Martutenez (eta abar)

otsaila 19, 2014 @


NY_Mar1

Otsailaren 15eko alean, Ortzadar kultur gehigarrian argitaratutako kritika.

MARTUTENEZ (ETA ABAR)

Martutene gisako hit bati buruz aritzeko ez baita sekula nahikoa izango liburua bera irakurtzea (liburua bera irakurtzea nahikoa lan izanik ere tamainagatik, autoreak erraz darabilzkien esaldi luze ederrengatik, liburuari inguruan hazi zaion aurarekiko beldurragatik), gisako hit bati buruz aritzeko eleberria bera irakurtzea bezain garrantzitsua izango baita haren jiran sortutako literatura menderatzea, “kanonaren ardatz berria izatera deitua dagoen liburu primus inter pares” bati dagokion moduan; lagunok, horrexegatik dakarkizuet gaurkoan gaurkoan dakarkizuedana, hots, Joseba Gabilondok Martutenez idatzitakoa.

Gabilondok idatzitakoa da, bide batez, goian kakotx artean aipatutako tesia (13. orria); izan ere, baieztapen horren inguruan dago egituratuta saiakera osoa, baieztapen hori defendatzeko, alegia, Martutene dela gaur egundaino ezagutzen ditugunetatik euskarazko eleberri garrantzitsuena, eskoletako irakurketa-zerrendetan must bilakatuko dena, etxeko apalategian ohorezko tokian gordetzekoa. Bistan da kritikari eta irakasleak presazkoa zeritzola mugarritasun horren berri emateari, urtebeteko epe laburrean prestatu baitzuen bere New York – Martutene. Meritua badu, inondik ere.

Saiakeraren eta saiakeragilearen alde hainbat gauza:

1) zentzu hertsian lan akademikoa izanagatik nahiko askea da, irakurterraza, eta, are, irribarretxoa ere ateratzen dizu noizean behin, zeina nahi baino gutxiagotan gertatzen baita literaturari buruzko literatura estandar eta irenstezinean,

2) lanari, hargatik, ez zaio zorroztasunik falta, eta iritziak, aurreikuspenak eta proposamenak sendo argudiatzen ditu autoreak; are

3) badirudi autorea benetan saiatu dela helarazi nahi duen mezua ahalik eta modu argienean azaltzen, ahalik eta irakurle gehienek uler dezagun; psikoanalisia, oraindik ere, errepide labaina den arren,

4) literatura aztertzeko bide interesgarriak haztatzen dira, betiko filologikoak alde batera utzita, eremu diziplinarteko zabalagoetara gerturatuz, adibidez, aipatu psikoanalisiaren eta feminismoaren ekarpenak aintzat hartuz, eta tokiko eta kanpoko bibliografia interesgarria eskainiz,

5) Gabilondok ez ditu literatur lanak hartzen gure buruaren gainean igerian dabiltzan, errealitatearekin ezein loturarik ez duten, “ente” gisa, baizik eta arretaz begiratzen dio, oso, literaturaren errepresentazio-ahalmenari eta politikarekin (zentzu zabalenean) duen harreman estuari; azken batean, nobela bati buruzko saiakera bat ez ezik, euskal abertzaletasunaren, historiaren eta abarren inguruko hausnarketa ere badugu hauxe, eta, beraz, printzipioz irudi lezakeena baino jende askoz gehiagorentzat da aproposa.

Eta amaitzeko aipu bat, hainbaten artean azpimarragarria, geure buruei harrika segi ez dezagun: “Euskal literaturak Gatazka adierazten ala ezkutatzen duen galderari ezin zaio zuzenean erantzun, galderaren izaera kartesiar bortizkeriazko eta traumatizatzailea barneratu gabe, bortizkeria hedatu eta errepikatu gabe. Galdera irauli behar da. “Literaturak Gatazka adierazi ala ezkutatu egiten du? Bai, jakina”. Hori da erantzun posible bakarra, beste galdera bat behar dugula azpimarratzen duen bortizkeriazko erantzuna” (79-80 orriak). Azpimarrak nireak.