(Natalie Ascenciosek margoturiko murala, Algonquin hoteleko Zirkulu biziotsua)
Berriako Hirudia ataleko hogeita batgarren artikulua da hau. Egurra onartzen da, baina, ahal dela, sua egiteko baliagarria izan dadila.
«Zuek guztiok, gerrara joan zineten gizon gazteok. Belaunaldi galdua zarete… Ez duzue deusekiko errespeturik. Zuen burua ere edanen zenukete heriotzaraino». Hala esan omen zion Gertrude Steinek Ernest Hemingwayri, eta hala aitortu eta zabaldu zuen gizonak The Sun Also Rises liburuan, nahiz eta Steinek autoa gordetzen zuen garajearen jabeari zor zaion, antza, génération perdue terminoa. Lehen Mundu Gerraren bukaeratik Depresio Handira doazen urteetan Parisen eta Europako beste hiri batzuetan bizi izan ziren idazle estatubatuarrak biltzen ditu belaunaldiak, hala nola, Steinbeck, Fitzgerald, Faulkner, Pound eta Dos Passos. Hala ere, idazle modernista gazte guztietara hedatzen dute batzuek izendapena.
Gerraondoko kontzientzia intelektuala blaitzen zuen pesimismoaren gainetik, Zweigek esan zuen 1924tik 1933ra bitarteko urteak munduaren azken aukeraren adierazle izan zirela. Arinkeria eta jai-giroa egozten diete batzuek urte zoro haiei, gerraren eta gabeziaren ondorengo gorakada ekonomikoak eragindako bizitzeko gogo eta bereziki behar bizia. Jazzaren belaunaldia izendatu zuen Fitzgeraldek, besteak beste King Oliver eta Louis Armstrong musikarien arrakasta zela eta, baina charleston afroa eta immigrazioak zikindutako tango argentinarrak ere oihartzun itzela izan zuten behe zein goi klaseetan. Zinema mutuaren goraldia izan zen, eta artean, pinturan bereziki, espresionismoa, kubismoa eta surrealismoa nagusitu ziren. Aurreko urteetako kultur moldeak hautsiz, literaturan joera berri ugari agertu ziren, besteak beste, ultraismoa eta dadaismoa. Penintsulan, Primo de Riveraren kontrako intelektualek aldizkariak eta argitaletxeak sortu zituzten, eta garai hartan heldu zitzaizkigun Sobietar Batasuneko lehen literatur testu itzuliak, baita ezkerreko saiakera garrantzitsu zenbait ere. Portugalen, berriz, intelektual errepublikanoek Seara Nova taldea sortu zuten, beste herrialde batzuen bideari jarraiki.
Sexualitatearen liberazio mailakakoa gertatu zen hamarkada berean, eta zirkulu intelektualetan homosexualitatearen, adulterioaren eta dibortzioaren aldeko jarrerak zabaltzen hasi ziren poliki. Emakumeak erretzen hasi ziren merkatuaren zorionerako, baita tabernetara gizonik gabe joaten ere. Bozka eskubidea urte haietan lortu zuten Mendebaldeko hainbat herrialdek, gonaren luzera belauneraino laburtu zuten, makillajea eta emakumeentzako lanpostuak ugaritu ziren. Tabua zen garaian, Dorothy Parkerrek abortuari buruzko zenbait kontakizun sotil idatzi zituen ohi zuen tonu lehor eta soilean, zentsura gainditzeko A hitza aipatu gabe, noski. Gizonekiko mendekotasun afektibo, sozial nahiz ekonomikoa emakumeek eurek nola elikatzen zuten agertzen zaigu Parkerren kontakizun garratzetan, emakume kontzientziatik, diferentziaren aldarrikapenetik (euskaraz, Hona hemen gu biok liburuan, Mirentxu Larrañaga Sueskunek itzulian). Ironia zorrotzaren bidez egiten du 1920ko hamarkadako erretratu suntsitzailea, epai moralik gabe, eta irakurleari uzten dio ondorioztatzen, besteak beste, emakumeen usteko liberazio hori batzuetan zapaltzailea eta gizonen mesederako ere izan zitekeela, eta ezkutatutako arrazismo eta klasismoa guztietan okerrena zela. Tamalez, estatubatuarra, gehiegikeria zalea eta Algonquin hoteleko Mahai Biribileko parte bazen ere, Parkerrek ez du bere adiskide Hemingwayk bezainbesteko arrakasta lortu.
Zeren Joyce, Eliot, Pavese, Freud, Orixe, Proust eta Unamuno garaitsukoak dira, St. Vincent Millay, Lagerlöf, Ginzburg, Barnes, Minaberry, Colette eta Rodoreda bezainbat. Guztiak estatubatuar ez diren bezala, ez dira guztiak gizon. Ez dute belaunaldi galduaren bibliografietan lerrorik, baina beren buruaz beste egiten saiatu ziren, edanari eman zioten, erbestera alde egin behar izan zuten, bortxatu zituzten, gerrak dardarazi zituen, bakarrik hil ziren. Ez dira belaunaldikoak, baina badirenak ez bezala, galdu egin ziren gehienontzat, 20ko urteetatik gaur arteko orri-pasaren batean.
otsaila 9, 2014 @ Garazi