Mikroipuinak

urtarrila 20, 2014 @


40-FC-FlashFictionCritique

(Lehiaketak ugaritu dira urteotan eta Ingalaterran 2012tik da ekainaren 22a mikroipuinen eguna.)

Pixa egin bitartean irakurri daitezkeen ipuinak dira. Herri mugimenduetako agenda txiki horietako orrialde bakarrean idatz daitezkeenak. Kafea (betiko italiarrean) egiten den bitartean bost irakur ditzakezu. Baina beharbada ez duzu bat bera idatziko demagun banketxean zain zauden bitartean. Zeren, laburrak izanagatik ez dute denbora gutxi eskatzen. Laburrak direlako ez dute digresiorako tarterik uzten, ez dute deskribapenik onartzen, ezpada deskribapenak izugarri onak direla, orduan deskribapena bera da istorioa. Ez da azken urteotako generoa, Kafka, García Marquez, Baudelaire, Hemingway, Kawabata eta beste idazle handi asko ibili ziren horretan. Maialen Berasategiri esker sarean irakur dezakegu Augusto Monterrosoren bat ere. Gerardo Markuletak itzulita bilduma bat kaleratu zuen Ereinek 1995ean: Istorio hiperlaburrak. Benedetti, Galeano, Monterroso, Cortazar.

Eider Rodriguezek elkarrizketaren batean esan zuen nobela bat idazten saiatu zela, ustez material nahikoa zuelako; berehala konturatu zen narrazio luze batean konta zezakeela, eta behin idatzita, konturatu zen lehenengo esaldia nahikoa zutela gaiak, ipuinak eta pertsonaiek buruaski izateko. Mikroipuin bat zen. David Gaffney idazleak halako istorioez betetzen ditu orrialdeak. Labur-zalea dela argi dago: «Behin, istorio baten azken bi lerroak ezabatu nituen eta orrialde zuri bat geratu zitzaidan». Gaffneyren jarraibideak euskaratu ditugu, norbaitek horretarako asmorik balu, eta horretan trebeak bezain arituak diren bi autoreen mikroipuin bana ere ekarri ditugu. On egin!

 

Mikroipuinak nola idatzi

1. Hasi erdialdera.

Formatu oso labur honetan ez duzu aukerarik agertokiak deskribatzeko eta pertsonaiak eraikitzeko.

2. Ez erabili karaktere gehiegi.

Labur-labur idatzi behar duzunean ez duzu aukerarik pertsonaiak deskribatzeko. Mikroipuin batean izen bat ere soberan egon daiteke, salbu eta izenak berak ipuinaren informazio asko biltzen badu edo beste nonbaitetik hitzak aurrezten badizkizu.

3. Ziurtatu bukaera ez dagoela bukaeran.

Mikrofikzioan bada arrisku bat: sarritan, irakurtzen bukatzen duenean engaiatzen da irakurlea istorioarekin. Hori saihesteko, jarri amaiera edo ondorioa istorioaren erdialdean, horrela denbora izanen du irakurleak, testuak aurrera jarraitzen baitu, narratzailearekin batera egoeraz pentsatzeko eta pertsonaiek hartutako erabakiez hausnartzeko. Kontuz ibiltzen ez bazara, punch-ean oinarritutako edo tira-egin-misterioa-argitzeko amaieretara lerra daitezke mikroistorioak, eta amaiera horiek beti-berdin zaporea edo minutu bakarreko esketxen sentipena eragin dezakete: danborrak tarrapata eta txindatak txas. Hori saihesteko, behar dugun informazio gehiena lehenengo lerroetan eman, eta erabili gainontzeko paragrafoak axalaren azpira doan bidaian eramateko.

4. Eginahalak eta bi egin izenburuarekin.

Izan dadila izenburua dagokion funtzioaren merezidun.

5. Azken lerroak oihartzun egin behar du.

Azken esaldia ez da amaiera ―gogoan izan, hori erdialdean jarri dugu―, baina istorioa bukatu ondoren ere irakurleari oihartzun egin behar dio. Ez du istorioa itxi behar, baizik eta leku berri batera eraman behar gaitu; leku bat non istorioko ideiei buruz pentsatzen jarraituko baitugu eta geure buruari galdetuko baitiogu zer esan nahiko zuen irakurritako guztiak. Azken lerroan etsitzen den istorioa ez da benetako istorio bat, eta mikroipuin on bat irakurri ondoren borrokan ibili beharko genuke hori ulertzeko, eta, horrela, maite ere eginen dugu enigma eder baten pare. Eta hori da hain zuzen mikroipuinen beste arrisku bat; ipuin labur bat oso aberatsa izan daiteke eta injekzio indartsu bakar batean barruraino hunki gaitzake, zurrunbilo sutsuan murgilarazi, buruak gainezka egiteraino. Noiz edo noiz mikroipuin bakan batzuek harritu eta liluratuko gaituzte; bata bestearen atzetik, berriz, sentituko duzu zure gainetik igaro dela hozkailuz beteriko kamioi bat.

6. Idatzi luze, gero laburtu.

Harri gotor bat hartu, eta hortik puskak erauziz zizelkatu zure istorioaren hezurdura. Istorioak pentsatu baino gauza gutxiagorekin bizi daitezke, eta ez dira apenas izorratuko. Baina argi izan: batzuentzat, mikrofikzioa idaztea oporrak karabana batean igarotzea bezalakoa da: arranparrila zabaldu eta ohe eder bihurtuko da, baina ez zenuke bizitza osoa arranparrila tolesgarri batean lo egiten eman nahiko.

David Gaffney (Iturria: The Guardian)

 hemingway

 

PUTZUA

Nire anaia Alberto putzuan erori zen bost urte zituenean.

Denborak eta familia ugaria izateak bakarrik arintzen duten familia-tragedia horietako bat izan zen.

Hogei urte geroago nire anaia Eloyk ura atera zuen sekula inor berriz hurbildu ez zen putzu hartatik.

Pertzean botila txiki bat ikusi zuen, eta barruan paper bat.

«Mundu hau beste edozein bezalakoa da», zioen mezuak.

Luis Mateo Díez (saretik hartua)

 

JANTZIA

Ez dakit haren laguna izaten jarrai dezakedan. Hamaika buelta eman dizkiot; berak ez du sekula jakinen zenbat. Azken aukera bat eman nion. Deitu egin nion, urtebete eta gero. Baina ez zitzaidan gustatu zer bide hartu zuen elkarrizketak. Arazoa zera da, bera ez dela oso jantzia. Edo, esan dezadan, bera ez da niretzako adina jantzia. Berrogeita hamar urte ditu ia, eta ez da, hala iruditzen zait niri, duela hogei urte ezagutu nuenean baino jantziagoa, eta orduan batez ere gizonei buruz mintzatzen ginen. Ez zait inporta orduan zer jantzia zen, beharbada ni neu ere ez nintzelako hain jantzia. Uste dut orain jantziagoa naizela, eta zalantzarik gabe banaiz bera baino jantziagoa, badakidan arren ez dela oso jantzia hori esatea. Baina esan egin nahi dut; beraz, ni neu jantziagoa izatea atzeratzeko prest nago, lagun bati buruz halako gauza bat esan ahal izateko.

Lydia Davis (Varieties of Disturbance: Stories liburutik)

monterroso