Bi urte dira blog honi ekin genionetik. Aurkezpenean genioen bezala, itzulpena eta literatura ardatz hartu genituen, sortzeko, ekartzeko, eztabaidatzeko eta hausnartzeko. Helburu horrekin azpidatzi ditugu ikus-entzunezkoak, egin ditugu itzulpengintzaren nahiz literaturaren gaineko gogoetak eta kritikak, ekarri ditugu autoreak eta obrak, izan gara hitzaldi eta jardunaldietan horien kronika idazteko… Orotara 170 post jarri ditugu. Gogotsu egin dugu bidea, plazera izan da zenbait autore lehenengoz euskaraz ematea, eta poz une aunitz eman dizkigu. Zalantzarik ez dugu geuretzat aberasgarria izan dela, eta ekarpen txukuna egin dugula iruditzen zaigu, akatsak akats eta gabeziak gabezia.
Alta, ez dugu lortu hasierako helburuetako bat. Itzulpengintzaren bueltan komunitate bat sortu nahi genuen, komunitate militante, aktibo eta blog honetan aurkeztutakoen zaletasuna guk besteko pasioz biziko zuena. Aitor dugu, ez dugu jakin helburu hori transmititzen. Idatzitakoak irakurtzen dituzue, badakigu, zeuen aurrez aurreko iruzkinek nahiz atari honen tripek hori erakusten digute; zoriondu egin gaituzue behin baino gehiagotan, lan handia egiten dugulakoan. Eta hala da, lan handia da bi lagunen artean egiteko, astean kalitatezko zerbait jartzeko konpromisoa hartu genuelako eta, gehiago edo gutxiago, hala bete dugu lehenengo egunetik. Baina hitzez harago lortu nahi genuen guk, inplikazioa eta itzulpenaren bueltan bilduko zen sare bat. Ez dugu uste helburu zoroa edo harroa zenik, ongi baitakigu itzultzaile andana badagoela. Saiatu gara ateak jotzen, eta bihotzez eskertu nahi dizuegu orain arte galderei erantzun, iruzkinak idatzi edo testuak bidali dizkiguzuen guztioi, baita, nola ez, irakurtzen gaituzuenoi ere. Helmuga, hala ere, ez da hurbil, eta hutsunea handia da. Ez gara erraz amore ematekoak; horregatik, berriz luzatu nahi diogu deia itzulpen eta literaturzale komunitate kritiko horri. Ez ezin dugulako edo aspertu garelako, baizik eta sinetsita gaudelako aberasgarriago izanen dela ahots gehiagok parte hartzen badute. Guk kontent jarraituko dugu, baina ez du zentzu handirik hasierako zutabeetako batek huts eginez gero.
Zorionak geuri, bai, baina baita hau irakurtzen ari zareten guztioi ere. Eta batez ere, idatzi honen bidez botatako amuari kosk eginen duzuen horiei guztiei.
martxoa 11, 2014 @ Garazi