(Domenico Fettiren Malenconia margolana.)
Berriako Hirudia ataleko hogeigarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.
The Economist britainiarrean kaleratutako artikulu baten arabera, frantsesak zoritxarrekoak eta ezkorrak dira beren literaturaren erruz. Estatistikek diotenez, depresio tasa handia dute eta oso beltz ikusten dute herrialdearen etorkizuna. Suitza eta Belgikaren atzetik Mendebaldeko Europako suizidio tasarik altuena du Frantziak. Sinatu gabeko artikuluak dioenez, tristura orokortuaren jatorria kulturala da, eta, beraz, baita literarioa ere. Bi gertakari mugarri izan omen dira ezkortasun horretan: iraultza eta Bigarren Mundu Gerra. Mugimendu erromantikoan malenkoniazko ikuspuntua nagusitu zen, dohakabea izatea plazera modu bat gertatzeraino. «Malenkonia triste egotearen zoriona da», zioen Victor Hugok. Eta Baudelairek ere goraipatu zuen, edertasunaren ikur gailena zelakoan. Filosofoen guztia-zalantzan-jartzeko-ohitura ere ba omen da pesimismoaren iturri, Descartesetik hasi eta Sartreraino. Kritikotasuna hartu zuten tresnatzat, bai arrazoiari aurre egiteko bai existentzialismoko korapiloak askatzen saiatzeko. Voltaire ere aipatzen du, Rousseau, Sagan, Camus… Gizonezko horiek guztiek, beren irakurleen bidez, tristeziaren kultura nazionala eraikitzen lagundu omen dute.
Baina zoritxarrean ere ez da guztia beltz. Herritarrek berek elikatzen duten tristura-egoera egonkor horrek eta eszeptizismoak ekarpen kultural handia izan du. Jakina da sormena krisi garaian dela berritzaileen, emankorren eta erakargarrien. Aristotelesek zioen tragediak purifikatzeko balio zuela, ikus-entzuleak kontzientziatu eta horri aurre egiteko indarra ematen zielakoan. Cano ere maiz entzun dugu azkenaldian katarsiaren botereaz mintzatzen. Artikuluan ageri diren topiko, baieztapen aski arrazista eta arrazoitu gabeko ondorioez gainera, gogoetarako galdera ematen du: izanen lirateke Frantziako herritarrak zoriontsuagoak liburuetan jorratutako gaiak eta moduak ere alaiagoak balira?
Eskolan ikasi genuen narrazioak korapiloa behar zuela, egoera bat desorekatzen duen zerbait, ordura artekoarekin haustura bat, katakrak bat. Bai, narrazio guztiek ez dute korapilorik, oro ez da narrazio eta deskribapenek edo kontaketa hutsek orriak betetzen dituzte. Baina ezegonkortasuna ekartzen duen zera horrek, ezezagun orok bezala, harra esnarazi ohi dio pertsonaiari, irakurleari. Hilketak, desamodioa, ezusteko aurkikuntza bat, bakardadea, hutsune bat, gerra… ugariagoak izan ohi dira poza, egoera idilikoak eta zoriona baino. Azken horiek agertzean, gainera, hurbilago dugu urduritasuna sosegua baino. Maiteago ditugu miseria gorrian bizi diren pertsonaiak, beren buruaren bila noraezean dabiltzanak, hilketa bat tarteko ihesean dabilen gudaria edo lapurra, eta hilketa bat tarteko ikertzen dabilen polizia edo kazetaria, guztiak ditugu maiteago itxurazko zoriontasunean bizi den edonor baino. Zeren galdetuko dugu orduan, bai, baina zer dela eta bizi da pozik? Aurrera eginen dugu zoriontasuna apurtuko duen zerbait noiz agertuko, pertsonaia inozoa eta buruarina delako uste osoarekin.
Mina ikusgarriagoa baita; zorionari mesfidantza handiagoa izan ohi diogu, ahulagoa da, arinagoa, xaloa eta inozoa. Eta ingurukoak, beraz, baita irakurleok ere, gehiago identifikatzen gara sufrimenduarekin. Horrela, bada, minetik sortzea ariketa errazagoa izan daiteke pozetik sortzea baino, autoreak hustu beharra duelako, minari ihesbide bat eman, justifikatu edo besterendu. Are minetik minari buruz idazten bada. Poetaren bati entzun diot alaitasunari buruz idaztea dagoen eta zailena dela, eta horretan saiatzen diren askok benetan min atsegin edo errotutako bati buruz egiten dutela. Beste gauza bat da zer tonutan hitz egiten den oinazeari buruz.
Galdera gehiago sortzen dira Frantziako literatura etsigarriari buruzko testutik: literaturak jendartearen izaera ezaugarritzeko beste ahalmen du? Tristezia eta oinazea bilatzen jarriz gero, ez genuke gurean ere halako mordoxka bat aurkituko? Eta batez ere: hainbeste irakurtzen dute auzoko estatuko herritarrek autoreen eta idazlanen tonu ezkorrak halako arrastoa uzteko? «Azken batean —dio Houllebecqek Les Particules élèmentaires sonatuan—, ez dago hotza, isiltasuna eta bakardadea besterik. Azken batean, ez dago heriotza besterik».
urtarrila 19, 2014 @ Garazi