko nion, betiko izanen zena.

 

Armiarma-sarean bilduta nago, eta ihes egiten saiatzen naiz. Poliki-poliki zabaldu ditut begiak. Estalkiekin endredatu naiz. Lumazko edredoiarekin sekula ez naiz endredatzen. Ohean eseri naiz izara lepoan bilduta dudala. Azkura dut hanketan gris koloreko estalki pisutsuen erruz.

―Esnea.

Ahots ezezagun bat. Ez da amarena, ezta aitarena ere.

Nire aurrean leiho estua ikusten dut, eta arrosa gorridun errezel urdin itsusiak.

Amonaren etxean nago. Sei hilabete badaramatzat ere, goizero gauza bera gertatzen zait. Amets bat dela iruditzen zait, eta esnatzean lumazko edredoi leunaren azpian egonen naizela.

―Esnea.

Hirugarren aldiz esan du. Erantzun behar dut.

―Ongi da, Farmur.

Sigridek ―nire ikaskide eta lagun mina Akisgranen― horrela esaten zion amonari. Suediarra da, eta suedieraz, farmor hitzak, farmur ahoskatuak, amona esan nahi du. Aitaren ama. Amaren amari mormor esaten baitzaio, murmur ahoskatua. Nireari oso ongi doakio farmur; izan ere, murmur hitzak maitekor kutsua du.

Igandea da, segur naiz. Zergatik esnatzen nau hain goiz? Erlojuari begiratu diot. Bon, bederatziak dira. Akisgranen, ordu honetan, aita kalera irteten zen opiltxo beroak erostera. Usaina iristen zitzaidan oraindik ere erdi lo nengoenean. Orain Brigitte ariko da horiek jaten… Zeinen azkar bukatu zen guztia! «Baina, ez al zinen deusez ohartu?», galdetzen dit Farmurrek behin eta berriz. Eta, oraingoan, lehenengoan erantzun nahiko banu ere, ezinen nuke. «Ez, Farmur, deusez ere ez».

 jatorrizkoaJatorrizkoa eta itzulpen batzuk.